Hara!

Elda Emma Anderson, Manhattan Proiektuaren giltzarri

Elda Emma Anderson, Manhattan Proiektuaren giltzarri – 

Zientzia KaieraUxue Razkinek idatzia

1945eko abuztuaren 6an, goizeko 8:15etan, bonba atomiko batek ehun mila pertsona hil zituen Hiroshiman. “Goiz lasaia zen, parajea hotza eta atsegina. Bat-batean dirdira erraldoi batek ebaki zuen zerua. […] Eguzki-orri bat zirudien”, kontatu zion bizirik irten zen lagun batek John Hersey kazetariari, garai hartan Time aldizkarian korrespontsal gisa lanean ari zenari. Beste batek, “oinaztargi ikaragarri” bat ikusi eta zera pentsatu zuen: “Bonba bat gure gainean erori da”. Bonba bat. Aro atomikoaren hasiera izan zen.

1. irudia: Elda Emma Anderson fisikaria eta osasun arloko ikertzailea.

Hondamendi honen atzean Manhattan Proiektua zegoen. AEB jabetu zen (Erresuma Batuaren eta Kanadaren laguntzaz) aukera paregabea zela fisio nuklearretik askatutako energia erabiltzea bonbak egiteko, eta planteamendu hori proiektu horretara bideratu zuten. Elda Anderson fisikariak parte hartu zuen bertan, eta laborategian lehen uranio-235 lagin hutsa prestatzea lortu zuen, naturan dagoen eta kate-erreakzioa sortzeko gai den isotopo fisionagarria. Uranio atomoak, neutroi batekin konbinatzen denean, energia asko askatzen duen bitartekari ezegonkor bat, bi atomo berri (fisio nuklearraren produktuak) eta beste fisio batzuk eragiten dituzten hiru neutroi sortzen ditu.

Hain zuzen ere, hori da bonba nuklearretan gertatzen dena. Erreakzioa ez da kontrolatzen; hasi eta materiala agortzen den arte jarraitu egiten du. Aurkikuntza hau funtsezkoa izan zen lehen armak sortzeko, zehazki, Hiroshiman jaurti zen Little Boy-ren hazia izan zen (ez zen gauza bera gertatu Thin Man eta Fat Man gailuekin, hauek eraikitzeko plutonioa erabili baitzuten). Andersonek beste zientzialari batzuekin batera lan egin zuen; hasieran gutxi ziren baina urteak igaro ahala handituz joan zen taldea. Lehenik, Princeton Unibertsitateko unitate berezi batean egon zen, eta, horren ostean, Los Alamos Laborategi famatuan hasi zen, 1943an.Gerra garaian, fisio nuklearraren oinarrizko ideiak aztertu zituen, neutroien xurgapen eta igorpenarekin lotutako denbora atzerapenen azterketa barne. Lantzean behin, egunean hamasei orduz egiten zuen lan.

Jakina denez, armamendurako uranioa erabiltzeko ideiak aurrekari teoriko bat izan zuen. Hain zuzen, 1938an, Lise MeitnerOtto HahnFritz Strassmann eta Otto Frisch fisikariak lehenak izan ziren frogatzen uranio atomoak neutroiekin bonbardatzerakoan fisionatzen zirela. Aurkikuntza horren ondorioz, Albert Einsteinek Franklin D. Roosevelt Ameriketako Estatu Batuetako presidenteari gutun baten bidez ohartarazi zion alemaniarrek teknologia hori bera baliatu zezaketela bonbak sortzeko. Horregatik, AEBk aurrea hartzea erabaki zuten berea sortuz. Geroago, Einstein damutu egin zen aurkikuntzaren berri eman izanaz, horrek eragin zuelako proiektua sortzea.

Gerra aurretik

Elda Anderson Green Laken jaio zen, 1899an. Fisikak ez zuen hasieratik liluratu, haurtzaindegi batean lan egin nahi izan zuen, irakasle gisa. Dirudienez, bere ahizpa zaharrenak, une hartan kimika-irakasle laguntzailea zenak, zientziarekiko maitasuna transmititu zion. Azkenean, Fisika aukeratu eta Wisconsineko Unibertsitatean graduatu zen, 1924an. Geroago, Milwaukee-Downer Unibertsitateko irakasle izan zen; bertan, Fisika saileko buru izan zen, 1934tik aurrera. 1941ean, bere doktoretza bukatu zuen, Low energy levels in the atomic spectra Co VII and Ni VIII tesiari esker. Hala ere, irakasle izateari utzi behar izan zion Manhattan Proiektua garatzeko deitu zutelako.

2. irudia: Elda Emma1959. urtean Health Physics Society elkarteko batzarrean. (Argazkia: Health Physics Society)

Gerra ondoren

Hiroshima eta Nagasaki hirien gaineko bonba atomikoa jaurti zutenean, Andersonek erabaki zuen abiatu zituen ikerketak bertan behera utziko zituela, eta Manhattan Proiektuaren aurretik izandako lanpostura itzuli zen. Fisikaren esparruan aritzea gustuko zuen, bonba atomikoaren jaurtiketak ez zuen erabat suntsitu grina hori, baina beste bide bat hartuko zuela erabaki zuen. Adibidez, erradiazioak gizakien osasunean dituen ondorioetan jarri zuen arreta. 1949an, Tennesseeko Oak Ridge Laborategi Nazionalean hasi zen jardunean; bertan, zientzialarien interesa pizten hasia zen diziplina hau garatzeko aukera izan zuen. Horren ondotik, bertako Osasunaren Fisika Batzordeko buru bihurtu zen.

Ildo horri jarraiki, 1950ean, Manual of Radiological Protection for Civil Defense (Defentsa Zibilerako Babes Erradiologikorako Eskuliburua) argitaratu zuen, arlo horretan egin zuen lehen lana izan zen. Horretaz gain, Vanderbilt Unibertsitatean, Nashvillen, master bateko programa bat sortu zuen, eta nazioarteko ikastaroak antolatu zituen Suedian, Belgikan eta Indian. 1955ean, Health Physics Society elkartea sortu zuten eta Andersonek hainbat kargu izan zituen bertan, elkarteko lehendakaria izan zen, esaterako.

Haren omenez sortu zen urtero talde hartako kide gazte bati ematen zaion E. Anderson saria. Bularreko minbiziaren eta leuzemiaren ondorioz hil zen Anderson, ziurrenik material erradioaktiboekin lan egitearen kariaz.

Marta Orriols idazleak Aprendre a parlar amb les plantes eleberrian kontatzen duenez, egoera traumatiko baten ondoren jendea “lehen” eta “ondoren” aditzondoak erabiliz mintzo da, hesi fisiko bat balego bezala. Andersonentzat hala izan zela imajinatzen dut, gerrak markatu egin zuela hori. Are zehatzago, mugarri bat izan zen Andersonentzat Manhattan Proiekturako egindako lana eta ondorengo bonben jaurtiketak, alegia, mundua ikaratu zuen hondamendia.

 

Iturriak:

Egileaz: Uxue Razkin (@UxueRazkin) kazetaria da.

 

Kategoriak

Egilea

Pagotxa Pagotxa

Elkarbanatu & Inprimatu

Iruzkinik ez

    Bidali iruzkin bat