Hara!

Irensteko zailtasuna duten gaixoei jatea erraztuko dien loditzailearen bila

Irensteko zailtasuna duten gaixoei jatea erraztuko dien loditzailearen bila – 

Zientzia Kaierak idatzia

Disfagia elikagaiak irensteko zailtasuna da eta kasu batzuetan zailtasun honek mina eragiten du eta irenstea galarazten du. Disfagia edozein adinetan eman daiteken gaitza da baina ohikoagoa da adinekoetan eta gaixotasun neurodegeneratiboak dituztenen artean. UPV/EHUko Testura Analizatzeko Laborategiak (LaTEX) hamar urte daramatza disfagia duten pertsonen dieta egokitzeko esparruan ikertzen eta burututako azken ikerketan elikagai lodituen estandarizazioan dauden hutsuneak eta aldakortasun handia plazaratu dituzte.

Egun, biztanleen %8ak du disfagia eta horietatik %80a adineko pertsonak eta gaixotasun neurodegeneratiboak dituztenak dira. Irensteko arazoa larria izan daiteke eta desnutrizioarekin lotu daiteke. Horrez gain, desnutrizioarekin harreman dituzten egoera patologikoak larriagotu ditzake eta heriotza ere ekar dezake elikagaiak eztarrian trabatzearen ondorioz edota arnas konplikazioak eragiteagatik. Hau dela eta, UPV/EHUko Testura Analizatzeko Laborategiko Olaia Martinez ikertzaileak lanean dihardu disfagia duten pertsonen dieta egokitzeko eta Food Hydrocolloids aldizkarian arlo honetan egindako ikerlan bat argitaratu berri du, ‘Sensory perception and flow properties of dysphagia thickening formulas with different composition’ izenekoa (Disfagiarako formula loditzaileen zentzumen pertzepzioa eta fluxu propietateak, hainbat osaeratakoak).

Irudia: Elikagaiak irensteko zailtasunari esaten zaio disfagia eta biztanleriaren ehuneko handi bati (% 8) eragiten dion arazo larria da. Besteak beste, desnutrizioa ere eragin dezake gaitzak. (Arg: Catkin–Pixabay)

Argitaratutako artikuluan Gasteizko zenbait boluntarioei esker egindako azterlan bat deskribatzen da: parte-hartzaileek loditzaileak dastatu zituzten, osaeran goma jangarriak (xantana eta guar goma) dituzten loditzaileen irensketa propietateak ebaluatu eta almidoiekin egindako beste loditzaile tradizional batzuekin alderatzeko. “Produktuok baliokideak balira bezala eskaintzen eta erabiltzen dira, baina oso bestelako portaera dute ahoan, argitaratutako azterlanak agertzen duen bezala”, azaltzen du Olaia Martinez ikertzaileek. Horrek, bada, inplikazio garrantzitsuak ditu disfagia duten pertsonen irensketa segurtasunari dagokionez. Lanak, aurreko beste batzuen ildo beretik, elikagai lodituen estandarizazioan oraindik ere dauden aldakortasun handiaren eta hutsune garrantzitsuen berri ematen du.

Alde batetik, disfagiarako elikagaiek pertsona bakoitzak irensteko duen zailtasun mailari egokitutako testura behar dute. Elikagai solidoak pure homogeneo bihurtu arte birrindu eta likidoak loditu ohi dira. Hori funtsezkoa da elikagaiak irensteko seguruak izan daitezen, eta asfixiarik eragin ez dezaten, bai eta arnas infekzioak eragin ditzaketen hondarrak utz ez ditzaten ere. Bestetik, mantenugai ugari izan behar dituzte, desnutrizioa saihesteko. Azkenik, zentzumen aldetik atseginak izan behar dira, hartu behar dituenak otorduen ohiko zati gisa onartu ahal izan ditzan.

Dastatzean, produktu komertzialetan erabilitakoak baino estuagoak diren loditasun aldaketen artean bereizi ahal izan da. Kontzentrazio altuagoetan –esaterako, budinean–, zailagoa da aldaketoz ohartzea. Ondorioz, “loditzaile komertzialak prestatzeko jarraibideak berrikusi egin behar dira –ikertzaileek ohartarazi dutenez–. Fluxu proben datuek berretsi zutenez, produktuaren oharrak ez datoz beti bat kategoria estandarizatuekin. Loditzaileak pauta estandarretara egokitzeko ahalegina egin behar da; hartara, berme klinikoa handiagoa izango da, bai eta kudeaketa efizienteagoa ere, produktua gehiegi erabiltzea saihestuz”.

Beste ekarpen batzuen artean, testura egokitua duten elikagaiak disfagia duen pertsona bakoitzaren eskakizunetara zein mailatan egokitzen diren aztertzeko objektiboa eta efektiboa den zentzumen protokolo bat garatzen ari da Olaia Martinezen ikertaldea. “Gaur egun esparru zientifikoan erabiltzen diren erreferentziako teknika analitiko konplexuetatik urrun, senideek eta esparru kliniko-asistentzialeko langileek aipatu zentzumen protokoloa irensketa segurtasuneko berme gisa erabil lezakete, behar bezalako prestakuntzarekin”, ikertzaileak baieztatu duenez.

LaTEX laborategiak arazo larri hau aintzat hartzeko beharraz ohartarazi nahi du administrazioa, eta eskatu nahi dio baliabide gehiago bidera ditzala ikerketa ildo honetara, bai eta diziplina anitzeko lankidetza bultzatu dezala eremu honetan elikagaien teknologiako espezialisten, sukaldarien, nutrizionisten eta osasuneko profesionalen (logopedak eta gastroenterologoak, tartean) artean. Izan ere, oraindik asko dago egiteko eremu honetan Olaia Martinez ikertzailearen esanetan.

Iturria: UPV/EHUko prentsa bulegoa: Testura egokitua duten elikagaiak, disfagia duten pertsonentzako.

Erreferentzia bibliografikoa:

Martínez, O., Vicente, M.S., De Vega, M.C. eta Salmerón, J. (2019). Sensory perception and flow properties of dysphagia thickening formulas with different composition. Food Hydrocolloids, 90, 508-514. DOI: https://doi.org/10.1016/j.foodhyd.2018.12.045.

 

Kategoriak

Egilea

Pagotxa Pagotxa

Elkarbanatu & Inprimatu

Iruzkinik ez

    Bidali iruzkin bat