Puzkerren gaia errepikakorra da zientziaren dibulgazioan eta, hedabide honetan bertan hesteetako gasen kontua Eduardo Angulo biologoak aztertu zuen. Oraingo honetan kimikaren ikuspegia ematen saiatuko naiz eta, neurri batean, ekarpen horren eguneraketarako baliogarria izatea espero dut. Puzkerrak zientzia erakusteko oso tresna interesgarria dira eta hainbat gairekin lotu daitezke: gasen legeak, usaimena, soinua, hartzidura-prozesuak… Ederra gozamena!
Hesteetako gasen jatorria mota desberdinetakoa da. Alde batetik, irentsitako gasak dira azalpenetako bat. Zerbait jaten dugun bakoitzean airea irensten dugu, edari karbonatatuek ere gasa dute eta, jakina, fruta eta barazkiek ere aire kantitate garrantzitsua dute. Beste alde batetik, urdailean gertatzen den neutralizazioa ere kontuan hartu behar da. Urdaileko urin gastrikoan azido klorhidrikoa dago eta horrek konposatu basikoekin erreakzionatzen duenean, esaterako, bikarbonatoarekin, karbono dioxidoa sortzen da -gas horrek ere nonbaitetik atera behar du-. Hesteetan difusio prozesu garrantzitsuak ere gertatzen dira, hain zuzen ere, oxigenoa eta nitrogenoa odoletik lumenera, alegia, barrualdera doaz, baina, karbono dioxidoarekin kontrakoa gertatzen da eta hor beste gas iturri bat agertzen da. Azkenik, zuntzak eta digeritu ezin diren substantziak koloneko bakterioek hartzitzen dituzte. Hartzidura prozesuan ere hainbat gas ekoizten dituzte bakterioek, besteak beste, hidrogenoa, metanoa, karbono dioxidoa eta sufredun gasak. Horrexegatik, puzker kopurua eta konposaketa elikagaien osagaien araberakoa da. Digeritu ezin diren osagai gehiago badituzte, gas gehiago sortuko da, normala den bezala. Digeritu ezin diren, edo nekez digeritzen diren osagaien artean, aipatzekoak dira: zelulosa -elikagai-zuntzetan eta elikagai integraletan dagoena-, lekadunen hainbat osagai, kitina -itsaskien oskoletan eta perretxikoetan dagoena-, azak, azaloreak eta antzeko barazkiek dituzten sufredun konposatuak, tipulak, porruak eta antzekoek duten inulina eta, kasu berezi moduan, laktosarekiko intolerantzia dutenen kasuan, laktosa ezin dutenez digeritu gas gehiago pilatzen dute laktosa duten elikagaiak jaten badituzte.
Puzkerrei buruzko hainbat datu ematea ere beharrezkoa da. Egoera normalean, egun batean 500 eta 2500 mL gas inguru kanporatzeko gai gara, gutxi gorabehera 10 eta 25 puzkerretan banatuta –bai, horri buruzko ikerketak ere egin dira-. Horrek esan nahi du, puzker bakoitzak 20 eta 250 mL arteko bolumena duela -kalkulu matematiko sinpleak bakarrik kontuan hartuta, noski-. Gasen konposizio kimikoari buruz ere badago zer esana. Ikuspuntu kimikotik, puzkerrak nagusiki nitrogenoz, oxigenoz, karbono dioxidoz, hidrogenoz, metanoz eta hidrogeno sulfuroz osatuta daude. Sarritan, kontrakoa dirudien arren, kanporatzen ditugun gasen %1 soilik da kiratsaren erantzulea. Gainontzeko gasek ez dute usainik. Jakina, emandako datu horiek asko aldatzen dira pertsona batetik bestera, eta baita elikaduraren arabera ere. Puzkerrak nahaste oso konplexuak eta aldakorrak dira.
Gaizki usaintzen duten gasen kasuan, normalean sufre atomoren bat duten molekulak izaten dira, esaterako, metanotiola, dimetil sulfuroa edo azido sulfhidrikoa. Hala ere nitrogenoa duten konposatuak ere usain txarrekoak izan daitezke, adibidez, indola eta eskatola. Usain txarreko nitrogenodun konposatuak ezagunak ditugu; izan ere, putreszina eta kadaberina dira, besteak beste, gorpuen kiratsaren erantzuleetako batzuk, Kaieran bertan aztertu genuen bezala. Sufredun eta nitrogenodun konposatu horiek, kantitate oso txikietan egon daitezke, baina, gure usaimena oso eraginkorra da eta kontzentrazioa ñimiñoak antzemateko gai da.
Interneten bideo mordoa dago ikusgai puzkerren errekuntzari buruz eta hor ere kimika asko dago ikertzeko. Juan José Iruin kidearen blogean irakurgai dituzue horri buruzko zenbait ohar interesgarri. Laburtuz, puzkerren errekuntzaren erantzule nagusiak hidrogenoa eta metanoa dira, oso sukoiak diren gasak, hain zuzen ere. Hala ere, hesteetan ekoizten den hidrogeno guztia ez dugu puzkerretan kanporatzen; izan ere, zenbait bakterio arduratzen dira hidrogenoa beste konposatutan eraldatzen -metanoa eta hidrogeno sulfuroa, kasu-. Pertsona bakoitzak hidrogeno eta metano kantitate desberdinak ditu puzkerretan eta, hori bereizteko badago modu bitxi bat. Pospoloak eta metxeroak uzkira hurbiltzen dituztenek jakingo duten moduan, puzkerrei su ematen bazaie garraren kolorea ez da beti berdina. Metano kantitate handiagoa dutenen garrak kolore urdinxka izaten du eta, kontrako kasuan, kolore horixka nagusitzen da -erretako hidrogenoaren ondorioz-.
Gasen soinua ere ez da zientziatik kanpo geratzen. Guztiok saiatu gara noizbait ezpainekin puzkerren soinua imitatzen eta, konturatuko ginen bezala -espero dut, irakurle, orain ez egotea horrelako saiakerak egiten-, ezpainak zenbat eta gehiago estutu soinua altuagoa da eta ezpainak gehiago banatzen baditugu, aldiz, soinua baxuagoa da -tonuari dagokionez, beti ere, musikaren zientzian azaldu nizuen bezala-. Bada, uzkiarekin antzeko zerbait gertatzen da. Hortaz, gasaren kanporaketari jarritako erresistentziaren arabera, puzkerrek soinu desberdina egiten dute. Hortxe dago zientzia.
Azken ohar modura, SARS-CoV-2 birusarekin lotutako informazioa aipatu behar da. Zenbait hedabidetan adierazi denez, COVID-19a puzkerren bidez ere kutsatu daiteke. Jakina denez, hesteetan ere pilatzen da koronabirusa eta gorotzetan detektatu daiteke. Era berean, SARS-CoV-2aren arrastoak aurkitu dira gorotz-uretan. Gorotzek COVID-19a kutsatzeko gaitasuna dutela dirudi eta, hortik, puzkerrek ere arrisku hori izatea pentsatzeko bidea egon daiteke. Hala ere, hesteetako gasen gaitasun kutsakorra oso mugatua izango da, ziur aski. Gainera, kutsadura gertatzeko materia fekal solidoa edo likidoa izan beharko luke puzkerrak; izan ere, bertan pilatzen dira SARS-CoV-2 birusak. Oraindik ez dago ezer ziurra puzkerren munduan, baina, agian, zientzialariren bati ikerkuntza-lerro garrantzitsua garatzeko ideiak ematen ari naiz…
Informazio gehiago:
Iruzkinik ez