Elikagai berriak probatzeko beldurrari edo probatu nahi ez izateari elikagai-neofobia esaten zaio. Elikagai berriak errefusatzeko jokaera arrunta da haurren garapenean, batez ere 2-3 urteko haurretan, eta bost urte ingururekin pasatu egiten da. Baina ohikoa izatera hel daiteke helduaroan ere.
Honen inguruan UPV/EHUn 8-16 urteko haurrekin egindako azterketa berri batean, ondorioztatu dute haur neofobikoek dieta mediterraneoaren kalitate-maila txikiagoa dutela, antsietate handiagoa dutela eta autoestimu txikiagoa.
Edurne Maiz Aldalur ikertzailea Nafarroako Unibertsitatean Giza Nutrizioan eta Dietetikan diplomatua zen eta gerora Psikologian lizentziatu zen UPV/EHUn. Azken urteotan ikerketan aritu da eta “Lunch Time! Body composition, lifestyles, psychological variables and their relationship with food neophobia in childhood and adolescence” izeneko tesia egin berri du.
Ikerketa egiteko 8-16 urteko 831 ikasleren neofobia edo elikagai berriak probatzeko beldurra aztertu du, elikagai berriak jateko duten joerari buruzko galdera-sorten bidez. Horrez gain, haurren gorputz-konposizioari lotutakoak hainbat datu hartu zituzten: haien bizimoduari buruzkoak (adibidez, elikadura eta ariketa fisikoa), gurasoen elikadura-ereduari buruzkoak eta hainbat aldagai psikologikorekin lotutakoak (autoestimua eta antsietatea). Horrekin guztiarekin, “alde esanguratsuak ikusi ditugu aldagai askotan, alde estatistikoki esanguratsuak”, adierazi du Edurne Maizek.
Emaitza esanguratsuak
Jokaera neofobikoak ondorio dietetiko kaltegarriak izan ditzake, elikagaien aniztasuna murriztu egiten baita. Dieta mediterraneoaren kalitate-maila txikiagoa dute azterketan parte hartu duten haur neofobikoek; ziur asko, funtsean, fruta eta barazki gutxiago jateagatik eta aldian-aldian jan beharreko elikagaiak maizago jateagatik gertatzen da hori.
Oro har, seme-alabek zer, zenbat eta noiz jaten duten kontrolatzeko joera dute gurasoek eta sarritan behartu egiten dituzte seme-alabak elikagai berriak jan ditzaten. Presio horrek, elikagai berriak probatzera behartzean sortutakoak, eragin kaltegarriak izan ditzake haurraren egoera emozionalean eta, bestalde, neofobia-maila handiagoetara eramaten du haurra.
Ikerketan, haur neofobikoek adierazi dute beren gurasoek estimulazio bidezko elikadura-eredua erabiltzen dutela eta haur neofilikoen (denetik jaten duten eta elikagai berriak probatzea atsegin duten haurren) gurasoek baino gutxiago kontrolatzen dituztela. “Ondorioztatu dugu —adierazi du Edurne Maizek— gurasoek hasiera batean asko kontrolatzen eta estimulatzen dituztela seme-alabak, baina uneren batean etsi egiten dutela, gurasoek ere sufritu egiten baitute egoera horrekin“.
Antsietateari dagokionez, datuek adierazten dute bai haurtzaroan bai nerabezaroan, parte-hartzaile neofobikoek neofilikoek baino antsietate-maila handiagoak dituztela. Halaber, autoestimuari dagokionez, haur neofobikoek neofilikoek baino puntuazio baxuagoak lortu dituzte autokontzeptuarekin lotuta aztertutako bost dimentsioetan (familia, gizartea, fisikoa, emozionala eta akademikoa); nerabe neofobikoek, berriz, puntuazio baxuagoak lortu dituzte familiarekin lotutako autokontzeptuan eta fisikoan.
Pazientziaz hartu beharreko gaia
Pazientzia hartzeko mezua helarazi nahi die ikertzaileak gurasoei, “haurren elikagai-neofobiako kasuak garatu ez daitezen, eta areagotu ez daitezen”; izan ere, “ikusi da heldu eta haur askok dutela arazo larri bat arrazoi horregatik”, azaldu du. Ikertzailearen iritziz, arazo hori saihesteko, garrantzitsua da haurren eta gurasoen arteko lotura sendoa izatea, eta, bestalde, gomendio hauek egiten ditu: “otorduetan giro atsegin eta lasaia izatea, haurrek janaria prestatzen eta erosten parte hartzea, errefortzu positiboak erabiltzea eta, azkenik, gurasoak eredugarri izatea”.
Erreferentzia bibliografikoa:
Maiz, E., Maganto, C. (2012). Evaluación de la Obesidad Infantil: IMC versus Bioimpedancia. En Asociación Española de Psicología Conductual (Eds.), Avances en Psicología Clínica (54-58. or.). Madril. ISBN: 978-84-695-3599-8
Iturria:
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Eragin dietetiko kaltegarriak izan ditzake elikagaiak, berriak probatzeko beldurrak.
Zientzia Kaierak idatzia
Iruzkinik ez