Hara!

Luis Irizar sukaldaria eta sukaldarien irakaslea hil da

 Irizarrek 91 urte zituen. Haren ikasle izan ziren, besteak beste, Pedro Subijana, Karlos Argiñano, Martin Berasategi, Ander Gonzalez, Pili Manterola, Elena Arzak, Hilario Arbelaitz eta Inaxio Muguruza.
Luis Irizar, bere eskolan, 2014. urtean, BERRIAk eginiko elkarrizketarako argazkian.

Luis Irizar, bere eskolan, 2014. urtean, BERRIAk eginiko elkarrizketarako argazkian. JON URBE / FOKU

Luis Irizar sukaldaria hil da, Donostian, 91 urterekin. Euskal Herriko sukaldaritza berria deiturikoaren figura erraldoia izan da, eta izen handiko beste sukaldari askok «maisuen maisua» izan dela esan izan dute. Hilabeteak zeramatzan gaixorik.

Kuban jaio zen Irizar, 1930. urtean, gurasoek hara migratu zutelako, baina, Luisek hiru urte baino ez zituela, Donostiara itzuli ziren. 1940ko hamarkadan hasi zen lanean, Donostiako Maria Cristina hoteleko sukaldean. Igeldo jatetxetik Madrilgo Jockeyra joan zen, eta Parisko hoteletan eta Londresko Hiltonen aritu zen. Han, ehunka lagunen lana zuzendu zuen sukaldeburu gisa.

Horietan ikasitakoak irakasteko gogoz itzuli zen Euskal Herrira, Zarauzko (Gipuzkoa) Euromar hotelera. Han antolatu zuen lehenbiziko eskola.

Madrilgo Alcala hoteleko eta hiri horretako Euskal Etxeko jatetxeak antolatu zituen berak, eta Gipuzkoako lehenbiziko Michelin izarra lortu zuen, Oiartzungo Gurutze Berri jatetxearekin. Basque Culinary Center egon baino lehen, Luis Irizar sukaldaritza eskola antolatu zuen, Donostian, eta gero etorri diren sukaldari handienetako askoren irakasle bihurtu zen.

Izan ere, Irizarren ibilbidea jasotzen duen liburu bat argitaratu dute aurtengo martxoan, eta horretan omenaldia egin zioten harekin ikasitako askok. «Bakarra izan da. Ezagutu dudan eskuzabalena. Jaso ditudan txaloen zati handi bat harentzat izan da beti. Proiektuz betea beti, begietan distira zuela beti. Hasiberrion talentua piztu zuen. Lehen urratsa egiteko beldurra kendu zigun», esan zuen Martin Berasategi sukaldariak. «Munduan zehar ibili ahal izateko pasaporte bat eman zidan», adierazi zuen Ander Gonzalezek.

Pili Manterolak nabarmendu zuen beti zegoela laguntzeko gertu, «proposamenak egiteko prest beti».

Horiez gain, Elena Arzak, Hilario Arbelaitz, Inaxio Muguruza, Gorka Txapartegi, Pedro Subijana, Fede Pacha, eta Lucho Carrion, besteak beste, elkartu ziren Irizarri omenaldia egiteko. Karlos Argiñanok idatzi zion hitzaurreetako bat.

BERRIAk elkarrizketa luzea egin zion 2014. urtean, haren ibilbidea laburbiltzeko, eta balantzea egiteko: «Lurralde jakin bat ordezkatzen dutela ikusarazten diegu ikasleei eskolan».

Adierazi zuenez, plater on bat egiteko «beharrezkoa da sukaldaria izatea bere buruari asko exijituko dion lehen bezeroa». Gaineratu zuen euskal sukaldaritza berriaren oinarrietako bat etxekoandreek urteetan egindako sukaldaritza izan zela eta ez zaiela behar bezala aitortu egindako lana. Euskal sukaldaritzak «etorkizun bikaina» izango duela esan zuen. «Formakuntza oso berezia, oso gurea izan dugu. Pribilegiatuak gara, betidanik jan izan dugulako ondo; hala erakutsi digute aitona-amonek eta gurasoek. Eta horrek abantaila ematen digu beste batzuen aldean. Ez ziren errezeta handiak izango, baina etxeko janaria beti izan da mimatua, eta horrek eraman gaitu gauden lekura».

 

Kategoriak

Egilea

Pagotxa Pagotxa

Elkarbanatu & Inprimatu

Iruzkinik ez

    Bidali iruzkin bat