Ezin beste era batean, artzaina izanda
Urtarrila joan zitzaigun marru, karena, odol, oritza, esne eta arkume artean. Unibertso osoa hartu dute pozak eta tristurak. Ilusioak. Ezinak. Minak. Eta bizitzak. Besterik ez.
Horretan jarrita izaten ditut bihotza, gorputza eta burua, erditze garaian. Ezin beste era batean izan, artzaina izanda. Ardiak zaintzen dituenak hiru agindu ditu: eman, jaso eta itzuli. Halaxe egiten dute-eta ardiek, hasieratik bukaerara. Elkarrekin bizitzeak hori du, etengabe. Agindu hori betez gero, ardiaren ongizatea artzainarena bezain ziurra izango da –ziurtasunik bada bizitzan–.
Susmoa dut, ordea, gure kulturak iparra galdu zuela aspaldian, abereak eta makinak parekatu zituenean XIX mendean, abeltzaintza –eta orokorrean nekazaritza– industria bilakatu zuenean. Galdu egin zen iparra erabaki zenean animaliak elikatzea, arriskuetatik gordetzea, zaintzea eta haztea gastuak zirela kontu-balantze batean; eta horiek orekatzera etorri behar zutela esne litroek eta haragi kiloek; produktuek, alegia.
Oreka desorekatu horretan animalien osasuna –bai fisikoa, bai emozionala– desagertu egin zen, baita animalia-makina horien pertsona-kudeatzaileen osasuna –fisikoa eta emozionala–. Osasuna bere osotasunean aintzat hartzea bigunen eta sentimentalen kontua da harrezkero.
Artzain izatea erabaki nuenean ez nekien nola jokatu ardiekin, nola uztartu agindu mekanizista eta barruko agindua. Kontrolatzen nuen neure burua animalista itxurarik ez ematearren, gehienbat besteen aurrean. Lotsa sentitzen nuen, zer pentsatuko ote zuten. Ez nien ardiei hitz egiten, saihesten nituen laztanak, gogor plantak egiten nituen… Hura guztia nire baitan lehertu zen arte. Ardiak ez baitira makinak, ni ez bainaiz makina. Ez da hain zaila hori ulertzea, are errazagoa hori bizitzera ausartzea, jakinda kalte ez diola inori egiten, ez ardiari ez artzainari. Jada ez dut lotsarik esateko artegian hitz egiten dudala –askoren ustez bakarrik nagoela– ardi artean nabilela; gerturatzen zaidan ardiari kasu egiten diodala. Eguna pozarren pasatzen dudala bereziki maite dudan ardiren bat urruxaz erditu bada –baitakit jarraipena izango duela artaldean–. Negar ere egiten dut, tarteka desesperaturik, ardi bat hiltzen denean, hil behar dudanean. Batzuetan nahiago neuk hil; neuk eten maite dudan horren sufrimendua. Ez da galera ekonomikoa, galera pertsonala baizik.
Uko egiten diot hizkuntza industrialari, hizkera kapitalistari. Uko administrazioak gure moduko etxeei ezartzen dien izen ofizialari: “ustiategi”. Uko animaliak, lurra eta pertsonak ustiatzeari. Izan ere, ustiaketak artzainari erauzi egiten dizkio ariman dituen hiru aginduak: eman, jaso eta itzuli. Ondoren, Dorian Grayren erretratua azalduko zaigu ispiluan, ustel.
Uko gure esne, arkume, edota gaztei “produktuak” deitzeari. Hain da zaila hori baztertzea baserritarra izateari utzi diogunean enpresariak izateko… Ahaztuta ditugu benetako hitzak –janaria, jakiak, elikagaiak…–, eta herrikideak bezero bilakatu.
Nahitaez egin behar diet uko horiei guztiei; izan ere, tokia utziz gero artzaintzaren esentzia fagozitatu egingo didate, ni neu makina bilakatu eta burua artilez hustu zenbaki hotzez betetzeko.
Espazioak eta denbora –bizitza, azken finean– konpartitzen ditugu baserriko unibertsoan bizi garenok –pertsonak, animaliak eta landareak–. Eta konpartitze horretatik datoz pertsonak elikatzera esnea, arkumeak eta gaztak. ELIKATU hizki larriz: bizitzaz, ez makinaz.
Orain dela bi aste hasi ginen hiltegira joaten. Orain dela bi aste, bihotza, gorputza eta burua ditut jarrita arkumerik gabe geratu den ardiaren doluan eta arkume horrek emango duen bizitzan. Ezin beste era batean izan, artzaina izanda.
Iruzkinik ez