Edoskitzea
Edoskitzea –
Nagore Enciso nutrizionistak Alea agerkarian.
“Gehiago edan beharko dugu, eta likido asko duten eligaiak hartuko ditugu”
…
Edoskitzearena, beste hainbat konturekin bezala, norberak hartu beharreko erabakia da; eta soilik emango duen pertsonarena, ez beste inorena. Gainera, hainbat egoera suerta daitezke edoskitzea posible ez dena, edo bi aukerak tartekatu daitezkeena. Horientzat guztientzat aukerak daude; prestatutako formulak, esaterako.
Edoskitzeak, berez, elikadura behar bereziak sortzen ditu. Energia gastu handia suposatzen du, haurdunaldiak sortzen duena baino bikoitza izan daitekeena. Kontuan izan behar da, baita ere, edoskitze prozesuan epe desberdinak ematen direla, eta epe bakoitzak behar desberdinak sortuko dituela.
Epean epekoa izanda ere, oro har, esnea ematen ari den pertsonak ondoko elikadura beharrak izango ditu; bai euren burua osasuntsu mantentzeko, baita esnearen kalitatea ona izateko ere.
Proteinen beharrak gora egingo du. Normalean %10-12 hartu behar badugu, edoskitzean %15 izango da. Animalia jatorria duten zein landare jatorria duten proteinak hartuko ditugu, landare jatorria dutenak beti proportzio handiagoan hartu behar direla kontuan izanik. Barazkijaleek ez dute inongo arazorik izan behar, lekaleek, zerealek zein fruitu lehorrek proteina kantitatea handia baitute. Gainera, azkeneko hauek kaltzio kantitate handia izan ohi dituzte, beraz, aukera ona izango dira.
Kaltzio eta fosforo beharrak ere gora egingo du. Esnekiak eta arrainak iturririk onena badira, kontuan izan behar dugu barazkietatik eta fruitu lehorretik ere jaso ditzakegula. Burdin beharra ere handitzen da, eta horretarako gogoan izan behar dugu burdina duten elikagaiak hartzen ditugunean C bitamina duten jakiekin hartu behar ditugula (piperrak, zitrikoak … ). Adibidez, dilistak edo haragia hartzen baditugu, piperrekin jango ditugu; eta postre moduan laranja bat. Inoiz ez esneki edo kafearekin, kaltzioak eta kafeinak burdinaren bereganatzea saihesten baitute, baita teinak ere.
Eta, noski, likidoen beharrak izugarri gora egingo du; ondorioz, gehiago edan beharko da, eta fruta eta likido kantitate handia duten elikagaiak hartuko ditugu. Elikadura osasungarri bat izanez gero, ez dugu gehigarririk beharko. Beraz, medikuak kontrakoa esaten ez badu, ahaztu botiketan aholkatzen dizkiguten pilula miresgarri horiek. Ondo jan eta gozatu.
Iruzkinik ez