Euskal Herriko mendiko behor esnearen kalitate nutrizionala
Euskal Herriko mendiko behor esnearen kalitate nutrizionala –
Ana Blanco-Doval, Luis Javier R. Barron eta Noelia Aldai (Zientzia Kaiera)
Euskal Herriko mendiko behor esnearen kalitate nutrizionalaren azterketa
Hego Euskal Herrian ustiategi ugari daude moxal haragiaren ekoizpenera bideratutako Euskal Herriko Mendiko Zaldia arrazako animaliak hazten dituztenak. Arraza hau desagertzeko arriskuan dagoen Euskal Herriko arraza autoktonoa da. Ustiategi hauetan gehien erabiltzen den ekoizpen-sistema estentsiboa da, eta zaldiek larreetan bazkatzen duten eta bertako baliabide naturalez elikatzen dira.
Ikuspuntu ekologiko batetik, horrek hainbat onura dakartza: bioaniztasuna eta lurraren kalitatea hobetzen ditu, paisaia heterogeneoa mantentzen du, eta baso-suteak ekiditen laguntzen du, besteak beste. Gainera, zaldiak gai dira belarretik jasotako zenbait konposatu onuragarri beren ehunetan metatzeko, eta hala, ondoren haiengandik eratorritako produktuak (haragiak edota esneak, esaterako) kalitate onekoak dira.
Hala ere, moxal gehienak Kataluniako eta Balentziako gizendegietan hazten dira, pentsuekin gizentzen dira eta bertan hiltzen dira. Animalien mugimendu horren ondorioz, hemengo abeltzainek azken produktuaren salmentan esku-hartzea galtzen dute, eta gizentze prozesu horrekin batera sistema estentsiboan jasotako balio-erantsia galtzen da. Honek guztiak ondorio kaltegarriak dauzka ekidoen euskal abeltzaintzan. Horregatik, moxal haragiarekin batera behor esnearen ekoizpena dibertsifikazio aukera ona izan daiteke bai landa eremuen bai arraza autoktono honen sustapenerako.
Behor-produktuak dibertsifikatzeko beharra
Behor esnea giza esnearen antzekoenetarikoa den animalia-esnea da. Batez ere Asian kontsumitzen bada ere, azken hamarkadetan Europako iparraldera ere hedatu da. Behor esneak giza osasunarekin lotura estua izan du historikoki, izan ere, hainbat patologia tratatzeko erabili izan da, eta azken urteetan bere potentzial immunomodulatzailea, antimikrobianoa, diabetesaren aurkakoa eta minbizi zelulen proliferizazioaren aurkakoa ikertu dira. Halaber, behor esneak daukan alergenizitate baxuagatik, behi esnearen proteinei alergia dieten pazienteentzako egokia izan daitekeela ere proposatu da. Hala ere, gaur egun, bere propietate onuragarrien azterketa zientifikoa oso eskasa da oraindik.
Euskal Herriko Mendiko zaldia arrazako behor esneak gantz kopuru oso gutxi (% 0,1-0,7), proteina gutxi (% 1,4-2,9) eta laktosa ugari (% 5,6-7,4) dauzka behi esnearekin alderatuta (% 3,3-5,4 gantza, % 3,0-3,9 proteina eta % 4,4-5,6 laktosa). Ama esnearekin alderatuz gero (% 2,1-4,0 gantza, % 0,9-1,9 proteina eta % 6,3-7,0 laktosa), ordea, behor esneak gantz gutxi izaten jarraitzen du baina proteina eta laktosa edukiak antzekoak dira. Horregatik, behor esnea aukera interesgarria da, esaterako, bai ama esnea hartu ezin dezaketen jaioberrientzat bai kaloria urriko dieta jarraitzen duten pertsonentzat.
Belarretik jasotako nutrienteek esnearen kalitatean eragina daukatenez, larretan gutxi bazkatzen duten behorren esnean estraktu lehor ihar (gantza ez diren gainerako solidoak) gutxiago aurkitu da denbora luzez bazkatzen duten behorren esnean baino. Gainera, esnearen osaera edoskitzaroan zehar aldatuz doa. Izan ere, edoskitzaroak aurrera egin ahala, gantza eta proteina edukiak murriztu eta laktosa edukia handitzen dira. Ondorioz, bai esnearen jatorriak bai edoskitzaro garaiak esnearen kalitate nutrizionalean eragina daukate.
Euskal Herriko Mendiko Zaldiak kalitate nutrizional altuko esnea ekoiztu dezakeela ikusita, egungo ekoizpen sistemaren dibertsifikazioa alternatiba ona izan daiteke Euskal Herriko landa-eremuetako ekido ustiategien, zaldi arraza autoktonoaren eta, orokorrean, abeltzaintza (erdi)-estentsiboaren iraunkortasuna sustatzeko.
Artikuluaren fitxa:
- Aldizkaria: Ekaia
- Zenbakia: 45
- Artikuluaren izena: Ekoizpen sistema erdi-estentsibopean hazitako euskal herriko mendiko zaldia arrazako behor esnearen kalitate nutrizionalaren azterketa
- Laburpena: Hego Euskal Herrian giza kontsumora bideratzen diren ekidoen ustiategi ugari daude, batez ere ekoizpen-sistema estentsiboetan oinarritzen direnak. Maneiu-sistema horrek landa-eremuetan eta ingurunearen babesean dituen onurak kontuan izanda, sekula aztertu ez den Euskal Herriko mendiko zaldia arrazako behor-esnearen ekoizpena proposatzen da dibertsifikazio modura. Hortaz, ikerketa honetan produktu horren kalitate nutrizionala aztertu da, eta konposizio orokorra (gantz, proteina, laktosa eta estraktu lehor koipegabe totalak) kuantifikatu da infragorri hurbilaren espektroskopia (NIR) teknika erabilita. Euskal Herriko mendiko zaldia arrazako behor-esnean gantz kopuru bereziki baxua aurkitu zen; proteina eta laktosa kopurua, berriz, beste zaldi-arrazen esnetan aurkitutakoaren antzekoa zen. Ustiategi desberdinetako esneen arteko ezberdintasun estatistikoki esanguratsuak aurkitu ziren, eta larreetan denbora gutxien bazkatu zuten behorren esnea izan zen estraktu lehor koipegabearen edukian aberatsena. Beste animalia-jatorriko esneekin alderatuta, behor-esneak gantz- eta proteina-eduki urria baina laktosa-eduki altua dauzka, giza esnearen antzera. Ikerketa honetan ikusi da Euskal Herriko mendiko zaldia arrazak kalitate nutrizional altuko esnea eman dezakeela. Hortaz, egungo zaldien ekoizpen-sistema esnearen ekoizpenarekin dibertsifikatuz gero, bai arraza autoktono horren eta bai Euskal Herriko abeltzaintza estentsiboaren iraunkortasuna babestuko lirateke.
- Egileak: Ana Blanco-Doval, Luis Javier R. Barron eta Noelia Aldai
- Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
- ISSN: 0214-9001
- eISSN: 2444-3255
- Orrialdeak: 113-126
- DOI: 10.1387/ekaia.24776
Egileez:
Ana Blanco-Doval, Luis Javier R. Barron eta Noelia Aldai UPV/EHUko Farmazia Fakultateko Laktiker taldeko ikertzaileak dira.
Ekaia aldizkariarekin lankidetzan egindako atala.
Iruzkinik ez