Hara!

Jan kontuez eta apetituaz

Jan kontuez eta apetituaz –

Duela 35 bat urte AEBetara lehen eta atzen aldiz joan nintzenean, kalean zebilen pertsona obeso-kopuru handiaz gainera, beste gauza batek harritu ninduen Europatik hara gerturatuta: supermerkatuetan zegoen esnemota eskaintza izugarri bariatuak. Arasa-lerroa luzeak mota guztietako esnez hornituta! Nekeza gertatzen zitzaidan esne-klase horien guztien artean esne-esnea aurkitzea. Izan ere, gurean osoa, erdigaingabetua eta gaingabetua baino ez ziren artean eskaintzen. Urte batzuren buruan, beste gauza anitzetan bezala, guganaino ailegatu da esne-eskaintza bariatu hori; eta barietatea, ez esnetan bakarrik, gogaigarri izan arte.

Ordurako jakin banekien estatubatuarrak ez zirela oso txukunak jan-kontutan, arreta handirik ez ziotela jartzen jaten zutenari edojatenaren balio nutrizionalei, tripa-zorria akabatzea aski zitzaiela. Horretaz guztiaz akordatu nintzen uda hasiera honetan nire eskuetara ailegatu zenean Scientific American aldizkariaren uztail-abuztuko alea. Hiru artikulutako dosier laburra zekarren ‘Dietaren, osasunaren eta apetituaren zientzia berria’ zuen izenburua. Apetitua piztu zidala ez dut ukatuko.

Sarrerako plater gisa da kontatzen da nola Paul Saladino izeneko influentzer batek, medikoa bera, txekorhezur bat zerraz mozten duen eta, segidan, hezur-muina gordinik nola jaten duen. Mediku horrek aldarrikatzen du gizakiok ia oso-osorik haragitan oinarritutako dieta bati jarraitu behar diogula eta landareak bazter laga behar ditugula. Bera eta beste makina bat elementuk aldarrikatzenari dira sare sozialen bidez gure arbasoek dieta ia osorik karniboroa izan dutela eta, horrexegatik, gerok ere haragia baino ez dugula jan behar. Artikuluak errepasoa egiten dio hominidoon jateko ohituren historiari tradizioaren argudioa desmuntatzeko asmoarekin. Zientzia eta teknologiaren aurrerapenak atzen 15-20 urteotan datu berri asko eman ditu hominidoon dietaren diakroniaz. Irudia ezaguna da, hala ere: gizakiok ahal izan duguna jan dugu beti, hots, denetarik apur bat.

Puntu honetara heldutabeste dieta batzuk etorri zitzaizkidan gogora; beganismoa bereziki. Izan ere, Saladino horrenak zentzu izpirik ez du eta beganismoak antzeko parezido. Udan honetan bertan lagun batek komentatu dit segapotoan alarma bat jarrita duela, astean behin jotzen duena, abisatzeko bere alaba beganoak osagai nutrizionanalak hartu behar dituela. Dieta naturala gero! Beti pentsatu izan dut dieta beganoa lehen munduko pijo aberatsen posea baino ez dela, bizitza-filosofiaz hornitzen badute ere.

Bigarren platerak obesitatea eta osasuna ditu aztergai. Ikuspegi berritzaile baten berri ematen du. Izan ere, obesitatea beti lotu da osasun txarrarekin, osasun-arazoekin eta hilkortasun-tasarekin. Bada munduko auzi guztietan legez, dena ez da zuria edo beltza obesitatearen alorrean. Badira pertsona obesoen artean egoerak ez diena eragiten beraien sistema kardiobaskular edo metabolikoari, hots, pisu hartuta ere osasuntsu irauten dute.

Azken burukoakpisua galtzeko botika berriek nola egiten duten lan esplikatzen du, hots, nola moldatzen dituzten garunaren apetituaren zentroak jasotzen dituen seinaleak. Etsenplu gisa Ozempic botika famatua jartzen du. Botikaren printzipio aktiboasemaglutida konposatu kimikoa da. Molekula horren egitura kimikoa GLP-1 hormonaren oso antzekoa denez, honen lana mimetizatzen du. Urdailean janaria sartzen denean urdailak GLP-1 hormona jariarazten du, odolean sartzen dena nerbio bagorajoateko. Nerbio bagoak garuneraino garraiatzen du eta garuneko hainbat hartzailetan kokatzen da. Hori pasatzean apetitua kentzeko seinaleak igortzen dira, ondorioa izanik pertsonak aseta dagoela sentitzen duela.Semagutidaez da hormona bezain azkar degradatzen eta denbora luzeagoz irauten du gorputzean, jendeari ase dela sentiarazten. Hortaz, apetitua denbora luzeagoz lo egotea erdiesten da.

On egin!

Inaki Irazabalbeitia

Galde 46 udazkena/2024

https://www.galde.eu/eu/
Jan kontuez eta apetituaz

Kategoriak

Egilea

Pagotxa Pagotxa

Elkarbanatu & Inprimatu

Iruzkinik ez

    Bidali iruzkin bat