Hara!

“Lehen asko fermentatzen zen gurean, baina kultura hori galdu egin da”

NEREA ZOROKIAIN GARIN

Hartzidura prozesuetan aditua eta aritua da Nerea Zorokiain Garin nafarra, Fermentación liburuaren egilea. Duela hogei urte baino gehiago egin zuen topo hartziduraren munduarekin, erdi-kasualitatez erdi-kausalitatez. “Sukaldaritzako irakaslea nintzen garai hartan, eta etxean zenbait fermentu egiten nituen. Pixkanaka, hartziduraren inguruko oinarrizko ikastaroak eskatzen hasi zitzaizkidan han-hemen, eta horrela hasi nintzen mundu honetan sakontzen”, gogoratu ditu hastapenak. Geroztik, hartziduraren munduak iraultza moduko bat bizi izan du, eta egun, eraldatzeko prozesu horri eskaintzen dio bere jardun osoa.

GARAZI ZABALETA 2022ko martxoa argia.eus

Tira, baina goazen oinarrira… zer da zehazki hartzidura prozesua? Honela laburbildu du Zorokiainek: “Mikroorganismoen bidez elikagaiak eraldatzea da hartzidura. Azken batean, mikroorganismoek ugaltzeko eta hazteko darabilten metabolismoa da fermentazioa, eta guk hori erabiltzen dugu haiek utzitako ‘hondakinak’ onak zaizkigulako mikrobiotarako eta elikagaiak digeritzen laguntzeko”. Harreman sinbiotiko moduko bat da xomorro horiekin duguna, beraz: haiek onurak dakarzkigute, eta guk haiei jaten ematen diegu, hazi daitezen.

Barazki fermentuak egiten ditu batik bat Zorokiainek, hain zuzen, horietan hazten diren mikroorganismoak gure gorputzekoen oso antzekoak direlako. Hartzidura prozesuen bidez lortutakoek mikrobiota birpopulatu eta gorputzean bioaniztasuna sortzen dutela nabarmendu du adituak. Izan ere, baratze eta baso askotan gertatu den bezala, gure barruan ere bioaniztasun galera handia izan dela dio Zorokiainek: “Herrialde ‘garatu’ deituriko hauetan dugun arazo handienetakoa da bioaniztasun falta, eta hein batean, horregatik daude gaur egun hainbeste digestio-arazo”. Erdi-umorez, zera gehitu du: “Inork ez du Lactobacillus jakin baten desagerpenaz hitz egiten, baina hori ere gertatzen ari da!”.

Galtzen joan den kultura

Sagardoa, garagardoa… fermentu gutxi batzuek bizirik diraute gure kulturan, baina nafarrak adierazten duenez, urteen poderioz ohitura eta jakintza handia galdu egin da. “Asko fermentatzen zen hemen garai batean, elikagaiak kontserbatzeko aukera handiegirik ere ez zegoelako batez ere, baina inkisizioarekin kontserbatzeko modu asko erabat galdu ziren. Zergatik? Bada, etxean egiteko zegoen kultura eta jakintza galtzea ekarri zuelako”, dio. Noski, horrez gain, hozkailuen eta kontserbatzeko beste modu “erosoago” batzuen sorrerarekin ere, hartzidura prozesuak galdu egin dira.

Duela hogei bat urte, Zorokiain gai honen bueltan hasi zenean, apenas zegoen informaziorik gaiaren inguruan. Ez ikastarorik, ez internetik, liburu oso gutxi eta guztia ingelesez. Egun askoz zabalduago dago kontua, eta zabalpen horretan bere alea jartzen ari da iruindarra (hemen ikus daiteke bere webgunea). Ikastaroak eta asesoramendua emateaz gain, hartziduraren munduan murgildu nahi dutenentzako nahiz honezkero hasiak direnentzako liburu aproposa atera zuen, todostuslibros.com plataforman eskura daitekeena.

 

 

Kategoriak

Egilea

Pagotxa Pagotxa

Elkarbanatu & Inprimatu

Iruzkinik ez

    Bidali iruzkin bat