Naturalki ekoitzi, naturatik
2021eko abuztuak 29 berria Leire Casamajou
Panpi Olaizolak eta Leire Iturraldek duela zazpi urte hartu zuten Belazkabietako etxaldea. Ezpeletako biperraren ekoizpen soiletik harago ere begira ari dira.
Ezpeletan, Belazkabietako bideko 805. zenbakian, Panpi Olaizolak eta Leire Iturraldek duela hiru belaunaldi Olaizolaren familian zen biper ekoizpenaren segida hartu zuten, 2013an. Hori aitzin, 2011n, Panpi Olaizola bakarrik aritu zen proiektuan; 2013an, Leire Iturralde batu zitzaion. Hortik, Belazkabieta GAECa sortu zen. Elkarrekin, biperra ekoizten dute, eta beste produktu hainbeste ere bai: landagarriak dituzten hamasei hektareetan, hainbeste fruitu arbola badituzte. 180 bat sasi ardiko saldoa ere badute, haragiaren ekoizpenerako.
Urtero bezala, biperraren bilketa hasi du bikoteak. Urtean zehar biak aritzen dira; udan, berriz, beste langileen beharra ere badute. Erraterako, uda honetan, ikastun batekin lanean aritu dira, eta baita langile batekin ere. Irailean, langilea ikastun bilakatuko da udakoaren ordez, eta hirunaka segituko dute lanean.
Biperraren bilketa, beraz, agorrilaren 20an hasi zuten. Iaz, berriz, agorrilaren 3an. Panpi Olaizolak dioenez, «uda hastapen horretan ez du aski berorik egin, eta ez da izigarriko uztarik izan». Orain hasiak direla, biperraren bilketak azaroraino iraunen du, eta biperrak gorri-gorria izan behar du. Ondotik: «Edo sokak egiten dira, edo errautsetara bidaliko ditugu». Olaizolak sokak egitearen garrantzia azpimarratu du: «Guk betidanik segitu dugu sokak egiten, gurasoek ere egiten baitzituzten. Gehienek erraztasunez gelditu dute sokak egitea; egia da denbora dela, baina pagatzen du ere».
Lekuko ekoizpenaren alde
Belazkabieta etxaldea IDOKIrekin lanean ari da. Leire Iturraldek argitu ditu hautu horren zergatiak: «IDOKIren helburua laborantza mota ttipi bat da, salmenta zuzenean ari dena. Guretzat, IDOKIk bazuen garrantzia, etxalde ttipiak segurtatzen baitzituen, eta baita tokiko barietateak ere. Horrez gain, biologikoan egon nahi dugu, zigiluak pestizidarik gabeko ekoizpena segurtatzen baitu»
Folklorearen erronka
Panpi Olaizola Biper Saileko zuzendaria ere bada. Argi du urteak joan ahala Ezpeletako biperraren fama garatuz joan dela, eta zenbakien bidez azaldu du fenomeno hori: «Ezpeletako biperraren AOCa 2000. urtean sortu zen. Garai hartan, berrogei bat ekoizle baginen, eta 600.000-700.000 landare inguru landatzen genituen. Gaur egun, 201 gara, eta bost milioi landaretara pasatu gara». Garapen hori ohargarria bada ere, kalte batzuk ere ondorioztatzen ditu Olaizolak: «Biperraren folklorizazioa kanpotik ikusten dutenengandik sortzen da, eta irudi hori, gero, batzuengandik baliatua da. Ezpeleta herria usteltzen ari da, saltzaileen trapu bat bilakatuz. Herriaren arima galtzen ari da, gehienbat azken 15 urteetan. Hala ere, guk, ekoizle gisa, ez dugu deus aldatu nahi gure egiteko maneretan: sor-markan dena egiten dugu kalitatea eta zorroztasuna nagusi izan daitezen».
Biperretik harago
Biperra da bikotearen ekoizpen nagusia, haien baliabideen erdia ordezkatzen baitu. Horregatik, biperretik harago ere begira ari dira. Erraterako, «sasi ardiak» hazten dituzte; arto gorria ere ekoizten dute, eta fruituekin erreximentak eta konpotak sortzen dituzte —sagar jusa hasi behar lukete irailetik goiti—. Aniztasun horren bi helburuak ongi azaldu dituzte: «Onuragarria da lurrarentzat, eta ekoizpenak dibertsifikatzen dizkigu. Egia da lana ondorioztatzen duela sasoi guztietan, baina lan hori aldakorra da, eta, beraz gozagarria. Gainera, segurtasun ekonomiko bat ere ematen digu: uzta batek huts egiten badu, konpentsagarria da».
Paisaia zoragarriz inguraturik, ibilaldiak ere proposatzen dituzte Belazkabietan: oinez egitekoak gaualdian, eta asto bizkarrez egitekoak egun osoan.
Iruzkinik ez