Blog Artxiboa

elikadura

“Elikadura nahasmendu baten azpian kudeaketa emozional desegokia dago”

“Elikadura nahasmendu baten azpian kudeaketa emozional desegokia dago”

Elikadura nahasmenduarekin lotutako arazoek gora egin dute pandemian, eta gainera gehiago dira muturreko kasuak. 12-13 urteko neskez ari gara batez ere. Zergatiez eta landu beharrekoez hainbat gako eman ditu Maria Zunzunegi psikologoak Euskadi Irratian: “Pandemiak behartu gaitu gure burua begiratzera, eta ez gaude ohituta, ez dakigu nola gestionatu”.

MIKEL GARCIA IDIAKEZ  argia @mikelgi  

 

Argazkia: Euskadi Irratia

eitb.eus/faktoria/maria-zunzunegi-elikadura-portaeren-nahasmendu-kasuek-gora-egin-dute-pandemian

2019tik 2020ra %50 egin du gora arazo honekin lotutako kontsulta kopuruak, Acabe Anorexia eta Bulimiaren Kontrako Elkarteak emandako datuen arabera. Zunzunegik kontatu du bere kabinetera iristen diren gehienak nerabeak direla, 12-13 urteko neskak, “eta kasu asko jada muturrekoak dira, joera hori nabari da. Sarri etxean badakigu zerbait gertatzen ari dela, baina ez dakigu nora jo, ez zer egin, alabarekin hitz egin edo ez… Hori esaten didate gurasoak, oso galduta daude”.

Zer pasa da pandemian?

“Orokorrean pandemiak denoi jarri digu bizitza hankaz gora, eta gugan zentratuarazi gaitu. Bizitza erritmoak eraginda, kanpora begira aritzeko joera hartua dugu aspaldian, eta pandemiak behartu gaitu gure burua begiratzera, baina ez gaude ohituta, ez dakigu nola gestionatu. Elikadura nahasmendua duen pertsonak kontrola behar du, eta pandemiak hori kendu dio, ez du kontrolik. Gainera, arazoa aurretik ere hor baldin bazegoen, etxean sartuta egoteak azaleratu egin du, etxekoak konturatu dira lehenago edo beranduago”, azaldu du psikologoak.

Sare sozialen eragina ere nabarmendu du: “Ikusten ari gara zenbaterainoko kaltea egin dezaketen, ez badugu begirada kritiko bat. Sare sozialak bere horretan ez dira arazo, nola erabiltzen ditugun baizik, eta pandemia garaiotan erabilera asko handitzearekin batera, maiz jaso ditugun mezuak ez ditugu filtrotik pasa. Sare sozialetan erakusten duguna aukeraketa bat da, momentu perfektua, eta etxean dagoena argazkiak begiratzen ari bada, ordubetean momentu perfektu pila bat ikusiko ditu eta konparatzen hasiko da; ‘etxean konfinatuta daude baina kirola egiten dute, osasuntsu jaten dute… eta pozik ikusten zaie, eta ni aldiz antsietatearekin’”.

Prebentzioa eta tratamendua

“Elikadura nahasmendu baten azpian kudeaketa emozional desegokia dago, eta hor egin behar da lana (autoestimua, asertibitatea, …). Heziketa emozionala funtsezkoa da, eta pandemia bezalako egoera baterako adibidez ez gaude prestatuta. Nire gestio emozionala kontrolatzen ez badut, beste zerbaitetan bilatzen dut kontrol gose hori, eta batzuek kirolean, lanean… ihesbidea bilatzen duten bezala, besteek elikaduran egiten dute”.

Zertan jartzen dugun arreta eta nola hitz egiten dugun ere auzitan jarri du Zunzunegik. “Aitziber Aizpuru nutrizionistak dio: utz diezaiogun behingoz esateari norbait polita dagoela asko argaldu duelako. Fisikoari ematen zaio balioa; goraipatu ditzagun beste ezaugarri batzuk”.

Tratamenduaren gakoa talde lana dela gogoratu du: psikologoaren eta nutrizionistaren elkarlana. “Eta hor daude baita ere endokrinoak, lehen arretako medikuak… eta jakina, familia”.

Elikadura alternatiboa?

Urteetan zehar, elikaduraren inguruko burrunba lauso bat izan dut barnean biraka. Aurten, burrunba hori isilarazi nahiean, animalitik datorren edozein produktu jateari utzi diot, nire dieta guztiz erradikal bihurtuz. Ekintza xume honek ordea, ez du nire ezinegona guztiz akitu, eta horrexegatik neure  burua informazioz janzten saiatu naiz. Hortan nenbilela, “antiespezismo antikapitalista” deituriko borrokaren inguruan irakurtzeari ekin nion. Ez nuen oso ondo ulertu ordea, antikapitalista hitzak zer paper jolasten zuen borroka horren baitan. Nire iritziz, ez da zilegi animaliak gure kontsumo edo entretenimendurako erabiltzea, baina animalien kontsumo oro kapitalista dela esatea?

Elikadura alternatiboa?Jakin badakit, jaiotzetik espezista den gizartean hazi eta hezi garen heinean, normaltzat hartzen ditugula animalien zapalkuntza eta esplotazioa. Aipatu bezala, ez naiz inoiz animaliak festa, txapelketa edota sukaldean bertan erabiltzearen aldekoa izan, baina gero eta zalantza gehiago sortzen dizkidate beganismo eta antzerako alternatibek.

Agerikoa da, tofu, seitan eta halako jakiak kontsumituz espezismoa nolabait ekiditen dugula, baina ez kapitalismoa. Izan ere, kapitalismoak merkatu posible bat ikusi du mugimendu hauetan, eta horrexegatik beste hainbat borrokekin gertatu bezala, kapitalismoak espezismoa ere bere egin du. Egun beganismo edota begetarianismoa moda batean bilakatu dira, erroan dagoen arazoa estali, benetako borroka despolitizatu eta mugimenduko kideak produktu bihurtuz. Susmatuko zenuten bezala, honen arira dator nire benetako zalantza; elikadura alternatibo hauekin atzerriko jakien esklabu bizi bainaiz.

Horregatik, azken hilabeteetan mantendu dudan janeurri hau arras desegokia delaren sentipena izan dut. Batetik ohartu naiz, ez dela bideragarria ingurumenarentzat, atzerritik datozenez produktu gehienak plastiko mordo batean bilduta baitatoz. Gainera, empresa multinazionalei dirua ematen ari naiz krisi-ekologikoa larriagotuz eta lehen sektorea kaltetuz.

Zalantzen ekaitzaren erdian nengoela, “Elikadura burujabetza” kontzeptuarekin egin nuen topo. Herriek, komunitateek eta herrialdeek beren nekazaritza, labore, arrantza, janari eta lurralde politika propioak definitzeko eskubidearekin. Argi dago, Km0 edota bertako produktuak kontsumituta, ingurumena babestu eta aztarna ekologikoa txikitzeaz gain, lehen sektorea berpiztu, eta baserri mundua kontserbatzea lor genezakela. Aitzitik, eta klixeetan erori nahi ez dudan arren, zientifikoki frogatu da haragiaren produkzio orok izugarrizko eragina duela berotegi efektuan.

Irakurri gehiago