Zer da gure sukaldearen “euskal” hori? (eta 2)
Zer da gure sukaldearen “euskal” hori? (2) –
2010/11/04
Bo, bo, bo… non ginen? A bai, ezin genuen zehaztu zer den Euskal Sukaldaritzaren “euskal” hori edo, behintzat horretarako ditugun zailtasunak aitortu genituen lehenengo atalean. Jakina, “euskal” hori izan liteke sinpleki “hemen egiten dena” edo “guk egiten duguna”. Eta kito. Baina geuk sinetsiko al dugu benetan bi kontu horiek bakarrik mugatzen dutela gure “euskal” ditxosozkoa? Esate baterako, non geratzen dira “bertako produktuak”?
Azkenerako manikeo xamarra naizela pentsatuko duzu, eta ez dizut ezetzik esango, baina, funtsean buru-jolas bat baizik ez da hau guztia, eta pozgarri gertatzen da erantzun duzuenon hitza ezagutzea (Josemari, Bruno, Rubén, Gargantúa…).
Laburbilduz, horixe da agertu dena, espazioak eta subjektuak mugatzen dutela “euskal” edo dena delako hori. GUK eta HEMEN horiexek ditu muga berezkoak “euskal” sukaldaritzak. Eta produktuak? Non geratzen dira “gure” produktuak?
Denok ezagutzen ditugu sukaldari handiak ahoa betetzen zaienak gure produktuak loriatsuak direla esaterakoan: barazki, haragi, arrain, itsaski, gazta, lekari…. Denak ditugu munduko hoberenetakoak! Gure baserritar eta arrantzaleak bezalakorik ez dago munduan!
Ia jaki bakoitzarentzat badugu kofradia bat, bandera eta guzti, urtean behin bada ere, santuaren egunean, produktuaren gorazarre egiteko. Sekula halakorik! Batzuetan italiarrak dirudigu.
Beraz, lekua eta subjektuaren kontzeptuari, bertako produktuarena gehitu behar genioke, Hirutasun Santu moduko bat osatu eta batasun horrek “euskal” hori zehaz dezan, kontzeptua bere baitan harrapatuz. Izan ere, ez al diozu entzun sukaldari bati baino gehiagori, “gure produktuak gabe ez dago gure sukaldaritzarik”?
Bo, bo, bo. Manikeo xamar jarraitzeko, jolas txiki bat orain. Eta jolasaren barruan, bi plater sukaldatzeko proposamen zehatza.
- Bat: Hartuko dugu Markinan hazitako ahate bat, eta buelta eta buelta egingo dugu haren gibela txapa gainean. Gesaltza-Añanako gatz larri apur bat egingo diogu, eta zerbitzatzeko orduan, izebaren baratzean bildutako aran pure txiki bat jarriko diogu ondoan.
- Bi: Hartuko dugu Norvegiako bakailao on bat, eta gazgabetu ondoren, Jaengo oliotan egingo dugu pilpil eder batean.
Horixe da dena. Erraza , ez da? Bi platerak egin ditugu “hemen” eta bi platerak egin ditugu “geuk”. Baina lehenengoan, produktu guztiak “gureak” izan arren, Perigordeko plater bat sukaldatu dugu. Edo behintzat, “euskal” izena merezi ez duena.
Bigarrenean, ostera, produktu guztiak “kanpokoak” dira, baina “geure” plater bat egin dugu, geurerik baldin bada.
Bietatik zein da “euskal-agoa”, “jatorragoa”, “geureagoa”…? Ala biak dira?
Non geratzen da “bertako produktuaren” baldintza?
(Ez al da polita hemen jarri dizugun jolas dialektikoa?)
Iruzkinik ez