Hara!

[Lekaioak I] Ardiak eta zozomikoteak

[Lekaioak I] Ardiak eta zozomikoteak –

[Lekaioak I]

Ardiak eta zozomikoteak

Lekaioa buila bat da, baina ez edozein motatako ohiua, baizik eta, zehazki, laguntza eskatzeko egiten den garrasia. Lekaio Kultur Elkarteak ibilbide luzea dauka Urretxu eta Zumarragan, eta horretan dihardu: ohartarazten. Hortxe daudela gure hizkuntza eta gure munduan galtzera doazen hitzak eta lanbideak. Hiltzen den zahar euskaldun bakoitza erretzen den liburutegi bat dela, ez bada transmisioa lana bermatzen.

Ardiak eta zozomikoteak

Kulturarekin lotutako hainbat afera lantzen dituzte urtean zehar, baina segur aski, beraien ekimen berezienetakoa Urretxuko festetan egiten zuten: etnografiari buruzko ez-museoa. Lekaioko kideek gai bat lantzen zuten, ofizio edo produkturen baten bueltakoa, eta naturatik jaso eta gizakiak erabili bitarteko prozesua azaltzen zieten herritarrei: landatzea, jasotzea, zaintza, manufaktura, lanabesak, eta horretaz gain, jardun guzti horren bueltan erabiltzen diren edo ziren hitzak.

Hau da, ez zela museo edo erakusketa bat, baizik eta agerraldi horrek urte osoko lan praktiko bat zeukala atzetik. Egiazki artoa ereiten zuten, edo basolanak egin, edo abereak hezi…

Zergatik mintzo naizen lehenaldian? Kultur elkarteari tamainako lana egiteko erreleboa falta zaiolako, eta lekaioa isiltzen ari da. Urtetan egin duten bidearen lagin bat ZuZeura ekarriko dugu: batetik, lanak ikuspuntu kultural, etnografiko eta linguistikotik merezi duelako; eta bestetik, inork bere herrian antzeko iniziatiba bat abiatu nahiko balu, aurrekariak badaudela jakin dezan.


Ardia

Ardia omen da baserriko animaliarik aberatsena. Ardiak ematen duen guztia ona omen da. Esnekiaz eta haragiaz gain, garai batean egun baino preziatuago diren artilea eta ardi-larrua ere ematen zituen. Hain ziren garrantzitsuak, ezkonberriek aurrez eskatu behar izaten ziotela beraien oherako artilea artzainari.

Zozomikoteak

Ardiak eta zozomikoteakBa omen zen oso harroa zen artzain bat. Behin, negua amaitu berri zela, zera esan omen zion martxoari:

Martxo-Martxo! Diat esker gaizto!
Nere ardi koskorrenak eitten dik
destau ta erdi salto!

Martxoak orduan, artzain horren harrokeria ikusita, apirilari zera eskatu zion:

Apirilla –Biribilla! Emaiyak bi eun da erdi,
nik bazeuzkat beste bi
artzai fanfarroso orri kendu daiyoten
eun ardi tta begi ori!

Hala, artzaina bere artaldearekin zubi bat pasatzen ari zela, erreka hazi eta, martxoak eskatu bezala, ehun ardi eraman zizkion. Artzainak orduan, bere azienda erabat ez galtzearren, aharia hartu zuen bizkarrean: “Hau ez dek ba eamango! Hau ez dek ba eamango!” oihukatuz. Baina ahariak burukada bat eman, eta adarrarekin begia atera zion artzainari.

Lortu zuen, beraz, martxoak bere nahia, eta artzain hura ardirik gabe, eta begia galduta gelditu zen.
Geroztik, ezagunak dira gure artean Zozomikoteak. Martxoaren amaiera aldera, eta apirilaren hasiera aldera eguraldiak okerrera egiten du, eta horren errua artzain batena izan omen zen.

Hiztegia

Kultur elkarteak tresnen eta lan praktikaren ezagutza barneratzeaz gain, lan horrekin lotutako hiztegia ere biltzen du. Ziur sorta hau asko aldatuko dela Euskal Herri osoan zehar, baina hein berean hitz asko berdinak edo antzekoak izango dira. Hitzaren definizioaren ondoren agertzen dena artzain zahar baten azalpena da, hitz egiten zuen moduan jasoa.

Ardia

[Lekaioak I] Ardiak eta zozomikoteak

  • Abaro: (iz.) abárua. Abereak gerizpetan babesteko toki egokia.
    “…illuntzen lo ittea jute ittuk mendipuntaa.Geo larren ibiltzen dia zelaiyan eo belarretan, eta geo, euzkia ertetzen donen, amaikak aldea eo, juten dia pagoazpia abaroa ittea…”
  • Adardun: (adj.) Ardi mota da, adarrak dituena.
    “…Irati ardiya dana adarduna da…”
  • Adargabe: (adj.) adárbekuà. Adarrik gabeko ardia.
  • Adartoki: (iz.) aártokiyà. Ardiari adarrak ateratzen zaizkion gorputz atala.
    “…eukitzen die aartokiya, an eukitze (d)atue, zeoze eukitzen die, baiña azi etzako eitten…”
  • Ahari: (iz.) aáriya. Abeletxe hausnartzaile arra.
    “ …eta aarik bate aarrik baekok e bai e!…”
  • Aide Beltz: (iz.) Ardiak izan ohi duen gaitza.
    “…orrekiñ ardiya akatzea etortze uan e! Eta bizik etaatze baek e, errepei askotan alde bat artzen yaok, eta errepe alderdi aura, eta aen zaiñak tripaazpiñ noa doazen, aragi azpi danak, dana ustelduta gelditze xakok…”
  • Akain: (iz.) ákaiñak. Ardiak izan ohi duen bizkarroia. Dirudienez, mikek eta txakurrek kentzen zizkieten, edo zuhaitzetan zein harkaitzetan azka eginez kentzen zituzten.
    “…aurreko besagaiñ ori eziñ arrapatze zian ortzakin, eta an itte zitxakoan jenealen, ille arten, baiña ola beatz muturran tamaiñakok e!…”
  • Antzu: (adj.) antzúa, matxórra. Arkumerik izan ezin duen ardia.
    “…antzuk igual izate ittuan askotan, ba matxorrak jaiotze ittuk…”
  • Ardi: (iz.) ardíya. Hiru urte bitarteko ardia.
  • Ardinarru: (iz.) Ardiaren larrua.
    “…idin burutako ebaltze uan, baiño ortaako re gutxi…”
  • Ardi zahar: (iz.) ardízarrà. Lau, bost urtetik gorako ardia.
  • Arkazte: (iz) arkástia. Bi urte bitarteko ardia.
    “…ortzetan antzematen zaiok ardik zenbat urte dauzkan…”
  • Arkume: (iz.) arkúmia. Ardi jaio berriari deitzen zaio.
  • Arkumatoki: (iz) arkúmateiyà. Arkumeak biltzen diren lekua.
    “…urritzakin, lizarrakin eindako esiya…”
  • Artegi: (iz.) artéiya, ardíteiyà. Ardiak biltzeko tokia.
  • Artxara: (iz.) artxária. Ardiak jateko duen egurrezko egitura.
  • Bildots: (iz.) bildótxa. Urtebete arteko ardia.
    “… bildotxa batzuk esate zeek arkumai…”
  • Buzkantz: (iz.) búzkantzak. Ardiaren odolarekin egindako odolostea.
    “…oolkiya txerriikin, ardin sebokin eta odolakin buzkantza…”
  • Erautsi: (ad.) Eráutxi. Arkume jaio berriari eutsi, amaren arrotik esnea edan dezan.
  • Gaitzetsi: (adj.) gaitxítxiya. Ardiak onartzen ez duen arkumea.
    “…ori askotan izate ek, amak ez maittetzia, ama debil daolakon e bai. Ta ardik beak askotan antzematze ik, bi ume eiñ, bi ume azteko esneik ezpaauka, bat baztarrea uzten dik…”
  • Hankamin: (iz) ankámiñà. Ardiari hanketan sortzen zaion gaitza.
    “…lokatzan ibillin, da lokatza busti askon baldin badao ba, kasko-bittartek eosi itte xatek. Geo andi sartze zatek barrura ankamiña esate zakona…”
  • Heskorta: (iz) eskórtia. Ardiak egon ohi diren lekua.
    “…Eskortia dana makillakiñ eindakua…”
  • Ipurdi Beltz: (iz.) Ipúrdibeltzà. Ardiak izan ohi duen gaitza.
    “…euzkittan pillauta eoten badia, aek orrungo udaberrin ipurdibeltza izeten die; eta zeatio? An beotu da gibela atakau diolakon, da geo gibela gaizki balimaauka or udaberrin ipurdiya zikiña, berauta eukitzen die…”
  • Irati Ardi: (iz.) Irátiardiyà. Ardi mota bat.
    “…iratiardiya dana aarduna ek…”
  • Kaiku: (iz.) káikua. Esnea jasotzeko urkiaren egurrez egiten den ontzia. Esnea berotzeko harriak sartzen omen ziren garai batean.
    “…arriya, arri bereziya beotu, da ua sartu, ta ardi esnia beotze men tzien gaztaiya itteko-ta…”
  • Kapasta: (iz.) Kapástia. Ardiak izan ohi duen bizkarroia.
    “…akaiña aundiya dek, eta kapastia txikiya…”
  • Karraka: (iz.) kárrakia, matrákia. Piztiak izutzeko tresna.
    “beorrak izutzeko dek karrakia…”
  • Karrantza ardi: (iz.) Karrántzaardiyà. Ardi mota, muturgorrien taldekoa.
  • Kasko: (iz.) káskok. Ardiaren atzazkalak.
    “…kasko-bittarten eukitzen die ta, errena daukanak-eta, andik askotan zea ertetze zeok, argizaiya…”
  • Matxorra: (iz.) Ik. Antzua.
  • Mingain: (iz.) mingáiña. Txintxarriak barruan izan ohi duen mihia.
    “…txintxarrin mingaiña, adarra, miztua o mingaiña. Adarra ta burniikiñ e bai, beiyan adar puntia, oolako puntatxo bat.
  • Mutur beltz: (adj.) Mutúrbeltzà. Ardi mota.
  • Mutur gorri: (adj.) Mutúrgorriyà. Ardi mota.
  • Okail: (iz.) okáillia. Ardiak izan ohi duen gaitza.
    “…okozpen koskorrak ertetze yaok, ori dek gibelen pitxoletak dauzkelako…”
  • Pikatxa: (iz.) Pikátxa. Arkumearen odolari, arrautza eta hesteak nahastuz egiten den jakia.
    “…pikatxa eitten dek arkumekin, arkume-odolakin. Arkuman odola itte ek goortu, eta geo puskau, eosi lenengo ondo, eta ari arrautziabota, eta pikatxa eitten dek. Eta estek garbittu,erditti pitzau este danak, garbittu ondo, eta geo ua naastu…”
  • Sasi ardi: (iz.) sasárdiyà. Muturgorrien taldeko ardia.
    “…ori tta muturgorriya alkarrekiñ relazionautakok ustet diala…”
  • Txabola: (iz.) txábolia. Mendiko borda.
    “…ba ardik oola easokin-da etortze ittuk txaola, ta bero aundiikiñ e bai…”
  • Uhal: (iz.) uéla. Hainbat zereginetarako erabiltzen den larruzko lokarri estua. Txintxarria lotzeko erabiltzen da.
  • Urrusa: (iz.) urrúxa. Arkume eme jaio berria.
    “…ba arkumia il nian nik urruxa zalakon, da urruxak bezela zeukian atzen, natuala, pottoik etzeukian, pottopoltxaik etzeukian, baiña geo barrun bi potto ale an azaldu zitxakoan…”
  • Uztai: (iz.) úztaiya. Gaztaina edo lizarra erabiliz egiten den aroa. Txintxarria lotzeko erabiltzen da.
  • Ximaur: (iz.) ximáurra. Abereen gorotzez, orbel ustelez… osatutako ongarria.
    “…Ardiyak dana dik ona. Esnia beiyana baiño obia dik; ximaurra obia dik; illia, beiyak eztik, okelia ona dik… eta ebagiya sendatzen!… sebo asko dik-eta…”
  • Zezina: (iz.) Sesíñia. Okela gazi eta sikuari deitzen zaio.
    “…ardiñ aragiya bitze ek gatzetan, eta gatza artzen donen, sekatzen gelditzen dek…”

Gaztagintza

  • Gatzagi: (iz.) gatzágiya. Belarrik jan ez duen arkumearen sabela.
    “…Arkumia ber dik aman esnia bakarrik ean dona, larren ibillitakua ez…”
  • Gaztalontzi: (iz.) gaztálontziyà. Gazta egiteko moldea. Zumitzezkoa izan ohi zen.
  • Gaztanbera: (iz.) gaztánberia. 1. Gazura egosi ondoren egiten zaion aparra.
    “…Eosi, ta gaiñen tela bat, mamiya itte zakok…” 2. Gazta zaharrekin egindako jakia.
  • Gazura: (iz.) gazúra. Gazta estutzean ateratzen den ura.
    “…estutu ta gaztaiya, esnekin aste aiz gaztaiya itten, eta ae estutu ala, uya ertete yaok; uya ek…”
  • Iragazki: (iz.) iráazkiya. Esneak nahasturik dituen zikinak kentzeko tresna.
    “…kazuela aundi bat eote uan guren, ara iraazkin pasau esnia, eta seittun gatzagiya eman…”
  • Ketoki: (iz.) Ketókiya. Gaztak kezteko lekua.
    “…toki ezkua, aizeik eztaon tokiya…”
    “…sua eztek ein ber, keiya in ber dik. Berdeekiñ, batzuk asuna ebaltzen die, ta bestek paotxa. Eozer gauza dek, suik eztailla eon. Sua txaarra ek, zatio suk beotasuna emate ziok ta gaztaiya lertu itten dik…”
  • Malatxa: (iz.) malátxia. Mamia nahasteko erabiltzen den egurra.
  • Mami: (iz.) mamíya. Ardi-esnearekin egiten den jakia.
    “…Esnia eosi, eta oztu baiño lenao bota gatzagiya, eta goortu itten dik, mamiya itte ek…”

Artilea

  • Galtzak: (iz) gáltzak. Ardiaren illearekin egindako galtzerdiak.
  • Goraizeak: (iz.) gúraizak.
    “…leen muelleik baekok ittuan, beatza sartutakok…”
  • Karda: (iz.) kárdia. Artilea harrotzeko erabiltzen den tresna.
    “…oolako egur koadro bat izeten dek, kertenakin, da ortzak dauzkik oker-antxen, da aek artu ta zea itten die, arrotu…”
  • Telar: (iz.) Telárra. Tela egiteko erabiltzen den tresna.
  • Tina: (iz.) tíña. Artilea garbitzeko erabiltzen den ontzia.
    “…surtako autsakin tiñan garbitze zan…”
  • Txabila: (iz.) txábilla. Haria egiteko tresna.
    “…txabilla dek au, ziri batekin, ola bueltaka bitze uan…”

Beñat Hach Embarek – zuzeun

Ardiak eta zozomikoteak  Ardiak eta zozomikoteak   Ardiak eta zozomikoteak

Kategoriak

Egilea

Pagotxa Pagotxa

Elkarbanatu & Inprimatu

Iruzkinik ez

    Bidali iruzkin bat