Elysia chlorotica itsasoan bizi den bare mota bat da, baina ez da batere arrunta. Eguzki-instalazio bat bezalakoa da edo, hobeki esan, landare baten antzera jokatzen du.
Landareek plastoei esker hartzen dute eguzki-argia, eta fotosintesiaren bitartez energia kimiko bihurtzen dute. Ezaguna denez, animaliek ezin dute hori egin, eta landareak edo beste animaliak kontsumitu behar dituzte euren energia-beharrak asetzeko. Itsas bare honek, baina, ez du beste animalia gehienek bezala jokatzen. Haren janari nagusia alga bat da, alga jakin bat. Ebaki bat egiten dio algari, zitoplasma xurgatu eta gehiena digeritzen du; gehiena, baina ez dena, ez baititu plastoak digeritzen; gorde egiten ditu.
Itsas bareak gordetako plastoek fotosintesia egiten jarraitzen dute, eta horrela sorturiko materia da Elysiachloroticak elikatzeko erabiltzen duena. Hori dela eta, eguzki-instalazio bat bezalakoa da barea, landareak bezala bere jana sortzeko gai baita.
Itsas barea algaren menpe dago, oso-osoan, bizirik irauteko. Hasieran, hazteko eta heldutasunera iristeko, algak jan behar ditu. Gero, algatik plasto nahikoak erdietsi dituenean, horiek egiten duten fotosintesiari esker lortzen ditu bizitzeko behar dituen energia eta elikagaiak. Energia-autonomia lortu ondoren, bederatzi hilabetetan bizi daiteke eguzki-argia hartuz eta fotosintesia eginez, landareek egiten duten era berean.
Aurreko atalean eguzkia hartzen duen zizare baten istorioa azaldu dugu. Pentsa liteke hura eta hau istorio berdinak direla. Baina ez, ez dira berdinak. Zizare hark algak jaten zituen, itsas bare honek bezala, baina hark algak gorde egiten zituen, osorik, eta sinbiosi harremana mantentzen zuen, baina honek ez du inolako sinbiosirik egiten algarekin. Jan eta erabili egiten ditu algak, bai, baina algek ez dute horren truke ezer lortzen. Bestalde, zizarearen kasuan ez zen zizarea fotosintesia egiten zuena, algak baizik. Oraingo kasu honetan, ordea, barea da fotosintesia egiten duena; algek zituzten plastoei esker egiten du, bai, baina egin, berak egiten du.
…
Zientzia Kaiera Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia
Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.
Iruzkinik ez