Culinary Zinema sailaren zortzigarren edizioko menua 66. Zinemaldian
Culinary Zinema sailaren zortzigarren edizioko menua 66. Zinemaldian –
Argentina, Kanada, Hego Korea, Espainia, Frantzia, Japonia eta Singapurreko zazpi ekoizpen, Culinary Zinema sailaren zortzigarren edizioko menuan
Gastronomia eta zinema lotzen dituen Donostia Zinemaldiko saila Basque Culinary Centerrekin batera eta Berlingo zinema-jaialdiarekin elkarlanean antolatzen da
…
Asteazkena, 2018(e)ko abuztuaren 29
Culinary Zinema, zinema eta gastronomia uztartzen dituen Donostia Zinemaldiko saila, zazpi filmek osatuko dute zortzigarren urtean. Askotariko gaiak jorratuko dituzte: familia-jatetxeetan inspiratutako istorioak, artearen eta gastronomiaren arteko fusioa, oliba-olioaren kultura, emakumezko sukaldariek aurre egin beharreko zailtasunak, hiri handitik jaioterrira itzultzea, norberaren jatorriak bilatzea eta enpresa-abentura bati ekitea.
Miguel Ángel Jiménezek –Khorosho (Todo bien, Zinemira 2010) eta Kafenio Kastello (Kimuak 2018) film laburren eta Ori (Zuzendari Berriak 2009) eta Chaika (Zuzendari Berriak 2012) film luzeen egileak– bi Michelin izardun L’Escaleta jatetxearen atzealdeko bizimodua jaso du Y en cada lenteja un Dios filmean.
Ander Iriarteren (Echevarriatik Etxeberriara) eta Aitor Bereziartuaren Bihar dok 13 filmak Gaur eta Ez Dok Amairu mugimenduekin aurrez aurre jarriko ditu Basque Culinary Centerreko zenbait ikasle. Duela 50 urte, euskal arte eta musikagintzaren ikuspegia berritu zuten mugimenduok; orain, artelan batean inspiratutako plater bat birsortu beharko du ikasle bakoitzak.
Soon-rye Yim zinemagilea aski ezaguna da bere herrialdean. Hego Koreako Little Forestekoizpenerako, hiri handian amodio- eta lan-arazoz estuturik bat-batean jaioterrira itzultzea erabakiko duen gazte bat hartu du ardatz.
Un instante en la vida ajena (2003) filmarekin dokumental onenaren eta Iberia-rekin argazkilaritza onenaren Goya sariak jaso ondoren, José Luis López-Linaresek Picual olibaren iraultza jaso du Jaén, Virgen & Extra filmean. Jaéngo oliba enblematikoena izanagatik ere, historikoki ez zaio oso balio handia eman izan.
Aldiz, The Heat: A Kitchen (R)evolution filmean, jatetxeen buruan aitzindari izan diren emakumezko sukaldarien fenomenoa aztertu du Maya Gallus zinemagileak, besteak beste, Anne-Sophie Pic eta Angela Hartnett-ekin. Iaz, 2017an, Gallusi atzera begirakoa eskaini zion Hot Docs zinema-jaialdiak, eta aurten film horrek eman dio hasiera jaialdiari.
Urtez telebistako formatuetan aritu eta gero (adibidez, Caiga quien caiga programarekin), Alfred Oliverik Germán Martitegui argentinar sukaldari entzutetsuaren eta haren lantaldearen abentura irudikatu du bere lehen film luzean, Tegui: Un asunto de familia-n, 40 egunez euren jatetxea itxi eta hutsetik hasita Andeetako mendikatean beste bat irekitzen dutenean.
Proiekzio eta afarietarako baterako txartelak irailaren 3an jarriko dira salgai, 9:00etan, 70 euroan. Zinemaldiaren eta Kutxabanken web-orrien bitartez erosi ahalko dira. Filmak soilik ikusteko sarrerak datorren irailaren 16an jarriko dira salgai, 7,90 euroko prezioan.
Iruzkinik ez