(artikuluari sarean erantsitako pieza) Brian Currinek, urteotako ibileran, bazkari berezi bat egin zuen behin Ormaiztegin, 2012ko apirilaren 22an. Nazioen Munduak aurreko egunean Gazta zati bat dokumentala aurkeztu zuen Donostian, Giza Eskubideen Zinemaldian, Jon Maiak egindakoa, eta Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohiak dio haien insistentziaren ondorioz lortu zela Currin ekartzea aurkezpenera. Alabarekin etorri zen. Hurrengo egunean, igandearekin, Olaberriako gaztategi batera eraman zuten —Xanti Etxezarretaren gaztategira—, eta handik Ormaiztegira, Kuko jatetxera. Igandez itxita izan ohi da, baina Iker Markinez jabeak zabaldu egin zuen okasiorako —kuadrilakoa du Angel Oiarbide, eta…—. Han ziren Rios edota Eskoziako ordezkari batzuk ere; 12-15 lagun denera. “Currini goizean bildutako zizak erakutsi zizkion nagusiak, baita eguneko tomateak ere”, oroitzen da Oiarbide Nazioen Munduko kide ohi eta Gure Esku Dago-ko eleduna. “Harrituta geratu zen. Horiek eta beste gutizi batzuk bazkaldu genituen”. Postre garaian, Currinek Maiari: gaia eta doinua jarriko zizkiola bertso bat botatzeko. Doinua: The Beatlesen bat. Gaia: politikoa. Bota zuen Maiak. Nazioen Mundua egin zen Currinen bidaiaren eta egonaldiaren kargu. Oiarbide: ”Geure inozentzian, ekartzera ausartu ginen, eta lortu genuen. Txikitik ere gauza asko egin daitezke. Guretzat oso garrantzitsua izan zen”.

Lehen argazkian, Jon Maia, Brian Currin, Juantxo Sardon eta Dani Oiarbide, 2012ko apirilaren 22an, Ormaiztegin, Kuko jatetexean. Bigarrenean, Iker Markinez sukaldariarekin Currin, orduan.