Hara!

Nanoelikagaiak: tamainak axola duenean

Nanoelikagaiak: tamainak axola duenean – 

Zientzia Kaierak idatzia

Iñigo Lozano, Itziar Galarreta, Sonia Pérez-Yáñez, Idoia Ruiz de Larramendi

Nanoteknologia ikerkuntza arlo askoren garapenerako erreminta oso garrantzitsua izan da. Nanomaterialek materialek bulk egoeran (tamaina handian) aurkezten dituzten propietate desberdinak dituzte. Urreak adibidez, tamaina nanometrikoan ezagutzen dugun distira eta kolore horia galtzen ditu kolore gorria edo urdina hartzeko. Baina, zein txikiak dira nanopartikula hauek? Ideia bat izateko, nanometro batek milimetro baten milioirena neurtzen du, hots, giza ile baten diametroa baino 100.000 aldiz txikiagoa da.

Irudia: Nanoteknologia baliatuta superelikagai, megaestalki eta ultrasentsore mundu berri bati atea irekitzen dio.

Elikagaigintza industriak iraultza nanoteknologiko honekin batera aurrera egin du. Izatez, elikagaiak molekula nanometrikoez (behintzat, dituzten dimentsioetariko bat 100 nm baino txikiagoa denean) osatuta daude. Hori dela eta, ez da harritzekoa elikagaigintzan molekula txiki hauen inplementazioan aurrerapenak burutu izana. Elikagai berriekin amets egin dezagun! Goxoak eta aberastuak baina betiko itxura mantentzen dutenak.

Ziurrenik Edurnezuriren sagar gorri perfektua urdina izango balitz ipuinak beste amaiera bat izango zuen… Baina, zer-nolako elikagai motak nahi ditugu? Bakoitzak bere errezeta perfektua bilatuko luke: batzuek elikagai osasuntsuagoak eskatuko lituzkete; beste batzuek zapore originala mantenduko luketen gatz, azukre edo koloratzaile gutxiko elikagaiak nahiko lituzkete. Gainera, diabetesa edo gizentasun arazoak tratatzen lagunduko luketen elikagaiak sortzea posible izango litzateke. Eta murtxikatzeko arazoak dituzten adinduek? Zapore eta testura hobeagoko pureak hartzeko aukerak izango lituzkete. Hau guztia nanoteknologiari esker posiblea izango da.

Elikagaiei begi-bistan ikusezinak diren nanogehigarriak botaz elikagaigintza arloaren iraultza sortuko da. Dagoeneko nanoemultsioen egonkortzeari esker zaporea, dastamena edo testura desberdinak indartzeaz gain, elikagaietan farmako espezifiko bat sartzea eta digestio-aparatuan zehar duen askapena kontrolatzea posiblea da.

Baina nanoteknologiak superelikagaien sorreratik harago doa, izan ere, elikagaien paketatze perfektuak ere egin daitezke. Dudarik gabe, gaur egungo gizarteak plastikoarekiko menpekotasun handia du. Horretaz konturatzeko, etxean plastikoak eta ontziak birziklatzeko dugun poltsa begiratzearekin nahikoa da, non plastiko gehienak elikagaien estalkiak diren. Plastiko kontsumo etengabe honek ingurumen arazo larriak sortzen ari ditu. Erabiltzen diren plastiko gehienak ez dira biodegradagarriak.

Ingurumenarekiko kalte txikiagoa aurkezten dituzten plastikoek ez dituzte elikagaiak paketatzeko propietate egokiak azaltzen, adibidez: gasekiko hesi-propietate txarrak aurkezten dituzte. Mota honetako plastikoetan buztina bezalako nanopartikulak gehituz material hauen propietateak hobetuko lirateke, hauen erabilera eremuak zabalduz. Horren haritik, tupper zein elikagaiak gordetzeko erabiltzen diren ontzietan elikagaien kontserbazioa hobetzeko ere bakteriak “hiltzeko” gaitasuna duten nanopartikulak jarri daitezke.

Azkenik, nanoteknologiak elikagaigintzan izango duen beste arrakasta bat elikagaien egoera ezagutzeko nanosentsoreetan oinarritzen da. Gaur egun, iraungitze-data da elikagaiaren egoeraren berri ematen duena, baina nolakoa izan da elikagaiaren paketatze eta garraioa? Prozesu hauetan elikagaiaren egoera aldatu da? Nanosentsoreak erabiliz prozesu hauetan zehar elikagaiaren kalitatea eraldatua izan den jakitea posiblea izango litzateke estalkiaren gainazalean kolorez aldatzen duen pegatina bat jarriz.

Nanoteknologiak superelikagai, megaestalki eta ultrasentsore mundu berri batekin amets egitea ahalbidetzen du. Baina, amets hauek egia bihurtzeko azkeneko oztopo bat gainditu behar dute: herri-pertzepzioa. Biziraupen gisa, berria eta ezezaguna den guztia alde batera uzten dugu. Dena den, toxikotasun ikerketa sakonen bermearekin gure eskuetan dago etorkizuneko nanoelikagaietara eramango gaituen aurrerapausoa ematea, non tamainak axola duen.

Artikuluaren fitxa:

  • Aldizkaria: Ekaia
  • Zenbakia: Ekaia 35
  • Artikuluaren izena: Nanoelikagaiak: tamainak axola duenean.
  • Laburpena: Nanoteknologiaren erabilpena funtsezko erreminta bilakatu da aplikazio askoren garapenean, eta elikagaien sektorea ez da alde batera geratu. Modu horretan, nanoelikagaien garapenak osasuntsuagoak, erresistenteagoak eta iraupen luzeagoa duten elikagaiz gozatzea ahalbidetuko duela uste da. Lan honetan, nanoteknologia elikadura sektorean ezartzeak eragindako aurrerapen nagusiak aurkezten dira eta, bereziki, honako hiru arlo hauetan jarri da arreta: nano-aberastutako elikagaiak, elikagai biltegiratzeko diseinu berriak eta nanosentsoreak. Amaitzeko, elikadura industrian nanoteknologiaren erabilpenak eragindako eztabaida aztertuko da; abantaila asko ekar ditzakeen arren, egun gizartearengan beldurra eta kezkak eragiten baititu.
  • Egileak: Iñigo Lozano, Itziar Galarreta, Sonia Pérez-Yáñez, Idoia Ruiz de Larramendi.
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua.
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 143-164
  • DOI: 10.1387/ekaia.19684

Egileez:

Iñigo Lozano, Itziar Galarreta, Sonia Pérez-Yáñez, Idoia Ruiz de Larramendi UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Kimika Ez-organikoa Sailekoak dira.

Kategoriak

Egilea

Pagotxa Pagotxa

Elkarbanatu & Inprimatu

Iruzkinik ez

    Bidali iruzkin bat