Hara!

Pandemiak agerian utzi ditu zientziaren ahuleziak

Pandemiak agerian utzi ditu zientziaren ahuleziak –

Juan Ignacio Perez Iglesiasek Galde aldizkariaren 29. zenbakian.

Gehienok uste dugu Covid19-a ez dela desagertuko SARS-CoV2 birusaren aurkako txerto eraginkor bat aurkitzen ez den bitartean. Eta txertorik ezean, gaixotasunak egiten dituen kalteak sendatzeko edo arintzeko birus kontrako botika edo tratamendu efikaza da geratuko litzaigukeen bide bakarra. Bestalde, txertorik gabe eta birus aurkako botika eraginkorrik gabe, epidemiologiatik etorri beharko zaizkigu pandemia kontrolpean mantentzeko jarraibideak. Esaldi bakar batez laburbildu beharko banu aurreko lerroetan adierazitakoa, esango nuke zientzia-ezagutza gabe ez dugula aurkituko Covid19ari aurre egiteko modurik. Uste dut, gainera, ideia hori gehienok onartzen dugula; areago, jende asko sinetsita dago zientziaren bitartez egungo egoera gainditzea lortuko dela. Nik, berriz, ez dut horrelako segurtasunik.

Pandemiak agerian utzi ditu zientziaren ahuleziak
Niels Bohr eta Albert Einstein

Niels Bohr fisikari ospetsuari esleitu zaion baieztapen (seguraski) apokrifo baten arabera, «aurreikuspenak egitea zaila da oso, etorkizunari buruzkoak direnak batez ere». Halaxe da. Ez dago aurreikusterik, kasik definizioz, etorkizunean zein ezagutza berri sortuko dugun. Jakingo bagenu, sortuta dagoenaren seinale izango litzateke eta beraz, ez litzateke aurreikuspen izango. Ergelkeriatzat har daiteke hori, noski, baina ez dut uste ergelkeria denik.

Richard Nixon AEBtako presidenteak, CancerAct izeneko legea sinatu zuen 1971ean. Prentsa aurrean aurkeztu zuenean, hamarkada batean minbiziarekin bukatuko zutela adierazi zuen eta garai hartako $100 M-ko diru kopurua agindu zuen horretarako. Egia da geroztik minbizia dutenen biziraupena luzatu egin dela eta gero eta jende gehiagok gainditzen duela gaitza, baina hala ere, ezin daiteke esan minbiziarekin bukatu denik, ez eta urrundik ere.

Antzekoa da beste gaixotasunekin ere gertatu dena. Gripea ez da, egun, oso gaitz hiltzailea, baina jende asko kutsatzen denez urtero, asko dira munduan gripeak sortutako albo-eraginen ondorioz hiltzen direnak. Txertoei esker ez da garaiegia hildakoen kopurua, baina txertoaren eraginkortasuna ez da %100koa eta, beraz, ez du mundu guztia immunizatzen. Askoz ere larriagoa da HIESarekin gertatzen dena. Eta lau hamarkada igaro dira GIBa mundu osotik zabaldu zenetik eta oraindik ez da lortu txertorik, nahiz, zorionez, tratamendu onak erdietsi diren dagoeneko. Aurten lortu da, hain zuzen ere, HIESa sendatzea lehendabiziko aldiz.

Aurreko adibide horiek agerian uzten dutena da zien- tziaren emaitza jakin batzuk lortze alderadagoen ziurgabetasun handia. Eta beraz, nahiz eta helburu bat lortzeko ahalegin oso handiak egin, zientzia-ezagutzak ezin du inolako bermerik eman. Hortaz, izugarri kontingentea da zientzia. Horixe da, hain zuzen ere,bere ahulezietako bat.

Izan ere, kontingente izate horrek, ondorio txarrak ekar ditzake zientziaz gizarteak duen iritzi edo ikuspegiari dagokionez. Covid19-arena adibide aproposa izan daiteke, hortaz. Zientzia-ezagutzaren izaeraren berri ez duenak erraz pentsa dezake zientziak ez duela merezi egun duen estatusa; azken batean, pandemia bezalako arazo handiari aurre egiteko eta konpontzeko biderik ez badu ematen, «zertarako zientzia» galde egin dezake. Eta galdera horretatik zientziaren aurkako jarrera edukitzera oso distantzia laburra dago.

«Zientzia komunitatearen jokaera ere kaltegarria izan daiteke, informazio gehiegi sortzen duelako eta oso zaila delako informazio horretatik baliozko emaitzarik ateratzea.»

Zientzia, izatez, ereduen sortze- eta desegite-kate amaigabea da. Eredu berriek eredu zaharrak ordezkatzen dituzte eta horrelaxe egiten du aurrera ezagutzak. Natura behatzerakoan antzematen ditugun erregulartasunak azaltzeko tresnak baino ez dira ereduok, eta hipotesi edo teoriak deitzen ditugu bere estatusaren arabera. Baina ereduak ordezkatuz egiten duenez aurrera, behin-behinekoa da zientzia-ezagutza, berez. Horixe da bere ezaugarri behinenekoena, hau ere ahuleziatzat har daitekeena gainera.

Zientziak jasaten dituen zenbait erasoei bidea errazten die «ahulezia» horrek. Izan ere, zientzia- ezagutza oinarritzat hartzen bada, ez da bat ere zuhurra erabateko baieztapen biribilak egitea, gaur balio duten baieztapenek bihar balio ez izatea gerta daitekeelako. Ziurgabetasun handia dago, egon, zientzia-ezagutzan. Baina gizakiok ez dugu gustuko ziurgabetasuna. «Egia biribilak» entzun nahi ditugu nahiz zientziak horrelako egiarik eskain ezin dezakeen.Kontu bitxia da hau, zeren ereduak ordezkatzen baititugu natura azaltzeko hipotesi edo teoria hobeak aurkitzen ditugunean. Hau da, errealitatearen azalpen egokiagoa aurkitzen dugunean edo gertaera gehiago azaltzeko aukera ematen duenean hartzen dugu eredu berria eta albo batera uzten dugu zaharra. Izan ere, ziurgabetasuna dakarren behin-behinekotasun hori, ahulezia baino, indargunea da, baina jende gehienak ez du erraz onartzen hori.

Ziurtasunik eza, bestalde, bereziki garrantzitsua da zenbait diziplinatan. Epidemiologia da, hain zuzen ere, horietariko bat. Objektu epistemiko bereziki konplexuak dira epidemiak. Izatez, epidemiak aztertzeko, ondoko esparru hauek, behintzat, landu behar dira: patogenoaren oinarrizko ezaugarriena, patogeno horrek gaixoari egiten dizkion kalteena, eta gizabanakoen artean kutsatzeko dituen bide eta mekanismoena. Ezagutza horietatik abiatuta, patogenoaren giza populaziotan zeharreko hedapenaren ezaugarriak ikertu behar dira eta, halaber, kutsatze eta hedatze horiek azaltzeko eredu matematiko egokiak sortu eta egiaztatu. Ez da harritzekoa, hortaz, epidemiologia-ereduek eskaintzen dituzten aurreikuspenen ziurgabetasun handia. Gainera, beste zailtasun bat dute, alegia epidemiaren ibilbidea aldaraz dezakete eredu horietatik erdietsiriko emaitzetan oinarritzen diren jarraibideek eta, horregatik, hasierako aurreikuspenak ez betetzea gerta daiteke. Kasu horietan eta aski paradoxikoa bada ere, porrota bezala har daiteke diziplinaren arrakasta.

«Zientzia komunitatearen jokaera ere kaltegarria izan daiteke, informazio gehiegi sortzen duelako eta oso zaila delako informazio horretatik baliozko emaitzarik ateratzea.»Azkenik, zientzialarion jokaera dugu. Balioak eta interesak denok ditugu, ikertzaileek eta, oro har, adituek barne. Eta horrez gainera, isurien eragina ere jasaten dugu. Ezin zaio ekidin; ez dago inguru «aseptikoan» egiten den zientziarik. Covid19ak ekarri digun hondamendiaren erdian, oso pizgarri indartsuek eragiten dute zientzialarien gain eta, horren ondorioz, lastertasun handiz egiten da lan eta lortutako emaitzak ere, oso azkar ematen dira jakitera. Handiak dira konponbideak aurkitzeko nahia eta ospea lortzeko gogoa. Eta bestelako sariak ere egon daitezke baliozko emaitzak lortzen dituztenentzat. Hori dela eta, berehala argitaratu dira pandemiari buruzko zientzia-artikuluak eta artikulu horien preprint izeneko lehen bertsioak. Informazio-bolumena oso handia da, -handiegia, egia esan- eta horrela oso zaila da informazio horren kalitatea behar bezala baloratzea eta erabiltzea. Euskarri horietan dagoen ezagutza (edo sasi-ezagutza) iragazkirik gabe iristen da jendearengana, bitartekari kualifikatuen esku-hartzerik gabe. Gezurrak eta aurkikuntza faltsuak zabaldu egin dira izugarri horrela.

Testuinguru normal batean arazo horiek badute beren konponbidea, zientzia-komunitateak zuzentzeko sistemak garatu dituelako. Sistema horiek ez dute beti bermatu zientzia-sistemaren funtzionamendu akasgabea, baina okertze arriskutsu gehienei ekiditen zaie horrela. Oraingoa bezalako larrialdi batean, berriz, sistemak ez du lan onik egiten irtenbide egokiak aurkitzea bereziki beharrezkoa eta premiazkoa delako, hain zuzen ere. Beste paradoxa bat.

Beraz, nahiz eta zientzia ezagutza ezinbestekotzat jotzen dugun pandemiak ekarritako hondamendia gelditzeko, muga nabarmenak ditu zientziak. Berezkoak ditu batzuk, bere izaerari dagozkiolako: izaera kontingentea da bat eta bere behin-behinekotasuna da bestea. Ziurgabetasuna dakarte bi ezaugarri horiek, eta ahulezia gisa hartzen dira. Eta hori gutxi balitz, zientzia komunitatearen jokaera ere kaltegarria izan daiteke, informazio gehiegi sortzen duelako eta oso zaila delako informazio horretatik baliozko emaitzarik ateratzea. Jendeak, bitartean, konponbideak aurkitzeko premia larria dagoela ikusten du, baina zientziak ezin dio horrelakorik eskaini jendeari. Hori dela eta, kaltetuak atera daitezke gizarteak zientzian duen konfiantza eta zientziari ematen dion garrantzia.

 

 

Galde 29 UDA/2020

Pandemiak agerian utzi ditu zientziaren ahuleziak

 

Kategoriak

Egilea

Pagotxa Pagotxa

Elkarbanatu & Inprimatu

Iruzkinik ez

    Bidali iruzkin bat