Maximinaren txurroak

93%

Denbora

20 min

Gustuko duzu?

Maximinaren txurroak – 

Gaurkoan Maximinaren txurroak RZ  dakarkizugu, istorio eta guzti geure amamak eta Xolomo Sapiens gogoan. Ama eta izebari gustatuko zaie bisitan datozeneandenak txundituta uzteko, aproposa pandemia egoeratan gozatzeko eta ligatzeko ere bai agian… Segi gozo, segi fin eta on egin! 🙂

Jaki bat asko eta asko desiratzeko dauden ehunka arrazoien artean, badira bi oso sarri agertzen zaizkidanak. Bata da jakia bera maite dudala, bere benetakotasunean, eta bigarrena, badela zerbait, historia edo istorio, erakargarri egiten duena. Gaur txurroaz naiz akordatu eta haien gosea zait ernetu, zergatik eta lagun batek Berako barojatarren koadrillako emakume baten albiste eman didalako: Maximina Berasain Elizondo. Iritsiko naiz harengana, baina lehenik utz iezadazu txurro onak nola egiten diren honaino ekartzen Sukaldean gunetik.

TxurroakOsagaiak

  • Litro erdia ur
  • Gatza, ximiko bat
  • 250 g irin, bahetua
  • Oliba olioa

Errezeta

  1. Sutan jarriko dugu ura, gatzarekin. Irakin eta xirripaka isuriko dugu irina edukiko dugun gopor edo ontzi batean, poliki-poliki, txurro-ore mehe leun bat itxuratu ahal izateko. Prest eduki orduko sartuko dugu txurro-maukan, aho kizkurrarekin.
  2. Ugari jarriko dugu olioa berotzen eta kea jarioan hasi orduko hasiko gara txurroak ateratzen, txurro-mauka ertzetik estututa. Ez ditzagun txurro asko batetan bota; zabal-zabal eta ongi frijitu behar dute, eta tenperaturari eutsi behar dio betiere olioak.
  3. Guztiak frijitu ondoan, gainetik azukrea hautseztatu eta hoztu baino lehen jango ditugu txurroak.

Kasu!

Ongi gorrituak nahi baditugu, orea egiterakoan 4 koilarakada uren ordez 4 koilarakada esne gehituko ditugu.

Akaso!

Maximina Berasain

Orain bai, banoa Maximina Berasain Elizondo zein zen esatera edo, bederen, haren anekdotetako bat aipatzera.

Jakin dakigu Maximina andrea Carmen Barojaren koadrillakoa izan zela Beran, Espainiako Gerra garai beltz hartan eta lehenagotik ere bai. Carmen Baroja hau, ostera, Nessi ere bazen eta, nola ez ba, Pio eta Ricardoren arrebaz gainera, Maria de Maeztu eta beste batzuekin Lyceum Femeninum Club izeneko solasgunearen sortzaile Madrilen eta Recuerdos de una mujer de la generación del 98 liburuaren egile. Emakume aurreratua, nolanahi den.

Ahal zuen guztietan Berako atsedena bilatzen ei zuen Carmen Barojak eta (Altzate auzoko)  Itzea baserri ikusgarriaren baratzean aurkitzen zuen gerizpearen gozamenean, Lolita Iraizoz, Dolores eta Conchita Larunbe, Pilar Agirrezabal eta, besteak beste, gure Maximina Berasainen konpainia bilatzen ei zuen solasteko orduan.

Pentsatu nahi dut elkarrizketa haiek ez zirela izanen edonolakoak, emakume ilustre eta biziak izanen zirela denak eta guztiak, eta, seguru asko, emakume izate hutsagatik ez zaigula haien albiste handiegirik iritsi edo, bederen nik ez nituela ezagutzen. Hala ere ez daukadan nire fortuna guztia emanen nuke zirrikitu batetik haiek ikusi eta entzutearen truk, eta, batez ere emakume haiekin txurro batzuk jateagatik arratsalde fresko batean.

Pentsatzekoa da derrigorrez behar zuela izan  gustagarri emakume haien solasak, bai behintzat 1935garrenean, Maximinak bere 55 urte betetze ospakizunerako egin zuen gomita irakurrita :

Resignada participa a Vd. que habiendo llegado al ocaso de sus ilusiones matrimoniales por reiterados y definitivos fracasos se decide a celebrar sus bodas de platas nekazariles a sus cincuenta y cinco años de edad y cuarenta de continuo e inútil coqueteo, invitándole a un acto en el que freirá churros a las cinco de la tarde del día 29 de los corrientes, en la casa Erriko-Etxea, sita en el barrio de Alzate.

Ez daukadan fortuna eta daukadan apurtxoa ere bai, denak emanen nituzke, txurro haien truke.

+ txurro festa

Maximinaren txurroak

gogokoa

Elkarbanatu & Inprimatu

93.333333333333 0 100 15

Iruzkinik ez

    Bidali iruzkin bat