Hara!

Kontenedorearen hondarrei begira

Kontenedorearen hondarrei begira –

Iñaki Urkixo zuzeu orainkarian

Badaude albisteak zeinei kostatzen zaien albiste izena irabaztea, kazetari tematiren batek horretan ahaleginak egin ezean ez genieke erreparatuko.

Kontenedorearen hondarrei begira

Kazetari temati hori erretako kontenedorearen inguruan putz egiten ibiliko ez balitz, balizko tabernetako solasaldietan ez ginen arituko erre duenaren zergatien inguruan ezbaian, ezta margotutako erakusleiho baten inguruan,  ezta ditxosozko txertoaren inguruan.

Beste albiste batzuk aldiz, ia ezkutuan pasatzen dira komunikabideetatik. Kazetari tematiak kasu hauetan ez du izan gogoa gaia zatitu, azaldu, kontrastatu eta jendarteak modu erraz batez barneratu dezan aurkezteko.

Hainbat izan daitezke azkeneko multzo honetako ez-albisteak.

Niri, aste hauetan arreta piztu didana Europar Batasunak Nekazaritza Politika Bateratua (NPB) berritzeko proposamenak egin duen lehen urratsa izan da.

Baserri gehienetan egunero hartzen diren erabakiak baldintzatuko duen egitasmoak, gure lurra eta erreken egoera baldintzatuko duenak, gure plateretara heltzen den elikadura baldintzatuko duenak,  bakarrik hiru probintzietan baldintzatze horretarako 65 miloi euro bideratuko duen egitasmoak, ez du izan kazetari tematiaren aldetik minutu bateko jorrapena bez.

Inozokeri gehiena galdu dut bidean dagoeneko, beraz, diru potoloak non gastatzen diren oharkabean pasatzea nori komeni zaion hasi naiz pentsatzen, eta konturatu aurretik Bruselako lobbista bat etorri zait burura.

Nire irudimenean lobbista horren nagusia, (besaulkitzar batean jarrita, katu beltz bat laztantzen duen bitartean), izan da Europar Batasuneko Nekazaritza Politikaren nondik norakoak markatu dituena azkeneko 40 urteetan. Monolaborantza bultzatu da, funtsen %80 jasotzaileen %20ak  besterik ez du jaso, eta tarte honetan nekazaritzan ala abeltzaintzan aritzea ez da izan betebeharreko baldintza diru horiek jaso ahal izateko.

Eta horrela jarrita pentsatu dut baita nondik joko nuke nik lobbista horren ate birakariaz osatutako paper-zorroaren jabea banintz.

Baserri txikiak izango ziren nire apustua, horiexek direlako jendartearen osasuntsua, elikagarria eta eskuragarria den elikadura eskubidea bermatzen dituztenak, eta ez orain arte moduan lehenetsita egon diren kultura esaten dioten horren zezen hornitzaileak, ala atzurra zer den ez dakien hainbat jende.

Agroekologia izango zen nire apustua, hori baita elikadura sistema osoaren iraunkortasuna bermatu dezakeen eredu bakarra. Eta ez orain arte elikadura ere negozioa bihurtu duten horiek mesedetu.

Eta azkenik, ekonomia komunitarioa izango zen nire apustua, ezin dugulako onartzen jarraitu diru publikoa poltsiko pribatuak loditzeko erabiltzea, ezta ezkutuko mesedeak ordaintzeko erabiltzea.

Lortuko al dugu oraingoan Europako Nekazaritza Politikaren joera aldatzea? Ausartegi izango zen gure esku dagoela esatea, baina aldaketa etortzekotan gizarte osoaren aktibaziotik eta konpromisotik etorriko da. Ez digute ezer oparituko.

Kontenedorearen hondarrei begiratzen diogun bitartean, eskubidetzat hartzen dituzten martxoko aurreko botere harremanak mantentzen saiatzen ari dira batzuek.

Kontenedorearen hondarrei begira

Kategoriak

Egilea

Pagotxa Pagotxa

Elkarbanatu & Inprimatu

Iruzkinik ez

    Bidali iruzkin bat