Ferran Adria
“Las huellas de elBulli” mundu-estreinaldiak emango dio hasiera Culinary Zinemari
Sailean bildutako bost film luzeekin batera, afari tematikoak ere antolatuko dira Basque Culinary Center-ean irailaren 20tik 24ra. Emanaldiak eta afariak barne hartuko dituzten sarrerak irailaren 6an jarriko dira salgai
Las huellas de elBulli Ferran Adriak zuzendutako jatetxeari buruzko filmaren mundu-estreinaldiak inauguratuko du Culinary Zinema, Donostiako Zinemaldiaren 69. Edizioan. Sailean bildutako bost film luzeekin batera, afari tematikoak ere antolatuko dira irailak 20 eta 24 bitartean, Basque Culinary Center-ean. Emanaldiak eta afariak barne hartuko dituzten sarrerak irailaren 6an jarriko dira salgai. Filmetarako bakarrik balioko duten sarrerak, aldiz, irailaren 13an.
Programatutako filmen artean, lau mundu-estreinaldi izango dira: Las huellas de elBulli, The Pursuit of Perfection, Reinventing Mirazuz eta Michelin Stars II: Nordic By Nature. Bestalde, Delicieux / Delicious filmak amaiera emango dio sailari.
Iñigo Ruizek eta Jose Larrazak aurkeztuko digute Las huellas de elBulli mundu-estreinaldia, Ferran Adriaren ikuspegi ezberdinei eta Gironan izan zuen jatetxeari errepasoa egiten dion filma. Sukaldari katalanak beste diziplina batzuetako sortzaileengan izandako eragina erakusten digu.
Saileko beste film luzeen artean, Toshimichi Saitok zuzendutako The Pursuit of Perfection aurkitu dezakegu. Filmak sukaldaritza japoniarra aztertzen du herrialde hartako gastronomiaren lau chef garrantzitsuenen begiradaren bidez.
Rasmus Dinesen buelta da Culinary Zineman, Michelin Stars II: Nordic by Nature lanarekin. Danimarkako errealizadorea KOKSen sartuko da, Feroe uharteetako paraje natural batean kokaturiko jatetxe ospetsuan. Bestalde, Franck Ribière eta Vérane Frédiani frantziarrek Reinventing Mirazur zuzendu dute, Mauro Colagreco sukaldari argentinarra deskribatzen duen filma.
Azkenik, Eric Besnard zinemagile frantziarraren Deliceux / Delicious filmak amaiera emango dio Culinary Zinemari. Film luzeak Frantziako Iraultzaren hasieran girotuta dago.
Donostiako Zinemaldiaren Culinary Zinema sailean bildutako bost film luzeekin batera, afari tematikoak ere antolatuko dira Basque Culinary Center-ean irailaren 20tik 24ra. Emanaldiak eta afariak barne hartuko dituzten sarrerak irailaren 6an jarriko dira salgai, 09:00etan, eta 70 euroren balioko dute. Aldiz, filmetarako bakarrik balioko duten sarrerak irailaren 13tik aurrera jarriko dira salgai, 7,90 euroko prezioan.
Iruzkinik ez