Pixkanaka, pisua galtzen hasi zen Olaizola, eta bere burua “hobeto” ikusten zuen. “Gainera, kanpotik onartuago sentitzen nintzen. ‘Zenbat argaldu zara, ze guapa zaude’, esaten zidaten. Ikusten nuen egiten ari nintzena funtzionatzen ari zela, eraginkorra zela. Orduan, poz ikaragarria sentitu eta egiten ari nintzenarekin jarraitu nuen. Baina ez nuen jarraitu erritmo berean, baizik eta are esajeratuago, gero eta basakeria handiagoak egiten hasi nintzen. Lehen gutxi jaten banuen, are gutxiago jaten hasi nintzen, eta gainera, kirol gehiago egiten nuen. Sekulako burugabekeriak egiten hasi nintzen, eta normaltasun osoz egiten nituen horiek. Agian, egun osoa kafesne batekin pasatu, eta gainera, kirola egiten nuen. Ondo ari nintzela uste nuen”.
Arazoa identifikatzea
Denbora pasatu ahala, pixkanaka-pixkanaka, Olaizola ohartu zen elikadurarekin zuen harremana ez zela osasuntsua. “Oso gutxi edo ezer ez janda, puztuta sentitzen nintzen. Ez nintzen ondo sentitzen. Triste nengoen, eta, gainera, aldamenetik esaten dizute: ‘Hori bakarrik jan behar al duzu?’. Platerera zerbait ateratzen zidaten, eta izerditan hasten nintzen. Itomena sentitzen nuen, sekulako egonezina. Oso gauza arraroak gertatzen zitzaizkidan. ‘Zer ari zait gertatzen?’, pentsatzen nuen”. Zunzunegik azaldu duenez, halakoetan, zera pentsatzen dute anorexia pairatzen dutenek: jatekoak kalte egiten diela. “Informazio dena manipulatzen dugu gure pentsamenduaren arabera”. Orduan, jatekoa alde batera uztea izaten da gaixoaren hautua; hori da, hain zuzen ere, Olaizolak egin zuena. “Erabat alde batera utzi nuen jatekoa, eta neure burua suntsitzen nuen geldirik ez egonda. Eguna joan eta eguna etorri, horrelaxe”.
Kiloak galtzen, pisua jaisten jarraitu zuen Olaizolak, baina ordurako ez zen ondo sentitzen bere buruarekin. “Jada ez nintzen ondo sentitzen kiloak galduta ere. Banekien gauzak ez zihoazela ondo, baina neure burua zuloan sartuta ikusten nuen; dena berdin zitzaidan. Zuloan sartuta zaudenean, lehen ‘ai, ze guapa zaude’ esan zizunak ez dizu hori esaten, baizik eta zera esaten dizu: ‘Honaino’. Alerta horiek iristen zaizkizu, ‘kontuz’ esaten dizute. Jada ez daukazu ez onarpen eta ez ezer: bakarrik sentitzen zara, konturatzen zara isolatuta zaudela, etxean sekulako giro txarra dagoela, dena gaizki doala…”.
“Zuloa” hitza darabil Olaizolak behin eta berriro bere sentipenak azaltzeko. Eta norbera zuloaren sakonean dagoenean, ez da hain erraza izaten azalera ateratzea. “Nire etxean asko txartu zen giroa. Gurasoek galdetzen zuten: ‘Zer gertatzen zaio?’. Denok genekien zerbait gertatzen zela, baina ez genekien zer, ezta zer egin ere”. Ezjakintasun horren aurrean, medikuarenera joatea erabaki zuten. “Pentsatzen genuen arazo organiko bat-edo edukiko nuela”.
Laguntza eskatzea erabaki zutenean, beraz, Olaizolak eta haren familiak ez zuten identifikatuta zer zen gertatzen ari zena. “Mariaren kontsultara etorri aurretik, Azpeitiko anbulatorioan sekula ez didate esan anorexia dudala. Dena den, odol analisiak egindakoan, paperetan ikusi nuen analisi horiek egiteko arrazoia anorexia zela jartzen zuela. Hala ere, ez zidan inork hitz egin horretaz; ez niri, ez nire gurasoei. Pisu asko galduta nengoen, eta pisuan soilik zentratu zen medikua. Informazio falta nabaritu nuen osasun zentroan”.
Anbulatorioan esan zioten hilabete barru itzultzeko, eta berriro pisatuko zutela. “Eta horrela denbora pasatu zen, egun batean amak medikuari zera esan zion arte: ‘Psikologorik ez al dago?’. Amak bazekien nirea ez zela gorputzeko arazo bat; izan ere, ikusten zituen nigan normalak ez ziren joerak, pertsona osasuntsu batek egingo ez lituzkeenak. Orduan, psikiatrarengana bideratu ninduten. Hasieran gustura hasi nintzen, baina ikusten nuen hara joateak ez zidala ezer egiten. Hilabetean behin-edo bakarrik joaten nintzen, eta hori ez zen nahikoa. Eta egoera hartan nintzela, pandemia iritsi zen”.
Egoerak “eztanda” egin zuen orduan. “Batxilergoko bigarren mailan nengoen, selektibitatearen presioa nuen gainean, neu ere aztoratuta nenbilen… Aldapan behera hasi nintzen. Mundua gainera erori zitzaidan konfinamenduan. Banekien etxean sartzen baginen zer etorriko zen. Ohiko egoeran, arratsaldean meriendatu nahi ez banuen, etxetik alde egin eta inor ez zen ohartzen. Baina denok etxean egon beharko genuela jakitean, dena kalkulatzen hasi nintzen. Ahal nuen gutxien jaten nuen, eta ahal nuen gehien mugitzen nintzen; horrela, etengabe”.
Itxialdian bi hilabete igaro ostean, maiatzaren bukaera aldera, jasanezina bilakatu zen egoera. “Bonba lehertu zen nire etxean”. Egun batean, gaueko hamarretan, Aitziber Aizpuru nutrizionistari deitu zion Olaizolaren amak. “Afalordua zen, eta nik ez nuen afaldu nahi. Sua piztu zen, txerrikeria denak atera ziren mahai gainera, eta erabaki genuen horretatik geuk bakarrik ezin genuela atera, laguntza eskatu behar genuela”. Orduan hasi zen Aizpururen laguntza jasotzen Olaizola. “Berak esan zidan: ‘Lasai, hemendik aterako gara'”. Hilabete bat pasatu zuen gazteak nutrizionistarekin, laguntza psikologikorik gabe. “Hobetzen” hasi zen, eta gero jo zuen Zunzunegirengana. “Erabat konektatu nuen berarekin”.
Orain, “askoz hobeto” dagoela aitortu du Olaizolak, eta nabari zaio. Goxo, patxadaz, ezer ezkutatzeko ez duenaren gardentasunez azaldu ditu bizi izandakoak eta oraindik bizi beharko dituenak, bai baitaki luzea izango dela bidea, gogorra. “Aitziber eta Maria ezagutu nituenean, Everestera igo nintzen, sekulako ondo sentitzen hasi nintzen, ezer gertatuko ez balitzait bezala. Orain, pixka bat behera egin dut, zailtasunak azaldu dira berriro, eta konturatu naiz hori ez dela errealitatea, luzea izango dela bidea. Nik beti zera esaten dut: ‘Bidea oraindik ez da bukatu, oraindik asko daukat egiteko’. Asko egin dut, asko ikasi dut, ari naiz ikasten, eta oraindik asko daukat ikasteko. Hori badakit. Barneratuta daukat hau ez dela egun batetik bestera aldatuko, baina eguna iritsiko da esango dudana: ‘Listo, bukatu da’. Noiz? Ez dakit. Baina badakit lortuko dudala”.
Olaizolak badaki berak bakarrik ez lukeela sekula borroka gaindituko, ingurukoen babesik gabe ezinezkoa litzatekeela. “Nik badakit, edozer dela, Aitziber eta Maria hor daudela. Izan krisi momentu bat edo momentu pozgarri bat, nirekin egongo direla. Sekulako babesa sentitzen dut. Nahiz eta ondo ez nagoen, badakit esku onetan nagoela. Esperantza ematen didate, konfiantza. Benetako harremanak sortu dira gure artean. Maria agian gazteagoa da, baina Aitziberri askotan esaten diot nire bigarren ama bera dela”.
Anorexiaren gakoak
Olaizolak lehen pertsonan azaldu ditu gaitzak eragin dizkion gorabeherak, zailtasunak, txakalaldiak. Dena dela, nahasmena hobeto ulertzeko, zenbait azalpen eman du Zunzunegik. Haren arabera, anorexia elikadurarekiko jokabidearen bidez azaleratzen den arren, faktore askok eragiten dute buruko gaitz hori. “Ez du gauza batek sortzen, eta eragina ez da arlo batera bakarrik mugatzen. Bizitzako arlo guztietan dauzka eraginak gaitzak”. Gauza bat ulertzea garrantzitsua da, Zunzunegiren ustez. “Elikadurarekin daukagun harremana gure barne egoeraren isla izan daiteke”.
Baina nola egon ohi da norberaren barrua halako nahaste bat agertzean? Zunzunegiren esanetan, horrekin zerikusia izan dezake anorexia pairatu ohi duen gehiengoaren profilak. “Elikadura nahasmenak ez dauka generorik, ezta adinik ere; haurtzarotik zahartzarora ager daiteke, emakumeetan zein gizonetan. Hala ere, gaixo gehienak emakumeak eta nerabeak izan ohi dira; horiena da talderik zaurgarriena”. Askotan, gainera, bi ezaugarri errepikatu ohi dira elikadura nahastea daukaten pertsonen familietan. “Bata izan ohi da gatazkarik gabeko giroan oinarritzen dela familia; hau da, ez da asko eztabaidatzen etxean, eta bizitza ederra denaren ideia nagusitzen da. Beste ezaugarria izan ohi da etxean perfekziorako joera bultzatzea. Askotan ikusten ditugu bi ezaugarri horiek anorexia duten pertsonen errealitatean”.
Hori hobeto azaltzeko, kontzeptu bat baliatu ohi du Zunzunegik, metafora gisa: hirukiaren neskak. “Hirukiak hiru punta dauzka, eta punta batean perfekzioa kokatzen da, bestean kontrola, eta hirugarrenean autoexijentzia. Hiru ezaugarri horiek ehuneko ehunean errepikatzen dira elikadura nahasmena duten pertsonetan. Bizitzako arlo denetan islatzen dira ezaugarri horiek, eta elikaduran ere bai. Horregatik, norbere buruari exjitzen diogu era jakin batekoak izan behar dugula, kanon bat bete behar dugula, besteen onarpena bilatzeko”.
Psikologoaren arabera, elikadura nahasteak hauxe dira finean: “Kudeaketa emozional egoki bat egin ezin dugunean baliatzen dugun erreminta bat”. Icebergaren ideia aipatu du: “Puntan ikusten ditugu elikadurarekiko jarrera ez osasuntsuak, baina hori sostengatzen duena gure kudeaketa emozional desegokia da. Emozioak kudeatu ezin hori da funtsa; izan daitezke etxeko gatazkak, ikasketei lotutakoak, arazo pertsonalak… Horri guztiari buelta nola eman ez dakigunean, zerbaiti eusten diogu, kontrol gisa. Halako kasuetan, autoestimu baxua izan ohi du gaixoak, segurtasun falta handia, eta matriuska hutsak sentitzen dira. Egoera horretan, kanpoko iritziak behar dituzte, balorazio positiboak, beteak sentitzeko. Horixe da: hutsak sentitzen gara, eta hori betetzeko, kanpokoen oniritzia behar dugu. Kanpoko horretan zer baloratzen da? Gaur egungo kanona, denei laguntzeko prest dagoen pertsona izatea, isila… Horregatik, estereotipo horiei eusten joaten gara, gure buruari balioa eman nahian”.
Askotan, “sekula arazorik eman gabeko pertsonak” izan ohi dira elikadura nahastearen tranpan erori ohi direnak. “Sarritan, ume idealak bezala deskribatzen dituzte gurasoek: ‘Ez dute arazorik ematen, hau izan da lehenengo gauza, beti oso arduratsua izan da…’. Eta nik hori entzuten dudanean… Izan ere, nerabe batek sekulako hormona gorabehera bizi du, psikologikoki aldaketa ugari izan ohi ditu, eta normala da etxean tirabirak sortzea. Dena isil-isilik eta dena ondo-ondo egitea ere ez da normala. Ondo iruditzen ez zaigun hori non dago? Barruan gordeta. Eta azkenean, nonbaitetik irteten da hori”.
Elikadura nahasteen kasuan, gorputza soilik aldatzen dela pentsatu ohi du jendeak, baina gaixoaren digestio aparatuan nahiz garunean ere aldaketa handiak gertatzen dira, desnutrizioak eraginda. “Kontua ez da arazoari aurre egiten nahikoa saiatzen ez garela, baina garunean aldaketa batzuk gertatzen dira, eta gure gorputzak ez du gosearen aurrean berdin erantzuten”, esan du Zunzunegik. Halaxe dela baieztatu du Olaizolak: “Ez dakizu noiz zauden beteta, noiz daukazun gosea, jaten duzun gutxi horrekin puztuta sentitzen zara…”. Dena den, horretara iritsi aurretik, gose handia pasatu izan dutela ere aitortu dute biek: “’Agoantatu dezaket’, pentsatzen dugu. Indar handiagoa du pentsamenduak”.
Buruko gaitzen kasuan, kalean asko zabaldukotako ustea da sekula ez direla sendatzen halakoak. Baina hori ez da horrela. “Niri Mariak zera esaten dit: ‘Zauria beti hor egongo da, zure esku dago ireki eta odoletan hastea edo zaintzea”, dio Olaizolak. Dena den, psikologoaren arabera, sintomatologia senda daiteke. “Posible da sendatzea eta bizitza normala egitea”. Datuak eman ditu: “Esaten dute gaixoen %70 sendatu egiten direla. Horretaz aparte, kasu batzuk kronifikatu egiten dira, eta beste %5-edo hil egiten dira”.
Horixe da halako gaitz baten arriskua: heriotza. Eta hori saihesteko, norbere buruarekin lan asko egin behar da, eta prozesu oso mingarria, sarritan luzea, igaro. “Garaziri askotan esaten diot bere buruarekin sinetsi behar duela. Geure burua maitatu behar dugu, gu gara bizitza osoan geure buruarekin bizi behar dugun pertsona bakarrak. Horretaz ez gara kontziente. Ezin dugu geure burua gabe bizi, baina normalean halaxe bizi gara, kanpora begira eta barrutik deskonektatuta. Eta horrek luzera ez du funtzionatzen. Barrura konektatzen ikasi behar dugu, geure burua maitatzen eta garena baloratzen”.
Iruzkinik ez