Donostiako iBAi eta Tolosako Ama-k lehen Michelin izarra jaso dute
Donostiako iBAi eta Tolosako Ama-k lehen Michelin izarra jaso dute –
Gipuzkoako bi jatetxek lehen Michelin izarra jaso dute. Donostiako iBAi eta Tolosako Ama saritu ditu Michelin Gida ospetsuak, bere 2025eko edizioan. Arzakek, Martin Berasategik, Akelarrek eta Azurmendik hiru izarrei eutsi diete, eta Donostiako Ameliak eta Errenteriako Mugaritzek ere zituzten biak mantendu dituzte.
Michelin Gida ospetsua 2025erako sariak iragartzen ari da astearte honetan, eta, oraingoz, Gipuzkoako bi jatetxe nabarmendu ditu, lehen izarra lortu dutenak.
Donostian, iBAi mitikoa saritu dute Paulo Airaudo sukaldariak gidatutako zuzendaritza berriak egin duen lanagatik. Izan ere, sukaldariak jatetxearen funtsa errespetatzen jakin du, eta bultzada berritu bat eman dio. Bestalde, Tolosan, Gorka Rico eta Javier Rivero sukaldariek zuzentzen duten Ama jatetxea saritu dute baserrietako tokiko sukaldaritzan duen ikuspegiagatik, osagai bakoitzaren garbitasuna nabarmentzen duten elaborazioekin.
Arzakek, Martin Berasategik, Akelarrek eta Azurmendik hiru izarrei eutsi diete, eta Donostiako Ameliak eta Errenteriako Mugaritzek ere zituzten biak mantendu dituzte. Pedro Subijana sukaldaria ‘Mentor Chef Award’ golardoarekin saritu dute. Aretoa zutik jarri da, Akelarreko maisua txalotzeko. Izar bakarra duten jatetxeei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoan 16 dira, Ibai eta Ama gehitu baitzaizkie. Eltziegoko (Araba) Marques de Riscalek eta Bilboko Atelier Elantxobek eta Zortzikok, ostera, izarra galdu dute.
“Bizitza aldatu digu”
“Bizitza aldatu digu Michelinek, eta kontatzeko hitzik ere ez dudan bidaia bat biziarazten ari zaigu, eta kutsatzen duen zerbait da, ilusioa pizten duena, transmititzen duena, eta gu munduko herrialderik onenean gaude”, azpimarratu du Berasategik. “Zorte handia duzunean eta sukaldean azken hamarkada hauetan gertatzen ari denaz hitz egiten duzunean, hunkitzen ez bazara, marmolezkoa zara”, onartu du izan banaketa hasi baino lehen. “Sukaldari zoroak gara, odola uzten dugu gehien gustatzen zaiguna egiteko, hau da, sukaldetik zoriona zabaltzeko, eta aurten ere, urteko gaurik onena, eta urte guztietako urduritasunarekin”, aitortu du.
Iruzkinik ez