Baserrien Jarraikortasuna (II): Bizi-proiektu bila, ito gabe
Baserrien Jarraikortasuna (II) –
Baserrien Jarraikortasuna (I): Errelebo Bila – Josebe Blanco – zuzeu
Bigarren atal honek enpatia ariketa bat baino gehiago eskatzen dit. Atzera egin ahal dut denboran, eta gogoratu gazte nintzela, baserri bila aritu eta topatu ez nuela egin: han bukatu zen baserritarra izateko ametsa. Eta begiratu orain, hogei urteren bueltan, hemen naiz, baserri batetik idazten, baserritartuta. Gazte garaira itzultzea, ordea, ez da nahikoa baserrian instalatu nahi duen horren ikuspegia islatzeko. Horretarako, denbora, laguntza eta informazioa eskatu behar izan ditut –mila esker zuri, bihotzez–, ez baita erraza nekazaritzaren eremu burokratikoan igeri egitea –nik esango nuke itotzeko arrisku bizia dagoela–.
Baserritarra izan nahi duen batentzat, lehen erronka da baserria edota lurrak topatzea eta eskuratzea. Beste batzuen artean, bi zailtasun daude gure paraje hauetan: orografia eta lur eskasia. Gure paraje hauetan diodanean, Gipuzkoan ari naiz pentsatzen, batik bat. Oso zaila da makineria erabiltzeko moduko lurrak topatzea –jar dezagun %30eko malda baino gutxiagoko lur-sailak–, eta dauden gehienak –zeuden apurrak– industriak, asfaltoak edota porlanak irentsi dituzte. Halere, demagun aurkitzen dituela: diru-tratuaren garaia heldu da.
Ez da erraza izaten negoziazioa. Batek bizitza osoan egindako lanari jarraipena eman nahi dio, eta aldi berean, duen horri etekina atera –askotan konturatu gabe, atera beharrekoa aterata duela; edo beharko lukeela, behintzat–, eta besteak dena du egiteko, eta etekinik lortuko ote duen ez daki. Sokatira joko horretan, norberaren abiapuntua garrantzitsua izaten da; eta beharbada, ataka korapilatsuenean dagoena lehena da: zerk du pisu gehien, baserriaren jarraipenak ala etekinak?
Galderak galdera, gazteak hurrengo proba du aurrean, instalazio plana diseinatzea, alegia: jarduera definitu, inbertsioak aurreikusi, ekoizpen eredua zehaztu, gastuak… Eta ziurtatu behar du –paperean bada ere– bere proiektu horrek emango duela, bost urteko epearen barruan, gutxienez 9600€/urteko etekin garbia eta UTA bat; hori da, lanpostu bat, lanaldi osoan. Hori ziurtatzea ez da batere erraza; kalkuluetan abere, hektarea eta abarren kopuruak sartzen direlako, eta, ziur aski, nekazaritzan jarduten garenon lan-orduen kontabilitatea errealitatera doitzen ez delako.
Burokraziaren lehen langa hori pasatuta dator lehen espedientea, lehen instalaziorako diru-laguntzen eskaera, administrazioak nekazari gazteek enpresak sortzeko laguntzak deitutakoa. Diru-laguntza hori sari bakar gisa ematen da, zenbatekoa puntuazioa sistema baten araberakoa izaten da eta ez da gastu jakin batzuen portzentaje zehatz bat. Berez, soldata baten gisakoa da, gazteak espedientea onartu eta lehen bi urtetan jardueraren diru-sari bat izan dezan. Eta hori Euskadiko Erkidego Autonomoaren 2015-2020 Landa Garapen Programak ezarri du. Puntuazioaren araberako diru-laguntzak dira, eta adibide gisa hona dakarzkizuet irizpide batzuk:
PUNTUAZIO-IRIZPIDEAK | |
Irizpidea | Puntuak |
Gastu hauek hartzen dira, besteak beste:
| 20.000 €tik gorako kopurua x 0,00025 puntu |
| 10 puntu |
| 5 puntu |
| 5 puntu pertsonako gehienez 10 puntu |
…
Jasotako puntuazioaren arabera, jasotzen da diru kopuru bat. Dena den, hori aldatzear da, diru banaketa hori progresiboagoa izateko; izan ere, puntu baten gorabeheran, dirutan alde handia dago. Gipuzkoan, adibidez, eskatzaile gehienek izaten dituzte 20 eta 30 puntu bitartean.
Puntu kopurua
Euroak
0 puntu
20.000 €
1 eta 10 puntu bitartean
30.000 €
10 eta 20 bitartean
40.000 €
20 eta 30 bitartean
50.000 €
30 eta 40 bitartean
60.000 €
x > 40
70.000 €
Lehen espedientea behin onartuta, gazteak jasotzen ditu diruaren bi herenak; eta falta dena, guztia egiaztatzen duenean –kasu txarrenean bost urtetara–. Beraz, hirugarren urtetik aurrera bere jarduerak etekinen bat ematen hasi behar du, hasieran emandako soldata gisako bi herenak gastatuta izango dituelako.
Bigarren espediente bat ere bada, non aztertzen diren eskuratu dituen eraikin edota lur horietan egingo dituen inbertsioak (jezteko makina, fosa septikoa, ukuiluko parrilla, esne tanga, mendia larre bihurtu, itxiturak egin…). Nekazaritzan ari garenok Inbertsioetako Laguntza Plana izenez ezagutzen ditugu eta gazteentzat ez ezik, beste gainontzeko nekazari profesionalentzat ere izaten direnak. Lerro horretatik ematen diren diru-laguntzak egiten diren inbertsioen portzentaje bat izaten dira, eta instalatu diren gazteen kasuan handiagoak. Portzentaje hori zehazten da beste puntuazio sistema baten bidez, eta gazteen kasuan %50a izaten da kasu ohikoenetan. Baina, laguntza jasotzen da behin inbertsioak eginda eta ordainduta daudenean. Bada atal horretan beste nabardura bat: urte bateko deialdiko laguntza espediente bati eman dakiokeen gehieneko diru-laguntza 100.000 eurokoa da, eta bi urteko aurrekonturen kargura zatituta onartu ohi dira. Eta horrek esan nahi du, inbertsio handiak egin behar dituen gazte bati, aurreikusitako inbertsio guztia hainbat espedientetan zatitzen zaiola; eta kasu horietan gerta daitekeela jarraian hiru deialditan espediente bana izatea.
Gainera, gazteak ekoizpena eraldatzeko inbertsioak egin behar dituenean –adibidez, gaztandegia eta horren tresneria eta gazta-kamara– Eusko Jaurlaritzako Lehiatu izeneko laguntzen lerrotik bideratu behar du beste espediente bat.
Diru kopuruak ikusita, ematen du erraza dela baserritarra izatea –zerotik hasita, esan nahi dut–; eta orain dela urte batzuk baino errazagoa izango da, ziur; baina inoren etxaldea eta ukuilua hartzea –bere zentzu zabalean, lurrak eta guzti– ez da merkea, ikustea besterik ez dago zer nolako prezio dauden salerosketaren merkatuan; eta errentan hartzeko daudenak ere, merkeak ez. Diru-laguntzek laguntzen dute, baina norberak jarri behar du dirua –gehienetan, maileguak eskatu– eta lana, lan asko.
Dena den, inbertsioen atala ez da hor bukatzen, ez: eskubideak falta zaizkigu.
Eta zer dira eskubideak? Eskubide kontzeptu abstraktua da, konpainien akzioekin pareka daitekeena, balio bat duena –eurotan– eta pisu historiko handia ere; azken finean, egindako lanaren gainean eraikitako balioa baitu. Nekazariaren ondasuna da, baserria edota traktorea izan daitezkeen bezala; hortaz, herentzian jaso behar izaten dira –lehen graduko ondorengoei bakarrik utzi ahal zaizkie–. Europar Batasuneko nekazaritzako diru-laguntzak banatzeko sistema da –PAC famatuak–, eta behar-beharrezkoak dira nekazaritzan aritzeko, izan ere, zoritxarrez, proiektuen bideragarritasuna kolokan baitago laguntza horiek gabe.
PAC izeneko laguntza horiek partitzeko orduan, lehen esan dudan bezala, aintzat hartzen da nekazari horrek garai batean egindako lana –ezartzen dira denbora-epe zehatz baterako–. Artzaintzari dagokionez, kasu, 2006ra arte, diru-laguntza horiek eratzen ziren buru kopuruaren gainean; eta handik aurrera, erabaki zen erdia buru kopuruaren arabera eta beste erdia eskubide berezia deitu zen kontzeptu abstraktu horretan ordaintzen zen. Horri laguntza “desakoplatzea” deitu zitzaion, eta ardiei, ahuntzei eta txekorren gizenketari aplikatu zitzaien –larre-behiei, ez–. Horrela jarraitu genuen PAC horren txekeoa egin zen arte, 2010era arte. Orduan, buruen arabera ordaintzen zen erdi hori ere eskubide berezi horretan sartu zuten. Urte horretan aholkatu ziguten eskubide berezi hori normal bihurtzea; eta horrela hektarea bat belardi garbi izatearen truke jasotzen jarraituko genuela, ardiak izan ala ez izan. PAC berria jarri zen martxan 2015ean, eta eskubide kopuru berri bat esleitu zen, eskubide bakoitzaren balio berri batekin, lehen jasotzen zen kopurua oinarri hartuta –2014ko kopuruan, hain zuzen–. Balio hori, ordea, aldatzen da eskualde bakoitzaren batez besteko batera gerturatzeko, konbergentzia sistema baten bidez.
Nola lortu daitezke, baina, eskubideak –herentzian jaso ez badituzu–? Estatuak badu eskubide-funtsa bat elikatzen dena erabiltzen ez diren eskubideekin –jarduera ekonomikoa behar da eskubideak ez galtzeko– eta eskubideentransmisio batzuek izaten dituzten peajeekin; normalean nekazaritza jarduera bat hasten diren eskatzaileei ematen zaizkie, dohainik; beti ere, baldintza batzuk beteta –adibidez, diru-laguntzen programetan sartzen denak aukera gehiago izango du eskubideak lortzeko, diru-laguntzarik gabe instalatzen denak baino; gazteak lehentasuna izango du instalatzen den heldu baten aurrean–. Gazte izan ala heldu izan, lur-sail onargarriak aurkeztu behar dira, hektarea bakoitzeko eskubide bat sortu dakion. Halere, funts horretatik eman daitezkeen eskubideen balioa aldakorra da. Gipuzkoan belardiak dituen batentzako mugatuta dago eskualde horretako batez bestekora, hau da, 162 € eskubideko. Eskubide funtseannahikorik ez bada, hori baino gutxiagoko eskubideak izango ditu gazteak.
Eskubideek euren balioez gain osagarri bat ere izaten dute ordainketa berdea izenekoa, eta osagarri horren balioa da eskubidearen %51koa –gutxi gorabehera– lur-sailak larreak edota belardi naturalak izatekotan –gorritzen ez direnak bost urte baino maiztasun handiagorekin–.
Eta zer gertatzen da jubilatzen den nekazariaren eskubideekin? Bada, sinestea kostatzen bazaizue ere, 2015eko PAC berri horren helburuetako bat zen ordura arteko sistema sinplifikatzea, eta helburu horrekin sortu zuen Nekazari Txikien Erregimen Berezia deitutako multzo bat non zeuden 1.250 € baino gutxiagoko laguntza jaso behar zutenak. Horiei galde egin zitzaien ea multzo sortu berri horretan mantendu nahi zuten, eta gehien- gehienak bertan mantentzea erabaki zuten hiru arrazoi tarteko: tramitazioa errazagoa izango zelako, kontrol gutxiago egingo zitzaielako eta eskubideen balioa konbergentziak eragin zezakeen balio galera batetik salbu geratzen zirelako. Jarduera utzita edo uztear diren nekazari asko txikien multzo horretan daude.
Eskubideen osaketan, gogoratzen baduzue, egindako lana aintzat hartzen da –izandako buru eta erabilitako hektarea kopuruak; lurrik gabekoen kasuan, eskubide bereziak daude–; hortaz, une honetan lanean ari ez bada ere, artzain ohi horrek jarraitu ahal du diru-laguntza horiek kobratzen, baldin eta justifikatzen badu lur hori zaintzen duela –belarra moztu, enpakatu, saldu…– eta askoz jota 9.000 € jasotzen dituela.
Gazte batek baserria –ukuilua, artaldea, lurrak…– hartzen duenean, nora doaz artzain ohi horreneskubideak? Hiru aukera daude:
- Eskubideen lagapena: artzain ohiak ematen dizkio gazteari bere eskubideak, ezer kobratu gabe.
- Artzain ohiak errentan ematen baditu ustialekua eta eskubideak , erabaki ahal du gazteak ordaindu beharreko errentari gehitzea eskubide horien truke gazteak jasoko duen dirua kopurua. Errenta kontratua amaitutakoan, eskubideak atzera jubilatuari itzuliko zaizkio. Horrek zera ekar dezake, orain gazte hori egiten ari den lana ez zaiola aitortuko hurrengo PAC diru-laguntzak zehazten direnean – ez baitu historiarik izango – bakarrik errentak irauten duen bitartean jasoko baitu horiei dagokien balioa. Kasu horretan arreta berezia jarri beharko dio gazteak errentamendu kontratuan azaltzen denari, errenta kontratua amaitutakoan, bere izenean esleitu daitezen etorkizuneko eskubideak, direnak direla.
- Gazteak ustialekua erosten badu, horrekin batera, eskubideak ere erostea. Kasu horretan, baserriarekin eta lurrekin gertatzen den bezala, ez dago prezio finkorik, eta espekulaziorako tartea dago.
Honaino irakurtzeko gai izan bazarete eta burokraziaren itsaso horretan ito ez bazarete, ea asmatzen duzuen hurrengo galderarako erantzunik: nola egin aurre gastu bolumen horri eta gainera soldata oso bat atera –pertsona bakarra bada instalatzen dena– nekazaria izanik? Nekez, oso nekez. Hasteko, inbertsioetan zenbat eta gastu txikiagoa egin, orduan eta hobeto. Jarraitzeko, instalatzen den gazteak oso fina behar du lanean eta etorkizuna aurreikusteko gaitasuna izan –nolakoa izan daiteke nire etxaldea hemendik 10 urtera?–; eta bukatzeko, bere proiektuaren autonomia ziurtatzen ahalegindu behar du, kanpoko mendekotasuna ahalik eta txikiena izanik: berak sortu, ekoiztu, eraldatu eta zuzenean saldu. Horixe baita lanari ahalik eta etekin handien ateratzeko; eta gainera, merkatuan gertatzen diren gorabeherek eragin txikiagoa izango dute bere jardueran –pentsuen prezioak, bitartekariak eskaintzen dion prezioa…–.
Ez du lan makala hartuko gazteak, ez; eskerrak gustuko tokian aldaparik ez den…
…
* OHARRA: Saiatu naiz benetan informazioa argi ematen, ez dakit lortu dudan… Hala ez bada, barka sortu dizuedan buruko mina…
Iruzkinik ez