Elikagaiak ez dira inoiz gaur bezain seguruak izan
Elikagaiak ez dira inoiz gaur bezain seguruak izan –
Elikadurari buruzko sarrera luze baten ondoren, adituarekin elkarrizketa. Elikadura, gazteen elikadura, trasgenikoak, janari light, dieta mediterranearra, oinarrizko janariak aztertzen ditu.
Pilar Cervera CESNID (Centre d’Ensenyament Superior de Nutrició i Dietètica) delakoaren zuzendariaren iritziz, azkenaldian kontsumitzaileen artean kezka sortarazi duten eskandaluak gora-behera, elikagaien kalitatea ez da sekula gaur egun adina ziurtatu. Biología eta Giza Nutrizioan diplomatua eta elikadura eta argaltze dietei buruzko zazpi libururen egilea, pisua galtzeko bide magikorik ez dagoela dio.Baskula etsai gisa ikusteari uzteko gakoa oso erraza da bere ustez: “gutxiago jatea eta zenbait elikagaitatik kopuru txikiagoak jatea”.
Dioxinadun oilaskoek eta kola edari kutsatuak mesfidantza sortu dioten berriz ere kontsumitzaileari, ahora eramaten duen ia guztiari buruz. FAO (Elikadurarako Munduko Fondoa) eta OME (Osasunaren Mundu Erakundea) erakundeen arabera, elikadura-segurtasunaren kontzeptua oso zabala da: munduko biztanlego osoak oinarrizko elikagai kopuru jakin bat kontsumitu ahal izatea da, ekarpen oinarrizkoak dituena, kalterik eragingo ez diona eta higiene arazorik gabea. Deskribapen horri beste termino batzuk gehitu behar zaizkio: “elikagaien kalitatea” (sentsoriala, gustu ona eta mantenugai egokiak izatea eta arrisku toxikologikorik ez edukitzea); eta “zerbitzu-kalitatea”, erraz prestatzekoa izatea. Eta egia esan, jakien inguruan ez da sekula orain adina kontrol egin izan. Arazoak puntualak eta txikiak izaten dira gaur egun, baina mendearen amaieran gauden honetan, berehala iristen zaigu munduan gertatzen den guztiari buruzko informazioa eta gauzak berehala ateratzen dira gauzak onetik. Eta ezin albora utzi, bestalde, talde ekonomikoen interesak eta gerra komertzialak ere.
Eta zer egin daiteke gizartearen alarma hori gutxitzeko?
Informazioa da gakoa eta horregatik dietistok, beste profesional batzuekin batera, kontsumitzaileei elikagaien ezaugarriei buruz modu objetiboan informazioa ematen saiatzen gara. Ongi aukeratzen jakiteak elikadura osasungarria esan nahi du.
Zer iritzi duzu elikagai transgenikoei buruz?
Genetikoki manipulaturiko elikagaiak betidanik ezagutu izan ditugu. Beti egon izan dira elikagai hibridoak eta adibidez, izurriteak jasaten dituztenak. Baina kontua da orain injinerutza genetikoak onartu egiten duela ADNaren manipulazioa, hain zuzen ere jendea gehien beldurtzen duena. Nire ustez genetika behar bezala erabiltzea positiboa gerta daiteke, batez ere landareetan, produktu onak ari baitira lortzen. Merkatua kontrolatzeko ahalegina egiten denean sortzen da arazoa, adibidez monopolio komertzialak sortzen dituen hazien esklusibotasunean, eta horrekin ez nago ados. Bestalde, kontsumitzaileak eskubide osoa du erosi behar duena genetikoki manipulatua den ala ez jakiteko, onartu edo ez erabaki ahal izateko. Baina nire ustez ez dira kontzeptuak nahastu behar.
Beste gai bati helduta, ba al dago baskularen kontrako borrokatikaskatuko gaituen dietarik?
Benetan osasungarri dena elikagai askotatik baina gutxi jatea da, eta ez alderantziz eta horixe da jende askok egiten duena: elikagai banaka batzuetatik kopuru handiak jan. “Mirari dietek” ez dute emaitza harrigarririk lortzen eta ez dira osasungarriak ; horregatik, denetik eta neurriz jatea gomendatzen dut, kaloriekin obsesionatu gabe. Pisu larregia agertzen denean, astiro argaldu behar da eta jaten dena arrazionalduta. Gainera, pisu larregiaren erruduna sekula ez da produktu bakar bat – kulpa guztiak jasotzen dituena- izaten (ogia esaterako), gure energia-beharren gainetik dagoen elikadura baizik.
Zein da elikadura osasungarri baten oinarria?
Zerealak (ogia, pasta, arroza.) eta lekariak (lentejak, babarrunak…), eta horiek osatzeko ortuariak, barazkiak, frutak, esnekiak eta elikagai proteinadunak (haragia, arraina, hegaztiak, arrautzak.). Guztia koipe gutxirekin prestatua. Egokiena oliba-olioa erabiltzea da. Produktu horiekin osatu eta olio-ozpin goxoz prestaturiko entsalada hotzak ere oso osasungarriak izaten dira. Elikagai horiek elikadura osasungarria bermatzen dute eta gainerako guztia azalekoa da eta bere neurriz hartu beharko da.
Ba al da bateraezintasunik elikagaien artean?
Mirari dieta horietako zenbaitek aipatzen duen bateraezintasunik ez dago. Esan dugun moduan, elikadura bariatua eta orekatua da egokiena. Egia da, baina, zenbait nahasketa astun gerta liteke pertsonen arabera. Batzuei kalte egiten die beste batzuei on egiten dien jakiak. Baina irizpide orokor gisa, talde guztietako elikagaiak nahastu behar dira elikadura egokia izateko.
Zer iritzi duzu elikagai light direlakoez?
Ohiko jakinen antzekoak izan arren kalori-karga txikiagoa duten elikagaiak jan nahi izaten ditu jendeak. Ongi iruditzen zait kontsumitzaileek koipe eta azukre gutxiagoko elikagaiak eskatzea, baina zenbait gauzatatik (denok dakigu zertatik) kopuru txikiagoa janez gero, ez dago elikagai light-en beharrik.
Homogeneizatzen ari al da Jaki azkarrak eskaintzen dituzten establezimenduetara jotzean,gazteen elikadura?
Nire ustez, batez ere diru kontuengatik joaten dira horrelako lekuetara. Merkeagoak dira eta gaztetxoek hasieratik dakite pizza edo patata frijitudun hanburgesa bikoitza zenbait kostako zaien. Gazteek ere aho fina dute eta eskaintza gastronomiko merkerik balute, ez lirateke pizzeria eta hanburgeseriatara joango. Dena dela, eskaintza hori hasi da sortzen. Jaki azkarren establezimenduetan ere saltzen dituzten dagoeneko barazki-otartekoak, entsalada goxoak eta hanburgesatarako hemengo gustuetarako egokiagoa den ogia, azal gogor eta kirriskatsua duena.
Zertan datza mediterraneoko dieta, hain goraipatua?
Mediterraneo inguruko herrialdeen dieta da, Afrika iparraldetik hasi eta Espainiako kostera artekoa. Mediterraneoko dietaren oinarria zerealak (ogia, pasta, arroza.) eta lekariak dira, oliba olio eta ortuariekin prestatuak. Elikagai horien osagarri, esneki kopuru txikia (gazta eta yogurra), haragia (arkumea eta txerrikia), arraina eta hegazti-okela. Dena belar usaintsuekin paratua. Ez da harritzekoa mediterraneoko sukaldaritzaren berezitasun nagusia plater bakarra (paella edo haragi erregosiak) izatea. Positiboa da jaki tradizionaletara itzultzea; baloratu egin behar dugu gure arbasoen dieta hori, eremu anglosaxoniarretik datozen elikagaiak baino osasungarriagoa baita.
Iruzkinik ez