Hara!

Elikagaiei buruzko hausnarketa bat

Elikagaiei buruzko hausnarketa bat – 

  2018-3 -11  Josu Lopez-Gazpiok Zientzia Kaieran.

Duela bi urte inguru, MOE Munduko Osasun Erakundeak minbizia eragiten duten gaien artean sartu zituen haragi prozesatuak. Haragi gorria ere ziur asko kantzerigenoa dela adierazi zuen, baina, horren kasuan ebidentziak ahulagoak zirela jakinarazi zuten. Albisteak eztabaida handia eragin zuen eta gaizki-ulertuak ere ez ziren gutxi izan.

Prentsan ere sentsazionalismo handia zabaldu zen eta, adibidez, entzun zen minbizi tasa %18 igotzen zela haragi prozesatua janez gero, baina, horrek benetan %5etik %6rako igoera bat dakar eta ez %5etik %23ra —matematiken erabilera okerraren beste adibide bat—. Bestalde, ez zen askotan gogorarazi haragi prozesatuari buruz esandakoa ez zela berria, eta lehenago ere ezaguna zela haragi prozesatuak minbizi tasak handitzen zituela -1990eko hamarkadatik, gutxienez-. Jakina, MOEren erabakiaren aurretik ere dieta aholku gehienetan gomendatzen zen haragi prozesatu asko ez jatea.

Elikagaiei buruzko hausnarketa bat
Haragi prozesatua minbizi eragile frogatuen taldean sailkatu zuen IARC agentziak 2015ean.
MOEren menpekoa den IARC Minbizia Ikertzeko Nazioarteko agentziak esan zuenez, nahiko ebidentzia zeuden haragi prozesatua jatearen eta kolon eta ondesteko minbizia izatearen arteko lotura egiteko, eta horregatik minbizi eragileen 1 taldean sailkatu zituen haragi prozesatuak eta 2A taldean haragi gorria. Esan behar da IARC agentziak 5 talde dituela substantziak sailkatzeko, minbiziari buruz lortutako ebidentzien arabera. 1 taldean minbizia eragiten dutenak sailkatzen dira -edari alkoholdunen kontsumoa, plutonioa, tabakoa, margolari lanbidea, erradiazio ionizatzaileak, eta abar-, 2A taldean kartzinogeno probableak edo animalien kasuan bakarrik frogatu ahal izan dena minbizi eragileak direla -akrilamida, egurraren errekuntzaren gasak, glifosatoa, malaria, ile-apaintzaile lanbidea-, 2B taldean kartzinogeno posibleak edo datu mugatuagoak lortu direnak -B1 aflatoxina, kafea, gasolina, ehungintzan lan egitea-, eta 3 taldean sailkatzen dira nahiko datu ez dagoenean -kafeina, ur oxigenatua, sulfitoak eta abar-. Azkenik, bada 4 taldea delakoa, zeinetan kartzinogenoak ez direnak sailkatzen diren.

Aipagarria eta deigarria da konturatzea laugarren taldean substantzia bakarrakaprolaktama– sailkatu ahal izan dela, alegia, IARCen arabera substantzia bakarra legoke minbizia eragiten ez duela frogatu ahal izan dena. Izan ere, ia ezinezkoa da frogatzea substantzia bat ez dela toxikoa -izatez, ia guztiak toxikoak dira dosiaren arabera-. Ideia hori Russellen teontziaren analogiaren bidez azal daiteke: Bertrand Russell filosofoak esan zuen Lurraren eta Marteren artean biraka portzelanazko teontzi bat ez dagoela frogatzea ezinezkoa dela. Jakina, ideia bera hartuz, ia ezinezkoa da frogatzea substantzia batek ez duela minbizia eragiten edo ez dela toxikoa.

Kontuak kontu, IARC agentziaren lehen taldean dauden substantzia guztiek minbizia eragiten dutela frogatu da, baina, ez da adierazten zein den izan beharreko esposizioa minbizia agertzeko. Nolabait, tabakoa, plutonioa edo haragi prozesatua talde berean egoteak ez du esan nahi modu berean minbizia eragiten dutenik. Datu batzuk emate aldera, mundu mailan haragiaren kontsumoarekin lotutako minbiziak 34.000-50.000 dira urteko, baina tabakoarekin, alkoholaren kontsumoarekin edo aire-kutsadurarekin lotutakoak 1.000.000, 600.000 eta 200.000 dira, hurrenez hurren. Era berean, edari alkoholdunak aspalditik daude lehen taldean sailkatuta eta ez da eztabaida edo beldur handirik sortzen gizartean.

.

Substantzia oro toxikoa izan daiteke

Substantzia naturalak sintetikoak baino hobeak eta osasungarriagoak direla pentsatzeko uste okerra oso zabaldua dago. Oro har, argi dago substantzia bat naturala edo sintetikoa izan daitekeela, baina, horrek ez du zer ikusirik toxikotasunarekin. Fruta askok kantitate handitan oso toxikoak diren substantziak dituzte -udareak formaldehidoa, sagarrak amigdalina, kalabazinak kurkubitazina, adibide gutxi batzuk emate aldera-. Esaterako, sagarraren edo melokotoiaren haziak amigdalina dauka eta honek zianuroa askatzen du digestioan zehar hidrolizatzen denean. Noski, kantitate izugarriak beharko lirateke amigdalinaren kausaz heriotza eragiteko. Kalkulu azkar batzuk eginez, sagarrak 600 mg/kg amigdalina du eta amigdalinaren dosi hilgarria -LD50 delakoa- 400-500 mg/kg dira, alegia, 70 kg-ko lagun batek 50 kg sagar hazi jan beharko lituzke bere bizitza arriskuan jartzeko.

Elikagaiei buruzko hausnarketa bat
Ura ere substantzia toxikoa da eta hilgarria izan daiteke dosi handiak hartzen badira.

Melokotoi hazien kasuan ere antzekoak dira kalkuluak. Etxeko gatzaren, azukrearen eta C bitaminaren dosi hilgarriak 750 g, 1,8 kg eta 700 g dira, hurrenez hurren. Ura bera ere toxikoa da eta, LD50 = 90 g/kg dela jakinda, 5-6 litro ur jarraian edatea hilgarria izan daiteke. Badaude ur intoxikazioz hil diren pertsonen kasuak. Hiponatremia kasuetan organismoaren elektrolitoen desoreka gertatzen da eta horrek heriotza eragin dezake. Horrek esan nahi du uraren kontsumoa arriskutsua dela edo ura edateagatik hiltzen ari garela? Bada, ez. Are gutxiago, urari esker bizi gara. Modu berean, elikatu egin behar gara bizitzeko, baina, gauza guztietan bezala, neurrian dago gakoa.

.

Informazio osagarria:

Elikagaiei  Elikagaiei  Elikagaiei  Elikagaiei  Elikagaiei buruzko hausnarketa bat

Kategoriak

Egilea

Pagotxa Pagotxa

Elkarbanatu & Inprimatu

Iruzkinik ez

    Bidali iruzkin bat