Hara!

Abeltzain txikiek animalista eta beganoei erantzun nahi diete

Abeltzain txikiek animalista eta beganoei erantzun nahi diete – 

PELLO ZUBIRIA KAMINO  @pellozubiria

Abeltzain txikiek bizi duten une berezia, irudi batean laburbilduta. Baserritar batek bere behiak daramatza bidean aurrera. Ezkerreko sorotik, 1.000 behiko granjen publizitate-afixa erraldoia (“Abereak, benetako profesionalei utzi”) eta ondoan tipo aberats bat nekazariari oihuka:  “Zaharkitu baboa!”. Eskuineko zelaitik militante gazte batzuek, “Haragia = krimena” dioen banderola eskuetan, garrasika: “Nazkagarria!”. Abeltzainak, erdian: “Ez da erraza nekazaritza herrikoiaren bidea”.

2019ko otsailaren 17a
Emile Jeannin bere behi eta txekorren artean. (Argazkia: Le Parisien)
 

Confederation Paysanne sindikatu frantsesaren aldizkariari Samsonek egin marrazkian dager mundu aberatseko abeltzain askok bizi duten estuasuna, alde batetik bazter guztiak bereganatzen eta zanpatzen dituen agroindustria, bestetik beganoen, animalisten eta antiespezisten presioa.

Laborari eta abeltzain txikien eredua defenditzen dutenek, alegia frantsesez agriculture paysanne eta Ipar Euskal Herriko Laborantza Ganbarak laborantza herrikoia deitzen dutena, argudio sail osoa dute antolatua aspalditik azken hamarkadotan nagusitzen ari den nekazaritza industrialari aurre egiteko. Aldiz, erronka berria dute giza mugimendu aurrerazaleen artean askoz hurbilagokoak dituztenei, animalien eskubideak defenditzen eta haragiari uko egitea aldarrikatzen dutenei, erantzutea.

Gure inguruan, batik bat ELB Euskal Herriko Laborarien Batasunak egin du urteotan abeltzainen posizioa indartzeko ahalegina. Orain Confederation Paysannek –Conf-ek– liburu batean bildu ditu gai minbera honen inguruko argudioak: “Baserritarrek diotena gizakiaren eta aberearen arteko harremanaz. Abelazkuntza herrikoia aldarrikatuz”. PDF formatuan libre dago eskuragai, eta frantsesik ez dakiena ere interneteko itzulpen tresnekin moldatuko da.

Liburuaren lehen erdi osoa nekazarien lekukotasunei gorde zaie. Behi, ardi, behor, oilo, antzara eta beste animaliak hazi, ugaldu eta jendeen elikagaitarako hiltzen dituzten 46 nekazarik kontatzen dituzte beren bizipenak animaliekin… eta horiek hiltzea edo baita haztea bera galarazi nahi dieten militanteekin. Hona Cote d’Or departamenduan behi eta txekorrak hazten dituen Emile Jeannin gaztearen lekukotasuna.

Irakurri gehiago

Elikadura Aukeraketa: Munduari Begiratzeko Modu Bat

Elikadura Aukeraketa: Munduari Begiratzeko Modu Bat –

Josebe Blanco – zuzeu

Elikadura Aukeraketa: Munduari Begiratzeko Modu Bat

Ez dakit zuek, baina ni bizia eta heriotzaren artean bizi naiz; edo, akaso, haiek nigan bizi dira; ala, beharbada, nirekin bizi dira; ala, agian, totum revolutum nahasi bat osatzen dugu. Ez dakit. Eta zuek, zuek haien artean, apopilo dituzuela, haiekin ala nahasian bizi zarete? Ala uste duzue bikote hori urrun duzuela? Bada, azken hori bada zure kasua, sentitzen dut, baina biziko bazara, heriotza behar ondo-ondoan. Gure biziraupena eta besteen heriotza guztiz lotuta daude, alferrik ukatu egingo dugu, berdin animalia izan edo landarea izan, bakarren bat hil egingo da guk mundualdi honetan jarraituko badugu.

Kirmen Uribek bere poema batean aldarrikatzen zuen munduari begiratzeko modua dela hizkuntza; munduan egoteko modua, bizitzeko modua ematen dizkigula hizkuntzak. Hala uste dut bizitzako beste hainbat esparrutan, baita elikadurarenean ere.

Izan ere, oso ikuspegi ezberdina dute orojaleak eta barazkijaleak: batek xerrada ederrak ikusten dituen tokian, besteak amatasunaren irudi mistikoa ikus dezake edota metano-fabrika –ala biak–. Batek gaixoentzako janaria ikusten duen lekuan, besteak osasunaren, etikaren eta militantziaren garaikurra ikusten du.

Kasu gehienetan, ez batak ez besteak ez du inongo loturarik izan jaten duen horrekin –izan animalia ala landarea–, ez daki non hazi den, nork zaindu duen, zer lan-molde dauden horien atzean… Gehixeago estutuz gero, prest leudeke jango duten horren bizia eta heriotzaren ardura hartzeko? Uste dut haragijaleen ehuneko handi batek utzi egingo liokeela haragia jateari, lan horiek hartu beharko balitu. Porruen familia zabala jateak heriotza isila du, isila eta odolgabea, izan ere.Tarteka animaliak jaten dituzten batzuek ere erreparoak dituzte animalia ezagutzen badute, baina jatorri ezezagunarekin inongo erreparorik; kasu horretan, dena barrura.

Hain oinarrizkoa den elikaduraren katea non eta noiz apurtu zaigu, munduari begiratzeko modua aldatzeraino? Hori ere ez dakit.

Haragia jan nahi dugu, baina hil gabe. Haragia jan nahi dugu, baina ez dezala izan animaliaren itxura, hobe hanburgesa edota nugget itxurakoa –eta 3 dimentsiotako Eiffel Dorrea balitz, askoz goxoagoa–; haragia jan nahi dugu, baina ez dakigu oilaskoa garbitzen; haragia jan nahi dugu, baina odolik gabe. Esnea –edo gazta– nahi dugu, baina txahala, arkumea edo dena delakoa hil dutela jakin gabe. Bizitzako beste gauza askotan bezala, nahi dugu, baina besteek har ditzatela euren gain ardura eta lana –batez ere zikina bada–; eta guk bitartean gabe jarraitu nahi.

Bizitzatik urrundu egin gara, funtsezkoa dena –bestela, hil egiten gara– ahaztu –ezabatu?–, eta hamaika teoria sortu naturarekiko etendura horri zentzua emateko. Teoria horien babesean gai izan gara haragi begetala sortzeko eta ikusezin egiten zaizkigu nork egiten duen –industriak–, zer lehengai erabiltzen dituen horretarako –gehienetan soja eta bestelakoak–, lehengaiak sortzen dituen nekazariaren lan-baldintzak eta hainbesteko kezka sortzen digun ingurugiroak zer kalte izan dezakeen –ekoizpen eredua, garraioa…–.

Gure jendartean, gainera, sustatzen dira bi jarrerok, eta horiek apaintzen eta zuritzen dituzten bihozberakeria eta goxokeria ere. Walt Disney faktoriak honetan ere bere lantxoa egin du; eta orain abereak nahi ditugu gure begien eta umetxoen gozamenerako, landa eremura joaten garela, apaingarri eta pedagogia piskat egiteko. Gero zer jaten dugun eta nola… beste kontu bat da.

Eta kontraesankorra ematen badu ere, nire ustez, janariari errespetua galdu egin diogu. Munduari begiratzeko moduan izan dugun aldaketaren ondorioetako bat. Izan ere, dagoeneko ez gara gai bizia ikusteko platerean, ezta familia baten lana ere. Gai gara, ordea, janaria botatzeko, eta horrekin batera badoaz lana eta bizitza –horiek barnean gordetzen duten guztiarekin–. Eta platerak, konturatu gabe, zentzuz eta maitasunez husten ari gara. Jakina, mahaian dugun horregatik eskerrak ematea antigoalekoa da.

Elikadura Aukeraketa: Munduari Begiratzeko Modu BatIdeia asko aipatu dizkizuet, agian, modu nahasian, baina halaxe bizi dut inguruan dudan giroa. Alde batetik kalean bizi den ganadu-hazleen kontrako jarrera, berdin dio nola egiten duzun lan, animalien bizi-baldintzak zeintzuk diren, zer onura dakarren zu hor izateak… Beti hiltzaile gupidagabearen papera egokitzen zaizu. Eta bestetik, indartsu, barazkijaleen kontrako mezuak eta irainak, zenbaitetan naturarekiko euren sentitzeko modua irrigarri utziz. Erasotua sentitzen naiz batzuek zein besteen hitzekin eta moduekin.

Zurrunbilo horretara, gero datoz nire bizipenak, noski. Azken hilabetean ehun jaiotza baino gehiago ikusi, bizi eta horietan parte izan dut. Denetarik izan dugu, poza eta zoritxarra; eta, guztietan odolaren gorria, eta askotan malkoen gazia. Heriotza ere presente izan dut ia egunero; batik bat gure txerrien haragiaren bueltan egindako lanengatik. Brian eta Kurrin zuten izena. Ez pentsa txarretik, juxtu kontrakoa, oso maitatuak baitziren –horrek pentsatzera eman dit jendeak txerrien izenak aukeratzeko orduan, hautatzen dituela gorroto dituen politikarienak, txerriari kariñorik ez hartzeko eta errazago hiltzeko–. Aldi berean, orain, arkumeak hiltegira eramateko sasoia dugu, eta astero-astero hara joaten gara, bitan. Batean bizirik eramaten ditugu, eta bigarrenen bueltan, hilda ekarri.

Gertaerok bi pentsamendu errepikakor dakarzkidate. Lehendabizikoa, animalia horien bizimodua. Nik pozik ikusi eta sentitu ditut, goxo bizitzen. Maitatuak izan dira guztiak –batzuk oso maitatuak–. Bigarrena izaten dut buruan hiltzea tokatzen denean: arkume hau daramanak errespeta eta goza dezala, ez dezala zaborrontzira bota, arren.

Animaliak errespetuz tratatzen eta hiltzen ditugu, beharbada, egunero-egunero bizitza eta heriotza alboan ditugulako. Horregatik, egunero-egunero, eskerrak ematen dizkiet gure ardiei ematen diguten esneagatik –eta emandako arkumeengatik–, horra heltzeko zer bide egin dugun jakin badakidalako. Horrexegatik dut esnea –odola bezala– bizitzaren ikur.

Artzaina da idazten ari den hau, orain dela 23 urte haragia jateari utzi zion artzaina –esnekiak eta arrautzak jaten ditut–, izan ere. Eta egun ditudan lanbide eta bizimodua izanda, barrenak astindu egin zaizkit. Artzain garaiaren hasiera-hasieratik bizi nuen inkoherentzia hazten joan da, eta dagoeneko ez zait lekurik geratzen. Konturatu egin naiz orduan erabakia hartzera bultzatzen ninduten arrazoiek, gaur ez dutela apenas indarrik. Orduan agroindustriaren kontrako iraultza zenak, orain eramango nindukeela, zenbait egoeratan, barazkirik ere ez jatera. Atzera begiratu, eta munduan dudan kokalekua aldatu egin da, eta horrek fitxa guztiak mugitu egingo dituela uste dut. Dena den, eskerrak eman behar dizkiot bizitzari. Izan ere, uste dut barazkijalea izatera bultzatu ninduten arrazoiek laguntzen didatela ahalik eta egokien tratatzen animaliak.

Zer edo zer sakonagoa dago elikaduraren eta janariaren atzean: munduan egoteko modu bat, munduari begiratzeko modu bat, mundua bizitzeko modu bat, mundua ulertzeko modu bat…

Haragijalea izan ala barazkijalea izan, sakontasun horretatik begiratzeko ordua iritsi da.

Elikadura Aukeraketa: Munduari Begiratzeko Modu Bat 

Margolariak sukaldean

Margolariak sukaldean – 

Margolariak sukaldean

Aste honetan, Mikel Urdangarin eta Oier Aranzabal izan dira Txoriene saioan, Zigor Iturrieta sukaldari eta mendi-korrikalariak gidatzen duen ETBko gastronomia saio ezagunean. Margolaria filmaren zinemetako estreinaldia aurkeztu zuten, primerako tartea pasarazi guztioi eta honako menua eskaini:

  • Torradak antxoarekin eta gazta urdinarekin
  • Hegaluze, pikillo eta antxoa mokadua
  • Amama maritxuren porru-patatak

Segi gozo, segi fin eta on egin! 🙂

On egin!

Etxeko torrada edo torrijak

Antxoa, pikillo piper eta gazta urdin tosta

 

Elikagaiak ez dira inoiz gaur bezain seguruak izan

Elikagaiak ez dira inoiz gaur bezain seguruak izan – 

Elikadurari buruzko sarrera luze baten ondoren, adituarekin elkarrizketa. Elikadura, gazteen elikadura, trasgenikoak, janari light, dieta mediterranearra, oinarrizko janariak aztertzen ditu.

“Elikagaiak ez dira inoiz gaur egun bezain seguruak izan”

www.ikasbil.eus


PBlog Singleilar Cervera CESNID (Centre d’Ensenyament Superior de Nutrició i Dietètica)
delakoaren zuzendariaren iritziz, azkenaldian kontsumitzaileen artean kezka sortarazi duten eskandaluak gora-behera, elikagaien kalitatea ez da sekula gaur egun adina ziurtatu. Biología eta Giza Nutrizioan diplomatua eta elikadura eta argaltze dietei buruzko zazpi libururen egilea, pisua galtzeko bide magikorik ez dagoela dio.Baskula etsai gisa ikusteari uzteko gakoa oso erraza da bere ustez: “gutxiago jatea eta zenbait elikagaitatik kopuru txikiagoak jatea”.

Dioxinadun oilaskoek eta kola edari kutsatuak mesfidantza sortu dioten berriz ere kontsumitzaileari, ahora eramaten duen ia guztiari buruz. FAO (Elikadurarako Munduko Fondoa) eta OME (Osasunaren Mundu Erakundea) erakundeen arabera, elikadura-segurtasunaren kontzeptua oso zabala da: munduko biztanlego osoak oinarrizko elikagai kopuru jakin bat kontsumitu ahal izatea da, ekarpen oinarrizkoak dituena, kalterik eragingo ez diona eta higiene arazorik gabea. Deskribapen horri beste termino batzuk gehitu behar zaizkio: “elikagaien kalitatea” (sentsoriala, gustu ona eta mantenugai egokiak izatea eta arrisku toxikologikorik ez edukitzea); eta “zerbitzu-kalitatea”, erraz prestatzekoa izatea. Eta egia esan, jakien inguruan ez da sekula orain adina kontrol egin izan. Arazoak puntualak eta txikiak izaten dira gaur egun, baina mendearen amaieran gauden honetan, berehala iristen zaigu munduan gertatzen den guztiari buruzko informazioa eta gauzak berehala ateratzen dira gauzak onetik. Eta ezin albora utzi, bestalde, talde ekonomikoen interesak eta gerra komertzialak ere.

Eta zer egin daiteke gizartearen alarma hori gutxitzeko?

Informazioa da gakoa eta horregatik dietistok, beste profesional batzuekin batera, kontsumitzaileei elikagaien ezaugarriei buruz modu objetiboan informazioa ematen saiatzen gara. Ongi aukeratzen jakiteak elikadura osasungarria esan nahi du.

Zer iritzi duzu elikagai transgenikoei buruz?

Genetikoki manipulaturiko elikagaiak betidanik ezagutu izan ditugu. Beti egon izan dira elikagai hibridoak eta adibidez, izurriteak jasaten dituztenak. Baina kontua da orain injinerutza genetikoak onartu egiten duela ADNaren manipulazioa, hain zuzen ere jendea gehien beldurtzen duena. Nire ustez genetika behar bezala erabiltzea positiboa gerta daiteke, batez ere landareetan, produktu onak ari baitira lortzen. Merkatua kontrolatzeko ahalegina egiten denean sortzen da arazoa, adibidez monopolio komertzialak sortzen dituen hazien esklusibotasunean, eta horrekin ez nago ados. Bestalde, kontsumitzaileak eskubide osoa du erosi behar duena genetikoki manipulatua den ala ez jakiteko, onartu edo ez erabaki ahal izateko. Baina nire ustez ez dira kontzeptuak nahastu behar.

Irakurri gehiago

Gezurrezko ogi integrala desagertu egingo da

Gezurrezko ogi integrala desagertu egingo da – 

Zientzia Kaiera-k idatzia

Déborah García Bello

Ogi integrala ogi zuria baino osasuntsuagoa da baina hala ere, integral etiketa daramaten guztiak ez dira zinez integralak. Egungo arautegiak hala baimentzen du Espainian, baina ez da horrela bestelako herrialde batzuetan. Nekazaritza, Artzaintza Elikadura eta Ingurumen Ministerioak zirriborro bat aurkeztu du, egungo arautegia bertan behera utzi eta benetako izenak jarrita, gezurrezko ogi integrala sal ez diezaguten.

Gezurrezko ogi integrala desagertu egingo da

1. irudia: Hainbat ogi mota. (Argazkia: Sabine Schulte / Creative Commons lizentziapean)

A) Irin integralaren eta finduaren arteko desberdintasunak

Irin integrala labore osoa ehota lortzen da. Laboreek hiru zati dituzte. Kanpoko geruza zahia da, eta bertan dago zuntz gehiena. Erdialdeari endosperma esaten zaio, eta batez ere almidoiaz osatua dago. Bukatzeko, nukleoari germen esaten zaio, eta bertan dago laborearen gantz zatia.

2. irudia: Zereal ale baten osagaien eskema. (Iturria: culturacientifica.com / zientziakaiera.eus-ek moldatua)

 

Harri bidez ehotzen direnak dira irin integral onenak. Izan ere, prozedura horretan ez dira elkarrengandik banatzen garauaren zatiak eta ezer ez da alferrik galtzen. Irin hauek bahetu daitezke zahiaren zati bat banatzeko eta irin erdi integrala lortzeko.

100 kg laboretik ateratzen dena neurtuta finkatzen da erauzketa tasa. Horrela, %100eko erauzketa tasa duen irina, %100ean integrala da, garau ukigabea. %70eko erauzketa tasakoak, irin findukoak dira okinentzat.

Merkatuan aurki ditzakegun gehienak, fasekako ehoketa baten ondorio izaten dira. Jeneralean, fase horietako bakoitzean garau mota desberdinak banatzen dira. Alde batetik, endosperma baizik ez duen irin zuri-zuria lortzen da. Irin hau zahiz egina da. Bestetik, germena banandu egiten da normalean, zaharmindu egiten delako gantz asko izateagatik.

Irakurri gehiago

Gasen isurketa gutxitzea ez da nahikoa: elikadura aldatu beharra dago

Gasen isurketa gutxitzea ez da nahikoa: elikadura aldatu beharra dago – 

Zientzia Kaiera-k idatzia

Juanma Gallego

2050. urtean klima-aldaketa atzera bueltarik gabekoa izatea nahi ez badugu, ezinbestean munduko populazioaren dietak aldatu behar direla ohartarazi du zientzialari talde batek.

Haragi gutxiago (bereziki, haragi gorri gutxiago) eta landare jatorriko elikagai gehiago. Gero eta argiago dago horiek direla elikadura osasuntsu eta orekatu baterako abiapuntuak. Berdin dio elikagai “ekologikoak” izan ala ohiko prozedurekin ekoiztuak: giza gorputzak nutrienteak behar ditu, eta, ahal bada, kalitatezkoak. Aitzakiak aitzakia, supermerkatu batera sartu eta hamar-hamabi urtez gorako pertsona orok ederki asko daki zein den brokoli baten eta bollicao edo txistorra baten aldeko aldea. Deabrua ederki asko moldatzen da apalategien artean, eta, jakina, jende guztiak ez dauka San Antoniok tentaldien aurrean erakusten zuen adorearen parekorik. Baina norberaren osasuna hobetzeko ez ezik, halako dieta bat izan daiteke ere planeta osoaren “osasuna” bermatzeko modu bakarra. Hori dio, bederen, Nature aldizkarian argitaratutako ikerketa batek.

Gasen isurketa gutxitzea ez da nahikoa: elikadura aldatu beharra dago

1. irudia: Norberaren osasuna zaintzeko ez ezik, planetaren jasangarritasuna bermatzeko dieta flexitarianoaren alde agertu dira zientzialariak. (Argazkia: Juanma Gallego)

Zientzialariek atera duten ondorio nagusia kezka eragiteko modukoa da: ez da aukerarik egongo klima-aldaketa arintzeko baldin eta gizateriaren dieta dibertsifikatzen ez bada. Ez da erronka makala: asmatu behar da nola elikatu azkar gora doan populazio bat planeta hondatu gabe.

Ez da bazkalosteko telebista tertulietan botatako argudio makal horietako bat, eskura dauden datuetan oinarritutako aurreikuspena baizik. 2050. urtera begira egindako kalkuluak dira: ordurako munduan hamar mila milioi arima egongo direla uste da. Data horri begira, planetaren jasangarritasuna aztertzeari ekin diote, elikadura-sistemaren ikuspegitik: ingurumenari lotutako indikatzaileak eta mundu osoko janariaren ekoizpena eta kontsumoa adierazten dituzten datuak baliatu dituzte. Horietan oinarrituta, elikagaien ekoizpena eta jasangarritasunaren arteko harremanak ikertu dituzte, horien arteko mugak non dauden jakin ahal izateko.

Bost ingurumen faktore izan dituzte kontuan: negutegi efektuko gasen isurketak, nekazaritza lurren erabilera, ur gezaren kontsumoa eta nitrogenoaren zein eta fosforoaren erabilera. Azken biak nekazaritzan erabiltzen diren ongarriei loturiko elementuak dira, eta, neurriz erabiltzen ez badira, ingurumen inpaktu handia izan dezakete.

Irakurri gehiago

Kimika sukaldean: Haragia (II). Muskulutik haragira

Kimika sukaldean: haragia (II). Muskulutik haragira – 

Zientzia Kaiera-k idatzia

Josu Lopez-Gazpio

Haragia gustuko dugu. Makina bat txerri, oilo, behi, ardi eta untxi akabatzen ditugu geure irrika baretzeko. Antzinatik dugu haragijale grina, ziur asko Afrikako klima-aldaketen ondorioz belarjale zorrotzak izateari utzi behar izan genionean. Harrezkero, haragia gizakion proteina- eta energia-iturri ia ordezkaezina izan da. Egungo eskala-handiko ekoizpenak ekarri dituen onurak eta kalteak alde batera utzita, argi dago kontsumitzen dugun haragiaren kalitatea asko aldatu dela eta, haragiaren samurtasunaren atzean, jakina, zientzia dago.

Kimika sukaldean: Haragia (II). Muskulutik haragira

1. irudia: Irudiko haragi zatian ondo bereizten da muskulu-ehuna, gorria, eta gantz-ehuna, zuria. Ehun konektiboa haragian egon ohi den film moduko ehun fina da. (Argazkia: tomwieden – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Haragia elikaduran sartzeak antzinako gizakien garunaren tamaina handitzea ahalbidetu zuen eta horrek, azken batean, hasierako hominidoen eboluzioa hauspotu zuen. Egun ez gaude haragia jatearen menpe bizirauten jarraitzeko, baina, hala ere jaten jarraitzen dugu. Elikagai nagusienen artean gehien gaitzetsi den elikagaia ere bada: guk haragia jan ahal izateko, beldurra eta mina sentitzen duten beste izaki batzuk akabatu behar ditugu. Hemen, kontu etiko eta filosofikoak aurrean izanik, baina objektibotasunari eutsiz, haragiaren ekoizpenean dagoen zientzia izango da hizketagai.

Giharra haragi bihurtzen denean

Haragiak hiru osagai nagusi ditu: ura, proteinak eta gantza. Horien konposizioa %75, %20 eta %3 izanik, hurrenez hurren. Era berean, haragian muskulu-ehunaehun konektiboa eta gantz-zelulak bereizten dira. Oro har, jaten dugun haragiaren kalitatea hiru osagai horien -muskulu-ehunaren, ehun konektiboaren eta gantz-ehunaren- proportzioaren eta sakabanaketaren araberakoa da. Kolorearen kasuan, haragiari buruzko artikulu-sorta honen lehen atalean esan bezala, haragi gordinaren kolorea muskulu-ehun motaren araberakoa da. Muskulu-zuntz zuriak bat-bateko indar azkar eta laburra egiteko espezializatu dira -kolore gorriaren erantzulea den mioglobina gutxi behar dute-. Bestalde, muskulu-zuntz gorriak esfortzu luzeak egiteko garatu dira eta oxigeno ekarpen handiagoa behar dute -hortaz, mioglobina gehiago dute eta horregatik dira gorriak-.

Irakurri gehiago

Mahalen eta mundua (3.atala)

Mahalen eta mundua –

Sagardotegi sasoia dela eta, sagar zaporeaz darraigu RZ berriak prestatzen ari garen bitartean…

Gaurkoan Mahalen eta mundua komikiaren 3.atala dakarkizugu, aurrekoak bezala, Mahala Baserriko lagunen mahala.eus euren webgune berritutik ekarria. Alai Zubimendi ilustratzaile hernaniarrak egin dizkie komikiak, Gaueko komiki-denda du hernanin bertan eta REKALDE-ORTZADAR eta PORTUGALETE URI URENA komiki-lehiaketetan lehen sariak irabazi ditu besteak beste…

Txekor egonezin eta azkarra da Mahalen. Baserrian pozik bizi da bere aita eta amarekin, baina mundu zabalak eskaintzen duena ikusi eta ezagutu nahi du. Oraingoan lagunei mahala.eus webgune berria erakutsiko die…

Jan baserritik, segi gozo, segi fin eta on egin! 🙂

Mahalen

Mahalen eta mundua - I -

Mahalen eta mundua (2.atala)

Mahalen eta mundua (3.atala)

Mahala

Kimika sukaldean: Haragia (I). Haragiaren kolorea

Kimika sukaldean: haragia (I). Haragiaren kolorea – 

Zientzia Kaiera-k idatzia

Josu Lopez-Gazpio

Gorriak badu bere xarma. Ez al dira erakargarriagoak haragi, fruta eta barazki gorriak? Elikagai horietatik eratorritako produktuek ere kolore gorria izan ohi dute. Ez da kasualitatea kolore gorria eta horia izatea koloratzaile arruntenak eta gehien ekoizten direnak. Era berean, xerra egin aurretik kolore gorri bizikoa da, freskotasunaren seinale. Baliteke noizbait pentsatu izana kolore gorria odolarena dena, baina, oraingoan ere kimikak erakusten digu zenbaitetan oker gaudela. Haragiaren kolorea faktore askoren mende dago. Hala ere, nagusiena, giharretan dagoen mioglobina izeneko proteina da, eta ez odola.

1. irudia: Haragi gordinak kolore gorri bizia du giharrean dagoen mioglobina proteinaren ondorioz. (Argazkia: moreharmony – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Animaliek odol gutxi dute masarekiko ehuneko bezala adierazita -%3-10 artean-, gainera, haragiak prozesatzean odol gehiena kentzen zaie. Hortaz, odol gutxi du harategira edo supermerkatura iristen den haragiak. Mioglobina izeneko proteina da kolore gorriko pigmentua duena eta mioglobina ez dago odolean. Mioglobinak muskuluetara garraiatzen du oxigenoa eta bertan egoten da kontzentraziorik handienean. Mioglobinak hemoglobinak odolean duen funtzio bera betetzen du muskuluetan, alegia, oxigenoa garraiatzea. Mioglobinaren egitura hemoglobinarenaren antzekoa da: proteina txikia da, hemo taldea duena. Hemo taldeak burdina(II) katioia du eta hori da, hain zuzen ere, oxigenoarekin lotzen dena. Modu horretan mioglobinak oxigenoa garraiatzen eta metatzen du giharrek behar dutenerako. Bai hemoglobinak eta bai mioglobinak kolore purpura-gorria dute hemo taldean dagoen burdinaren ondorioz. Mioglobinarekin alderatuz, hemoglobina proteina handiagoa da eta lau hemo talde ditu, hau da, lau burdina atomo ditu bere egituran.

2. irudia: Hemo taldearen egitura kimikoa. Erdian burdina(II) katioia ageri da, oxigenoarekin lotzen den atomoa. (Argazkia: Yikrazuul – domeinu publikoko irudia. Iturria: wikipedia.org)

Ez, ez da odola

Mioglobinak purpura kolorea du eta oxigenoarekin erreakzionatzen duenean hartzen du kolore gorri bizia -oximioglobina sortzen da-. Beste hainbat faktorek ere eragiten dute haragiaren kolorean: haragia gordeta egon den denbora, modua, animaliaren adina eta hark egin duen ariketa fisikoa, esate baterako. Alabaina, kolore gorriaren erantzule nagusia mioglobina da. Haragia denbora luzez paketatuta egon bada kolore ilunagoa izango du, oxigeno faltaren ondorioz. Era berean, haragia aireko oxigenoarekin kontaktuan dagoenean -adibidez, haragiak duen bilgarria ireki dugulako-, kolore gorri biziagoa hartuko du mioglobina oximioglobina bihurtzen den neurrian.

Bizirik dauden animaliek duten burdinaren %10 inguru mioglobinan dago eta mioglobina hori da kolore gorriaren erantzule nagusia -eta ez odoleko hemoglobina-. Kasu nabarienetakoa izoztutako haragia desizoztean ikusten da. Haragia plater baten gainean uzten bada, likido gorria askatzen da, antza, odola dirudiena. Alabaina, hori ez da odola; izan ere, haragiari odola kendu egiten zaio prozesaketaren lehen pausoetan. Haragiaren zatirik handiena ura da eta ur hori haragitik askatzen den mioglobinarekin nahasten denean agertzen da likido gorrixka hori.

Haragi gorria eta zuria

Haragi gorriak gihar gehiago du uzkurdura moteleko zuntzak dituelako. Zuntz horiei esker, animaliak denbora tarte luzeak egin ditzake ibiltzen, esaterako. Gihar horiek mioglobina ekarpen handia behar dute -oxigeno asko behar dute denbora luzez mugitzeko- eta, hortaz, kolore gorria izango dute. Alabaina, mugimendu azkarrak egin behar dituzten giharrek uzkurdura azkarreko zuntzak dituzte, arrisku egoeren aurrean ihes egiteko. Horiek ez dute hainbeste mioglobina behar eta, beraz, kolore argiagoa dute haragi horiek. Oilaskoen kasuan, esaterako, argi ikusten da desberdintasun hori. Hankak eta hegalak ilunagoak dira -arriskuetatik ihes egiteko mugimendu azkarrak egin behar dituzten atalak-, baina, beste ataletako haragia zuriagoa da, adibidez, bularkien kasua.

3. irudia: Oilaskoaren haragia zuriagoa da, bereziki uzkurdura moteleko zuntzak dituzten atalak. Bertan mioglobina kontzentrazioa baxuagoa da eta, hortaz, kolore gorria ez da hain nabaria. (Argazkia: kakyusei – domeinu publikoko irudia. Iturria: pixabay.com)

Mioglobinaren koloreak

Azaldu den bezala, haragiaren kolorea mioglobinaren kimikarekin lotuta dago, eta bereziki, haren burdina atomoarekin. Mioglobina hiru modutan ager daiteke: deoximioglobina, oximioglobina eta metamioglobina. Deoximioglobina mioglobinaren egoera erreduzitua da, alegia, oxigenoaren presentziarik ez dagoenean. Animalia hil berri denean agertzen da eta kolore gorri-purpura du. Animalia hil ostean, mioglobina hori oxidatzen doa aireko oxigenoaren ondorioz eta oximioglobina eratzen da. Guk atsegin dugun haragiaren kolore gorriaren erantzulea da eta, oraindik ere, mioglobinaren hemo taldean dagoen burdina burdina(II) izaten jarraitzen du -deoximioglobinan bezala-.

Irakurri gehiago

Ardoa eta txokolatea bizitza luzatzeko?

Ardoa eta txokolatea bizitza luzatzeko? –

Gaiaren interesa ukaezina denez, ikerketaren mamia -eta ez albisteena- aztertzen hasi nintzen. Laster zapuztu zen txokolatea nahi adina jan ahal izateko nuen itxaropena.

Josu Lopez-Gazpio kimikan doktoreak Zientzia Kaieran.

Azaro hasieran hedabideetan hainbat albiste argitaratu ziren txokolateak, ardoak edota kafeak, zinkarekin batera, hainbat onura ekar ditzaketela esanez. Albiste batzuk ziotenez, txokolatea eta zinka eraginkorrak dira oxidazio-estresaren aurka. Beste batzuen arabera, hain dira onak, ezen bizitza luzatu ere egin dezaketela. Guztiek urrian Nature Chemistry aldizkarian argitaratutako ikerketa bati egiten zioten erreferentzia albisteetan argitaratutakoari bermea emanez.

Ardoa eta txokolatea bizitza luzatzeko?Hainbat hedabidek argitaraturakoaren arabera, txokolateak eta ardoak bizitza luzatzen dute (Congerdesign).

Ikerketan aipatzen den moduan, oxigeno-espezie erreaktiboak -ROS, Reactive Oxygen Species-organismoan metatzea hainbat gaixotasunekin lotuta dago, hala nola arazo kardiobaskularrak, neurologikoak, hanturak eta baita zenbait minbizi mota ere. ROSak arnasketa zelularraren ondorioz ekoizten dira, baina, beste hainbat prozesutan ere izan dezakete jatorria, esaterako, UVA erradiazioek ere oxigeno-espezie erreaktiboak sortzen dituzte. Espezie horiek biomolekulak kaltetzeko gai dira, besteak beste, proteinak eta lipidoak. Egun ere ROSek gaixotasun horietan duten eragina guztiz ezagutzen ez den arren -eztabaidagaia da zientzia-komunitatean-, litekeena da antioxidatzaileak hartzea gaixotasun horiek eragina saihesteko, edo gutxienez murrizteko, bidea izatea. Hori ere eztabaida puntua da adituen artean, Zientzia Kaieran bertan azaldu nuen bezala. Hain zuzen ere, litekeena da erradikal askeen eta antioxidatzaileen teorian hain sinplea ez izatea eta dietan antioxidatzaile gehiegi hartzea ere kaltegarria izatea.

 

Albisteek diotena

Ardoa eta txokolatea bizitza luzatzeko?

Hedabideetan, prentsa idatzian zein Interneten, sarritan ikerketen emaitzak ez dira modu zuhurrean eta zintzotasunez lantzen (USA-Reiseblogger).

Hedabide orokorretan irakurgai dagoen informazioaren arabera, ardoan, kafean, tean eta txokolatean dauden antioxidatzaileak -polifenolak edo, zehatzago, hidrokinonak- oxidazio-estresaren aurka lagundu dezakete. Hori bai, Nature Chemistry aldizkarian argitaratutako ikerketaren emaitzen arabera, eragin hori handiagoa da inguruan zinka baldin badago. Zinkak eta hidrokinonak oxidazio-estresaren aurka lagundu dezakete eta, hortaz, bizitza luzatzen laguntzen dute. Hidrokinonak ardoan, kafean, tean eta txokolatean daudenez, elikagai horiek bizitza luzatzeko eraginkorrak dira. Besterik gabe.

Ikerketak dioena

Ward, Schitler eta haien lankideek argitaratu berri duten ikerketan superoxido dismutasa katalizatzaileak imitatzen dituzten molekulak aztertu dituzte. Superoxido dismutasak superoxidoak -ROS mota bat- eliminatzen dituzten entzimak dira eta organismoan ditugu. Dakigunez, bide terapeutiko erakargarria da superoxido dismutasen antzekoak diren molekulak kanpotik gehitu ahal izatea oxigeno-espezie erreaktiboei aurre egiteko. Konposatuok erradikal askeen deskonposaketa katalizatuko lukete arrisku gutxiago ekartzen duten oxigeno eta ur oxigenatu molekulak emanez. Ikertzaileen berrikuntza zera izan da; orain arte konposatu imitatzaile horiek manganeso metala zuten eta horrek hainbat kalte ekar ditzake -osasunerako kalteak, konposatuen ezegonkortasuna-, baina, orain, manganesoaren ordez metal gisa zinka duten konposatu bat aurkitu dute.

Proba gehiago egiten badira eta ikerketa aitzindari honek baieztatu duena gizakiongan ere horrela dela frogatzen bada, baliteke noizbait ardoari edo txokolateari zinka gehitzea osasunarentzat onuragarriagoa izateko. Alabaina, momentu hori oraindik nahiko urrun dago. Horrexegatik, hedabideetan irakurritako albisteetan hainbat puntu nahasgarri daude, azalpen sakonagoa eskatzen dutenak. Alde batetik, ikerketak gauza oso zehazta aztertu du: zinkaren eragina molekula jakin batekin elkartzen denean. Hortaz, elikagaiak ez dira osotasunean aztertu eta ezin da jakin elikagaien dauden beste osagaien presentzian gauza bera gertatuko den edo ez. Bestetik, elikagaiak osotasunean aztertu behar dira eta ez osagai zehatz bati bakarrik begiratuta. Ardoak polifenolak ditu, bai, baina beste osagaiek alkohola osasungarri ez izatea eragiten dute. Ivana Ivanovic-Burmazovic ikerketaren sinatzaileetako batek hori bera azpimarratu zuen The Independent hedabideak elkarrizketa egin zionean. Zinkaren eta polifenolen artean eragin positiboa egongo balitz ere, ardoak duen alkoholaren eraginez inoiz ez da izango edari osasungarri bat.

Horretaz gainera, argitaratu berri den ikerketan ez dira polifenol guztiak aztertu: zinkarekin lotzeko gai den molekula bakar bat aztertu dute. Baliteke haren antzeko egitura molekularra duten beste konposatu batzuen erreaktibitatea berdina edo antzekoa izatea, baina, hori ez da frogatu. Esandako guztia gutxi balitz, garrantzitsuena falta da. Animalietan ez da probarik egin, beraz, ez dago frogatuta, gizakiongan eragin positiboa izango duenik. Ikerketan konposatu oso zehatzak aztertu dira guztiz kontrolatuta dagoen ingurune batean, eta ez gizakion organismoa den koktel kimikoaren barruan. Azkenik, hidrokinonak edo beste polifenolek zinkarekin batera superoxidoen aurka gure organismoan eragina izango balute, eta benetan peroxidoen kontzentrazioa murriztuko balute ere, ez dago frogatuta horrek ROSek eragindako gaixotasunen aurka eraginik izango lukeen edo ez.

Ardoa eta txokolatea jan nahi badugu gure bizitza luzatzeko asmoz, momentuz behintzat itxaron egin beharko dugu. Hedabideetan irakurritako albisteak tentu handiz irakurtzeak ere ez digu kalterik egingo.

.

Erreferentzia bibliografikoa:
Ward Meghan B., Scheitler Andreas, Yu Meng, Senft Laura, Zillmann Annika S., Gorden John D., Schwartz Dean D., Ivanovic-Burmazovic Ivana, Goldsmith Christian R. (2018). Superoxide dismutase activity enabled by a redox-active ligand rather than metal. Naure Chemistry, 10, 1207-1212. DOI: https://doi.org/10.1038/s41557-018-0137-1
Informazio osagarria: Eating chocolate combined with zinc could help you ‘live longer,’ study suggests, independent.co.uk, 2018.
Ardoa eta txokolatea bizitza luzatzeko  Ardoa eta txokolatea bizitza luzatzeko?

Popeyeren akatsa

Popeyeren akatsa –

1929an Elzie Crisler Segar komikigileak eginbehar berezi bat jaso zuen: Estatu Batuetako espinaka ekoizleek barazki horren kontsumoa sustatzeko komiki bat sortzea eskatu zioten. Komikiaren protagonista hain ezaguna den Popeye marinela zen eta barazkien kontsumoa handitzea zen komikiaren helburuetako bat.

Garai hartan espinaken kontsumoa nabarmenki hazi zen (%30 inguru) eta sarritan entzun izan da espinakek burdin eduki altua dutela beste barazki edota elikagaien aldean. Alabaina, espinaken eta Popeyeren inguruan entzuten eta irakurtzen diren kontuak ez dira zuzenak, askotan errepikatu badira ere.

Popeyeren akatsa

Popeyeren irudia Bigarren Mundu Gerra garaiko kartel batean. (Arg: U.S. National Archives and Records Administration – Iturria: commons.wikimedia.org)

Organismoak burdin gabezia duenean anemia sufritzeko arriskua dago. Burdina behar-beharrezkoa da hemoglobinak bere funtzioa oxigenoa zeluletaraino garraiatzeabete ahal izan dezan. Baina ez hori bakarrik. Burdinak ere garrantzi ordezkaezina du DNAren sintesi-prozesuan, erradikal askeen suntsipenean eta garunaren garapenean, besteak beste. Guzti horretarako, dietaren bidez burdina kontsumitu behar dugu eta hainbat elikagairen bidez lor dezakezu burdina preziatu hori. Espinakak ere burdina du, bai, baina uste zena baino askoz ere gutxiago: 27 mg/kg, hain zuzen ere. Elikagai asko daude espinakek baino burdina gehiago dutenak, esaterako, curryak 295 mg/kg ditu, oilasko gibelak 120 mg/kg, mertxikak 41 mg/kg eta dilistak 33 mg/kg. Egun ezagutzen denez, gainera, espinakak azido oxaliko asko dauka -600 mg/kg, gutxi gorabehera- eta horren ondorioz, espinakak duen burdinaren %5 bakarrik asimilatzen dugu. Dilisten kasuan ere antzekoa gertatzen da azido oxaliko edukiaren kausaz eta, hortaz, barazki horiek ez dira burdina iturri egokienak. Berberetxoak -260 mg/kg burdina- eta odolkiak -300 mg/kg-, esaterako, burdin ekarpen handiagoa egiten dute.

Popeyeren akatsa

Espinaken burdin edukia ez da bereziki altua, badira beste elikagai asko burdin gehiago dutenak. (Arg: kkolosov Iturria: pixabay.com)

Nondik dator orduan espinakek burdin asko dutela pentsatzearen ustea? Antza, akats tipografiko baten erruz izan zen hau; izan ere, 1870eko zientzia-argitalpen batean espinakaren burdin-edukiaren zifrari dezimalen koma jartzea ahaztu zitzaien. Komarik gabe, espinakak hamar aldiz burdina gehiago zeukala zirudien. Zientzialariek 1981ean izan zuten akats horren berri eta konturatu ziren espinakaren burdin edukia ez zela horren altua. Akatsa konponduta, gainera, espinakak ez dira barazki gomendagarrienak haurrentzat; izan ere, nitrato eduki handi samarra dute. Elikagaien Segurtasunerako Europako Agentziak (EFSA), esaterako, ez du gomendatzen 1 eta 3 urte bitarteko haurrek astean behin baino gehiagotan espinakak jatea.

Akatsik ez al zen egon?

Popeye eta burdinaren akatsak zenbait eztabaida ere eragin ditu eta, zenbait adituk diotenez, burdinaren dezimalaren akatsa ez zen inoiz gertatu. Antza 1981ean zabaltzen hasi zen burdinaren edukian gertatutako akats tipografikoaren kontua, baina, inoiz ez da frogatu argitalpen hori existitu denik. L. Kovács eta haren lankideek egindako ikerketen arabera, ustezko dokumentu horren existentzia ez da inoiz frogatu ahal izan eta, hortaz, espinakek burdin eduki txikia dutela egia da, jakina, baina, Popeyek ez ditu espinakak jaten haien burdin edukiarengatik. Hain zuzen ere, ikertu zutenaren arabera 1870eko artikulu hori ez da inoiz existitu eta akats tipografiko horren ebidentziarik ezin izan dute jaso. Egia da sarean hainbat lekutan irakur daitekeela kontu horren berri, baina, litekeena da egia ez izatea. Gainera, jakina da Popeye protagonista den komikian inoiz ez dela aipatzen espinakek burdina asko dutenik eta, izatez, A bitamina edukiaren ondorioz aukeratu zuten espinaka izatea Popeyeri indarra ematen dion barazkia.

Honek hausnarketa garrantzitsu batera eraman behar gaitu; izan ere, Popeyeren espinaken kasuan praxi zientifiko desegokiaren adibide argia dugu. Gezur bat azaleratzeko ebidentzia zientifikorik ez erabiltzea, alegia, espinakek burdin eduki baxua dutela baieztatzeko existitzen ez den argitalpen bati erreferentzia egitea eta bibliografia aztertu gabe mezu desegokiak zabaltzea. Informazio desegokia zabaltzea bezain larria da ebidentzia zientifiko okerrekin mito horiei aurre egitea, edo zientziaren izen ona erabiltzea gustukoa ez den ideia bati aurre egiteko. Polita zen Popeyeren eta espinaken akatsa dezimal baten koma ahazteagatik izan zela esatea, baina, hori horrela denik ezin da frogatu.

Informazio osagarria:

...

Egileaz: Josu Lopez-Gazpio (@Josu_lg) Kimikan doktorea eta zientzia dibulgatzailea da. Tolosaldeko Atarian Zientziaren Talaia atalean idazten du eta UEUko Kimika sailburua da.

Zientzia Kaierak idatzia 

Popeyeren akatsa

Burujabetza, ekologia, kapitalismoa, EuskalHerria

Burujabetza, ekologia, kapitalismoa, Euskal Herria – 

zuzeu.eus/burujabetza-ekologia-kapitalismoa-euskal-herria

Bizi! mugimenduak ekarpen biziki interesgarria egin du udazken honetan “Burujabe” proposamenaren plazaratzearekin. Abertzaleak ez diren hainbat ezkertiarrentzat ekologia eta burujabetzaren arteko lotura egitea ez da hain erreza, askorentzat burujabetza kontzeptuak “nazionalismoaren” kutsu ezkorra duelako. Alta, kontzeptu hori despolitizatu nahi bada, (eta doi menperatzen dudan eremu bat aipatzeagatik), burujabetza eta ekologiaren arteko lotura agerian eman zuen goi mailako ekonomilari baten erreferentzi deigarria aipatu daiteke hemen.

Burujabetza, ekologia, kapitalismoa, Euskal Herria

Ekonomilari hori Elinor Ostrom (1933-2012) deitzen zen, 2009an Nobel saria ekonomian erdietsi zuen lehen eta emazte bakarra. Ondasun edo baliabide komunalen inguruan egin zituen ikerketengatik eman zitzaion Nobel saria. Elinor Ostrom-ek ingurumenari loturiko baliabide komunalak ikertu zituen munduan zehar : larreak, ohian eremuak, arrain espeziak, ureztatze sistemak, etab… Baliabide horiek ekonomian funtsezko bi ezaugarri dituzte: haien ustiaketa debekatzea zaila da, pertsona bakar batek ezin ditu monopolizatu. Aldi berean, ezin dira nola-nahika kudeatu, denei idekiak direnez, gain-ustiaketa dinamika batek arriskuan jartzen ditu ; batzuen aburuz hori delarik komunalen trajedia. Ulertzen denez, komunalak ez dira baliabide pribatuak, baina ez dira ere ekonomian baliabide publiko gisa kontsideratzen. Hori dela eta, Elinor Ostrom-ek ondoko ondorioa agerian eman zuen : merkatua eta Estatuaren artean, komunalen ustiaketa tokiko komunitateen eskuetan uzteak osatzen du horien kudeaketa modurik eraginkorrena. Bere liburu ezagunenean (“La gouvernance des biens communs : Pour une nouvelle approche des ressources naturelles”, De Boeck) esplizitatu zuen emaitza horrendako lortu zuen Nobel saria ekonomian. Baina bere ekarpena ez da hortan mugatzen.

Zeren Elinor Ostrom-en azterketen ondotik indarra hartu duten komunalen inguruko ikerketek kapitalismoaren sorrera, XVI. mendeko Inglaterran, komunalak ziren lur kolektiboak indarrez pribatizatzeko ekimen bortitzean (“enclosure” deituriko prozesua) errotzen dela gogora ekarri digute. Eta iraganaz gain, Elinor Ostrom-ek geroari begirako gogoeta lerro interesgarriak ideki zituen ere bere bukaerako lanetan, komunalen ideia XXI. mendeko ezagutza baliabideei zabalduz. Modu hortan, Wikipedia bezalako eremua baliabide komunala gisa kontsideratu daiteke. Jabetza pribatuaren logikari bizkar emanez, nehorena ez den esparru hori denen ekarpenari esker eraiki daiteke, era alternatibo batez. Kontzepzio hori orokortuz, frantses ezkerraren baitan batzuk komunalen kontzeptuan oinarritzen dira kapitalismoaren alternatiba berritua pentsatzeko orduan (ikusi : “Vers une République des biens communs ?”, les liens qui libèrent).

Azkenik erran behar komunalen eztabaidan Euskal Herriak kokapen berezia duela, gure Herrian komunalen tradizio handi bat dugulako. Jakina denez, komunalek euskal (ohiko) zuzenbidearen kategoria bat osatzen dute. Eta (ohiko) zuzenbide honen tradizioa oraindik bizirik segitzen du, Ipar Euskal Herrian horren hondarrak oihan eta mendi eremuak kudeatzeko indarrean dauden “sindikatu”etan aurkitu daitezkeelarik adibidez. Jasone Mitxeltorenak zuzenbide tradizio honen aurkezpen osatua proposatzen digu “Auzolanaren kultura” (Txalaparta) liburuan. Hain zuzen ere, komunalen inguruko praktika kolektiboa auzolanaren bitartez deklinatzen baita. Konstatazio hori egungo arora ekarriz, Jasone Mitxeltorenak Wikipedia euskaraz XXI. mendeko auzolan modu bat dela iradokitzen du (hortan E. Ostrom-en azterketarekin bat eginez…). Komunalen kontzeptuan oinarrituz, ingurumenaren zaintzabideak eta sistema kapitalistari begirako alternatiba konkretuak jorratzeko lerroak aurkitzeko ahal badira, euskal kulturak eta bere praktika komunitarioek gogoetarako pista interesgarriak eskaintzen dizkigutela ondorioztatu behar dugu. Aspaldiko garaietan, Ezker Abertzaleak askapen mugimendua sozialismoari lotuz, nazio borroka gatazka sozialaren bitartez eraberritzeko bidea ideki zuen.

Elinor Ostrom-ek baliabide komunalen inguruan egin dituen ikerketek erakusten dutenez, ingurumenari loturiko problematikak burujabetza, kapitalismoa, eta Euskal Herriari begirako perspektiba berri bat eskaintzen ahal digu. Eta nere iritziz, horixe da Bizi! mugimenduaren “Burujabe” dokumentuak egiten duen funtsezko ekarpena (formalizatzen dituen proposamen zehatzekin batera): ekologiaren alorretik abiatuz, burujabetza, kapitalismoa, eta Euskal Herriaren ikuspegi berritu bat eskaintzea.

Xabi Larralde 

Burujabetza, ekologia, kapitalismoa, Euskal Herria

Elikagai berriak probatzeko beldurrari aurre egiten

Elikagai berriak probatzeko beldurrari aurre egiten –

Elikagai berriak probatzeko beldurrari edo probatu nahi ez izateari elikagai-neofobia esaten zaio. Elikagai berriak errefusatzeko jokaera arrunta da haurren garapenean, batez ere 2-3 urteko haurretan, eta bost urte ingururekin pasatu egiten da. Baina ohikoa izatera hel daiteke helduaroan ere.

Honen inguruan UPV/EHUn 8-16 urteko haurrekin egindako azterketa berri batean, ondorioztatu dute haur neofobikoek dieta mediterraneoaren kalitate-maila txikiagoa dutela, antsietate handiagoa dutela eta autoestimu txikiagoa.

Elikagai berriak probatzeko beldurrari aurre egiten

Irudia: Elikagai berriak probatzeko beldurra duten haurrak, neofobikoak dira. Denetik jaten dutenak eta elikagai berriak probatzea atsegin duten haurrak aldiz, neofilikoak.

Edurne Maiz Aldalur ikertzailea Nafarroako Unibertsitatean Giza Nutrizioan eta Dietetikan diplomatua zen eta gerora Psikologian lizentziatu zen UPV/EHUn. Azken urteotan ikerketan aritu da eta “Lunch Time! Body composition, lifestyles, psychological variables and their relationship with food neophobia in childhood and adolescence” izeneko tesia egin berri du.

Ikerketa egiteko 8-16 urteko 831 ikasleren neofobia edo elikagai berriak probatzeko beldurra aztertu du, elikagai berriak jateko duten joerari buruzko galdera-sorten bidez. Horrez gain, haurren gorputz-konposizioari lotutakoak hainbat datu hartu zituzten: haien bizimoduari buruzkoak (adibidez, elikadura eta ariketa fisikoa), gurasoen elikadura-ereduari buruzkoak eta hainbat aldagai psikologikorekin lotutakoak (autoestimua eta antsietatea). Horrekin guztiarekin, “alde esanguratsuak ikusi ditugu aldagai askotan, alde estatistikoki esanguratsuak”, adierazi du Edurne Maizek.

Emaitza esanguratsuak

Jokaera neofobikoak ondorio dietetiko kaltegarriak izan ditzake, elikagaien aniztasuna murriztu egiten baita. Dieta mediterraneoaren kalitate-maila txikiagoa dute azterketan parte hartu duten haur neofobikoek; ziur asko, funtsean, fruta eta barazki gutxiago jateagatik eta aldian-aldian jan beharreko elikagaiak maizago jateagatik gertatzen da hori.

Oro har, seme-alabek zer, zenbat eta noiz jaten duten kontrolatzeko joera dute gurasoek eta sarritan behartu egiten dituzte seme-alabak elikagai berriak jan ditzaten. Presio horrek, elikagai berriak probatzera behartzean sortutakoak, eragin kaltegarriak izan ditzake haurraren egoera emozionalean eta, bestalde, neofobia-maila handiagoetara eramaten du haurra.

Ikerketan, haur neofobikoek adierazi dute beren gurasoek estimulazio bidezko elikadura-eredua erabiltzen dutela eta haur neofilikoen (denetik jaten duten eta elikagai berriak probatzea atsegin duten haurren) gurasoek baino gutxiago kontrolatzen dituztela. “Ondorioztatu dugu —adierazi du Edurne Maizek— gurasoek hasiera batean asko kontrolatzen eta estimulatzen dituztela seme-alabak, baina uneren batean etsi egiten dutela, gurasoek ere sufritu egiten baitute egoera horrekin“.

Antsietateari dagokionez, datuek adierazten dute bai haurtzaroan bai nerabezaroan, parte-hartzaile neofobikoek neofilikoek baino antsietate-maila handiagoak dituztela. Halaber, autoestimuari dagokionez, haur neofobikoek neofilikoek baino puntuazio baxuagoak lortu dituzte autokontzeptuarekin lotuta aztertutako bost dimentsioetan (familia, gizartea, fisikoa, emozionala eta akademikoa); nerabe neofobikoek, berriz, puntuazio baxuagoak lortu dituzte familiarekin lotutako autokontzeptuan eta fisikoan.

Pazientziaz hartu beharreko gaia

Pazientzia hartzeko mezua helarazi nahi die ikertzaileak gurasoei, “haurren elikagai-neofobiako kasuak garatu ez daitezen, eta areagotu ez daitezen”; izan ere, “ikusi da heldu eta haur askok dutela arazo larri bat arrazoi horregatik”, azaldu du. Ikertzailearen iritziz, arazo hori saihesteko, garrantzitsua da haurren eta gurasoen arteko lotura sendoa izatea, eta, bestalde, gomendio hauek egiten ditu: “otorduetan giro atsegin eta lasaia izatea, haurrek janaria prestatzen eta erosten parte hartzea, errefortzu positiboak erabiltzea eta, azkenik, gurasoak eredugarri izatea”.

Erreferentzia bibliografikoa:
Maiz, E., Maganto, C. (2012). Evaluación de la Obesidad Infantil: IMC versus Bioimpedancia. En Asociación Española de Psicología Conductual (Eds.), Avances en Psicología Clínica (54-58. or.). Madril. ISBN: 978-84-695-3599-8

Iturria: 
UPV/EHUko komunikazio bulegoa: Eragin dietetiko kaltegarriak izan ditzake elikagaiak, berriak probatzeko beldurrak.

Zientzia Kaierak idatzia

Elikagai berriak probatzeko beldurrari aurre egiten

Usue Pérez-López: “Elikagaien antioxidatzaile kopurua areagotzea da ikertzaileen helburua”

Usue Pérez-López: “Elikagaien antioxidatzaile kopurua areagotzea da ikertzaileen helburua” –

Animali zein landareetan aurkitzen diren konposatu organikoak dira antioxidatzaileak. Esate baterako, fruitu edo landareei kolore gorria, berdea edo laranja ematen dieten pigmentuak konposatu antioxidatzaileak dira. Sarri esaten da hauen kontsumoak osasuntsu mantentzen laguntzen gaituela. Hala baieztatu dute gainera azken urteetan egin diren hainbat ikerketa epidemiologikok. Baina zer dira zehatz-mehatz konposatu hauek eta zein funtzio betetzen dute izaki bizidunetan?

Galdera hauei erantzuna bilatzeko, Usue Pérez-López UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia fakultateko irakaslearekin izan gara. Bere esanetan, konposatu antioxidatzaileen kontsumoak minbizia edota gaixotasun kardiobaskularren intzidentzia murriztu dezake.

Zientzialari izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

#Zientzialari (70)

Zientzia Kaierak idatzia

Usue Pérez-López: “Elikagaien antioxidatzaile kopurua areagotzea da ikertzaileen helburua”

Geure burua plastifikatzen gabiltza

Geure burua plastifikatzen gabiltza – 

Leire Narbaizak Gipuzkoako Hitzan argitaratutako iritzi artikulua, salabardoak Kalamuatik Txargainera blogetik jasoa.

Goizean okindegira joan naiz. Etxetik irtetean ez zen euririk, baina zaparrada ederra bota dit bidean. Ogia eta erositakoa plastikozko zorro garden baten sartu dizkit dendariak, busti ez zitezen. Esan diot ea poltsa garden horretan sartu beharrean, heltzeko lekua duen baten sartuko zidan guztia, euria goian-behean ziharduelako; berak ezetz, kobratu barik ezin zidala halakorik eman.

Gero, botikan sartu naiz. Zoritxarrez, gauza bat baino gehiago erosi dut, eta ezer esan gabe, plastikozko poltsa heldulekudun baten sartu dizkit botikok. Eskatu eta kobratu barik. Eskerrak, pentsatu dut, horrela okindegian erositakoa hala moduz eroateko aukera emango dit.

Askoz geroago, Eroskira joan naiz. Ordaintzeko ilaran jarri, eta kutxara ailegatu bezain laster, langileak, agurtu ostean, “poltsarik?” galdetu dit, era guztiz automatizatuan, agurraren partea balitz lez. Ordurako, etxetik pasatuta nengoen, eta zorro iraunkorragoa, errekaduetarako poltsa, hartuta nengoen. Jakina, ezetz esan diot.

Hiru saltegi, hiru errealitate. Beti plastikoa protagonista. Hiruretan, baina, poltsa hauen kudeaketaz badago zer esana. Batetik, okindegian. Eskatu (eta kobratu) barik zorro garden bat eman dit, plastikozkoa, jakina. Heldulekuduna handixeagoa izango da, baina ez horrenbeste. Beraz, zergatik bata kobratu eta bestea, gardena, kobratu ez? Ez ote dute biek antzera kutsatzen? Inguruneari sortzen dioten kaltea ez ote da parekoa?

Bestetik, botikan —inongo botikatan— ez dute inoiz zorrorik kobratzen. Normalean, produktu bakarra erosita ere, zorrotxo ñimiño baten entregatzen ahalegintzen dira botikariak. Eta beti esan behar mesedez ez emateko plastikozko poltsarik, nire eskuko poltsan sartuko dudala. Sarritan, hau esaten dudanean harridura aurpegiz begiratzen didate, jende gutxik errefusatuko dien seinale.

Azkenik, Eroskin egiten dutena bada bitxia, zerbait esateagatik. Arrandiaz zabaldu dute lau haizeetara plastikoen murrizketaren alde dabiltzala, halako neurriak (poltsak kobratuta, alegia) ezarrita. Baina, era berean, soltean erositako produktu batzuk plastikozko doako poltsa gardenetan sartu behar dira, bai ala bai. Esate baterako, fruta eta barazkiak. Pieza bakarra erosita ere, plastikoan sartu behar da pisatu eta etiketa jartzeko (hori zoritxarrez, supermerkatuetan ez ezik, auzoko fruta-dendetan ere pasatzen da). Antzeko-pareko supermerkatuetako arrandegi, harategi, urdaitegi eta abarretan. Baina kutxara iritsitakoan ordaintzeko poltsa eskaini. Zein da helburua, beste salgai bat gehiago izatea zorroa? Edota gizartearen aurrean ekologista itxura ematea?

Geure burua plastifikatzen gabiltza

Honetaz gain, ezin dugu ahaztu alferreko zenbat ontzi daramaten jaki askok, batez ere fruta eta ortuariek. Platanoak, esaterako, poltsaratuta egoten dira ia gehienetan. Absurdoetan absurdoena. Normala da Biluztu ezazu fruta kanpaina martxan jarri izana. #DesnudaLaFruta sartuz gero, edozein bilatzailetan ikusiko dituzue zenbat plastiko alferretan dauden ontziratuta elikagaiak. Noren mesedetan? Zein asmorekin? Etxe, kale eta itsasoak mukuru betetzeko? Gu geu plastiko bihurtzeko?

Zer egin? Birziklatu! Ezinbestekoa da, jakina. Ezinbestekoagoa, baina, berrerabiltzea. Baina guztiaren gainetik murriztea da premiazkoena, zeharo plastifikatu ez gaitezen, ez gaitzaten. Biluztu dezagun gure erosketa!

Geure burua plastifikatzen gabiltza

Zergatik egiten digu alkoholak kalte?

Zergatik egiten digu alkoholak kalte? –

Gaur egun alkohol-kontsumoa oso hedatua dago gure gizartean. Nahiz eta oso onartua izan, alkohola drogatzat hartzen du Munduko Osasun Erakundeak. Izan ere, alkoholaren gehiegizko kontsumoa asaldura fisiko zein psikiko kaltegarriekin erlazionatuta dago. Ordea, ezinezkoa da osasunari orokorki kalte egiten dion alkohol kantitatea zehaztea, beste hainbat gauzen artean, alkoholaren zinetika nahiko aldakorra izan daitekeelako.

Zergatik egiten digu alkoholak kalte?

Nahiz eta oso onartua izan, alkohola drogatzat hartzen du Munduko Osasun Erakundeak. Izan ere, alkoholaren gehiegizko kontsumoa asaldura fisiko zein psikiko kaltegarriekin erlazionatuta dago.

Etanola, aho bidez emanda, xurgapena prozesu zinetikoa jasan behar izaten du odolera iristeko. Odolera iritsita, ehun eta gorputzeko likidoetara ailegatzen da eta bere efektu akutuak (euforikoak zein kaltegarriak) eragiten ditu. Alkohola gibelean metabolizatzen da eta gernu, arnas eta gorozkien bitartez iraizten da. Hori dela eta, arnas bidez kanporatzen den alkohola erabiltzen da alkoholemia-kontrolak egiteko.

Alkohol kantitate handia hartzearen ondorioz intoxikazio akutua gertatzen da. Koadro klinikoan oldarkortasuna, sexu-jokabide ezegokia, oroimen galerak edo gogo-aldartearen aldaketa zakarrak, besteak beste, agerian jartzen dira. Intoxikazio ondoko sintomak oso anitzak dira (buruko mina, egarria, bertigoa, goragaleak…) eta pare bat egunean desagertzen dira.

Alkoholaren luzaroko kontsumoaren ondoren, organismoak zenbait moldaketa garatzen ditu, batez ere sistema GABAergikoan eta glutamatergikoan. Egoera honetan, gorputzak normaltasunez funtziona dezake nahiz eta alkoholaren eraginak nabaritu. Gizakia alkoholaren menpeko bihurtu denean eta ez duenean alkohola eskuragarri, abstinentzia-sindromea pairatzen du. Beste alde batetik, alkoholaren luzaroko kontsumoak efektuen intentsitatea murrizten du, hau da, tolerantzia garatzen da. Tolerantzia hiru mailatan gertatzen da: (1) gibeleko alkohola metabolizatzeko ahalmena handitzen da, (2) organismoa konpentsazio mekanismoak garatzeari esker egoera egokian lan egitera ohitzen da eta (3) organismoan aldaketak gertatzen dira alkoholaren eragin jarraituari egokitzeko.

Alkohol-kontsumoa bertan behera uzteak abstinentzia-sindromea eragiten du.Alkohol-kontsumoaren iraupenak, kantitateak eta metabolismo-abiadurak baldintzatzen dute sindromearen larritasuna. Sindrome honen sintomak alkoholaren efektuen errebotearenak dira. Hurrengo 6-8 orduetan arinak agertuko dira (goizeko suminkortasuna, anorexia, takikardia edo hipertentsio arinak). Sintoma hauek 3-5 egun iraun dezakete. Hurrengo egunetan gerta daitezke konbultsioak eta haluzinazio alkoholikoak izenekoak. Une horretan egoera okerragotzen bada delirium tremens gerta daiteke, ospitalean tratatu beharreko gaitza. Tratamendu egokia jaso ezean, pazienteen %15a hil egiten da.

Alkohol-kontsumoaren kontrola galdu duenari alkoholikoa deritzo. Gaur egun, alkoholismoaren intzidentzia areagotuz doa. Ez dago alkoholismoaren jatorri eta jarraitasuna azaltzen den zergati bakarra, izan ere, badirudi gaixotasun honetan parte hartzen dutela gene eta adina bezalako fisiologia-faktoreek. Denborarekin, alkoholikoak oroimen-alterazioak eta kontsumo-kontrolaren galera izaten ditu eta ez da higienez, lanpostuaz edo harreman pertsonalez batere arduratzen. Desintoxikazioak bi helburu ditu, alkoholarekin lotutako sintomak ezabatzea eta gaixoari alkohola edatea saihestea. Zoritxarrez, tratamenduak arrakasta izan arren gaixoa berriro edaten hasten da sarritan eta etanolak eragindako arazo kronikoak ere tratatzeko beharra dago gaixo hauengan. Ager daitezkeen gaixotasunen artean, gibel-gutxiegitasuna, pankreatitis akutua, neuropatia alkoholikoa edo gastritis kronikoa aipa daitezke.

Artikuluaren fitxa:
  • AldizkariaEkaia
  • Zenbakia: Ekaia 31
  • Artikuluaren izena: Zergatik egiten digu alkoholak kalte?
  • Laburpena: Gaur egun, alkohol-kontsumoa oso hedatua dago gure gizartean. Nahiz eta gizartearen aldetik oso onartua egon, iradoki izan da batetik efektu euforikoak eragiten dituela, eta bestetik asaldura fisiko zein psikiko kaltegarriak eragin diezazkiokeela organismoari. Alkoholaren zinetika nahiko aldakorra izan daiteke eta horrek nabarmen baldintzatzen ditu organismoan sortzen diren eragin akutuak. Bestalde, alkoholaren luzaroko kontsumoak ere efektu kaltegarriak ditu, esate baterako, menpekotasuna. Ondorioz, gizakiak alkoholdun edariak hartzeko behar handia sumatzen du. Horrekin lotuta, alkoholikoak tolerantzia garatuko du, eta gero eta alkohol kantitate handiagoak beharko ditu. Artikulu honetan, berrikusi egingo dira gorputzeko alkohol kontzentrazio handiagoak baldintzatzen dituzten prozesu zinetiko garrantzitsuenak, baita alkoholak eragindako efektu akutuak zein kronikoak ere.
  • Egileak: Teresa Morera-Herreras, Irrintzi Fernandez-Aedo, Cristina Miguelez, Asier Aristieta eta Luisa Ugedo
  • Argitaletxea: UPV/EHUko argitalpen zerbitzua
  • ISSN: 0214-9001
  • Orrialdeak: 21-32
  • DOI10.1387/ekaia.16356

...

Egileez: Teresa Morera-Herreras, Cristina Miguelez, Asier Aristieta eta Luisa Ugedo UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Farmakologia Sailekoak dira eta Irrintzi Fernandez-Aedo, UPV/EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Erizaintza Saila I.ekoa.

Zientzia Kaierak idatzia 

 

[Lekaioak VI] Sagarrondoak ez du Aizkorri ikusi behar

Sagarrondoak ez du Aizkorri ikusi behar –

Gabon konpota RZ zuenganatuta, hurrengoa Sagar erreak RZ pentsatuta genuen. Gurean hain garrantzitsu den sagarraren inguruko Beñat Hach Embarek-ek zuzeun bere Lekaioak serieko atal berria hemen.

Beñat Hach Embarek – zuzeu

Irakurleak parean daukan lan sorta honen helburua zera da: batetik, desagertzear den ondare etnografikoa jasotzeko proposamen bat luzatzea eta, bestetik, haren zabalkunderako transmisio-guneak ahalbideratzeko aukera erakargarri bat aurkeztea. Urretxu-Zumarragako Lekaio Kultur Elkarteak horretan dihardu.

Garai batean ia etxe guztietan egiten zen sagardoa, eta etxe guztietan zen gogoko sagarra.  Hala ere, ez zen zaintzen zen landarea. Berez, arbola ingurua aitzurtzea  eta  ongarritzea komenigarria omen da. Horretaz gain, eguzkia maite duen zuhaitza da, baina babesetik beti ere. Sagarrondoak ez du Aizkorri ikusi behar(hegoaldea, alegia). Hala diote behintzat.

Sagarrondoaren loratzeak ere bazuen eragina ondorengo prozesu guztian. Hala badira horren adierazle diren esaera batzuk:

Apiilleko loria, ezpalitz obia.

Maietzeko loria, urria baiño obia

Ekaiñeko loria, batez baiño obia

Lorerik preziatuena maiatzekoa zen, hark abiaraziko zuen urte hartako sagardoaren nondik norakoa. Okerrena, berriz, apirilekoa. Gaur egun jada ez dugu garai batean ezagunak ziren sagarren laurdenik ere ezagutzen. Gure herriotan sagar motaren bat gogoko  badute, hori Errezil sagarra da. Gordinik, erreta, menbrilo eginda, konpotan… era guztietara ondo geratzen den sagarra. Baina badira beste hainbat horren ezagunak izango ez direnak. Hona hemen inguruan jasotako hainbat izen. Bide batez, inork gai honi buruz informaziorik nahiko balu Sagardoa.eus  gunean badu informazio gehiago.

Sagarrondoak ez du Aizkorri ikusi behar

Errezil sagar: sagar txurten-motza. Nahiz eta gazia izan, badu gozotasunetik ere. Oso preziatua da.

Errezil gorri: zuri- horixka, zukuduna eta usain gutxikoa den sagar gazia.

Errege sagar:  ipurdi aldea nabarra duen  errezilen familiako sagar gazi-geza.

Mokote: bi daude, udazkenekoa eta negukoa. Udazkenekoak ale handiagoa omen du, baina negukoa gozoagoa omen da.

Txalaka: gazi-garratza den sagar urtsua. Sagardogintzan estimatuena omen da.

Motel:  indar gutxikoa edo makala dela adierazteko modua. Normalean sagar gezari deitzen zaio horrela.

Urdin: zukuduna  eta usain gutxikoa den sagar gazi-gozoa. Estimatua da. Mondrao sagarra ere deitzen zaio honi.

Mahai sagar: eskuz hartutako sagarrak dira. Inongo kolperik ez dutenak, ale politak direnak eta jateko erabiliko direnak; sagardotarako erabiltzen ez den  sagarra.

San Juan sagar: San Juan aldera heltzen den sagarra. Goiztiarra, oso ona, baina iraupen  gutxikoa.

San Inazio sagar: San Inazio aldera heltzen den sagarra. Oso gozoa omen da, baina  honek ere iraupenik ez du.

Irakurri gehiago

Gazta erosteko orduan, kontuan hartzeko batzuk

Gazta erosteko orduan, kontuan hartzeko batzuk –

Gazta erosteko orduan, kontuan hartzeko batzuk

Gazta erosteko orduan, kontuan hartzeko batzuk  – Josebe Blanco – zuzeu

Aspaldian dut pentsatuta gaurko gaia ekartzea, eta maiz izan dut horretarako aitzakia. Ia beti, ordea, azaltzen zen besteren bat, eta, zast, erditik kendu! Baina gaurkoan ez; izan ere, bi gertaerek, denboran oso hurbilak, egin dute bat.

Lehena orain dela bi aste izan zen. Gure etxean zegoen kanpoko wwoofer bat Bilbora joan eta delicatessen denda horietako batean gazta zati bat erosi zuen; garesti, oso garesti, eta kalitatea… Ez zuela arrakasta izan, alegia. Eroslea bera engainatuta sentitu zen, izen baten atzean abiatu zen itsumustuan eta kale egin zuen.

Bigarrena bihar –gaur– gertatuko da: aurtengo lehen azoka izango dugu, kostaldean. Gure udazkeneko asteburuak hartzen dituen jarduera: azokaz azoka gazta saltzea. Aurreneko azoka beti da berezia lehena delako, elkarri negua kontatzen diogu, etxeko martxa nolakoa izan den… Asteburuak pasa ahala nekeak gero eta pisu gehiago dauka, eta berriak gero eta urriagoak dira; baina azoka guztietatik ekartzen ditugu etxera gutiziaren bat –gurekin batera dauden beste ekoizleena, askotan truke eginez– eta anekdota edo elkarrizketa bitxiren bat.

Bada, bi horiek ekarri naute arratsalde honetan gaztari buruz idaztera, ez gaztagilea naizen aldetik, baizik eta eroslearen aldetik. Saiatuko naiz azaltzen zeri erreparatu beharko geniokeen gazta erosteko orduan, atsekaberik ez izateko mahaiaren bueltan gaudela. Ea asmatzen dudan!

GAZTAREN AZALA

Gazta erosteko orduan, kontuan hartzeko batzuk

Euskal Herrian arruntena den gaztari –gehienetan ardi-gazta– gazta prentsatua deitzen zaio, prentsa baten bidez atera baitzaio gazura. Hego Euskal Herrian gutxi dira azala naturala uzten duten gaztagileak; izan ere, normalean, saldu baino lehen azala garbitzen da ur epelez eta espartzuz edota eskuilaz.

Zenbaitetan, azala errazago garbitzeko, gazta, kamara barruan dagoela, margotu egiten da, lizuna eragozten den sustantzia batez, pigmarizina. Azal hori ezin da jan, eta etiketan azaldu behar du hurrengoak: AZALA EZ JANGARRIA. Edozein kasutan, galdetu.

Lizuna dute azalak, saltzeko orduan, eskuila lehor batez garbitu egin dira, besterik ez. Gauza asko konta nitzake azaleko lizunen inguruan, baina gaurkoa erabat praktikoa izatea nahiko nuke.

Kontserbazioari begira, gaztak gutxiago sufritzen du –tenperatura aldaketak…– lizuna duela. Ideia bat egin dezazun, gogoratu zer mingarria den azala harrotzen zaigula, haragi bizian izatea gorputz atal bat. Horixe egiten dugu gaztari lizuna erauzten diogunean, babesgabe utzi.

OSAGAIAK

Esnea

Izan daiteke gordina ala pasteurizatua. Hemen, gehienok, esne gordinez egiten dugu gazta. Pasteurizazio prozesuarekin bakterioak hiltzen dira, arazoak sor ditzakeenak eta gaztagintzarako onuragarriak direnak ere.

Irakurri gehiago

Amonio bidez elikatutako landareak intsetizida natural ahalmentsuagoak

Amonio bidez elikatutako landareak intsetizida natural ahalmentsuagoak –

Landareek nitrogenoa behar dute hazteko, eta nekazaritza intentsiboan, nitrogenodun konposatuak eman behar zaizkie landareei, ezinbestean. Ohiko ongarritzeak nitratoan oinarrituak daude eta ingurumen-arazo larriak eragiten ditu; estareko, azaleko eta lur azpiko uren kutsadura eta berotegi-efektuko gasak isurtzea. Izan ere, lurreko mikroorganismoen eraginez, oxido nitrosoa aireratzen dute eta hau berotegi-efektu handiko gas bat da. Arazoari aurre egiteko asmoz, gutxiago kutsatzen duten amonio-oinarria duten ongarriak aztertu dituzte UPV/EHUko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaileek.

Nitratoa duten ongarriak izan dira nagusi landereen ongarritzeetan, izan ere amonioa erabiliz gero, landareak gutxiago hazi ohi direlako. Arazo hori arintzeko asmoz, “bestelako ongarritzeak bultzatu nahian dabiltza, adibidez, amonio eta nitrifikazioaren inhibitzaile bidezko ongarritzea. Inhibitzaileen bidez, amonioak lurrean luzeago irautea lortzen da, eta, hala, gutxitu egiten da bai nitratoen lixibiazioa bai nitrogeno-oxidoen emisioa”, azaldu du Daniel Marinok, UPV/EHUko NUMAPS ikerketa-taldeko ikertzaileak.

Amonio bidez elikatutako landareak intsetizida natural ahalmentsuagoak

Irudia: Daniel Moreno UPV/EHU ikertzaileak amonio bidez elikatzen diren landareen propietateak aztertu ditu. Ikertaren emaitzak adierazten du, amonio bidezko elikadurak konposatu intsektiziden eta minbiziaren kontrako konposatuen kontzentrazioa handitzen duela, esaterako, brokoli-landareetan.

Nolanahi ere, nitrogeno-iturri horrek badu berezitasun bat: “Landareentzat toxikoa izan daiteke, eta landareak nitratoarekin baino gutxiago haztea eragin dezake. Landareek nitrogeno-iturri horrekiko duten tolerantzia eta sentikortasuna ikertzen dugu gure ikerketa-taldean”. Gai horretan sakontzeko asmoz, landare-eredu baten, Arabidopsis thalianaren, proteoma aztertzeari ekin zioten. “Arreta inongo proteina zehatzetan jarri gabe, pentsatu genuen landareek ongarritze-mota bakoitzarekin sintetizatutako proteina-multzoen arteko desberdintasunei erreparatzea“, dio Daniel Marinok.

Irakurri gehiago

Organismoez

Organismoez – 

Zientzia Kaiera-k idatzia  César Tomé López

XVIII. mendearen amaieran, gero eta naturalista gehiagok baieztatzen zuten izaki bizidunek badituztela objektu bizigabeetatik garbiki ezberdintzen dituzten bereizgarriak.

Organismoez

Irudia: XX. mendeko 20ko urteetarako, organismo bat osatzen zuena antolaketa konplexu, espezializatu eta hierarkiko bat zen, egiturak eta funtzioak koordinatzen dituena.

Ezaugarri horietako nagusia animaliek zein landareek agertzen zuten barne “antolaketa” izango zen; naturalistak “organismoak” esaten hasi zitzaizkien. Izendapen horrek naturaren hiru erreinutako ohiko banaketa berregituratzen du eta egun dirauen banaketa azpimarratzen du: bizirik dagoenaren eta bizirik ez dagoenaren artean.

1800 urtearen inguruan, naturalista batzuek ―Georges Cuvier besteak beste― “antolaketa” organoen barne-kokapen gisa ikusten zuten, ezinbestekotzat jotzen zena bizitzaren oinarrizko ezaugarriak agertzeko. Cuvierren ustez, animalien eta landareen anatomia konparatzaileak agerian ipintzen zuen bazeudela atalen elkarrekiko mendekotasuna gidatzen zuten arau batzuk. Arau horiek fisika-zientzietan agertzen zirenak bezain zehatzak ziren.

Arau horiek berebiziko eragina izan zuten Cuvierren programa baino askoz haratago. “Ezaugarrien mendekotasunaren” legeak, adibidez, baieztatzen zuen landare edo animalia baten organo nagusietan ikusitako berezitasunek ahalbidetzen zietela anatomistei organismo osoaren egitura aurreikustea; soilik karaktere batzuk lotu ahal zitzaizkien organo nagusi jakin batzuei, bizitza posible egiteko nahitaezkoa den “atalen korrelazioa” bermatzeko.

Irakurri gehiago