Uda hasieran bisita berezia izan dugu Mahalan, Tolosaldeko Triatloi taldearena.
Bisita berezia, diogu, badirelako urte dezente, babesleak garen heinean, bidelagun gaituztela.

Hitzordua Tolosaldeko Triatloi taldea hobeto ezagutzeko profitatu nahian, Aitor Elduaienekin hitz egun dugu. “Bilakaera handia izan du taldeak”, esan digu kirolari beteranoak gogoa iraganera eramanda, “eta hiru etapa nagusi, bere argi-ilunekin”.

Mahala, Tolosaldeko triatloi taldearen bidelagun

80ko hamarkadan, loraldi bat bizi izan zuten elkarteek Euskal Herrian, baita kirol elkarteek ere. Ordurako gainera, baziren tradizio eta ibilbide handiko klubak, eta maiz horien pean kirol jarduera ezberdinak egiten ziren. Testuinguru horretan jaio zen gaur mintzagai dugun taldea, Elduaienek argitu digunez. “89an, artean Euskal Herrian triatloia pixka bat ezagutzen hasia zela, Tolosan bertan lagun talde batek erabaki zuen bere horretan triatloi talde bat sortzea, ez klub baten menpeko. Eta horrela sortu zen espainiar Estatuko lehen triatloi taldea izango zena, Tolosaldeko Triatloi taldea”.

Sorrera hartan izen oso ezagunak ere baziren tartean, gerora belaontzian zebilela karibetar uretan desagertu zen Dina Bilbao, ondarrutar tolosartua, edo orduan bikotekide zuen Josu Iztueta, Nairobitarra autobusaren gidaria; “erreferente izan zen talde bat, abentura batean sartu zena, artean ezezagun samarra baitzen triatloia. Materiala lortzeko, entrenatzeko… asmakizunetara jo edo kanpotik zetozen berrikuntzei irekita egon beharra zuten. Belaunaldi hark ekarri zuen indar hori Tolosara”.

Momentu polita bizi du taldeak, eta ez naiz mintzo kirol emaitzez. Azken urteetan taldera gazteak ari dira biltzen, beraien kabuz ate joka etorriak, eta neskak asko. Polita da hori.

Hasierako bolada hura, “bota erraz 15 bat urte, kasik 2000 urtera arte, argia, oso argia izan zen”, Elduaienen aburuz. Eta gerokoa iluna, bizpahiru urte txarretan ia desagertzeko zorian izan baitzen taldea, belaunaldi aldaketaren faltagatik. Gero, berriro suspertzen hasi eta orain “loraldi polit bat” bizi ei du berriro taldeak, hirugarren etapa, zeinetan bidelagun duten Mahala.

“Oso momentu polita bizi du taldeak, eta ez naiz mintzo kirol emaitzez. Bada 30-40 lizentziako talde bat, bada zerbait, eta batik bat giroa oso polita da. Azken urteetan gainera, taldera gazteak ari dira biltzen, beraien kabuz ate joka etorriak, 18 urte bueltakoak, eta neskak asko. Polita da hori”.

.

Tolosa eta abentura

Taldearen sorrerara bueltatua, eta zergatia ulertu nahian, “badago zerbait hemen Tolosan, sekulako mugimendua dago”, onartu digu Elduaienek. Kirolariaren aburuz, garai hartan triatloiak abentura espiritua zuen, eta hori Tolosarekin oso uztartuta dago; “abentura esan nahi dut esplorazioa, gauza berriak egin edo ezagutzea, bidaiak…. horrekin oso ezkonduta egon da beti Tolosa”. Eta espiritu horixe zuten arestian aipatutako kirolari aitzindariak ere. Arrakasta izan eta gazteak erakarri zituen horrek.

“Oso transmisio naturala izan da, ez baitugu triatloi eskolarik sortu -pendiente dugu hori-. Hasierako lagunarteari, adin batera iritsita beste kirol batzuetatik zetorren jendea batu zitzaion, zerbait berria probatzearren. Profil hori aldatzen joan da, eta orain 20 urtez azpikoak zuzenean ari zaizkigu gerturatzen. Baina kasik hitzetik hortzerako transmisioa gertatu da, Tolosaldeko Triatloi taldeak, bereizgarri bat badu, anbientea izan da-eta. Oso giro jatorreko taldea izan da, euskalduna, oso euskalduna, eta horrek erakarpen indarra du”.

Irakurri gehiago