Hara!

Jatea bekatu denean

Jatea bekatu denean – 

Seguru asko JATUNKERIA edo GULA izango da Zazpi Bekatu Nagusietatik historia aldakorrena eduki duena, ez baita berdina izan gizakiak eskaini dion begiratua, duela mila urte, duela berrehun edo atzo bertan. Bihar nola ikusiko dugun ere ez dago seguru jakiterik. Baina hori bai, ematen du bere lekua egoki betetzen duela bekatu handien artean

Jatunkeria bekatua ei da, eta handietakoa, gainera. Esan nahi baita, Erdi Arotik Errenazimentura arte, kristautasuna arau nagusi, itsu eta bakar zen garaian, janariak eta edariak bazutela Jaungoikoaren Gurtza edo Adorazioa kolokan jartzeko moduko zerbait: erritoa.

Jateko eta edateko orduan, animaliaren oroitzapena oso hurbil zeukan gizakiak oraindik, eta ahotik sartzen zuen hura eskertzeko, zeremoniak zeuzkan. Gaurko gizakiak askotan egiten duenaz bestela, ez zuen deus jaten oharkabean, dena ongi kostatakoa eta nekez irabazitakoa izaten baitzen. Jaten zuen harixe zor zion biziraupena eta bazitekeen horrek Jaungoikoarenganako betebeharrekiko distrakzioa eragitea.

Jatea bekatu denean

Gargantua – Gustavo Doré

Gosearen asetzean zorionik behinenetakoa aurkitzen zuen tximu eboluzionatuak eta Jainkoaren pareko Jainkoa zatekeen zerri baten izterra edo balea baten mingaina. Norberaren zilborra zen Jaungoikoaren konpetentziarik behinena.

Bekatua, beraz, JATUNKERIA. Jaungoikoaren kontrako bekatu galanta.

Literaturan ere bada adibide bikain bat, inork irakurri ez duen arren, beti aipatzen dena. Rabelais (1494-1553). Nik bezalaxe jakingo duzu zeuk ere, Rabelais duela Frantziako eta, batez ere, Europako literaturak aitapontekorik behinenetakoa.

Gure Detxepareren (1493-1545) garaikoa da, eta honi bezala hari, egokitu zitzaion Erdi Arotik Errenazimendurako saltoa egitea. Zentzu batean, esan dezakegu, Detxeparek zangoa ez zuela erabat Erdi Arotik ateratzerik lortu, hango neurri ilunetan geratu zela apur bat harrapatuta.

Rabelaisek, aitzitik, bidea erraztu zion Errenazimenduari eta horregatik debekatu zituen bere bost liburuak Sorbonak, heretikoak izaki. Baina, zein izan zen Rabelais-en heresia? Argitasuna eta logika apur bat elizari eskatzea. Horixe.

Superstizioa, ohikeria, ezjakintasuna eta horrelakoak zituen etsai, eta zientziarenganako miresmena lagunik handiena, gauzak sinpleki esate aldera. Idazkera sarkastikoa edo, bederen, umoretsua erabili zuen bere garaiko gizarteari argi egiteko eta, jakina, berehala izendatu zuten Erasmoren lagun, halakorik egiazki izan ez bazen ere.

Baina luzeegi goaz gaur haren liburuetako pertsonaiei buruz aritzeko. Hurrengo baterako, beraz, Pantagruel eta Gargantuaren kontuak.

Jatea bekatu denean

sukaleku.net bloga – 2011

Kategoriak

Egilea

Xolomo Sapiens Xolomo Sapiens

Elkarbanatu & Inprimatu

Iruzkinik ez

    Bidali iruzkin bat