Jatunkeria edo gula eta Biblia
Jatunkeria edo gula eta Biblia –
JATUNKERIA eta bere arreba MOZKORKERIA aipatzen dituzten gertaerak ugari dira Biblian: Lot zaharra, hainbeste edan eta gero, bere alaben artean etzan zen. Herodes ere mozkorra zegoen San Joan Bataiatzaileari lepoa ebaki behar ziotela agindu zuenean… Gauza onik ez eta txarrak asko janak eta edanak, desordenuan eta neurriz gain direnean.
Tomas de Kempis berak ere badio, Kristoren imitazioan izeneko bere liburuan: “Urdaila janez eta edanez lehertzeraino betea denean, libertinajeak egiten du kax-kax atean”. Libertinajea: askakeria, galdukeria… Adanek ere hitz dezake zerbait horretaz: Evak eskainitako sagar harentzat ahorik eskaini izan ez balu, gaur biluzik genbiltzake denok Paradisuaren erdian.
JATUNKERIA, beraz, gure zoritxar ororen oinarrian. Jende bihozgabea beti izan da munduan, eta horren aztarnak ugariak dira nola literaturan hala artean. Danteren INFERNUAN jatunei jartzen zaien zigor amaiezina “eguraldi txarrarena” da: euria, txingorra, euria, elurra, hotza…etengabe eta beti. Sadikoa benetan Dante.
Oso hedatua zegoen Erdi Aroan eta baita Errenazimentuan ere, gauzarik nazkagarrienak jatera izanen zirela kondenatuak tripazainak. BOOK OF GOD PROVIDENCE, XVgarreneko liburuan, su hartzen du jatunen mahaiak infernuan bezala, eta su horrek behartuko ditu tripazainak jateko lastoa eskatzera, gorotza eta txiza, igelak, intsektuak eta harrak…
Badirudi ohiturak eta bizioak deskribatzen zituen liburu hori irakurritakoa zela EL BOSCO ere. AZKEN JUDIZIOA izeneko koadroan, ironiarik handiena proposatzen da zigortzat: Jatunak bihurtzen dira jaki beste jatun batzuentzat, kiribil amaiezin batean. Jatun batzuk egosi egiten dira, beste batzuk zartaginean frijitu, gizon bat erretzen dute burruntzian… Ez dago errukirik tripazainentzat.
Brueghelen lanetan ere goragaleak eragindako oka artean itota ageri dira jatunak…
Ikusten duzue ez dagoela errukirik inon, JATUNKERIAREN bekatua egiten duenarentzat. Izatekotan, Fernando Botero kolonbiarra izan da, loditasunaren kontu honi begi inuzentez (inuzenteegiz nire gusturako), begiratzen jakin izan duen bakarra.
Bai, bitxia da bekatuaren kontu hau kristautasunaren baitako kulturan bizi garenontzat. Izan ere, bada modu bat, nahi den beste jan eta edateko, bekaturik batere egin gabe. Nahikoa da desirarik gabe jatea.
Bai, kristau zintzoak, haragikeriarik sentitu gabe haurrak egin behar dituen bezalaxe, zilegi beharko luke jatun zintzoak, nahi beste jan eta edatea baldin eta ez badu horretarako bultzadarik edo oldarrik sentitzen. Absurduetan absurduena!
Alabaina bi ondorio atera daitezke honetatik guztitik: 1- bekatua ederra dela eta ez hori bakarrik, bekatuak edertu egiten dituela gauzak erakargarri bihurtzeraino, eta 2- JATUNKERIA eta HARAGIKOIKERIA ez direla berez direnagatik bekatu, bertara bultzatzen duten arrazoiagatik direla bekatu, izatekotan. Motiboaren nolakotasunak egiten duela bekatua baina ez ekintzak berak, alegia. Ez dakit ulertzen zaidan. Seguru asko ez.
Iruzkinik ez