Laborantza prest ote da? (1/2)
Laborantza prest ote da? –
Klima aldaketari aurre egin, erregai fosilak gure atzean utzi, lurrak artifizializatzetik babestu, Euskal Herriko biztanleria elikatu: hainbat erronkaren bidegurutzean dago gure laborantza. Edo gure laborantzak daudela erran behar nuke, egoera kontrastatuak baititu gure lurraldeak. Lehen zati honetan, panorama orokorra begira dezagun.
Mugaz gaindiko loturak eskas
Ipar Euskal Herrian, bertako kontsumorako baino haragi eta esneki gehiago ekoizten da, eta gaineratekoa (%80 inguru haragiaren kasuan) Frantziara exportatzen da, Frantziatik ere Ipar Euskal Herrian kontsumitzen den haragiaren %80a inportatzen delarik, Mixel Berhokoirigoinek 2015an azaldu zigun bezala. Arabako patatak Ipar Euskal Herrian ez ditugu ia inoiz dastatu, gurean Frantzia iparrekoak maizago aurkitzen baitira, berdin oliba olioari dagokionez, supermerkatuetan errexago topatzen dira Italiako edo Proventzako markak Nafarrokoak baino. Nahiz eta, Ipar Euskal Herriak bezala, Nafarroa Garaiak exportatzen dituen bere ekoizpenak Frantziara doazen nagusiki (%28), bigarren bezeroa Erresuma Batura delarik. Inportatzen duena nagusiki Frantziatik dator ere (%36), bigarren hornitzailea Txina izanik (%8,1).
Herri egin beharko gintuzken hain oinarrizko loturak –janari ekoizpen eta kontsumoarenak– oraingoz deseginak dira, neurri batean erdibitzen gaituzten bi estatuen supermerkatuen logika zentralizatuek hala bultzaturik, baita koordinatu gabeko laborantza ereduak garatu direlako ere. Korronte honen aurkako ekimenak daude, denda kooperatiben edo AMAPen bitartez tokiko kontsumoa lehenetsiz, Errigora ekimena, Goierrin berriki martxan jarri den Biziola, bertzeak bertze. Oraino ttikiak eta gutiegi dira, baina lurralde baten erresilientzia laguntzeko tresna oso egokiak dira. Haien puntu ahula oraingoz: ez dute oraino lortu klase prekarioenak batzea. Hori janari prezio kontua baino etxebizitza prezio kontua da: zure alokairuak zure irabazien bi herenak hartzen dizkizunean, kalitatezko janariak lehenestea zaila da, ez bada ezinezkoa. Espekulazioak horren bitartez ere tokiko laborantzaren indartzea oztopatzen du.
Lurrak babestu
Espekulazioak modu zuzenagoan ere laborantza oztopatzen du. Gaindegiaren arabera, Euskal Herrian 2000 eta 2018 urteen artean artifizializatutako lurra laborantzarako 73 000 hektarea ziren. Hori da Oiartzungo azalera bider 12 baino gehiago, edo Urruñako azalera bider 14.5, edo ia Baionaren azalera bikoitzeko lurrak urtero Euskal Herriko laborantzatik kenduak. Hirigintzaren hazkundea medio, hain zuzen ere, baratzezaintzarako egokienak diren hiri inguruko eremu lauak kaltetu dira gehien. Lapurdin joan den mende erdian Angeluk pairatu zuena zabaldu da Euskal Herriko ipar isurialde osora. 1990tik 2018ra artifizializaio maila gehien haunditu den eskualdea BAB gunea da, Bokale eta Bidarte barne. Bigarrena Bilbo haundia da, eta hirugarrena Errobi-Aturri eskualdea. Lurraldeen artean, artifizializaio mailaren txapel tristea Lapurdik irabazten du. Testuinguru honetan Lurzaindia bezalako ekimenak ezinbertzekoak dira. Oraingoz horrelako ekimen guti dago, eta egitura publikoek egin beharko luketen lana bolondres gutiren artean egiten dute.
Euskal Herriko sorogune nagusia den Nafarroa Garaiko egoera Lapurdikoa bezain larria ez bada ere, laborantza-lurren azalera murriztu da 2000 eta 2020ren artean, %5 inguru (%8 lugorria konduan hartzen bada). 2007 eta 2020 artean, 21 000 hektarea laborantza lur desagertu ziren, eraikiak edo aldatuak izan direlako, Mugarik Gabe Nafarroa elkartearen arabera.
Orekatu beharra
Ipar Euskal Herrian, bertako kontsumorako baino haragi eta esneki gehiago ekoizten da, baina landare ekoizpenei dagokienez (zerealak, lekadunak, olioa, patata, barazki eta fruituak) oso defizitarioak gara, eta inportatzen dugu, nagusiki Frantzia iparretik (zerealak eta patata) eta Espainia hegotik (barazki eta fruituak). Arazoaz ongi jabetu da EHLG, eta ekimenak martxan daude baratzezaintza eta garia Ipar Euskal Herrian bultzatzeko. Kontsumitzaileen aldetik sustengua ere badago.
Zerealak dira Nafarroa Garaiko ekoizpen nagusia: lur azaleraren %64an hazten dira nagusiki garagarra eta garia, ondoren artoa eta oloa. Ipar Euskal Herrian bezala –salbuespenak salbuespen– artoak abereak elikatzen ditu, berdin garagarrari dagokionez. Gainerako azaleran barazkiak, fruitu arbolak, olibadiak, mahastiak, lekadunak, koltza, ekilorea eta bazkak hazten dira. Hobetzeko tarterik bada: zerealen %19 baizik ez da giza kontsumo zuzenerako, gainontzekoa abereentzako izanik. Hala ere, Ipar Euskal Herrian baino laborantza orekatuagoa da ekoizpen motei dagokienez, eta aniztasun hori atxikitzea garrantzitsua da. Azpimarratzekoa da lekadunen (dilista, babarrun, txitxirio…) azalera oso ttikia dela, nahiz eta sukaldaritza herrikoian garrantzitsuak izan: gaur egun Euskal Herrian jaten diren lekadun gehienak inportatzen ditugu. Euskal Herrian domestikatu zen lehen landareetakoa baba izateak zer pentsa ematen du. Laborantzaren eta elikaduraren iraunkortasunerako funtsezko landareak dira lekadunak: ongarri beharrak –nitrogenoa bereziki– murrizten dituzte, lurzoruan mikorrizei esker aireko nitrogenoa harrapatuz, eta proteina iturri garrantzitsua dira, gure haragi kontsumoa gutitu beharrean ezinbertzekoak.
Hain zuzen, Nafarroa Beherean bezala Nafarroa Garaiko haragi ekoizpena bertako beharrentzat baino askoz gehiagokoa da: arroltze ekoizpena beharraren laukoitza da, behi esnearena hirukoitza. Nafarroa Beherean ez bezala aldiz, Nafarroa Garaian abeltzaintza intentsiboa da nagusi: zeruaren kolorea ezagutzen ez duten milaka oilo, xerri eta behi, tokiko bazkak baino Hego Amerikatik inportaturiko sojazkoak gehiago jaten dituztenak, gero Nafarroatik kanpora exportatzeko. Xerri ekoizpen intentsiboa bereziki ikaragarri haunditu da azken hamarkadan, diru asko enpresa gutxi batzuen eskuetan utziz. Horren ordez babarrun gehiago eta amezti artean dabiltzan xerriak neurrizko kopurutan eredu jasangarriagoa liratekeela erran gabe doa, bai ekologikoki baita sozialki ere.
Ura: aski urrun ikusten ikasi behar dugu
Lurren bilakaerari buruz ere aipa dezakegu Nafarroa Garaian azken hamarkadetan ikusitako joera. 2005tik hona laborarien kopurua murriztu da, %10 oro har baina laborantza jarduera bakarra dutenak %36. Soldatapeko laborantza langileen kopurua aldiz %28 emendatu da. Denboraldi berean etxalde kopurua erdibitu da, 29 293tik 15 043ra. Honek erakusten digu lurrak etxalde haundiagotan kontzentratu direla, industrializatu direla.
Mugarik Gabe Nafarroa elkarteak emandako datuen arabera, Nafarroa Garaian olibadien azalea 2000tik 2020ra ia hirukoiztu da, 2900 hektareatik 8400era, olio burujabetza lortu eta gainditu arte. XX. mende bukaera arte bai olibondo zein arbendolondoen kudeaketa estentsiboa eta ureztatu gabea izan da. 2000tik goiti aldiz, olibondoak ureztatzen diren eredu industriala da gehien garatu dena. Konkretuki lehorreko olibadien azalera bikoiztu da 2000tik goiti (eta berez gauza ona da), baina ureztaturikoena laukoiztu, gaur Nafarroako olibadien %60a izan arte. Horrek ur baliabideen erabileran korapilo bat gehitzeaz gain, epe luzerako hauskortasun bat sortzen digu ere, klima aldaketak murriztuko baitu ur eskuragarria, bai kopuruan bai urtaroan zehar euriteak aldakorragoak izanen baitira ere. Itoizko urtegia eta hortik eraikitzen ari den ubidea bezalako konponbideak ezin dira egokitzat jo, zerutik erortzen ez den ura ez baituzte urtegiek sortzen. 2020an ubidetik kontsumitu zen uraren %53 artoa ureztatzeko zen, abeltzaintza industrialerako. Zentzugabekeri horiek baino lurra lantzeko metodo adimentsuagoak, haien karbono edukia, lurzoruko bioaniztasuna eta euria xurgatzeko ahalmena emendatzea, agro-oihangintza garatzea, erreka bazterreko hezeguneak atxikitzea, heltze horiek sendoagoak dira, merkeagoak eta ekosistementzako kaltegabeak edo mesedegarriak izateaz gain.
Klima eta lorzoruen osasuna
Lehorteei gehitu behar zaie eurite bortitzek eragindako kalteak. Nafarroa Garaian, estimazio apalenen arabera urtero hektareako 1,5 tona inguru lur galtzen da (m2 bakoitzeko 150 gramo), goldaturiko lurretan eurite azkarren ondorioz, edota lehorte eta haizearen eraginez. Zenbaki hori batezbesteko balorea da eta urtez urteko aldaketa haundiak daude, baina joera goranzkoa da, eta klima aldaketak eragindako muturreko eguraldiekin egoera ez da hobetuko, lurzoruaren erresilientzia indartzeko ez badira lurra lantzeko moduak egokitzen. Eskualde lehorrena den Tuteraldean uda gero eta lehorragoak izan dira azken 80 urteetan zehar, Nafarroaren hegoalde eta erdialde osoan udaberriak eta udak beroagoak dira, erdialdean ere negu euritsuagoak nabari dira. Egoera horretan lur azala estali gabe eta intentsoki goldatua baldin bada, lurren emankortasuna behera joanen da. Lurzoruen ekosistema kaltetzen dute ere nitrogeno sintetiko eta herbiziden erabilerak, eta azken hamarkadan goranzko joera izan du.
Eta oihanak zer moduz?
XX. mendean zehar, oihan eremua zabaldu da Euskal Herri osoan, nabarmenago ipar isurialdean. Hori gehienbat larreak abandonatzearen ondorioz gertatu da. Pentsa daiteke berri ona daitekeela klima eta bioaniztasunarentzat, baina baso eremu horiek bioaniztasun oso guti dute, berez haietarik asko oihanak baino landaketa monoespezifikoak baitira, batez ere Gizpuzkoa eta Bizkaian ezagutzen ditugun Pinus radiata eta eukaliptoak. Hasieran basoen soiltzeari aurre egiteko egin ziren landaketek mende bat geroago krisi egoera sortu dute, aldi berean haien erresilientzia apalaz eta eragiten dituzten kalte ekosistemikoez. Mende batez pinu basoek lurzoruak azidifikatzeaz –eta bere bioaniztasuna murrizteaz– gain, orain errekak kaltetzen dituzte eukalipto orbelek, toxikoak baitira animalia askorentzat. Aitor Elosegi EHUko ikertzaileak dion bezala, funtsean ekosistemaren egitura eta funtzionamendu osoa aldatzen dituzte landaketa hauek. Hori, sute arriskuaren emendatzea edota 12 urtez behin egiten diren mozketen kalteak aipatu gabe. Gaindegiak emandako datuen arabera, joera hori oso lotua zaio baso lurren jabetzari. Gaur egun Arabako baso azaleraren %76,2 herri-lurrak dira, aldiz Bizkaiko eta Gipuzkoako baso azaleraren %23,7 eta %21,2 baizik ez dira lur publikoak, gainontzekoak pribatuak izanik eta horien gehiengo haundiak landaketa monoespezifikoz estalia. Landaketa horiek diru etekina helburu bakarra dutela pentsa dezakegu, baina egoera nolazpait tristeagoa da: gaztainondoak eukaliptoak baino sei aldiz errentagarriagoak dira, ekosistemikoki sendoagoak eta mesedegarriagoak izateaz gain.
Ipar isurialdean baina ekialderago (Lapurdin, Nafarroaren iparrean eta Xiberuan) ditugun oihanak hain egoera txarrean ez badira ere, egoera ez da poztekoa: Gaindegiaren arabera, ordokiko gehienak integritate ttikiko egoeran daude. Mendialdekoak osasuntsuago, baina klima aldaketak fagoa eta haritzaren biziraupena mehatxatzen dute, eta hori aitzintzeko ametza, gaztaina, artelatza, gurbitza, edo erkametza bezalako espezie gehiago landatu beharko genituzke, batez ere hego maldetan.
Iruzkinik ez