[Lekaioak V] Gaztaina, eta eragin danbolinari
[Lekaioak V] Gaztaina, eta eragin danbolinari –
Irakurleak parean daukan lan sorta honen helburua zera da: batetik, desagertzear den ondare etnografikoa jasotzeko proposamen bat luzatzea eta, bestetik, haren zabalkunderako transmisio-guneak ahalbideratzeko aukera erakargarri bat aurkeztea. Urretxu-Zumarragako Lekaio Kultur Elkarteak horretan dihardu.
Garai batean oso preziatua zen landare hau, etxea eta ingurua janzteaz gain, hiru edo lau hilabeterako jana ematen zuelako. Gosete garaietan (negu gorriak eta gerra beltzak) bati baino gehiagori bizia salbatu zion gaztainak.
Gaztainondoa 500 metrotik gora hazten da, eta eguteran agertzen den arren, leku ospelak ditu gustuko. Hezetasuna maite du eta gaztaina-egurrak oso ondo eusten dio eguraldi bustiari. Horrez gain, ez omen du pipiak jotzen; hori dela eta, primerako egur mota da eraikuntzarako. Hori guztia hala izan dadin, neguko ilbeheran bota beharreko zuhaitza da.
Basapiztiek ere gaztaina gogoko dutenez, eta hainbat ale beste hainbat lekutan gordetzen dituztenez, bere kasa jaiotzen den landarea da. Hala ere, txertatzen dena ere bada; landare bateko mentua beste bati erantsi eta handik hazitako landarea, hain zuzen.
Egutera: eguzkiak bete-betean jotzen duen aldea.
Laiotz: eguzkiak egun osoan jotzen ez duen lur-eremua. (sin.) Ospel.
Gaztainadi: gaztaiñaiya. Gaztainondoz betetako lur saila.
Hosto luze: ostro-luzia. Gaztaina hosto luzeko landarea da. Horren arabera ilbeheran botatzeko landareen artean kokatuko genuke.
Trongo: zuhaitzaren enborra.
Gerri: enbor bihotzaren eta gizenaren artean dagoen egur partea. giarrea
Gizen: enborraren azal azpiko egur geruza biguna.
Txertatu: landare baten adarrean ustez mota hobe baten adartxoa itsastea, haren orpotik fruitu hobeak eman ditzan.
Mentu: mendu. Txertatzeko erabiltzen den muskil edo adabakia.
Kipula: gaztaina zuhaitzari ipurdian egin ohi zaion hutsuneari deitzen zaio. Gaztainak, urteen poderioz barrutik hustu egiten dira, eta hutsune horri deitzen zaio horrela.
Gaztaina-ipurdi: zuhaitzaren azpialdea
“Kipulia” dela eta ez dela, bada gaztaina- ipurdi batean geratzen den ipuin labur bat. Ikaragarrizko eguraldi txarra ari zuen batean, azkonar bat kipula batean sartu zen, euritik eta kazkabarretik babesteko. Halakoren batean triku bat iritsi zen gaztaina-zulo parera, eta azkonarrari eskatu zion lekutxoren bat uzteko. Azkonarrak, asmo onez, baietz erantzun zion; baita berehala damutu ere, trikuaren arantzak ziztaka hasi zitzaizkionean. Azkenean, azkonarrak alde egin behar izan zuen bere babeslekutik.
Hala eta guztiz ere, ez pentsa azkonarrak bizitza errealean halako koitaduak direnik…
Gaur egun geroz eta gaztainondo gutxiago daude, ihartu egin dira, eta zahar batzuk diotenez, gure maldizioek lehortu dituzte.
…
Egurra
Atal honetan gaztainaren egurraren erabilera aztertuko da. Hiru azpi ataletan banatu dugu: etxegintza, etxearen inguruari dagokiona eta tresneriari dagokiona. Bada esaera bat horri guztiari erreferentzia egiten diona; garai ona gaztaina loratzeko: Madalenatan bero, hagatan gero.
Eraikuntza
Garai bateko baserriak eta bordak egiteko materialik gogokoena zen gaztaina-egurra haritzarekin batera. Erraz lantzeko egurra da eta, goian aipatu bezala, hezetasunari ondo eusten diona.
Gai: gaia, materiala. Honakoan gaztaina-egurra izango litzateke.
Gaillur: etxearen egituraren gainaldeari deitzen zaio.
Teila: talla. Eraikuntzei estaldura emateko erabiltzen den buztin egosizko pieza.
Lata: teilatuaren azpian josten den ohol multzoari deitzen zaio.
Kapirio: gailurretik habeetara jartzen diren egur sendoak.
Jinbel: zutikoaren sekzioa handitzeko, frontalak hobeto asenta daitezen zutikoen gainean jartzen den osagaia.
Frontal: etxe barruan hormatik hormara edo postetik postera doazen habeak.
Beso: frontalak eutsi beharreko karga eusten laguntzeko jartzen den egurra.
Habe: eraikuntza zein egitura bati eusteko zutik jartzen den pieza.
Kuartoi: zoruko oholak josi aurretik, frontalen artean jartzen diren egurrak.
Ziri: arrakala egiteko edo zulo bat estaltzeko balio duen zurezko zein metalezko mutur zorrotza. Eraikuntza zaharretako egiturak ziriz josita daude, iltzeak beranduagokoak dira.
Tijera: gailur-egurra eta goi-hagak eusteko erabiltzen den triangelu formako egitura.
“…erdikoak etzaukik pixurik, erdin goitti beera daonak…erdin dauka…egur onek tirori euste ziok…erdin ikusten dek zea bat, txori bat, txoriya esate zaiok…ori zulon tzeok, orrek goi ori onen gaiñen balin baleuke, malo! Ezto funtzionatzen tijerak, orrek eon bear dik marjenakin eon bear dik. Txoriya ola zeok, paren eoteko…”
Txori: tijera postetik tijera-zapatara dagoen zatiari deitzen zaio.
Suelo-ohol: gaztainarekin egindako etxebizitzetako zoruak.
Izkina bizi ipini: eskiña bizi. Zerra enborraren ertzera eramatea.
Kuartonera: kuartoiek osatzen duten egitura.
Oker une: okerruna. Zuhaitzaren adarrak zuzen izateari uzten dion puntua.
Adabegi: enborrari adarrak ateratzen zaizkion unea.
Pitzatu: irekidura edo zartadura egitea.
Ostrokua: etxe bateko teilatua bukatzean puntan jartzen den erramuari deitzen zaio. Erramua jarri ondoren bazkaria, edo zenbaiten esanetan tranpalada egiten zen. Dirudienez, istripurik gabeko lanaren ondorio izan ohi zen.
Zurrun: teilatupea aprobetxatzeko gunea; adarrekin egiten zen.
Kaballo: etxearen zurajeak dituen egur okerrak.
Etxea
Egituraz gain, etxea bera eta ingurua janzteko ere erabiltzen zen gaztaina-egurra. Oso preziatua da altzarigintzarako, baina baita hainbat gauzetarako ere.
Hesola: itxiturak egiteko erabiltzen den ohola.
“…gaztaiña-adarrak…gaztaiñek e paok bezelaxe aarrak azte atuk, ta adar aek moztu, ta aundi badia pitzau; gaztaiñen gerriikin e bai! Gerriikiñ e pitzau, da zatika-zatika esolak etaatzen datuk… ariya billau in ber txakok egurrai! Bestela ba asko alperrik galtzen dek, ta ariya artzen badiok ba, askotan zuzen trak! Pitzatzen dek!… Erreta beztuta ipiñi ezkio, denpora geiyon irauten dik. Pixka-pixkat azala erre in bear txakok! Beztu baiño zeoze geitxo…” “… eta geo beiñ erretakon zutik esola ori, eta ba bestei ikutu gabe…”
Hari: egurraren zuntza. Hori zerran etenez gero, ohol horrek ez du behar bezainbeste iraungo.
Urkilla: hesiak egiteko erabiltzen den iltzea. Bi punta izaten ditu eta bururik ez.
Era: hariaren bidea.
Beztuta: erreta.
Kortoloi: garai batean etxeko atarietan izaten zen ongarri-lekua. Bertara botatzen ziren, beste hainbat gauzekin batera, gaztaina-morkotsak.
Gaztaina- ganbara: gaztainak zabalduta lehortzeko lekua.
Hesi: makila trentzatuz egindako egur leuna.
Oilo-kota: oiloek lo egiteko erabiltzen duten lekua.
Artxara: ardiek jateko lastoa biltzen den egitura.
Tresneria
Gaztaina erabiliz hainbat lanabes egiten ziren. Horrez gain, aroztegietan erabiltzen ziren tresna batzuen izenak ere bildu ditugu atal honetan.
Gaintzerra: egurrezko egitura duen, eta ohol handiak zein habeak egiteko erabiltzen den zerra mota.
Arpan: egurra altxatu eta horizontalki mozteko erabiltzen den zerra.
Opa-aitzur: egurra lantzeko balio duen aitzurraren antzeko tresna. azuela
Daratulu: eskuz zulatzeko erreminta.
Berbiki: eskuz zulatzeko tresna.
“… daratulua dek pieza bakarra, eta berbikiña dek, katxarro bat geo… ik an akoplatu deikek neurri diferentetako… zeak…”
Zumitz: gaztaina egurra bigundu eta labean sartu ondoren ateratzen diren geruza luzeak.
Gaztanontzi: gaztak egiteko erabiltzen den ontzia. Gaztaina-egurrez egindako izan ohi da.
Haga: gaztainak zuhaitzetik botatzeko erabiltzen den makila luzea.
Alper-hesi: lurrari buelta eman eta xehatu ondoren, mugitzeko eta banatzeko erabiltzen zen lanabesa.
Atesare: itxitura bateko alde batetik bestera pasatu ahal izateko atea.
Otar: gurutzatutako zumitzez egindako ontzia.
Lepa-zare: otar mota.
Lur-zare: otar mota.
Asta-sesto: otar mota. Astoari jartzen zitzaizkion eta bi motatakoak ziren: esnea eramatekoak eta simaurra eramatekoak. Azken hauek tapak zituzten.
Pea-zare: otar mota, txikia.
Uztau: ganaduari zintzarria jartzeko gaztaina-egurrez egindako uztaia. Egurrezkoa izateak badu bere arrazoia:
Egurrakiñ zergatik? Oain eozein gauza eitten da ezta, baiño garai baten ba ganaduri, esate bateako beorrai ta sekula etzitzaien jartzen narruzkorik, oain jartzen zitzaien egurrezkoa, ta zergatik? Beorrak edo ganaduk eozein lekutan azka eitten dik ezta?ordun narrua edo beste lona ori izanez keo, igual sartze zaio ola ai dala zea baten, adar baten, eta aura ez do eteten eta aura ezto zeatzen. Egurra berriz,ba bere zalaparta ortan ba egurra puskau eitten do.
Ganbel: ganadu-aska.
Bastoi: makuluak egiteko ere oso material egokia omen zen gaztaina-egurra:
“…arek itte zian busti-busti-bustiya ipiñi, or beotu eta geo molde baten bezela ipintze zian eta, an igual eukitze zian ba eun bat eo lo kesea…sekatzen jun tzeiñen ez irikitzeko ola alanbretxo batekin bere neurri ortan eutxi, eta bastoiya einda.”
Fruitua
Atal honetan gaztaina-aleaz gain, hostoek eta morkotsek duten erabilera aztertuko da. Morkots bakoitzean hiru ale izaten omen dira. Hiru horietatik bat edo bi izango dira jangarriak. Askotan ale polit bat eta bi azal agertu ohi dira. Ale handia gordeko da eta gainerakoa ganadutarako erabiliko.
Morkotsak kortoloira botatzen ziren, eta hosto lehortuekin osatutako orbela azpitarako erabiltzen zen.
Orbel: ihartu eta eroritako hostoei deitzen zaie.
Azpi: orbelari, garoa, otea eta gaztaina morkotsak gehituz egiten den etxaberentzako ohea. Ondoren ongarritarako simaur bilakatzen dena.
Morkol: gaztaina alea biltzen duen arantzazko poltsa. Sokoliña. Morkotsa.
Mintz: gaztaina alea zuritu ondoren mamia biltzen duen azala.
Motxarda: gaztainak biltzeko erabiltzen zen zumitzezko pintza.
Berde gaztaina: gaztaina mota.
Bizkai-gaztaina: gaztaina mota.
Azpeiti-gaztaina: gaztaina mota. Oso preziatua da, gustukoen zuten gaztaina hauxe da.
Auntz-gaztaina: gaztaina mota.
“…Auntz-gaztaiñia ori bastotxogua, alia aunditxogua izatetzan, eta normalen lenengo asteko, eositta jateko …goizena etortzen zana oi zan…”
Goiz-gaztaina: gaztaina mota
Gaztaiña- sestraka: gaztaina mota. Berekasa jaio dena, txertatu gabekoa. Ez zen horren gozoa jateko.
Arrak: Beste hainbat fruituk bezala gaztainak izaten duen gaitza.
Jakoba Errekondo: Alaba bakarra
Zientzia: Zabal eta mardula den zuhaitza
Iruzkinik ez