Hara!

Literaturako hainbat pasarte biologo baten begiekin

Literaturako hainbat pasarte biologo baten begiekin –

Zientzia Kaiera-k idatzia

Ziortza Guezuraga

Biologiaren eta literaturaren arteko harremana aurkeztu du Juan Ignacio Pérez Iglesiasek ‘Animalien letrak’ hitzaldian. Txibia erraldoiak, zeroiak, lera txakurrak, kolibiriak eta erreginatxo marradunak izan ditu hizpide, Herman Melville, Julio Verne, Jack London eta H. D. Thoreau autoreen eskutik.

….

Literaturan baldin bada animalia ikonikorik, balea da; zehazki, Moby Dick. Zeroia zen Moby Dick, bale horzdun handiena. Euskal kostaldean garrantzia handia izan dute baleek. Baina, pentsa daitekeenaren kontra, ez dira ehizatu haragiagaik, olioagatik baizik. Ugaztunak eta endotermoak dira baleak. Beroa gorde behar dute tenperaturari eusteko eta ura oso medio gogorra da horretarako. Bero galerari aurka egiteko baleek duten modu bakarra olio geruza da. Olio hori ustiatzeko ehizatzen ziren baleak.

Herman Melvilleren “Moby Dick” liburuan irakur daiteke: “Zeroiak bere denboraren zazpiren batean zehar bakarrik hartzen du arnasa edo, bestela esanda, igandean bakarrika hartzen du arnasa”.Hau ez da egia. 90 minutu egon daitezke urpean baleak, arnasa hartzeko azalera igo gabe. Horretaz gain, zeroiak eta baleak urperatzen direnean airea bota egiten dute, hartu baino. Urpera doazenean, beraz, ez dute birikak airez betetzen, husten, baizik.

Aurretik hartutako airearekin mioglobina oxigenoz bete egin dute eta horrekin egiten dute urpealdia. Mioglobina kantitateari esker egin dezakete hau, izan ere, gizakiok kilogramo bakoitzeko 6g. mioglobina baldin badugu, zeroiak 76g. ditu. Horri esker uperatu daiteke 1.500-2.000 metroraino. Non txibia erraldoiak topatu daitezkeen.

(Irudia: A. Twidle. Wellcome Library).

Julio Verneren “Hogei mila legoako bidaia itsaspetik” liburuan topatu daitezkeenak bezala. Eta beti galdera bera sortzen da halako txibia ikustean: jan daiteke? Ba, ez. Oso gogorra delako eta, batez ere, amoniako eduki altua duelako.

Txibia erraldoiek euren barne fluidoetan amonio asko daukate, flotagarritasuna aldatzeko erabiltzen dutena. Ez da duten berezitasun bakarra, baina. Naturaren begirik handiena dute: 25cm baino gehiagoko diametrokoa. Tamaina handiaren arrazoia ez omen da bizi diren sakontasunean argi gutxi dagoela. Zabaldutako hipotesiaren arabera, zeroiek txibiak erasotzean sortzen duten presio uhinek luminiszenteak diren izakietan luminiszentzia aktibatzea eragiten dute eta horrela zeroiaren soslaia ikus daiteke. Bereziki horretarako moldatuta omen dago txibiaren begia.

Itsasotik elurrera…

Itsasoaren eremu ilunetik elurrera Jack Londonen “The Call Of The Wild” liburuaren eskutik. Bertan irakur daiteke erresistentzia fisiko aparta duten animaliei buruz: lera txakurrak. Oso animalia bereziak dira: artifizialki aukeratuak dira, neurri batean behintzat, eta horri dagokio erresitentzia fisiko aparta, ziur aski. Oso muskulatura berezia dute, muskulatura nekagaitza, zuntz nekagaitzen dentsitate handia dute hanketan. Nekagaitz esatean, literalki esan nahi da, fisiologikoki ez dira nekatzen: aerobikoa da muskulu hau eta erabiltzen dituen substratuak, batez ere, lipidoak dira.

Gizakiok ere baditugu horrelako zuntzak eta gutako askok, erresistentzia korrikalariak, esaterako, asko dituzte. Muskulu nekaezinak oso ondo odoleztatuak eta oxigenatuak daude. Hain dira eraginkorrak lera txakurren muskulu nekaezinak, ezen nahikoa energia emari badago, lasterketan parte hartzen dutenean egunero 14 ordu jarraian korrika ibil daitezkeela. Gelditzen badira musherrak gelditzen dituztelako da.

Muskuluez gain, bihotza ere oso indartsua dute lera txakurrek. 40/60taupada minutuko dute pausoan, baina korrikan 300 taupada/minutura igotzen da. Konparatzeko, lera txakurrak gizakien tamainakoak balira 220-230 taupada minutuko frekuentzian ibiliko lirateke korrika egitean. Gizakiok 180 taupada/minututik gora atari anaerobikoa gaindituko genuke, energetikoki batere eraginkorra ez dena. Txakurrak, baina, haien metabolismoaren gorenaren erdian daude, tarte zabala dute oraindik ahalegintzeko eta korrika abiadura handitzeko.

Gastatzen duten energia lasterketa egun batean 47.000 kilojuliokoa da, egun normal batean 10.500 kilojuliokoa dela. Artikoan dagoen soldadu batek 30.000 kilojulio gastatzen ditu egun batean eta tourra egiten duen txirrindulariak 33.000 kilojulio. Tourreko txirrindulariak txakurraren tamaina balu, 15.000 kilojulio gastatuko lituzke. Tourrean lasterketan dabilen txirrindulari batek gastatzen duena hiru aldiz gastatzen du txakurrak, hortaz.

Eta zerura

H. D. Thoreau autorearen liburuak zerura begira jarri eta kolibriak eta erreginatxo marradunak jarri ditu arreta puntuan. Oso hegazti txikiak dira kolibriak eta hain txiki izateagatik oso interesgarriak, bereziak. Dagoen kolibririk txikiena erletxoria da, Kuban aurki daitekeena: haren habiak 3 cm baino gutxiago ditu eta bere masa 2 gramo baino gutxiagokoa da. Hegalak 12-90 astintze/segundoko abiaduran astintzen dituzte, 50km/h- ko abiadurara hel daitezke eta atzera egin dezakete hegan, beste hegaztirik ez dago atzera hegan egin dezakeenik.

Lore batetik bestera doaz kolibriak nektarra jateko. Homeotermoen artean metabolismo tasarik handiena dute: gizakiena bider hamar. 1.500 lore bisitatzen dituzte egunero eta hau egiteko ez dute 5 ordu baino gehiago behar. Gauean lozorroan sartzen dira, duten tasa metaboliko handia dela eta energia aurreztu behar dutelako. Duten masaren baliokidea jaten dute masa lehorran, hau da, bere masa azukre puruan. Hartzen duten uraren %80 nektarraren bidez xurgatzen dutenez, arazoa dute ura kanporatzeko, hau izan daiteke planetan duten banaketaren arrazoia, leku beroetan baino ez daude. Toki hotzetan bizi ahal izateko gehiago jan beharko lukete, ur gehiago hartuko lukete eta gehiago kanporatu beharko lukete,

Erreginatxo marradunak, bere aldetik, elikadura ohitura bitxia du. Udazkena heltzen denean, urrian, hegoalderako migrazioa hasi baino lehen askoz gehiago jaten du, normalean baino lau bider gehiago. Fotoperiodoaren arabera, heltzen da eguna noiz hegoalderantz alde egiten duten. Bidaia hiru egunetan egiten dute gelditu gabe eta 3.000km egiten dute.

Hegoalderanzko bidaiari aurre egin ahal izateko oso gauza bitxia egiten dute erreginatxo marradunek: disgestio-aparatua desegiten dute. Digestio aparatua oso garestia da eta energia aurrezteko eta hegaldian erabiltzeko, digestio aparatua atrofiatu egiten dute.

Thoureauk erreginatxo marradunari egiten dion erreferentziari esker, jakin zuen Juan Ignacio Pérez Iglesias biologoak iparralderanzko bidaia egiterakoan erreginatxo marradunak oso ezberdin egiten duela: jan egiten du bidaian zehar. Hala, behean ikus daitekeen hitzaldian dioen bezala:

Batzutan, biologo baten begiekin ikus daitezke bestela ikusi ezin daitekzkeen gauzak, baina beste batzutan idazle baten begiekin biologo batek ere gauzak ikas ditzake.

———————————————————————–

Egileaz: Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko teknikaria.

 

Kategoriak

Egilea

Pagotxa Pagotxa

Elkarbanatu & Inprimatu

Iruzkinik ez

    Bidali iruzkin bat