Hara!

Nola esan behar da GULA euskaraz?

Nola esan behar da GULA euskaraz? – 

Euskaraz idazten ibiltzen garenoi sarritan gertatzen zaigu tradizioan bilatzen duguna ez zaigula iruditzen aski edota hiztegiek ematen digutena ez dela hain egokia ere. Zirt edo zart egin behar izaten dugu halakoetan, filologoentzakoak diren kontuetan katramilatuta ibili nahi ez badugu. Horixe gertatzen da GULA esateko orduan, aukera asko dagoela. Hala ere nik JATUNKERIA terminoaren alde egin dut, esango dizuet zergatik.

Ibon Sarasolak[1] ematen dituen hiru izenetatik, hara hor GULA euskaraz esateko hautatu dudana: JATUNKERIA. Proposatzen dituen beste bietatik ere edozein izan zitekeen arren: JALEKERIA edota SABELKERIA.

Nola esan behar da GULA euskaraz?

Gargantua eta Pantagruel (Gustave Doré)

Hala ere, JATUNKERIAren alde egingo duk nik, izan ere SABELKERIA ondo egongo da Sarasolak hala baldin badio, baina sabela ez ezik, ahoa ere garrantzizkoa da GULAri buruz hitz egiteko orduan. Areago, Sarasolaren hiztegian ikusi ez ditudan AHOKERIA edota AHOGOZOKERIA nahiago nituzke SABELKERIA baztertzaile hori baino. Gaurko gaiarentzat, izan ere, garrantzi handikoa da AHOA.

Halaxe aitortzen dute neurofisiologoek: “Ahoa tartean dagoen zerbait da. Kanpoa eta barruaren arteko zubi-lana egiten duen lekua da, berez. Hobeto esateko, ahoa aldi berean da kanpo eta barru”.

Bestalde, JATUN hitzaren bigarren silaba hori, TUN, borobilagoa egiten zait belarrira JALE horren LE silaba mehea baino. Ez esan niri ezetz. TUN danborra da, edo bonboa. LE, ostera, TXIMELETA arin eta hegalariaren silabetako bat. TUN, beraz. TUN eta TUN. Borobilagoa askozaz ere, eta borobiltasunak ere badu zer ikusirik gaurko mintzagaiarekin. Zinez.

Elhuyar entziklopedia[2] motzago dabil Sarasolaren ZEHAZKI hiztegia baino: SABELKOIKERIA dio. Baina, lasai, gehiago ere aurkitu ditut UZEIren sinonimoen hiztegian[3]: Golotonia, jalekeria, sabelkeria, salokeria, tripazainkeria, zintzurkoitasun (Ipar), sabelkoikeria (Elhuyarrek bezala), Gormandiza (Ipar. Zah.), sabeldarraio eta sabeldarraiotasun (biak Ipar.zah.). Hauek denak ikusita, esan liteke Iparraldean aski katramila dutela TASUNAK eta KERIAK bereizteko orduan.

Alabaina, “Ipar.Zah.” horrek esan nahi du “Iparraldekoak eta zaharkituak” direla termino horiek, baina ez dira hain zaharkituak izango Baiona Tipian joan zen igandean aterako argazkiari erreparatzen badiozue: CHILOA GURMENTA izeneko jatetxe baten aztarnak dira. Chiloa, Zuloa da eta Gurmenta ez dabil oso urruti Gormandiza horretatik eta, zer esanik ez, frantseseko Gourmand terminotik…

Erotzekoa, beraz, terminologia kontu hau, nire antzera hizkuntzalari ez den edonorentzat. Halatan jo dut  Real Academia Españolaren hiztegira[4], eta han: GULA-Exceso en la comida o bebida y apetito desordenado de comer y beber.

Izanak izan, zerbait bada Espainiako Academiak ematen didana JATUNKERIAren korapilo honen haritik tiratzen hasteko, ezen eta EXCESO eta DESORDEN biak dira horiek gauza txarrak, TASUNen artekoak baino, KERIEN artean sartzeko modukoak. Iparraldekoek bestela iritzi diezaieketen arren.

Bibliografia: [1] ZEHAZKI. Ibon Sarasola. ALBERDANIA 2006. [2] HIZTEGI ENTZIKLOPEDIKOA. Elhuyar.1993 [3] SINONIMOEN HIZTEGIA. Uzei. 1999 [4] DICCIONARIO DE LA LENGUA ESPAÑOLA (21 ed.) RAE 1992

sukaleku.net bloga – 2011

Nola esan behar da GULA euskaraz?

Kategoriak

Egilea

Xolomo Sapiens Xolomo Sapiens

Elkarbanatu & Inprimatu

Iruzkinik ez

    Bidali iruzkin bat