Putreen Bazka
Putreen Bazka –
Zenbaki guztien atzean bada zerbait; askotan bizitza, gezurra ematen badu ere. Zenbakien kodeen itzalean, ez da mamurik bizi –edo bai?–, zu eta biok bezain bizirik dauden izakiak baizik.
Gure etxean zenbakidun asko gaude, pertsonak eta animaliak; gehienak animaliak, ardiak eta ahariak. Ardi askoren zenbakiak buruz dakizkit, garai batean telefono zenbakiak nekizkien bezala. Zenbakia ikusi zerrenda batean eta gai naiz ardi/ahari horren bizitza kontatzeko… 81511, 82457, 66770, 81527, 95570, 00001, 81528… Horietako batzuek izena ere badute, baina zerrendek zenbakia jasotzen diete, eta neuk izena jarraian.
73544 orain dela sei urte jaio zen, eta herenegun hil zen. Ez genion izenik jarrita, baina badakigu aurten ume hila bota zuela, urte hasieran. Badakigu berriz ere ernai geratu zela eta erditzear zegoela egunotan. Azken asteotan eskuin begiko infekzioa tratatzen ari gintzaizkio, olio esentzialez; eta erosoa izan ez arren, otzan jokatzen zuen, sentituko ote zituen zainketa horien beharra edota onura?. Hil denean konturatu gara 81528ren ama zela; Primaderaren ama, alegia. Igande goizean ardi bat falta zen; ernai zegoen hura, 73544. Mendiko larreetara joan ginen bila, arrastorik ez.
Arratsaldean itzuli, eta putreen luma asko ziren belarretan, beleen bestetzuk. Aurrera jarraitu, eta beleen karranken artean, bestelako doinu entzuten zen tarteka. Aurrera berriz ere, luma gehiago eta doinu hura zehatzago: arkume-marrua. Bihotzak aurreratu nahi oinei… Aldi berean gorpuztu ziren gure beldur eta esperantzak: 73544ren hezurdura eta azala errekastoaren ondoan eta bi arkume eder eta garbi pinuditxo baten itzalean.
Ez dakigu zer gertatu zen, hipotesi andana izan dugu etxean bueltaka, gu zorabiatu arte. Ziur aski ardia erditu eta kumeak garbitutakoan, abiatuko zen ura edatera –oso egarri izaten baitira erditu ondoren–, eta plazenta zintzilik zuela egingo ziotela putreek eraso. Egun dugun egia gordin-gordina da 73544 hilda dagoela, guztiz janda eta bi arkume ditugula orain babesteko, euren amak emango lieken goxotasuna jasoko ez dutenak, gu asko saiatu arren.
Zorionez, aurtengo erditze garaian oritza soberan izan genuen, eta, badaezpada, izoztea erabaki genuen. Horixe ematen ari gatzaizkie urruxa eta aharikoari. Hiruzpalau ordutan behin eman behar diegu biberoiez urrezko edabea; hemendik bi egunetara izoztuta dugun ardi-esnea ematen hasiko gara. Bere garaian hartu genuen lanak badu orain garrantzi handia, bi txiki horien bizitzarako ezinbestekoa.
Zer pentsatu eman digu gertatutakoak. Behin baino gehiagotan hona ekarri izan dizkizuet kaletarren txakurren erasoak; orain basapiztiena. Ez da erraza gaia, ezin dut aldarrikatu putreen, beleen, basurdeen, azerien, azkonarren, satorren, otsoen, hartzen eta abarren desagerpena. Ezin dut sentitzen ez dudalako eta jakin badakidalako beren funtzioa betetzen dutela, arazoak –batzuk oso handiak– sortu arren. Baina mingarria da oso egoera. Min egiten didate gure ardi horren sufrimenduak eta izan duen amaierak, arkume horien orduko noraezak eta beldurrak … Putreok jan behar dutela jakiteak ez dit mina arintzen, orain ditugun lan gehigarriak ez dira desagertuko.
Zaila egiten zait argi eta garbi lerratzea abeltzaintza eta animalia basatien arteko harremanaren gainean. Beste gai askotan bezala, honetan ere bi indarren artean sentitzen dut neure burua. Ez dakit zuek zer nolako lerratze egingo duzuen, nahiko nuke lerratze horretan zenbakidun hauen guztien bizitzak ez desagertzea eta gu guztiok –pertsonak eta animaliak– itzalpeko mamu ez bilakatzea.
Iruzkinik ez