Greziako mitologiaren arabera, Orfeo (Apoloren eta Kalioperen semea) bere maitale Euridize heriotzatik salbatzen saiatu zen. Eta berak azpimundutik ihes egitea lortu bazuen ere, Euridize betiko galdu zen. Zoritxarrez, Orfeo ere hil egin zen: menadeek hil eta txikitu zuten.
Mitologia klasikoaren eta tradizio berrienaren arteko nahasketa horren ondorioz, diotenez, Orfeoren odol tantetatik landare bat sortu zen, eta landare horrek bere esentziarik puruenaren oroitzapena gorde zuen hil ondoren bizitzara itzultzeko gaitasunean.
Landare hori, gaur egun, “Orfeoren lorea” bezala ezagutzen da (Haberlea rhodopensis), eta Gesneriaceae familian sartzen diren Europako bost espezieetako bat da. Espezie guztiak kontinentearen hegoaldean daude (Greziako, Ipar Mazedoniako eta Bulgariako mendietan), eta, mitologiak azaltzen duenez, itxuraz, hil ondoren berriz bizitzeko gaitasun harrigarria dute. Landare mota horiei “berpizkunde landare” esaten zaie. Mundu osoan 300 berpizkunde landare inguru daude. Espezie gehienak tropikoan eta subtropikoan daude, Europako gesneriazeoak izan ezik.
Landare tropikal bat Pirinioetan galduta
Pirinioetan, bai ipar isurialdean, bai hego isurialdean berpizkunde landare bakan horietako bat daukagu: Ramonda myconi enblematikoa. Iberiar penintsulan ezaugarri horiek dituen espezie bakarra da. Ramonda generoaren izena Louis Ramond de Carbonnières botanikari eta esploratzaile frantsesari zor diogu. Egin zituen ekintza gogoangarrien artean, nabarmendu behar da bera izan zela ofizialki Monte Perdido mendia igo zuen lehena.
Berpizkunde landare izateagatik daukaten berezitasunaz gain, R. myconi espezieak eta Europako gainerako gesneriazeoek ezaugarri oso berezi bat daukate: jatorri tropikaleko landareak dira, garai askoz epelago bateko erlikiak. Horregatik esaten zaie, teknikoki, “landare paleotropikal”. Landareen morfologiari eta itxurari erreparatuz gero, berehala ikusiko dugu haien ezaugarri tropikala, eta erraz lotuko dugu etxe barruko landare apaingarri batekin; bioleta afrikar ezagunarekin, alegia (Saintpaulia generokoa). Espezie tropikala denez, harrigarria da hain ondo egokitu izana Europako klimara, eta, batik bat, Pirinioetako ingurune gogorrera. Altitude ertaineko kareharrizko amildegietan egon ohi da, batez ere, baina ia 2 500 metroko altueran ere aurkitu izan da Ordesako Parke Nazionalaren inguruan. Hosto urtetsu eta iraunkorrak dituenez, goi mendian hain ondo egokitu izanak esan nahi du gai direla tenperatura oso baxuetan bizitzeko, eta hori ezaugarri oso deigarria da espezie paleotropikal baten kasuan. Duela gutxi egiaztatu dugu bere hostoek zero azpiko tenperaturak jasaten dituztela, baita izotza ere beren barnean, eta, halere, ez dutela bueltarik gabeko kalterik izaten. Berpizkunde landarea denez eta muturreko hotza oso ondo onartzen duenez, bai tenperatura baxuei, bai lehortzeari arazorik gabe aurre egiteko gai den landare bakanetako bat da. Zein da bere sekretua?
Lehortzea, izoztea, eta saialdian ez hiltzea
Seguru asko ez dago erantzun bakar bat. Hain justu kontrakoa; ezaugarri multzo bati esker da landarerik erresistenteena. Intuizioaren kontrakoa dirudien arren, lehortzearen eta izoztearen ondorio biologikoak antzekoak dira funtsean. Horrek nolabait justifikatzen du lehorketara aurrez egokitzeko gaitasuna funtsezkoa izan dela Pirinioetan bizirik irauteko. Funtsean, landareak, zeluletako lesioak eragozteko, bere mintzak indartzen ditu, egiturazko eta oxidaziozko kalterik ez izateko. Baina babesa ez da maila zelularrera mugatu behar. Hostoak, deshidratatzen direnean, ongi zehaztutako eta ordenatutako patroi bati jarraituz tolestu behar dira, aterki bat ixten denean bezala.
Horrela, lozorroan eta, itxuraz, heriotzan, ehunak ezkutuan geratzen dira, eta ez dute kalte konponezinik izaten. Beira egoerara ere hel daitezke; egoera horretan, molekulen mugikortasuna oso txikia da. Hala, ehunak ezkutuan gera daitezke, denbora askoan ia kalterik izan gabe.
Ura berriro eskura dagoenean, prozesu osoa leheneratu, eta hostoek egun gutxiren ostean hartzen dute euren itxurarik mardulena. Berpizte une hori da unerik delikatuena. Metabolismoa aktibatzeko hain beharrezkoa den sekuentzian akatsik egonez gero, heriotza eragin diezaioke landareari.
Gaur egun, munduko landareen fisiologiako laborategi onenetako batzuek aztergai dituzte berpizkunde landareak. Izan ere, bizitzara itzultzeko duten gaitasun ikusgarritik gauza baliagarri asko ikas ditzakegu, nekazaritza jasangarriagoa eta seguruagoa lortzeko eta landare ia suntsiezinak garatzeko.
Harritzekoa bada ere, Salvador Dalík horrelako zerbait pentsatu zuen. 1982an hilzorian egon zen, deshidratatzen saiatu baitzen. Uste zuen horrela hilezkortasuna lortuko zuela, ikusi baitzuen mikroorganismo lehorrak berriz bizi zitezkeela ur tanta txiki batekin.
Batek daki. Beharbada, Orfeoren odol tantak betiko bizitzaren sekretuak argitzeko baliagarriak izango zaizkigu.
Egileez: José Ignacio García Plazaola, Landareen Fisiologiako irakaslea da Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatean eta Beatriz Fernández-Marín, Landareen Biologiako irakaslea Universidad de La Lagunako Unibertsitatean.
———————————————————————————-
Oharra: Jatorrizko artikulua The Conversation webgunean argitaratu zen 2020ko otsailaren 16an: La oreja de oso, una joya del Pirineo que guarda el secreto de la resurrección.
Iruzkinik ez