Saskietako elikagaiak aldatzen
Saskietako elikagaiak aldatzen –
BERRIA – Lander Muñagorri Garmendia
Ostegunean iritsiko da uda, eta, harekin, fruitu denda eta nekazarien postuetan kolore gehiago agertzen hasiko da. Elikadura orekatua edukitzeko, denetarik jan eta elikagai gorri eta moreak kontsumitzeko gomendioa egin dute nutrizionistek. Horiek baitira sasoiko kolore eta elikagaiak.
Udaberri hau, ordea, ezohikoa izan da, eta merkatuetako nekazarien eskaintza, beste urteetan izan ohi dutenaren aldean, urriagoa izan da. «Eguraldiak ez du batere lagundu». Hala ere, tomateak, piperrak, lekak, tipulinak, kuiatxoak eta piperminak agertzen hasi dira salmenta postuetan, eta denborak aurrera egin ahala eskaintza hori pluralagoa bihurtuko delakoan dago nutrizionista. Segurak, hala ere, udako produktuak kontsumitzeko gomendioa egin du, barazki, fruitu eta arrainen ekoizpena ohikoa izango balitz bezala.
BARAZKI ETA FRUITUAK
Koloreei begira
«Dieta orekatu baten oinarrian landare jatorriko produktuak kontsumitu behar dira, eta komeni da nahiko fresko hartzea, gainera». Hori da nutrizionistak egin duen lehen gomendioa. Horren jarraian iritsi da hurrengoa: koloreei begiratzea. «Une honetan, kolore gorri eta moreak agertzen hasi dira, eta, horrek bere arrazoia daukanez, horretan oinarritu behar dugu. Sasoi bakoitzean, gure energia beharrak aldatu egiten dira: neguan, energia gehiago beharko genuke, eta, udan, gutxiago. Elikagaiei begiratuz gero, udan barazki eta fruituek, ur gehiago izateaz aparte, kolore gorri eta moreagoak dituzte».
Tomateak, gereziak, pikuak, nektarinak eta azenarioak jar daitezke kolore horien adibidetzat. Produktu horiek antioxidatzaileak dira, eta, horregatik, udan gomendagarriagoa da produktu horiek kontsumitzea. «Sasoi horretan gorputza gehiago oxidatzen delako». Horretaz aparte, azalak ere asko sufritzen du udan, eguzkitan egoteko denbora gehiago dagoelako. «Indar handia hartzen du eguzkiak, eta, elikagai batzuk kontsumituz gero, azalak gutxiago sufri dezake», Seguraren arabera. «Eguzkitako krema eman ezean erre egingo gara, noski, baina elikadurari esker kolagenoa bermatu ahal da». Horretarako azenarioa edo C bitaminak dituzten elikagaiak kontsumitzea egokia dela azaldu du.
Koloreei begira jarraituz, oreka bilatzeko gomendioa egin du Segurak. «Plater bat baldin badaukagu, bertako elikagaien erdiek barazki izan beharko dute; horien oinarri gisa, berdeak jarri beharko lirateke, gure inguruan asko baitira. Horrekin batera zerbait gorri sartzea ere komeni da». Eta, alderantziz, dena gorria jan beharrean beste kolore batzuk sartzea ere komeni dela dio: «Kolore bakoitzak elikagai batzuk ematen dizkigu, eta, batean bakarrik oinarrituz gero, ugaritasuna galtzen da». Denetik jatearen aldarria egin du horrela.
Fruitu eta barazkien koloreari bakarrik ez zaio begiratu behar zer jan eta zer ez erabakitzeko garaian. Hala dio Segurak: «Bizi garen lurraldean ekoizten dena jaten saiatu behar dugu, oreka bat mantentzeko; non bizi zaren, zer-nolako erosketa egin dezakezun begiratu behar duzu. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, esaterako, barazki ugari dauzkagu, baina fruitu gutxi dauzkagu bertan ekoizten direnak. Nafarroan ugaritasun handiagoa dago alde horretatik». Elikadura osasuntsu bat izateko unean ikuspegi hori kontuan izatea garrantzitsua da harentzat, hala zero kilometro filosofiarekin bat egiteko modua izan daitekeelako.
ARRAINAK ETA LEKALEAK
Dieta orekatzeko gaiak
Eguneroko dieta barazki eta fruituetan oinarritu behar dela dio Segurak. Areago, fruitua egunero jan behar da, eta barazkiak «gero eta gehiago janez gero, hobe». Baina elikagai horiekin bakarrik ezin da osatu dieta, proteinak ere jan behar direlako. «Egunean bi aldiz jan beharko genituzke», dio. Eta hor barruan sartzen ditu lekaleak, fruitu lehorrak, arrainak, arrautzak eta haragia. «Haragia ahal beste gutxitu behar da, astean birritan jateko, eta lekaleak astean lautan jatea komeni da». Une honetan, ilarrak eta babarrun berriak topa daitezke merkatuan, eta horiek fresko daudela kontsumitzea gomendatzen du nutrizionistak.
Baina badago udako bereizgarria den elikagai bat: hegaluzea. Laster hasiko da kanpaina, eta kontsumitzeko gomendioa egin du Segurak. Udako menuetan askotan egon ohi da marmitakoa, baina hori baino gehiago ere badago itsasoan: «Sardinak eta txitxarroa ere sasoi horretakoak dira; hegaluzea bezala, horiek ere arrain urdinak. Omega 3 dutenak dira, elikagai iturri oso garrantzitsua da, eta kolesterola jaisten ere laguntzen dute. Beraz, horiek bermatu behar dira». Baina, sasoikoak diren arrain urdinez gain, udan zapoa, bakailaoa edo legatza ere harrapatzen dute bertako arrantzaleek. Arrain zuriak dira horiek denak, «gantz gutxikoak».
Elikagai horiek kontsumitzeko garaian, banaketa argia egin du Segurak: «Gure jarduera goizean eta arratsaldean egiten dugunez, interesgarriagoa da arrain urdinak bazkaltzeko garaian kontsumitzea, eta arrain zuria afaltzean jatea». Banaketa egin du, beraz, arrainen kasuan.
Barazki, fruitu, arrain edo lekale, horiek guztiak jateko oreka zein den azaldu du Segurak, baina uda, urtaro askotarikoa izateaz aparte, aisialdirako garaia ere bada. Horrek berarekin dakar ordutegiak erregularrak ez izatea, eta kanpoan ohi baino otordu gehiago egitea. «Gomendio horiek buruan eduki behar dira, eta otorduak kanpoan eginez gero ere posible da oreka lortzea».
BERRIA – Lander Muñagorri Garmendia
Iruzkinik ez