Hara!

Sukaldearen aitzakian (En deuda con el placer)

Sukaldearen aitzakian (En deuda con el placer - John Lanchester)

EN DEUDA CON EL PLACER. John Lanchester.

Anagrama. 1997

(2006ko azaroa)  Bai, sukaldearen aitzakian, hara hemen eleberri zoragarri bat. Hain da zoragarria, ezen ezin baita argumenturik zintzoki kontatu liburuarekiko interesa suntsitu gabe. John Lanchester maisu handia da intriga sortzen eta jakintza ugari menperatzen ditu, gutxik lain, besteak beste, artea eta literaturaren historia, geografia eta, nola ez, ba, sukaldaritza.

Lau urtarotan banatuta dago kontakizuna, eta urtaro bakoitzerako menu ezberdinak proposatzen ditu egileak, barkatu, Tarquin Winot izeneko protagonistak, era ikaragarrian proposatu ere: jantzia, jakintsua, iradokorra, arte eta jakintza guztien koktela eskainiz bertan. Esan daiteke, liburu honetan murgiltzen denak, eleberria irakurtzeaz gain, kultura informazioaz blai amaituko duela. Gauzak kontatzeko sentsibilitate demasa eta ironiaren erabilera apartekoa. Hala ere, hori da gutxienekoa. Arropa hori baldin bada, beste bat da zeharo mamia. Eta nolakoa! Lanchesterrek orriz orri borobiltzen du bere pertsonaia, balizko irakurlea ez kaltetze aldera hemen deskribatu ezin duguna.

Denboralea zen halako libururik esku artera iristen ez zitzaigula, agian Julian Barnesen LA MESA LIMÓN, ipuin liburu bikain hura. EN DEUDA CON EL PLACER batere zalantzarik gabe aholka daitekeen liburu horietakoa da, eta ez dadila inor beldurtu sukaldaritzaren aipamenarekin, egileak tituloan aitortzen duen plazerarekiko zorra ez baita, hala irudi duen arren, jan-edan kontuekin. Beste bat da egiazki Tarquin Winot aristokrata ingeles aluak pertsekatzen duen plazera. Hori zein den ere ezin dugu hemen aitortu, arraioa! On egin, beraz, baldin eta aurkitzen baduzu, ezen, oso oker ez banaiz, liburudendetan aspaldi baitago agortuta. Liburutegiren batean beharko.

Sukaldearen aitzakian – Hasier Etxeberria > ZUZEU

Kategoriak

Egilea

Pagotxa Pagotxa

Elkarbanatu & Inprimatu

Iruzkinik ez

    Bidali iruzkin bat