Blog Artxiboa

san tomas

San Tomas eguneko protagonista eztabaidaezina: txistorra

San Tomas eguneko protagonista eztabaidaezina: txistorra –

Josebe Blanco – zuzeu

Halaxe dio gaztelania jatorrean Donostiako Udalaren webguneak. Protagonista: txistorra. Beherago azaltzen du jaiegun horren jatorria, eta hara non azaltzen dira baserritarrak, hara non azaltzen diren plazaren garai bateko giroa gogora ekartzen diguten baserritar jantziak. Eta txistorra, berriz ere.

“Gipuzkoako udalerriek euren garraiobidea hobetu zutenean, azokak beharra izateari utzi zion. Baina baserritarrak jarraitu zuen, fidel, San Tomas egunean Donostiara etortzen. Eta feria mantendu egiten da.”

Halaxe dio gaztelania jatorrean Donostiako Udalaren webguneak. Baserritarrak fidel jarraitu zuen egun horretan Donostiara joaten. Eta feria mantendu egiten da.

San Tomas eguneko protagonista eztabaidaezina: txistorraTxistorra protagonista eztabaidaezina da; eta baserritarra, fidela. Errealitatea gordin azaltzen zait, gordinegi. Esaldi horietan oso ongi laburbiltzen dira egungo irakurketa hiritarrak. Baserri mundua hiritik kontatzen den ipuina –kasik kondaira– da, eta baserritarrak, fidel, jarraitzen du hiritarren mirabe izaten, atsegin handiz.

Baserritarrak gustuz jarraitzen du egun horretan Donostiara joaten. Ez da joaten bere lanaren azken emaitza –janaria– saltzetik bizi delako; ez, joaten da afizioz, kapitalaren kresal eta glamour usainak arnastera, sakon.

Baserritarrak erabakitzen du San Tomas egunean Donostiara gerturatzea eskuzabala delako; eta daraman janariak balio gutxi duelakoan birikiak elikatzen dizkioten kapitaleko lurrin horien ordainetan emateko, hara doa baserritarra baserritar jantzita –baserritarra ez balitz– irudika dezala hiritarrak antzezlan historiko-folkloriko parte-hartzaile horretan zer nolako giro zegoen garai bateko plazetan. Irudika dezala nolakoa zen bizirik zegoen azoka plaza bat, supermerkatu handiek janaria eta bizitza lapurtu zituzten arte.

Hiritarra baserritar janzten da, kanonek dioten bezala –edo ez–, folklorearen adierazgarri, Donostia marka du soinean jantzita, jakin dezaten turistek bertokoa dela, euskal kulturaren transmisorea. Antzezlan parte-hartzaile horren aktore ezinbestekoa hura ere. Publikoak jasoko du eszenaren irudia, zabalduko du. Eta beste behin ere Donostia munduan izango da, dir-dir, alfonbra gorri luzean.

Euskaldunon izaera itxia ezabatu egingo da, kosmopolitak eta integratzaileak izango gara abenduaren 21ean, eta baserritarraren zapia izango du turista kultur-zaleak eskuragarri, askoz jota hiru euro ordainduta. Joango dira turistak ere jaiaz gozatzera, postuz postu, jakiak dastatzen, euskal sagardoaren txinpartak barrunbean sentitzen, txistorra den protagonista igerian dabilen bitartean. Argazkiak aterako ditu, bideoak grabatu txistularien pasadizoan, euskal kulturaren transmisoreak dira turistok.

Eta ikuskizun elegante horrek zer prezio du? Handia ez, kontuan hartzen badugu zer eragin ekonomiko duen San Tomas azokak Donostiako ekonomian: ostalariak, merkatariak, hotelak, pisu turistikoak…

Nik badut, ordea, dotorezia horretarako diru kopuru zehatz bat: 105€. Hori da gaztak hartuta –edota bestelako esnekiak– hara joan nahi duen baserritarrak ordaindu beharko duen prezioa, egun horretan saldu nahi badu. Fidantza ere badago, ezer gertatzen ez bada, itzuliko diotena: 210€. Garai bateko errentak gaurko postmodernitatera ekarrita.

Zuek zenbat ordainduko duzue abenduaren 21ean? Hara joango diren baserritar batzuek 105€. Zenbat saldu behar dute “inbertsio” hori berreskuratzeko, euren lan guztiaren emaitza dirutan ikusteko? Nik kasu horretan esplotazioa ikusten dut: udalak etekina ateratzen dio baserritarrak lan egiteko duen beharrari, eta gainera baliatzen du baserritarraren presentzia jendartearen bestelakoei –?– erantzuteko.

Baserritarrak, baserritarrak gara, ez aktore esperpentikoak –barkaidazue, aktoreok–. Gure lana janaria sortzea da, da herriari jaten ematea. Eta bai, bada azokak eta feriak egiteko beharra, ez gara joaten folklorean sakontzera; izan ere, salmenta zuzenak posible egiten du, neurri handi batean, guk gure baserrietan lanean jarraitzea eta zuek lurretik sortutakoa jatea. Salmenta zuzenak ahalbideratzen du, eta ez supermerkatu handiek ezartzen dizkiguten kate ezin luzeagoak.

Inoiz ez gara izan Donostiako San Tomas egunean, eta ez gara izango. Abisa dezatela ikuskizun historiko-folkloriko parte-hartzailea antolatzeari uzten diotenean, helburuak bestelakoak direnean, baserritarrok ordaindupeko jaietako atrezzoa ez garenean, gure diruarekin eta lanarekin besteentzako jaietako mirabeak ez garenean.

San Tomas eguneko protagonista eztabaidaezina: txistorra