Hara!

Umeak ez dit ezer jaten

Umeak ez dit ezer jaten – 

Gurasoen artean ardura handia sortzen du umeen elikadurak. Gutxi jaten dutela, ez dituztela elikagai jakin batzuk jan nahi, orduz kanpo jaten dutela… sarritan dira hainbat elkarrizketen erdigunea.

Ez dut nahi. Ez zait gustatzen. Ezin dut gehiago. Jaten ez baduzu ez zara handituko! Jan barik ezin daiteke ibili umea! Holako ume mizkinik!

Umeak ez dit ezer jatenElikagaien neofobia da ume mizkinen atzean dagoena. Gauza berriei fobia da neofobia, eta kasu zehatz honetan, elikagai berriei fobia. Haurrek janari berriak probatzeari uko egitea oso ohikoa da; are gehiago, eboluzioaren garapen logikoa ere bada.

Gizakia orojale bihurtzearekin batera sortu zen neofobia, orojalearen dilemak da elikagai berriei fobiaren oinarrian dagoena. Janaria eskasa zenean edo batere ez zegoenean, elikagai berriak probatu behar ziren. Tentuz ibili behar zen, baina, elikagai horiek pozoitsuak izan baitzitekeen. Neofobia, beraz, kontserbazio instintuaren baitakoa da.

.

Haurren elikadura

Umeek elikadurarekin duten harremana dimentsio bat baino gehiago ditu. Izan ere, haurrek berek eta elikaduraren ezaugarriek duten paperez gain, oso kontuan hartzekoa da gurasoek duten eragina. Haurren elikaduraz aritzean dimentsio hauek guztiak kontsideratu behar dira eragina duten faktore gisa.

Alde batetik, kontuan izan behar da umeak elikadurarekin duen harremana ez dela egonkorra, denborarekin aldatzen dela. Umearen adinak influentzia du elikagaiekiko harremanean. Horrela, 2-3 urterekin, normalean, ez dute janari berririk probatu nahi eta, gainera, ezezkoaren garaian daude. Hazten diren heinean, 6-7 urterekin, gutxitzeko joera du neofobia horrek.

Lehenengo adin tarte horretatik (2-3 urte) bigarrenera (6-7 urte) berebiziko garrantzia izango du familiak zelan kudeatzen duen elikadurarekiko harremana umearen neofobia baztertu edo areagotu dadin.

Gurasoentzat, eta batez ere amentzat, haurraren elikadura erlazionala da. Umea jaio baino lehen elikatzen du umea amak eta hasiera-hasieran ere bularra ematen dio; umea elikatzea, beraz, amaren ardura da. Hori dela eta entzuten dira “ez dit ezer jaten” eta “oso gutxi jaten dit” bezalako esaldiak. Ardura erlazional honen ondorioa da umeak jatera behartzeko joera.

Gurasoek baldintzatua da umeek janariarekiko duten jarrera, beraz. Jaten ez dutenean behartzen duten, xantaia egiten dioten (“hau jaten ez baduzu ez duzu postrerik izango”), elikatzerakoan adibide rola hartzen duten (janari bera jaten, ordu berean, e.a.). Jarrera horiek eragina izango dute umeak janariarekiko izango duen harremanean.

.

Gutxi jaten dit umeak

Zenbat jan behar du 1-4 urteko ume batek? Haurren errazioak zelakoak diren ba al dakite gurasoek? Edurne Maiz psikologoak argi dauka: ez. Behar baino gehiago ematen zaie umeei, errazioak ezagutzen ez direlako. Eta arazo handia da gurasoek kantitateak ez jakitea. Izan ere, umeek nahikoa jaten ez duteneko inpresioa eduki arren, askotan ez da horrela. Hurrengo argazkietan ikus daitezke Infant and Toddler Forum-ek egindako gidan gomendatzen diren 1-4 urte bitarteko umeek hartu beharreko errazioak:

Umeak ez dit ezer jaten
1-4 urteko umeen karbohidrato errazioa2. irudia: 1-4 urte arteko umeek jan behar duten karbohidrato errazioak. (Argazkia: Infant and Toddler Forum)
Umeak ez dit ezer jaten
1-4 urte arteko umeek jan behra duten fruta eta barazki errazioak3. irudia: 1-4 urte arteko umeek jan behar duten fruta eta barazki errazioak. (Argazkia: Infant and Toddler Forum)

Errazio horiek ikusita umeak gutxi jaten duela esango lukete gehienek. Ez da hala, baina. Ezin da ahaztu umeen urdaila txikiagoa dela. Kontuan izan behar da, gainera, erregulazio mekanismoa dela gosea eta haur osasuntsua ez dela inoiz gosez egongo.

Beharren arabera jaten dute umeek eta normala da egun batzuetan gehiago jatea besteetan baino; helduetan bezala, duten apetitua ez da beti berdina, gastu energetikoaren araberakoa da.

.

Ume mizkinak egon, badaude

Noski, ume mizkinak egon, badaude. Aipatutako neofobia erreala da eta, umeetan ez ezik, helduetan ere ematen da. Elikadura, dena den, hezi daiteke. Zer jan, noiz eta zelan ikas daiteke. Elikadura orekatua eta osasuntsua izaten jarraitzeko SENCek elikadura-piramide ezaguna argitaratzen du:

Umeak ez dit ezer jaten

Janari batzuk beste batzuk baino errazago gehitzen dira dietara. Zenbait zapore ikasi behar izatea da honen arrazoia; zapore gozoak eta gaziak jaiotzatik ditugu gustuko, gozoa amaren esnetik hartua eta gazia gatz mineraletatik. Mikatza, aldiz, ikasi behar da. Hori dela eta, gehiago kostatzen da umeak barazkiak (mikatza) jan ditzan kolakaoa (gozoa) har dezan baino.

Errazioak eta zaporeak ikasi behar diren bezala, guztiz orokortuta dauden baina osasuntsuak ez diren ohiturak ere identifikatu eta baztertu behar dira. Umeei gosaltzeko gailetak eta kolakaoa ematea, adibidez. Piramidean ikus daitekeen moduan, bai gailetak bai kolakaoa piramidearen puntan kokatzen diren elikagaiak dira, noizean behin hartzekoak, beraz.

.

Zer egin?

Ume mizkinak neofobia baztertu dezan hainbat taktika eta gomendio jarrai daitezke, esaterako:

  • Egunean 5-6 otordu egin. Gutxi baina hainbatetan jan dezan.
  • Jatorduak familian egin eta janari berdina jan, gurasoak adibide izan behar dira, gurasoek ez badute frutarik jaten umeak ez du jango.
  • Aukera ezberdinak eman. Haurrari janari bat baino gehiago eskaini eta berak aukera dezala, erabakiak har ditzakeela ikus dezan.
  • Elikadura prozesuan parte hartzera gonbidatu, erosketak egitera eta janaria prestatzera.
  • Ez platera bete. Esan bezala, umeek ez dute errazio handirik behar eta hainbeste janari ikusteak higuina sor dezake.

Gurasoen ardura elikagaiak eskaintzea da, baina umea da zenbat jan nahi duen erabaki behar duena. Hala ere, haurrak janariarekin duen harremana arduratzekoa bada, arazoa identifikatzeko egunerokoa egin daiteke astebetez edo bi astez:

  1. Egunean jandako guztia, zer eta zer kantitate, apuntatu.
  2. Umeak elikadurarekiko duen portaera apuntatu (sesioan hasten den, negarra)
  3. Jandakoa konprobatu elikagai talde guztiak daudela ziurtatzeko.
  4. Behin egunerokoa aztertuta helburuak jarri, arauak eta mugak baliatuta.

Umeari ez zaio dena jatera behartu behar, nahi duena egiten ez zaio utzi behar, baina. Haurraren hezkuntzaren bestelako alderdietan bezala, kasu honetan ere diziplina aplikatu behar da.

.

Elikadura prozesua

Haurrak elikadura prozesuan parte hartzera gonbidatzeko gomendatzen da lehenago, baina elikadura prozesua, zehazki, zer da? Hiru pausutan ematen den prozesua da elikadura:

  1. Supermerkatuan egiten den lehenengo aukeraketa, janaria erostea.
  2. Janaria prestatzean egiten den bigarren aukeraketa, zer prestatu eta zelan.
  3. Jateko ekintza da elikadura prozesuaren azkeneko pausoa, behin janda nutrizioa gertatzen dela.

2017-04-18

Edurne Maiz psikologoak 2016ko otsailaren 4an Azkuna Zentroan egindako hitzaldian oinarritutako artikulua da honakoa”, dio Ziortza Guezuraga egileak, Zientzia Kaiera atarian.

Kategoriak

Egilea

Pagotxa Pagotxa

Elkarbanatu & Inprimatu

Iruzkinik ez

    Bidali iruzkin bat