Blog Artxiboa

Ligatzen laguntzeko modukoa

Perretxiko (barrengorri edo txanpinoi) nahaskia

Perretxiko (barrengorri edo txanpinoi) nahaskia

Osagaiak:

  • 8 arrautza
  • garaiko perretxikoak, eskukada bat pertsonako
  • oliba olia
  • gatza

 

Errezeta:

  1. Perretxikoak ondo garbitu; paper heze baten laguntzaz piskanaka. Urarekin lagundu baina ez busti guztiz perretxikoak.
  2. Perretxikoak eskuarekin zati irreguloarretan zatitutu,  norberaren gustuko neurrian.
  3. Arrautzak ontzi batean jarri eta irabiatu, gustuaren arabera gatz puntua jarriz.
  4. Zartagian oliba olio kolirakada bat berotzen jarri.
  5. Perretxikoak zartagira gehitu eta su bizitan gorritu, ura askatzen hasten diren bitarte.
  6. Sua jeitsi eta pixkanaka arrautza irabiatua gehitzen joan , egurrezko koilararekin bizi-bizi irabiatuz. Guztia batera egosi dadin tarteka zartagia sutatik kendu, gehiegi berotu ez dadin, eta berriro jarri, irabiatzen dugun bitartean… Era honetan arrautza krematsu geratuko zaigu eta ez tortila apurtu baten eran
  7. Norberak gustuko duen egosketa puntuan sua itzali eta zuzenean platerera.

 

Perretxiko nahaskia

ONDDO NAHASKETA Javier Lastras

Kasu!

Garaiko perretxikoak erabiltzea da egokiena, onddoak, ziza horiak, gibelurdinak, negrillak… Eta, nahi bada, urte guztian zehar barrengorri edo txanpinoiekin egin daiteke.

Kontu hartu berezko beroarekin nahaskia gorpuzten joango dela, eta zartagina sutatik lehentxeago erretiratzea komeniko dela.

Perretxiko nahaskia
gogokoa

Ganbak baratxuritan

Ganbak baratxuritan

Ganba edo otarrainxka errezeta hau dizdira eta luxuxko platera duzu, prestatzeko oso erraza eta izugarri gozatzekoa.

Osagaiak:

  • 40 ganba
  • 8 baratxuri ale
  • 4 kaienatxo
  • 10 goilarakada oliba olio
  • gatza

Errezeta:

  1. Ganbak zuritu eta hotzetan gorde.
  2. Baratxuri atalak zuritu eta xerratu.
  3. Zartagin txiki batean, baratxuria eta kaienak gorritzen hasi 3-4 koilarakada oliotan.
  4. Baratxuria kolorea hartzen hasten denean hatz bateko altuerara arte olioz bete eta aurretik gatzatutako otarraixkak gehitu. Gorritzen jarraitu su bizitan.
  5. Olioa bir-birrean hastean sutatik atera eta minutu batez itxaron zerbitzatu aurretik.
Ganbak baratxuritan

GANBAK BARATXURITAN Juantiagues

Kasu!

Buztinezko plater txiki batean otarrainxkak ipini eta erabilitako olio apur batez busti. (Ez badaukazu buztinezko platerik ere, konponduko zara, ez da hala?)

Aurretik garbitutako buruekin, saltsa bat ere egin dakieke. Buruak olio gutxirekin zartaginean gorritu eta ardo txuri eta ur pitin bat gehituz. 5 minutuz su ertainean egosi. Iragazi eta otarrainxka platerari gehitu.

Alde handia dago izozturiko ganbak edo freskoak direnen artean. Izoztutakoak erostea erabaki ezkero, kuzinatu aurretik, ongi kendu behar zaie askatzen duten ur guztia, ongi friji daitezen. C’est comme ça.

Ganbak baratxuritan
gogokoa

Pizza, tomate, mozzarela, albaka eta antxoilekin

Pizza, tomate, mozzarela, albaka eta antxoilekin

Osagaiak:

  • 250g irin
  • 125cl ur
  • 7g legami
  • 7g gatz
  • 25g oliba olio
  • tomate saltsa litro bat
  • 2 mozzarela bola
  • albaka
  • antxoa poto bat

Errezeta:

  1. Hondokoa egiteko, irina, ura, legamia eta oliba olioa nahastu behar dira.
  2. Nahasirik daudela, ogiarekin egiten den moduan, oreari eragin.
  3. 2 minutuz itxaron eta berriz eragin… horrela 6-8 aldiz.
  4. Labea berotu 250ºtan.
  5. Tomatea, zartagi batean su ertainetan jarri ura galtzen has dadin.
  6. Bitartean, masa zabaldu eta nahi den itxura eman ostean, aproposa den paperaren gainean laberatu 2-3 minutuz.
  7. Labetik atera eta 180ºtara jeitsi tenperatura.
  8. Masa beroaren gainean, ia ur guztia galdutako tomate saltsa zabaldu.
  9. Mozzarela eskuarekin hautsi eta tomatearen gainean zabaldu antxoekin batera.
  10. beste 5-10minutuz laberatu eta handik ateratakoan,  albaka gehitu.

 

Pizza, tomate, mozzarela, albaka eta antxoilekin

PIZZA Michele Ursiono

Kasu!

Albaka eta antzeko belar eta hosto freskoak, amaieran eta labetik kanpo gehitu kolorea eta berezko zaporea gorde dezaten eta oliba olio gordin tanta batzuk gehitu hostoen gainetik.

Alferra bazara, jakizu gaur egun merkatuan topa daitezkeela pizzak egiteko masa bikain askoak,  baina gure iritzian,  etxean egindakoa bezalakorik ez dago!

Behin pizzaren orea ikasitakoan, gainerako guztia nahierakoa da. Zeure irudimenaren araberakoa.

Pizza, tomate, mozzarela, albaka eta antxoilekin
gogokoa

Intxaur eta txokolate browniea

Intxaur eta txokolate browniea

Osagaiak:

Intxaur eta txokolate browniea

Errezeta:

  1. Txokolatea zati txikitan jarri
  2. Gopor edo bol batean gurina eta txokolatea mikrouhinean urtu.
  3. Nahasketa honi, azukrea gehitu eta ongi nahasi.
  4. Arrautzak ongi irabiatu kolore “zurixka” hartzen duten arte.
  5. Kontu haundiz, irina eta arrautzak, lehenengo nahaskerari, txandatuz gehitu eta nahasi.
  6. Dena ongi nahasirik dagoela, intxaurrak gehitu.
  7. Labetzeko moldea gurinaz igurtzi eta irin apur bat ongi sakabanatu jarri. (Honek brownia eginda dagoenean, hautsi gabe ateratzea erraztuko du).
  8. Lortu dugun nahasketa ipini gainetik.
  9. 180ºtan labetu 20 minutuz eta hozten utzi.

Intxaur eta txokolate browniea

Kasu!

Lagungarri eran, garaiko fruta eta gustuko izozki batekin dasta daiteke. Mango, laranja, sagarra…

Labetzeko moldearen arabera, browniak altuera bat edo beste izango du, hortaz, labetzeko denbora ere honen araberakoa izango da.

Eginda dagoela ikusteko, txotx bat browniaren erdian sartu eta atera behar da. Txotxa garbi irten ezkero, egina dago. Hori bai, krematsu geratzea nahi bada, txotxarekin kontrolatu beharko da egoste puntua.

Intxaur eta txokolate browniea
gogokoa

Muskuiluak (tomate) saltsan

Muskuiluak (tomate) saltsan

Honako hau oso errezeta azkarra eta erabilgarria da. 5 minuturen buruan hasi eta buka daitekeena.

 

Osagaiak:

  • 24 muskuilu ale
  • tipulina erdi bat
  • 3 baratxuri atal
  • perrexilla
  • ardo txuria
  • erramua
  • gatza
  • piper hauts beltza
  • tomatea (aukeran)
MUSKUILUAK TOMATETAN Javier Lastras

MUSKUILUAK TOMATETAN Javier Lastras

Errezeta:

  1. Lehen pausoa muskuiluei bizarrak garbitzea da laban baten laguntzaz eta hauek uretan garbitzea gero.
  2. Baratxuri atalak eta tipulina txiki txiki egin eta zataginean su ertainetan gorritzen hasi olio koilarakada baten laguntzaz.
  3. Kolore apur bat hartzen duten momentuan, muskuilua gehitu, ardo txuri kopa, erramua eta perrexillarekin batera. Sua bizitu eta paela estali zabaltzen diren arte. Zabaltzen hasten direnean, gatz eta piper hauts pitin bat gehitu eta zerbitzatu.

Bigarren aukera:

  1. Zabaltzen hasten direnean, hauek paelatik atera eta tomatea gehitu.
  2. 5 minutuz egin su ertainetan eta zerbitzatu aurretik muskuiluak gehitu.
  3. Gatz-pipertu eta listo.

 

 

Kasu!

Muskuluekin, txirlekin bezala, kontu haundiz ibili behar da produktua freskoa eta ona izan dadin. Muskulua itxirik egon behar du, bizi eta fresko dagoen seinale.

Batere txarra ez den aukera, minutu batez egositako muskuiluak erabiltzea da. Saltsa berdin berdin egin muskulurik gabe eta amaieran 5 minutuz muskuluekin egosi zaporea har dezaten.

Muskuiluak (tomate) saltsan. Honako hau oso errezeta azkarra eta erabilgarria da. 5 minuturen buruan hasi eta buka daitekeena.
gogokoa

Jogurt krema fruitu gorrien marmeladaz

Jogurt krema fruitu gorrien marmeladaz

Azkenaldian jatetxeetan topatzea horren ohiko eta erraz den azkenburukoa da. 5 minututan egin eta dastatzeko aukera ematen duena.

Azkenburu honen sekreturik handiena, jogurta kalitate onekoa izatea da. Aukera edukita, gertuko baserriren bateko esneaz egindako jogurta izatea gomendatzen da. Zaporeak eta testurak zerikusirik ez du komertzialagoekin. Bestela, garrantzitsua litzake testura lodiko jogurta aukeratzea.

 

Osagaiak:

  • 500 gr Jogurt natural
  • 50 gr ezti
  • 100 gr esnegain
  • fruitu gorri eskukada bat. Haranak, marrubiak eta mugurdiak
  • jelatina 3 orri
  • limoi bat
  • gatz pitin bat
  • azukre goilarakada bat
  • modena ozpin goilarakada bat
  • 4 gustuko gaileta
  • menta hostoak
Jogurt krema fruitu gorrien marmeladaz

JOGOURTA FRUITUEKIN Jason Cartwright

Errezeta:

  1. Lehen pausoa, jelatina ur hotzetan ipintzea da biguntzen den arte. Ura hartu eta biguindu den momentuan edalontzi batean ipini esnegainarekin batera eta mikrouhinean 30 segundoz berotu. Nahasketa ondo nahasi.
  2. Esnegaina eta jelatina nahasketa, gatza eta limoi azal birrindua jogurtari ongi nahasi. Nahasketa hau hozkailuan gorde ordu betez gutxienez.
  3. Bitartean, fuitu gorriei azukrea eta ozpina gehitu eta nahasi. Hau ere, hozkailuan gorde.
  4. Fruitu gorriak iragazi eta askatutako zukuarekin jogurta estali.
  5. Zerbitzatzeko momentuan, edalontzi, gopor baten oinarrian, ezti apur bat jarri, segidan jogurta eta azkenik, gainean gailetak eskuekin hautsi.
  6. Bukatzeko, menta hosto batekin apaindu.

 

Kasu!

Denbora asko eduki ezean jogurtaren nahasketak berak bakarrik ere balio dezake!

Gustuko lagungarri pila onartzen ditu errezeta honek. Garaiko edozein frutarekin jatea ere aukera bikaina da!

Akaso!

Maitane Segurolaren Fruitu gorri nahasiak bideo RZ:

Jogurt krema fruitu gorrien marmeladaz
gogokoa

Arrautza poxatuak

Arrautza poxatuak

Garrantzitsua da arrautzak kalitate onekoak izatea, guztiz gomendagarria baserriko arrautzak erabiltzea edo, behintzat, 0 edo 1 zifraz hasten direnetakoak izatea.

Errezeta praktikoa da eta askotan lagungarri erabil dezakeu beste prestaera batzuekin.

Osagaiak

  • 4 arrautza
  • Ozpin koilarakada bat
  • Gatza apur bat
  • Txorroteko ura
Arrautza poxatuak

POXATUTAKO ARRAUTZA Mike McCune

 

Errezeta:

  1. Lapiko altu bat txorroteko urarekin bete eta su bizitan jarri berotu dadin.
  2. Bertara koilaratxokada bat gatz erta koilarakada bat ozpin bota.
  3. Ura irakiten dagoenean, goilara baten laguntzaz zurrunbilo bat egin lapikoan. Garrantzikoa da ur guztia biran jartzea errezeta ondo irten dadin.
  4. Zurrunbilo erako bat lortzen denean arrautza puskatu barnera eta goilararen laguntzaz bere forma borobilean landu arrautza.
  5. Egosketa denbora norberaren gustuaren arabera egokitu daiteke. Normalean 4 minutu inguru behar izaten ditu, kolore zuria hartzen du arrautzak egostean.
  6. Azkenik eta kontuz arrautza plater batean jarri. Gatza apur bat bota eta gozatzeko prest.

 

Kasu!

Arrautzak piperrada, edozein saltsa, patata frijituekin… bikain daude!

Akaso!

Arrautzak garestiak omen…

Arrautza poxatuak
gogokoa

Barazki erreak

Barazki erreak garaiko barazkiekin egitea komeni da zaporeak eta testurak hoberenak izateko. Adibide honetan, irailean topa daitezkeen barazkiak egiten dira, baina, esan bezala, garaian garaikoekin egin dezakezu.

Osagaiak

  • 2 Tipula
  • Piper gorri bat
  • 2 Aberjinia
  • 2 Kuiatxo
  • Baratxuri buru bat
  • Oliba olioa
  • Sagar ozpina
  • Gatza
BARAZKI ERREAK Michela Simoncini

BARAZKI ERREAK Michela Simoncini

Errezeta:

  1. Barazki guztiak baratxuria izan ezik, uretan garbitu. Tipulak zuritu eta baratxuri burua erdibitu (atal guztiak erdira egiten dituelarik).
  2. Labea 180 gradutan berotu.
  3. Bero dagoenean, barazkiak gatzatu, olioztatu eta osorik dauden moduan labean erre guztiz egiten diren arte. 40 minutu inguru.
  4. Labetik bero ateratzen diren momentuan, ozpin koliarakada txiki batekin busti, baratxuria atera eta zilar paperarekin tapatu bandeja 10 minutuz.
  5. Baratxuriaren mamia atera eta katilu txiki batean oliba olio goilarakada bat gehituta, krema egin. Baratxuri erre “ali-oli” moduko bat lortu arte.
  6. 10 minutu horien ostean barazkiak zuritu eta baratxuri krema eta oliba olio gordinarekin zerbitzatu.

 

Kasu!

Ia mota guztietako saltsa ezberdinek balio dute. “Romesko” erakoa ere oso aproposa da horrelakoak laguntzeko, Katalunian ohikoa dena.

Plater honek ere, lagungarri edo guarnizio moduan joka dezake, edozein arrai edo haragiren laguntzaile.

Akaso!

Akaso RZ labean beharrean zartagian teknika politaz, Jamie Oliver-en eskutik, eskumutur hori…

WOK baten edozer erreta goxoa dago! Zinez…

Barazki erreak
gogokoa

Etxeko torrada edo torrijak

Etxeko torrada edo torrijak – 

Soberan pilatzen diren ogiekin egiteko postre bikaina.

Osagaiak:

  • Etxean soberan dagoen ogi zaharra, 2-3 hatzen lodierako zatitan moztua
  • Litro bat esne
  • 0,1kg azukre
  • Bainila adar bat edo kanela hautsa koilarakada txiki bat
  • Limoi bat
  • Laranja bat
  • 2 arrautza
  • Oliba olioa 3 koilarakada
Etxeko torrada edo torrijak

TORRADA Ana

Errezeta:

  1. Ogi gogor zatiak ontzi batean jarri.
  2. Lapiko batean esnea, azukrea, bainila adarra eta limoi zein naranjaren azalak egosten jarri. Guztia irakiten hasten den bitarte.
  3. Ogiari gainetik lapikoko guztia gehitu eta bertan utzi 2-3 orduz. (Esnearekin ez baditugu guztiz estaletzen, ordubete igaro eta gero buelta eman ogi zatiei. Beharrezkoa da ogiak esne guztia ondo xurgatzea.)
  4. Plater batean arrautzak irabiatu.
  5. Zartagi altu bat berotzen jarri oliba olioarekin, ondo berotu behar da olioa.
  6. Ogi zatiak banaka arrautza irabiatutan igarotzen joan eta ondoren zartagian frijitu.
  7. Zartagian hurraren kolorea hartzen duen bitarte mantendu alde bakoitzetik.
  8. Frijitu eta gero soberan duen olioa kendu sukalde paper baten gainean  eta azukrez estali gainetik.

 

Kasu!

Errezeta hau ogi zahar zein berriarekin egin daiteke, amaitzean izozki edo saltsez lagunduta jaten da normalean.

OGIAk panes: Baguettea Baguette Barra luzea Barra grande Barra txikia Barra pequeña Baserriko ogia Pan de leña Erromatar txikia Romanito Flauta Flauta Fruitu lehorrezko ogia Pan de frutos secos Moldeko ogi integrala Pan de molde integral Moldeko ogi zerealduna Pan de molde de cereales Moldeko ogia Pan de molde Ogi birrindua Pan rallado Ogi espainola Pan español Ogi gatzgabea Pan sin sal Ogi integral haziduna Pan integral de semillas Ogi sesamoduna Pan de sésamo Ogi sojaduna Pan de soja Ogi txigortua Pan tostado Ogi-barra zerealduna Pan de cereales barra Ogi-irin integrala Harina de trigo integral Ogi-irina Harina de trigo Opilak Bollos Vienako ogia Pan de Viena Zekale-ogia Pan de centeno Zopakoa Pan de sopa Txapata Chapata

Akaso!

Maitane Segurolaren TORRADAK bideo RZ:

Etxeko torrada edo torrijak
gogokoa

Haragi eta barazki lasagna

Haragi eta barazki lasagna – 

Errezeta honek motako askotako betegarriak onartzen ditu: ganba eta porrua, ontto, barazkiak, saltsa ezberdin… askorekin bete daitezke.

Haragi eta barazki lasagna

Osagaiak:

  • 3 Pasta geruza edo plantxa
  • 40 gr gurin
  • 50 gr oliba olio
  • 110 gr irin
  • litro bat esne
  • 250 gr haragi txikitu
  • tipulina bat
  • 6 baratxuri atal
  • azenario bat
  • ardo txuri kopa bat
  • tomate pote bat
  • kuiatxo bat
  • berenjena bat
  • 6barrengorri edo  txanpinoi
  • parmesano gazta birrindu eskukada bat
  • mozzarela gazta birrindu eskukada bat

 

Haragi eta barazki lasagna

LASAGNA David K

Errezeta:

  1. Bexamela egiteko, zartagin batean, oliba olioa eta gurina ipini su ertainean, azkeneko hau urtu arte. Urtzen den momentuan, irina gehitu mugitzeari utzi gabe pasta bat lortuz. Kolorea aldatzen hasten zaion momentuan esnea gutxinaka gehitu eragiteari utzi gabe,nahi den lodiera lortuz. Gatz puntuan jarri, sutatik atera eta gorde.
  2. Saltsa bolognesa egiteko, tipulina, baratxuriak eta azenarioa zuritu eta txiki txiki egin. Hauek, zartagi batean su ertainean gorritu eta 5-10 minutura haragia gehitu. Honek kolorea hartzean, ardo txuri kopa eta tomate potea gehitu eta dena batera 30-40 minutuz su ertainetan egosi.
  3. Kuia, berenjena eta txanpinoiak, dado txikitan moztu eta su bizitan gorritu 3-4 minutuz. Ondoren, egindako bexamelaren erdia berotu eta bertara igaro barazki dado hauek. Ondo nahasi eta gorde.
  4. Lasagna montatzeko, pastari behar duen egoste puntua eman. Ura irakiten ipini eta pasta xaflak sartu biguntzen diren arte. Ondoren, ur hotzetara igaro.
  5. Muntatzeko, molde baten laguntzaz, oinean pasta xafla jarri, gainean, bolognesa, berriz ere pasta, gainean barazki bexamela, gero, pasta eta azkenik geratzen den bexamela eta gazta birrinduak.
  6. Amaitzeko, labean 200ºtan 5 minutuz gratinatu eta zerbitzatu.

 

Kasu!

Lasagna gazta gehitu gabe egun batetik bestera hozkailuan gordetzeak, gorputza emango dio eta manipulatzea erraztuko du. Horrela, nahi izan ezkero, banako platerak zerbitzatu daitezke, gazta gehitu eta zuzenean gratinatuz.

Akaso!

Haragi eta barazki lasagna
gogokoa

Entsalada epela, patata, arrautza eta antxoilekin

Entsalada epela, patata, arrautza eta antxoilekin.

Plater hau “etxean ezer ez dagoen” egun horietan egitekoa da, batez ere. Ulertzen diguzu, ez da?

Osagaiak:

  • Zortzi patata ertain (bina lagun bakoitzeko)
  • Lau arrautza (bana lagun bakoitzeko)
  • Antxoila poto bat, antxoilak erditik moztuta
  • Pare bat tipulina edo tipula fresko handi bat, zerrenda finetan moztuta (juliana)
  • Maionesa basokada bat (edo, ez baduzu egin nahi, edo hozkailuan ez badago, edo beganoa bazara, ozpinolioa)
  • Gatza

 

 

Errezeta:

  1. Patatak ordu erdi batez egosten jarri. Zuritu gabe egitea komeni da, zarta ez daitezen, baina bizimodua erraztuko dizugu hatz puntak erre ez ditzazun gero zuritzerakoan: zurituta jarri, baina eginda daudenean, ur guztia kendu eltzetik eta minutu batean utzi eltzean bertan egiten urik gabe. Patatak bere baitara bilduko dira, ura galduz.
  2. Arrautzak ere egosi patatekin azken zazpi minutuetan, gehiegi ere egos ez dadin
  3. Maionesa bat egin edo, gogorik ez baduzu, hozkailukoa hartu, baina beti hobea zeuk egindakoa. Eta ez bazaizu maionesa gustatzen edo beganoa bazara, oilozpina egin (ozpineko bat, olioko bost) eta,  baldin baduzu, Dijongo ziape koilarakadatxo bat ere nahastu.
  4. Azpil edo ontzi eder batean, patatak zatituta jarri, baratxuri ale baten tamainan edo, arrautza ere zabarki ebakita jarri gainean eta antxoilak olio eta guzti nahasi guztiari, baina patata apurtu gabe. (Begetarianoek antxoilarik gabe, jakina. Alkaparrak eta olibak jar daitezke ordetan ).
  5. Entsalada bat arinki olioztatzean bezala, egin gatza, ozpina eta olio parrastada bat eta dena nahasi. (Hartu kontutan, gero maionesa gehitu dakiokeela)
  6. Tipula gainetik egin edo ondoan jarrita zerbitzatu, agian baten batek ez du eta haren gordintasuna maiteko. Guk bai, arraioa!
  7. Maionesa ere alboan jarrita zerbitzatu, norberak bere tamainan gehi diezaion.
Entsalada epela, patata, arrautza eta antxoilekin

PATATA ENTSALADA Xolomo Sapiens

Kasu!

Errezeta honen sekretua epel jatea da, nahiz eta hotz ere bikaina den.

Akaso!

Entsalada epela
gogokoa

Perretxiko rissotoa

Osagaiak:

  • 4 eskukada arroz
  • 4 onddo haundi edo lau eskutada perretxiko (ziza, gibelurdin, negrilla, barrengorri…)
  • 3 tipulina
  • 2  baratxuri atal
  • piper berde ale erdi
  • haragi edo barazki salda, (besterik ez baduzu, pastillarekin egindakoa)
  • baso erdi ardo txuri
  • parmesano gazta, hauts edo xaflatan
  • goilarakada bat gurin
  • 5 goilarakada oliba olio
  • gatza
  • piper beltz hautsa

Errezeta:

  1. Perretxikoak sukaldeko paper heze baten laguntzaz ongi garbitu.
  2. Perretxiko/onddoaren txapela eta oina laban baten laguntzaz banatu.
  3. Barazkiak; tipulina, baratxuria, onddo oina eta piper berdea zati txikitan egin.
  4. Txapela gainontzeko barazkiak baino zati handiagotan egin. Eskuarekin apurtuta, hobe.
  5. Zartagin edo padera batean, 4-5 koilarakada oliba olio ipini eta onddo txapelak izan ezik, gainerako barazkiak gorritzen jarri su ertainetan.
  6. Barazkiak ongi gorritutakoan arroza eta onddo txapel zatiak gehitu eta ongi eragin su bizitan pare bat minututan.
  7. Ardo txuri edalontzi erdia gehitu eta 2-3 minutura salda.
  8. Salda gehitu eta su bizitan egosi lehen 3-4 minututan goilara baten laguntzaz aldiren batean eraginez eta paderan arroza ongi sakabanatuz.
  9. Su ertainera jeitsi eta gatzpipertu nahieran.
  10. Beste 10 minutuz egosi eta arrozaren puntua apurtxo bat gogor dagoela, gurin goilarakada eta parmesano gazta eskukada bat gehitu.
  11. Sutatik kanpo, goilararekin eragin krematsu geratu arte.

 

Perretxiko rissotoa

PERRETXIKO RISSOTOA Joselu Blanco

Kasu!

Ahal baduzu, txorroteko ur berotan edo, platera berotu eta lehortu risotoa zerbitzatu aurretik. Zerbitzatzerakoan, risoto geruza fin bat egin eta gainean parmesano gazta eta oliba olio gordin tanta batzuez lagundu.

Bomba eta carnarolli motako arrozak dira rissotoa egiteko merkatuan topa daitezkeen aproposenak. Egoste puntu aproposa 15 minuturen inguruan dutelarik.

Perretxiko rissotoa
gogokoa

Oreo gaztapasteltxoak

Oreo gaztapasteltxoak – 

Gozozalea bazara, hara hemen pasteltxo erraz bezain interesgarria. Hori bai, hau egin ahal izateko Oreo markako gailetak osorik beharko dituzu, jan dituzun horiek ez baitute balio, kar, kar.  On egin! 🙂  Hemen duzu errezetaren bideoa,  eta gutxi bailitzan, azpian errezetarentzat behar dituzun argibideak ere bai:

Osagaiak eta errezeta:

  1. Bi katilutxo gazta fresko jarri gopor edo ontzi borobil batean
  2. Katilutxo bat krema mikatz gehitu
  3. Azukrea katilutxo bat
  4. Bainila likidoa goilarakada bat
  5. Dena irabiatu
  6. Bi arrautza osorik gehitu
  7. Irabiatu berriro orea lortu arte
  8. Madalenak egiteko ontzi batean, jarri madalena-paperak eta zulo bakoitzeko Oreo bana, hondoan
  9. Gehitu lortu duzun orea eta gainetik egin eskuz apurtutako Oreoa zatitxoak
  10. 125 gradutara dagoen labean, 22 minutu sartu
  11. Hozten utzi, hiru bat ordutan

Oreo gaztapasteltxoak

Basquiat. Oreo. 1988. Olioa mihisean

. . . 

Kasu!

Bai, badakigu guztiz yankia atera zaigula pasteltxoa, baina egizu proba eta ez zara damutuko. Areago, Jean Michel Basquiaten espiritua etorriko zaizu bisitan ahokada bakoitzean.

Akaso!

 

Oreo gaztapasteltxoak
gogokoa

Croque-monsieur (mixtoa)

Marcel Proust berak ere aipatzen du otarteko bero hau: «Kontzertu irteeran, hotelera bidean, amona eta biok geldialdi bat egin genuen kai muturrean Villeparisis andrearekin hitzaspertu bat egiteko, zeinak erran baitzigun hotelean eskatuak zituela guretzat croque-monsieur zenbait eta arrautzak krematan ere bai…». Zu ez zara Proust baino gutiago izango, ez da?

Osagaiak:

  • Moldeko bi ogi xafla
  • Urdaiazpiko egosi xerra bat
  • Urtzeko gazta xerra bat (ahal dela, emmental motakoa edo antzekoa)
  • Gurin apur bat

 

Errezeta:

  1. Txapan gurin apur bat zabalduta egitea da egokiena, baina, gure antzera, txaparik ez baduzu, igurtzi zartaginaren hondoa gurinarekin eta jarri su ertainetan.
  2. Berotutakoan eta gurina iluntzen hasi aurretik, jarri ogi xafla bat bertan eta gehitu gazta eta urdaiazpiko xerrak, bigarren ogi xaflarekin.
  3. Utzi bost minutu inguru ogia zeure gustura xigortu arte.
  4. Gauza bera egin beste aldera iraulita, behin gurin apur bat gehiturik hondoan.
  5. Zeure gustuko kolorea hartu duenean, atera plater batera eta erdibitu diagonalean.

 

CROQUE MONSIEUR Alex Lines

CROQUE MONSIEUR Alex Lines

Kasu!

Guk krokmesié bakarra jarri dizugu hemen, baina pare bat ere erraz jango dituzu. Aldagai asko onartzen ditu croque-monsieur ogitarteko honek, xerra bakarraren lekuan, gehiago ere jar dezakezu, esaterako. Hotza ere jan liteke… Rukula entsalada bikain etortzen zaio. A, eta Croque-madame bat jan nahi baduzu,  gehitu arrautza bat gainetik eta kito.

Croque monsieur mixtoa

gogokoa

Arkumea labean erreta

Arkumea labean erreta – 

Ez beldurtu errezeta honek behar duen denborarekin. Gutxi edo asko, mundu guztiak daki arkumea labean erretzen, baina egin kasu errezeta honetako denbora eta tenperaturei eta ez zara damutuko: gurina bailitzan desegingo zaizu arkumea ahoan eta zapore guztia igoko zaizu aho-zapaian gora.

Arkume labean erreta

Osagaiak

  • Arkume bat (umerria edo bildotsa)
  • Gatz larria
  • 2 baso bete ur

 

Errezeta

Harakinari horrela eskatuko diogu arkumea: 5 kg ingurukoa, bitan zatitua luzeran eta, azkeneko saihetsetik aurrera, alde bakoitza berriro bitan zatitua, atzeko hanketatik bereizteko.

  1. Gatz larri ugariz hornitu eta gero, erretilu zabal batean ipiniko ditugu lau atalak, animaliaren kanpoaldea ahuspez edo beherantza.
  2. Baso bete urez garaztatu ondoren, labean sartuko ditugu puskak eta hantxe edukiko ditugu ordua eta hiru laurdenetan, 160º-ko tenperaturan.
  3. Epe horren ostean, puskak irauli eta berriro garaztatuko dugu guztia, gainerako urarekin. Beste hiru ordu laurdenetan edukiko dugu guztia labean, 200º-ko tenperaturan oraingoan, puskak gorritu eta kraskatsu gera daitezen.
  4. Erretiluak heze behar du beti, ez du lehortu behar; adi egon beharko dugu, beraz, eta ura erantsiko dugu arkume errea egarri sumatu orduko.

 

Arkumea labean erreta

ARKUME ERREA Joselu Blanco cc

 

Kasu!
Puskak erreta eta beren zukuarekin zerbitzatuko ditugu, entsalada berdea eta ardo beltz on bat ondoan dituztela.

Esan beharrik ez dago lau lagunentzat nahi baduzu, arkume erdiarekin aski duzula eta doitu egin beharko dituzula labeko denborak.

Akaso!

Urrutiko amama eta aitonaren RZk…

Arkumea labean erreta
gogokoa

Berakatza ahora etor ez dakigun

Berakatza edo baratxuria ahora etor ez dakigun, hoberena da zuritu, zatitu eta haren barruan dagoen ernamuina kentzea, oso pisua baita janez gero. Ernamuin hori berdekara kolorekoa izaten da. Gainera, lizun kontutan ibiltzeko asmoz bazaude,  bikotekideak eskertuko dizu.

Beharrezkoa:

  • Baratxuriak
  • Labana

 

Nola jokatu:

Baratxuria bitan zatituko dugu, luzeran, eta labana baten muturraz bereiziko dugu bi ale erdietan azalduko zaigun ernamuina.

Berakatza edo baratxuria

BARATXURIA Andrés Nieto Porras cc-by-=

Kasu!

Pikatu, xehatu, xerratu, xaflatu egingo dugu ondoren baratxuria, jakiak eskatu bezala. Garrantzitsua da, halaber, baratxuria olio beroan eztitzea, gorritzea edo potxatzea, erdi gordinik ez jateko: urdailean min egingo digu bestela.

Baratxurien olioa prestatu behar badugu, olioa epel dagoela has gaitezen prestatzen, baratxuriaren barrua ongi egin dadin. Arian-arian biziagotuko dugu sua, baratxuria eztitu bitartean, ongi gorritu arte. Gustu hobeagoa du eta gure urdailak ere eskertuko digu. Ez da komeni baratxuri-olioa su bizian prestatzea.

gogokoa

Antxoa irin-arrautzeztatuak (errebozatuak)

Antxoa era honetan egiteak lan apur bat emango dizu, banaka maneiatu behar baitira aleak, baina ez zara batere damutuko: ezagutzen dugun era onentakoa da hau, baldin eta ez bazaio arrautzari gehiegi frijitzen uzten, hori eginez gero, arrautzaren xigorrak irabaziko dio antxoaren zaporeari, eta ez da komeni halakorik.

Osagaiak:

  • 40 antxoa, ahalik eta handienak (kg bat inguru)
  • Oliba olioa
  • Irina eta arrautza joa, gaia irin-arrautzeztatzeko
  • Gatza

Errezeta:

  1. Ondo garbitu, baina ahal dela bi xerrak bereizi gabe. Buru-hezurra kendu eta gatza emango diegu ondoren. Arrain-saltzaileak berak garbi ditzake antxoak, baina nekez utziko dizkizu liburu moduan irekita.
  2. Irin-arrautzatan pasa eta olio ugaritan frijituko ditugu antxoak, su ertainean, irin-arrautza erre ez dadin.
  3. Frijitu eta xukatu ondoren zerbitzatuko ditugu antxoak, tomate edo uraza eta tipulin entsalada batekin.
Antxoa irin-arrautzeztatuak (errebozatuak)

Antxoak. Mikel Agirregabiria cc

Kasu!

Inork ez dizu esango, baina mayonesa apur batekin bikainak dira. Binaka ere jar ditzakezu, hau da, bi antxoa parez-pare irin-arraurtzeztatu eta bakarra balira bezala frijitu. Eta gauzak gehiago nahasteko gogoz bazara, jarri potoko piper gorri zati txiki bat bi antxoen artean lehenbizi eta gero irin-arrautzeztatu eta frijitu. Edo soberan duzun piper berde frijitu baten zatia. Ikusiko duzu nolako pagotxa.

Akaso!

Postre gisa ‘Filipinos’ Argiñano eta Berasategiren eskutik…

Antxoa irin-arrautzeztatuak (errebozatuak)
gogokoa

Arroza txirlekin

Gure mahaietan ezin da falta arroza txirlekin plater hau: fina bezain gustagarria da, batez ere arroza eta txirlen puntuarekin asmatzen bada. Esan beharrik ez dago txirlak zenbat eta fresko eta salbaiagoak, hobeto aterako zaizula, baina badakigu poltsikoari ere kasu egin behar zaiola eta arrandegian aurkituko dituzu bizitegietakoak ere. Ez da gauza bera, baina bizi egin behar da, ez da? Eta arroza izan dadila borobiletakoa.

Osagaiak:

  • 300 g arroz
  • Tipulin fresko handi bat
  • 7 koilarakada handi oliba olio birjina
  • Baratxuri xehatua, koilarakadatxo bat
  • l. bat arrain-salda edo ur
  • 800 g txirla
  • Koilarakada bat perrexil xehatu
  • Gatza

 

Errezeta:

  1. Su eztian paratuko dugu tipulin freskoa 5 koilarakada oliotan.
  2. 15 minuturen buruan, tipulari kolorea hartzen utzi gabe eta gardendu denean, erantsiko dugu arroza. Nahasiko dugu guztia minutu batez eta hiru litro laurden ur edo arrain-salda gaineratuko ditugu. 15 minutu igaro eta puntuan egongo da ia-ia arroza.
  3. Padera batean jarriko dugu baratxuri xehatua gainerako olioan eztitzen, eta dantzan hasi dela ikusi orduko erantsiko dugu gainerako ura edo arrain-salda, bero erantsi ere. Minutu bateko irakinaldia emango diogu guztiari. Txirlak erantsiko ditugu ondoren, bai eta sutan eduki ere, ireki arte.
  4. Gainetik hautseztatuko dugu perrexila. Ez ditzagun txirlak gehiegi egin, zail ez daitezen. Marinel eran maneaturiko txirlekin nahasiko dugu arroza eta minutu pare batean utziko dugu guztia egosten.
  5. Gatz puntua neurtu, behar badu zuzendu, eta zerbitzatu.

 

Arroza txirlekin

Arroza txirlekin. Javier Lastras cc

Kasu!

Zuhur joka dezagun gatzarekin: txirlak azkarrak dira inolaz ere, eta gatziaren gaziz, ezin jan dela gera daiteke arroza deskuidatuz gero.

Akaso!

Japoniarrrei elkartasuna adierazteko, Sushi gozoa ‘Intzak hik!’en

Arroza txirlekin
gogokoa

Hegaluzea (edo hegalaburra) tomatetan

Hegaluzea (edo hegalaburra) tomatetan – 

Uda betea denean izaten da gurean tunidoen kanpaina. Itsas-herrietan haren usaina sumatuko duzu eguzki-egunetan: erreta edo marmitakoan jarrita, ia beti. Baina ugariak dira hegaluzea (eta hegalaburra) prantatzeko erak. Esan dezagun, hala ere, tomatetan jarrita eskeintzeko modu hau dela, seguru asko, etxeetan gehien erabiltzen denetakoa. Hori bai, tomate saltsa gozoa egiten ibili gabe, potoko tomate frijitua erabilita gehienetan. Ez dira berdinak, badakigu hegalaburrak gantz eta kolore gehiago duela hegaluzeak baino, hala ere guk ez ditugu bereiziko hegaluzea eta hegalaburra, bonitoa eta atuna, alegia.

Osagaiak:

  • 4 hegaluze solomo lodi, hezur eta azalik gabe, 220 g bakoitzak
  • 4 baratxuri ale
  • Tipulin bat, pikatua
  • 6 tomate umo, pikatuak
  • 8 koilarakada oliba olio
  • Ximiko bat irin
  • Xorta bat ardo zuri

 

Hegaluzea (edo hegalaburra) tomatetan

HEGALUZEA TOMATETAN (PIPERREKIN). Javier Lastras cc-by

Errezeta:

  1. Tomate saltsa egiteko: kazola batean 5 koilarakada olio isuri, tipulina gaineratu, gatza eman eta sutan edukiko dugu guztia, barazkia xamur geratu arte. Tomatea eta ardoa erantsi eta su eztian gozatuko ditugu kazolako gaiak, zaporea ongi mamitu arte. Ordu erdi baten buruan iragoko dugu saltsa puregailutik (ez irabiagailurik erabili, kolore gorria galdu egingo baita bestela).
  2. Gainerako olioa eta baratxuriak, erditik moztuak, jarriko ditugu padera batean. Gorritu orduko aterako ditugu baratxuriak. Hegaluze puskak ipiniko ditugu ondoren, irinetan arinki pasa eta gero.
  3. Binaka egingo ditugu, pare bat minutuan: txigortuta geratuko dira kanpotik eta mamitsu barrutik. Erretilu batera aterako ditugu, olioa isur dezaten.
  4. Tomate saltsan sartuko ditugu ondoren solomoak: su eztian edukiko ditugu gutxienez 5 minutuan, kazolari eragin eta eragin. Sutatik atera eta epeltzen utziko dugu kazola. Epe baten ondoren, berriro edukiko dugu kazolan su ezti-eztian, beste 5 bat minutuan. Sutatik atera eta zerbitzatu.

Kasu!

Tomate gozo bat egiteko proposatu dizugun ortodoxiak nekea ematen badizu, erosi tomate saltsa on-on bat dendan eta harekin maneiatu arraina, alfer horrek! Bestalde, Javier Lastras lagunaren argazkian, pikillo piperrak gehituta ageri da hegaluzea, hori ere duzu aukeran.

Akaso!

Hegaluzea (edo hegalaburra) tomatetan
gogokoa

Oilaskoa geure erara

Oilaskoa geure erara – 

Egia esan, Iparraldeko erara ere esan genezakeen, frantziarrek á la basquaise deitzen duten hori, baina ez gara batere ortodoxoak eta haren aldakuntza bat dakargu, sinple bezain ederra. Gozatu eta izan gozo! 🙂

 

Osagaiak

  • Oilaskoa bat zati ederretan moztuta
  • Bizpahiru tipula gorri, julianan edo zerrendatan moztuta
  • Kilo t’erdi tomate umo edo heldu, zatitan
  • Lau goilrakada olio
  • Piperrauts beltza (aukeran)
  • Bi cayenako pipermin (aukeran)
  • Gatza

 

Errezeta

  1. Zartagin handi batean (edo kazola zabal batean), gatza eta piperrautsa emandako oilasko zatiak frijitzen jarri su bizitan. Alde batetik eta bestetik, guztiz gorritu arte. Hamar minutu beharko dituzu, gutxienez.

    oilaskoa frijitzen

    Oilaskoa frijitzen (Xolomo Sapiens cc-by)

  2. Oilasko frijitua kazola batean jarri aparte. (Kazolan egin baduzu, atera plater batera).
  3. Oilaskoa frijitzeko erabili dugun oliotan bertan, jarri tipula egiten, su ertainetan. Bosten bat minutu.
  4. Tomate zatitua gehitu, egin gatza, min zalea bazara, eragin pare bat buelta piperrautsaren errotari eta gehitu bi cayenatxoak ere. Utzi dena egiten, hamarren bat minutu.

    barazkiak erregosten

    Barazkiak erregosten. (Xolomo Sapiens-cc-by)

  5. Barazkiak apur bat guritu direnean, zartaginekoa gehitu oilaskoa dagoen kazolara eta utzi dena egosten su eztitan, hiru ordu laurden edo, oilaskoa biguin dagoela ikusi arte. (Bare egosteko hezetasunik ez daukala uste baduzu, basoerdi bat ur, ardo zuri edo salda gehitu egosi bitartean, baina ez askorik, tomatearen urarekin aski behar luke eta)
  6. Utzi apur batean sutatik kanpora egoten eta zerbitzatu.
oilaskoa geure erara2

Oilaskoa geure erara. Xolomo Sapiens cc-by

Kasu!

Plater hau bikaina da lagun batzuk dituzunerako. Aurrez ukan dezakezu prestatuta eta jateko orduan berotzea baizik ez zaio faltako. Irris (arroz) zuria jar iezaiozu alboan eta ikusiko. Arrakasta geure kontu.

Akaso!

Oilaskoa euren erara…

gogokoa