Hegaluzea (edo hegalaburra) tomatetan

78%

Denbora

1 ordu

Gustuko duzu?

Hegaluzea (edo hegalaburra) tomatetan – 

Uda betea denean izaten da gurean tunidoen kanpaina. Itsas-herrietan haren usaina sumatuko duzu eguzki-egunetan: erreta edo marmitakoan jarrita, ia beti. Baina ugariak dira hegaluzea (eta hegalaburra) prantatzeko erak. Esan dezagun, hala ere, tomatetan jarrita eskeintzeko modu hau dela, seguru asko, etxeetan gehien erabiltzen denetakoa. Hori bai, tomate saltsa gozoa egiten ibili gabe, potoko tomate frijitua erabilita gehienetan. Ez dira berdinak, badakigu hegalaburrak gantz eta kolore gehiago duela hegaluzeak baino, hala ere guk ez ditugu bereiziko hegaluzea eta hegalaburra, bonitoa eta atuna, alegia.

Osagaiak:

  • 4 hegaluze solomo lodi, hezur eta azalik gabe, 220 g bakoitzak
  • 4 baratxuri ale
  • Tipulin bat, pikatua
  • 6 tomate umo, pikatuak
  • 8 koilarakada oliba olio
  • Ximiko bat irin
  • Xorta bat ardo zuri

 

Hegaluzea (edo hegalaburra) tomatetan

HEGALUZEA TOMATETAN (PIPERREKIN). Javier Lastras cc-by

Errezeta:

  1. Tomate saltsa egiteko: kazola batean 5 koilarakada olio isuri, tipulina gaineratu, gatza eman eta sutan edukiko dugu guztia, barazkia xamur geratu arte. Tomatea eta ardoa erantsi eta su eztian gozatuko ditugu kazolako gaiak, zaporea ongi mamitu arte. Ordu erdi baten buruan iragoko dugu saltsa puregailutik (ez irabiagailurik erabili, kolore gorria galdu egingo baita bestela).
  2. Gainerako olioa eta baratxuriak, erditik moztuak, jarriko ditugu padera batean. Gorritu orduko aterako ditugu baratxuriak. Hegaluze puskak ipiniko ditugu ondoren, irinetan arinki pasa eta gero.
  3. Binaka egingo ditugu, pare bat minutuan: txigortuta geratuko dira kanpotik eta mamitsu barrutik. Erretilu batera aterako ditugu, olioa isur dezaten.
  4. Tomate saltsan sartuko ditugu ondoren solomoak: su eztian edukiko ditugu gutxienez 5 minutuan, kazolari eragin eta eragin. Sutatik atera eta epeltzen utziko dugu kazola. Epe baten ondoren, berriro edukiko dugu kazolan su ezti-eztian, beste 5 bat minutuan. Sutatik atera eta zerbitzatu.

Kasu!

Tomate gozo bat egiteko proposatu dizugun ortodoxiak nekea ematen badizu, erosi tomate saltsa on-on bat dendan eta harekin maneiatu arraina, alfer horrek! Bestalde, Javier Lastras lagunaren argazkian, pikillo piperrak gehituta ageri da hegaluzea, hori ere duzu aukeran.

Akaso!

Hegaluzea (edo hegalaburra) tomatetan
gogokoa

Elkarbanatu & Inprimatu

77.777777777778 0 100 27

Iruzkinik ez

    Bidali iruzkin bat