Blog Artxiboa

Sukalde lasterra

Patata frijituak (saltsa desberdinekin)

Patata frijituak (saltsa desberdinekin)

Garniziotzat jo daitekeen errezeta hau, ia edozein plateren lagungarri izan daiteke. Bere horretan ere, lagunekin partekatzeko bikain askoa da.

Osagaiak:

Saltsak egiteko:

  • maionesa pote bat
  • tipula erdi bat
  • tomate pote bat
  • 2 koilarakada modena ozpina
  • koilarakada bat “la vera”ko pipermin kehetua
  • azukrea
  • baratxuri buru bat
  • gorringo bat
  • piper hauts beltza

Errezeta:

  1. Lehenbizi patatak egiteko, hauek zuritu, gustuko den eran moztu eta uretan gorde behar dira. Gopor edo bol batean adibidez.
  2. Kazola edo zartagi batean, patatak estaltzeko haina olio berotzen jarri.
  3. Olioa kea botatzen hasten den momentuan, patatak bertara igaro. (Aurretik ondo lehortuta eta gatzatuta).
  4. Hasieran patatak oliotan mugitu itsatsi ez daitezen. Olioaren tenperatura ertain- altuan mantendu eta hurraren kolore marroixka hartzen duten arte bertan eduki.
  5. Sukalde paper baten gainera atera gehiegizko olioa xukatzeko.

Saltsak:

Tipula maionesa egiteko, tipula erdia zati txikitan egin, oliba olio koilarakada bat gehitu eta maionesa potearekin batera turmixatekin irabiatu.

Braba delakoa egiteko, tomatea zartaginean egosi 20-30 minutuz erdira gutxitzen den arte eta orduan, pipermina, modena ozpina eta azukre koilarakada bat gehitu. Dena ongi nahasi eta listo.

Baratxuri krema egiteko, baratxuri burua labean erre 160º tan 30 minutuz. Erreta dagoenean, mami guztia atera eta gorringo gordinarekin nahasi eta joz,  krema bihurtu. Nahasketa honi maionesa koilarakada bat gehitu eta piper hauts beltz puntua eman.

Patata frijituak (saltsa desberdinekin)

PATATA FRIJITUAK Dan Germain

Kasu!

Patatak uretan daudela, ura bera aldatzen joanez gero, berezko duten “fekula” (urari kolore zurixka ematen diona) galtzen joango da eta honela kraskatsuagoak izango dira frijitutakoan.

Frijitzeko, patataren tamaina garrantzi handikoa da. Oso lodi moztu ezkero, barrutik gordin geratzeko arriskua egondo da eta.

Olioaren tenperatura kontrolatzea ere garrantzizkoa da. Gomendagarriena, 10etik 7-8ko neurrian izatea sua.

Akaso!

Patata frijituak (saltsa desberdinekin) Garniziotzat jo daitekeen errezeta hau, ia edozein plateren lagungarri izan daiteke. Bere horretan ere, lagunekin partekatzeko bikain askoa da errezeta hau…
gogokoa

Txapakoak etxean nola egin

TXAPAKOAK

Plater jakin bat aurkeztu baino, prestaera desberdin asko egiteko teknika azalduko dizugu hemen. Txapakoak etxean nola egin daitezkeen, alegia. Edozein haragi, barazki, arrain… azkar eta ondo egiteko aukera ematen du.

 

Osagaiak:

Txapakoak etxean nola egin

ZARTAGINAK Yutaka Sek

Errezeta:

  1. Txapako edozein plater prestatzeko, lehen pauso garrantzitsua zartagina edo txapa bero egotea da. Bi arrazoirengatik, produktua ongi xigortzeko eta itsas ez dadin ere bai.
  2. Jakia gazitu behar da zartaginean jarri aurretik, haragi pieza lodiak izan ezean. Hauek, egin eta gero gazitu, bestela ura galduko dute eta.
  3. Zartaginean eharrezko den olio kantitatea jarri produktuaren aurretik. Piezako koilarakada txiki bana olio nahikoa izaten da.
  4. Xigor dadin, garrantzitsua da produktua tokian geldirik edukitzea. Ohiko den astindu eta mugimendurik egin gabe, alegia.
  5. Arrainen kasuan, gustuko bada, azalarekin egitea zailago izaten den arren, puntua harrapatu ezkero, merezi du. Kasu honetan hobe izaten da lehebizi haragi garbiaren aldetik markatzea eta segidan azalaren aldetik nahi den puntua ematea. Era honetan, hobeto gordeko ditu zukuak.
  6. Barazkiekin, ezin da orokortu. barazki bakoitzak aginduko digu, ez baita gauza bera zainzuriak ala piperrak egitea.  Barazkia oso gogorra bada, aurretik uretan apur bat egostea komeni da. Ondo lehortu eta zartagi edo txapatik pasa ondoren oliba olio pitin baten laguntzaz.

Kasu!

Txapa erabili zalea bazara, hobe duzu zartagin zahar bat eskuratzea,, azkenerako hondatu egingo duzu eta.

Txapakoak etxean nola egin
gogokoa

Pasta entsalada

Pasta entsalada

Osagaiak:

  • 0,3kg pasta
  • kontserbako atuna pote bat (beganoa bazara ez, jakina)
  • piper berde bat
  • piper gorri bat
  • entsaldarako tomate bat
  • 16 oliba inguru
  • kontserbako arto pote bat
  • 0,1 kg gazta
  • Oliba olioa bi koilarakada
  • Gatza
  • Mahats pasak bi koilarakada
  • 10 intxaur
  • Ozpin koilarkada bat
PASTA ENTSALADA Anomalus Allure

PASTA ENTSALADA Anomalus Allure

Errezeta:

  1. Lapikoan 1,5l ur irakiten jarri.
  2. Piperrak garbitu eta zati txikitan moztu.
  3. Tomateari azala kendu eta zati txikitan moztu. (Azala erraz kentzeko, tomateari gurutze bat egin azalean labanarekin eta ur irekinetan murgildu minutu batez.)
  4. Artoari duen zuku guztia kendu.
  5. Gazta lauki txikitan zatitu
  6. Lapikoan irakiten dagoen urari gatza eta olio koilarakada bat bota.
  7. Pasta lapikoan sartu eta 8-10minutuz irakin.
  8. Pastari ur beroa kendu eta ur hotzetan egosketa eten.
  9. Azkenik ontzi batean pasta, barazki txikituak, atuna, gazta, intxaurrak eta pasta ondo nahastu.
  10. Hozkailuan gorde
  11. Ongarria egiteko, ontzi txiki batean ozpin koilarakada bat, mahats pasak, oliba olio 2-3 koilarakada eta gatz apur bat nahastu.
  12. Jateko unean entsalada ongarriarekin nahastu.

 

Kasu!

Errezeta freskoa da, hozkailuan mantendu beharrekoa, baina guztiz erabilgarria kanpoan bazkaltzen duzunerako.

Osagaien neurriak norberaren arabera egokitu daitezke inongo arazorik gabe.

Akaso!

Pasta entsalada
gogokoa

Muskuiluak saltsan

Muskuiluak saltsan – 

Inon plater on, merke, osasungarri eta errazik baldin bada, hauxe da bat. Erruz ikusikjo duzu Frantzia guztian eta, bereziki, itsasertzeko herrietan. Belgikan, ostera, plater nazionaltzat dute: patata frijituz lagunduta, jakina. Eta horrelaxe lortzen da guztiz osasungarria zen plater bat, ez hain bikain bihurtzea. Hori bai, moules et frites, janaldi eder bat egiteko aski eta, gainera, merkea.

Osagaiak:

  • Kilo t’erdi muskuilu, Guri txikietakoak gustatzen zaizkigu prestaketa hau egiteko eta, gainera lan gutxiago ematen dute bizarrak eta oskoleko lapatxoak kentzeko orduan.
  • Tipula gorri eder bat, txiki-txiki eginda
  • Barazkiren bat: apio adar bat, azenario bat… txiki txiki eginda hau ere (Aukerakoa)
  • Perrexila, zilantroa edo gustuko belarren bat. (Zabarki moztua. Aukerakoa)
  • Basokada bat ardo zuri. Txakolinak ere balio du.
  • Gurina 100gr
  • (Ez dizugu guk esan, baina min zalea bazara, gehitu cayenatxo bat ere. Hori bai, gatzik ez erabili muskuiluek aski dute eta).

Prestaera:

  1. Muskuiluak ondo garbitu txorrotean bizarrak eta abarrak kenduz. Utzi xukatzen ontzi batean
  2. Kazola batean, gurinetan jarri erregosten barazki txikituak, su ertainetan, tipula gardendu eta apurtxo bat gorritzen hasi arte. Bosten bat minutu.

    Muskuiluak saltsan

    Barazkiak gurinetan erregosten. Xolomo Sapiens cc-by

  3. Gehitu ardo basokada
  4. Ardoa irakiten hasitakoan, muskuiluak sartu bertara, sua igo eta kazola estali. Minutu batera, dena nahastu, horixe baita kontua: muskuiluetara saltsarekin batera barazki xehea sartea.
  5. Berriro estali eta beste pare bat minutu estalita utzi ostean, voilá.
  6. Zabarki moztutako belarra egin gainetik eta hatzekin jan. Nola, bestela?

muskuiluak saltsan

Muskuiluak saltsan. Xolomo Sapiens cc-by

Kasu!

Muskuiluaren oskolarekin hartzen da saltsa eta bertan diren barazki txikituak ere bai. Kontraste hori da bikaina, muskuiluaren haragia alde batetik eta barazkien testura eta kutsua bestetik batera hartzea, dena saltsak bustita. Ummm.

Muskuilu txiki hauek, Bretainia aldetik ekarritakoak izaten dira, batez ere. Oso erraz aurkituko dituzu Iparraldeko arrandegietan. Ez badaude, bi gauzagatik izan daiteke: zu baino azkarrago ibili delako besteren bat edota garaia ez delako.

Muskuiluak saltsan

gogokoa

Croque-monsieur (mixtoa)

Marcel Proust berak ere aipatzen du otarteko bero hau: «Kontzertu irteeran, hotelera bidean, amona eta biok geldialdi bat egin genuen kai muturrean Villeparisis andrearekin hitzaspertu bat egiteko, zeinak erran baitzigun hotelean eskatuak zituela guretzat croque-monsieur zenbait eta arrautzak krematan ere bai…». Zu ez zara Proust baino gutiago izango, ez da?

Osagaiak:

  • Moldeko bi ogi xafla
  • Urdaiazpiko egosi xerra bat
  • Urtzeko gazta xerra bat (ahal dela, emmental motakoa edo antzekoa)
  • Gurin apur bat

 

Errezeta:

  1. Txapan gurin apur bat zabalduta egitea da egokiena, baina, gure antzera, txaparik ez baduzu, igurtzi zartaginaren hondoa gurinarekin eta jarri su ertainetan.
  2. Berotutakoan eta gurina iluntzen hasi aurretik, jarri ogi xafla bat bertan eta gehitu gazta eta urdaiazpiko xerrak, bigarren ogi xaflarekin.
  3. Utzi bost minutu inguru ogia zeure gustura xigortu arte.
  4. Gauza bera egin beste aldera iraulita, behin gurin apur bat gehiturik hondoan.
  5. Zeure gustuko kolorea hartu duenean, atera plater batera eta erdibitu diagonalean.

 

CROQUE MONSIEUR Alex Lines

CROQUE MONSIEUR Alex Lines

Kasu!

Guk krokmesié bakarra jarri dizugu hemen, baina pare bat ere erraz jango dituzu. Aldagai asko onartzen ditu croque-monsieur ogitarteko honek, xerra bakarraren lekuan, gehiago ere jar dezakezu, esaterako. Hotza ere jan liteke… Rukula entsalada bikain etortzen zaio. A, eta Croque-madame bat jan nahi baduzu,  gehitu arrautza bat gainetik eta kito.

Croque monsieur mixtoa

gogokoa