Hara!

[Lekaioak III] Balizko errotan, irinik ez

Balizko errotan, irinik ez –

“Balizko errotan, irinik ez”, dio esaera zaharrak. Aurreko atalean artoa izan genuen hizpide, eta artotik irina atera nahi bada, baleko eta ez balizko errota da behar dena. Horregatik bisitatu zuten Lekaio Kultur Elkarteko adiskideek, duela zenbait urte, Gabiriko (Goierri, Gipuzkoa) Igeribar baserriko errota.

Lekaiokoek erakusketa bat antolatzen zuten urtean behin Urretxun; baina egun bakarreko agerraldi haren atzean urte osoko lana zegoen. Urte batean artoa erein zuten eta bere inguruko lanketa sakona egin. Berez, errota artoaren atalean sartu beharko litzateke, baina baditu aski mami, hiztegi eta jira-bira sarrera bat egiteko.

Atal honetan, bereziki, errotaren inguruko hiztegian eta Igeribar baserriko grabazioan zentratuko gara, Joxe Kruz Baztarrikaren azalpenak entzunez.


Etxean gordetako garia eta artoa zakuetan sartu eta errotara eramaten zen. Astoa erabiltzen zen lan horretarako, eta normalean, etxeko txikienak ere joan ohi ziren; astoak ederki ezagutzen du eta etxerako bidea.

Aldaparo: erreketako ura jasotzeko erabiltzen den ur-biltegia. Ur horrek mugituko du ondoren errota.

Jakia: Errota-harria pikatzeko erabiltzen den mailua.

Bujarda: Harria lantzeko, eta kasu honetan, lazteko erabiltzen den mailua.

Pikatu: Errota-harriek dituzten arrastoak nabarmentzeari deitzen zaio, baita harriaren azala lazteari ere.

Ganbara: Errotaren zatia. Arto-alea edo gari-alea bertara botatzen da.

Katilu:  (Errotaren zatia) ganbararen azpian dagoen ontzia, alea neurrian botatzeko balio duena.

Usillo: (Errotaren zatia) Garbaratik katilura bitartean dagoen tresna, horrekin ale gehiago edo gutxiago pasatzen utziko du errotariak.

Tranka:  (Errotaren zatia) errota-harrian den egur batek jo eta katilutik alea botarazten duen gailua.

Musagea: (Errotaren zatia) errotaren ardatza eta harria lotzeko erabiltzen den tresna.

Ardatza: (Errotaren zatia) errota-harria giraka jartzen duen tresna.

Sestran ipini: Errotako bi harriak neurri berberan nibelatzeari deitzen zaio. Hala behar dute harriek: neurri berean eta elkar ukitu gabe, bestela, harria xehatuko luke errotak. Zenbat eta harriak hurbilago izan, orduan eta irin finagoa egiten zen. Hor nabari zen errotaria ona zen ala ez.

Sagar-zirik: Ardatzaren eta harriarena artean sartzen ziren egur-zatiak. Ardatza berotu egiten zen, eta harria ez apurtzeko, hezetasun puntu bat zuen egurra komeni zen, tinta modukoa zuena. Horregatik erabiltzen zen sagarrondoa.

Turtukoia: (Errotaren zatia) urak mugiarazten duen gurpila. Katilu batzuk ditu uraren indarra erabiliz, ardatza mugiarazteko.

Idarmahai:  (Errotaren zatia) turtukoia kokatzen den egurra.

Errotariak ehotutako irinetik zati bat hartzen zuen. Irin horrekin egingo zen, ondoren, aste guztirako ogia.

Urte beltzak ere izan ziren garai hartan. Estraperlo-garaian ez zuten uzten errotetan garirik  ehotzen, eta hainbat baserritar inguruko errotetara joan ohi zen ezkutuan ehotzera. Herritarrak ere ez ziren hobeto ibili. Trena hartu eta Nafarroara joaten ziren gari bila. Etxera hurbildu ahala, poltsa treneko leihotik bota eta gauean itzultzen ziren zakutxo haren bila. Zenbait herritarrek dioen moduan, Francok ederki erakutsi zion belaunaldi hari bizimodua aurrera ateratzen.

Errota-zaku: Gainerako zakuak baino handiagoa den eta ehunez eginiko zakuari deitzen zaio.

Errota-soka: Astoari zakuak lotzeko erabiltzen zen soka. Normalean artilez egina izaten zen.

Eho: Iyo. Errotan garia xehatzeari deitzen zaio, aletik irina ateratzeari, hain zuzen.

Zahizai. Eho ondoren irinarekin nahasturik gertatzen den ale-azal xehatua.

Bahe: baiya. Hondarrak, harriak, aleak… eralkitzeko erabiltzen den zulo txikiko tresna.

Galbahe: galbaiya. Hondarrak, harriak, aleak… eralkitzeko erabiltzen den zulo txikiko bahea.

Muturamuturia. sin lakaiña, laka. Errotariak lanaren truke jasotzen zuen zatia. Ehotutakoaren %10a izan ohi zen. Ez zuten ospe handirik errotariek. Baserritarrek dioten moduan: eztao errotarik  zerun!

Imilaunimillaun. Gutxi gora-behera hiru kilo neurtzeko erabiltzen zen.

Imi erdiko: Sei kilo adinako neurriari deitzen zitzaion.

Irakurri gehiago

Perretxikoen garaia (udazkena)

Perretxikoen garaia – 

2007/10 Nagore Rementeria Argote – Elhuyar Zientziaren Komunikazioa ITURRIA: ELHUYAR

Perretxikozale gehienak udazkena iristeko irrikan izaten dira, otarra hartuta lurrak ematen duen fruitu preziatuenetako bat biltzera joateko. Zale amorratuak udaberrian eta udan ere ibili ohi dira, baina udazkeneko hitzorduan ez dute huts egingo: mendian gora eta behera ibiliko dira, urtero bisitatzen dituzten txoko ezkutuetan, baso eta zelaietan, perretxiko bila. Izan ere, urrezko garaia iritsi da; eta eguraldiak laguntzen badu, eta hego-haizeak zapuzten ez baditu, behinik behin, perretxikoz beteko dira bazterrak.

Perretxikoen garaia

Amanita pantherina. (Arg:D.Solabarrieta)

Ez da kasualitatea perretxiko-espezie asko udazkenean agertzea. Azalpena perretxikoaren izaeran bertan dago. Izan ere, perretxikoa, berez, onddo baten fruitua da (adituek gorputz fruitu-emaile esaten diote, karpoforo). Perretxikoak ematen dituzten onddoetako asko lur azpian daude, eta zuhaitzen sustraietatik hartzen dute behar duten elikagaia. Zuhaitzek, oro har, uda-bukaeran eta udazkenean indarra galtzen dute; hortaz, onddoak zuhaitza ‘bereganatzeko’ aprobetxatzen du. Hala, udazkenean bertan emango du bere fruitua.

Dena dela, zuhaitzaren eta onddoaren arteko harremana sinbiotikoa da; hau da, onddoak behar duen elikagaia (materia organikoa) zuhaitzaren sustraietatik jasotzen du, eta, ordainetan, zuhaitzak behar dituen hainbat substantzia jasotzen ditu onddoaren eskutik, ura eta gatz mineralak, besteak beste. Horretarako, onddoaren hifek (onddoa osatzen duten hari-itxurako egiturek) zuhaitzaren sustraiak biltzen dituzte, eta elkarte sendo bat osatzen dute: mikorriza.

Zuhaitzaren eta onddoaren arteko harremana oso estua da. Horregatik, perretxiko-espezie batzuk zuhaitz-espezie jakin bateko basoetan hazten dira: batzuk pinudietan, esnegorria edo niskaloa, Lactarius delicius , esaterako; beste batzuk pagadietan eta hariztietan, onddo beltza, Boletus aereus , esaterako; eta abar.

Irakurri gehiago

Mahalen eta mundua (2.atala)

Mahalen eta mundua –

Mahala.eus webgune berria publikatu dute Mahalako gure lagunek eta Mahalen eta mundua komiki sailtxoa plazaratu, hemen 2. atala:

Txekor egonezin eta azkarra da MahalenBaserrian pozik bizi da bere aita eta amarekin, baina mundu zabalak eskaintzen duena ezagutu nahi du.

Mahalen eta mundua - I -

Mahalen eta mundua (2.atala)

Mahala

Mahalen eta mundua

Culinary Zinema sailaren zortzigarren edizioko menua 66. Zinemaldian

Culinary Zinema sailaren zortzigarren edizioko menua 66. Zinemaldian –

Argentina, Kanada, Hego Korea, Espainia, Frantzia, Japonia eta Singapurreko zazpi ekoizpen, Culinary Zinema sailaren zortzigarren edizioko menuan
Gastronomia eta zinema lotzen dituen Donostia Zinemaldiko saila Basque Culinary Centerrekin batera eta Berlingo zinema-jaialdiarekin elkarlanean antolatzen da

Asteazkena, 2018(e)ko abuztuaren 29

Culinary Zinema, zinema eta gastronomia uztartzen dituen Donostia Zinemaldiko saila, zazpi filmek osatuko dute zortzigarren urtean. Askotariko gaiak jorratuko dituzte: familia-jatetxeetan inspiratutako istorioak, artearen eta gastronomiaren arteko fusioa, oliba-olioaren kultura, emakumezko sukaldariek aurre egin beharreko zailtasunak, hiri handitik jaioterrira itzultzea, norberaren jatorriak bilatzea eta enpresa-abentura bati ekitea.

Miguel Ángel Jiménezek –Khorosho (Todo bien, Zinemira 2010) eta Kafenio Kastello (Kimuak 2018) film laburren eta Ori (Zuzendari Berriak 2009) eta Chaika (Zuzendari Berriak 2012) film luzeen egileak– bi Michelin izardun L’Escaleta jatetxearen atzealdeko bizimodua jaso du Y en cada lenteja un Dios filmean.

Ander Iriarteren (Echevarriatik Etxeberriara) eta Aitor Bereziartuaren Bihar dok 13 filmak Gaur eta Ez Dok Amairu mugimenduekin aurrez aurre jarriko ditu Basque Culinary Centerreko zenbait ikasle. Duela 50 urte, euskal arte eta musikagintzaren ikuspegia berritu zuten mugimenduok; orain, artelan batean inspiratutako plater bat birsortu beharko du ikasle bakoitzak.

 

Soon-rye Yim zinemagilea aski ezaguna da bere herrialdean. Hego Koreako Little Forestekoizpenerako, hiri handian amodio- eta lan-arazoz estuturik bat-batean jaioterrira itzultzea erabakiko duen gazte bat hartu du ardatz.

Un instante en la vida ajena (2003) filmarekin dokumental onenaren eta Iberia-rekin argazkilaritza onenaren Goya sariak jaso ondoren, José Luis López-Linaresek Picual olibaren iraultza jaso du Jaén, Virgen & Extra filmean. Jaéngo oliba enblematikoena izanagatik ere, historikoki ez zaio oso balio handia eman izan.

Aldiz, The Heat: A Kitchen (R)evolution filmean, jatetxeen buruan aitzindari izan diren emakumezko sukaldarien fenomenoa aztertu du Maya Gallus zinemagileak, besteak beste, Anne-Sophie Pic eta Angela Hartnett-ekin.  Iaz, 2017an, Gallusi atzera begirakoa eskaini zion Hot Docs zinema-jaialdiak, eta aurten film horrek eman dio hasiera jaialdiari.

Urtez telebistako formatuetan aritu eta gero (adibidez, Caiga quien caiga programarekin), Alfred Oliverik Germán Martitegui argentinar sukaldari entzutetsuaren eta haren lantaldearen abentura irudikatu du bere lehen film luzean, Tegui: Un asunto de familia-n, 40 egunez euren jatetxea itxi eta hutsetik hasita Andeetako mendikatean beste bat irekitzen dutenean.

Proiekzio eta afarietarako baterako txartelak irailaren 3an jarriko dira salgai, 9:00etan, 70 euroan. Zinemaldiaren eta Kutxabanken web-orrien bitartez erosi ahalko dira. Filmak soilik ikusteko sarrerak datorren irailaren 16an jarriko dira salgai, 7,90 euroko prezioan.

sansebastianfestival.com/2018/berriak

Culinary Zinema

[Lekaioak II] Artoa, goldez eta moldez

[Lekaioak II] Artoa, goldez eta moldez –

[Lekaioak II]

Artoa, goldez eta moldez

Lekaioa buila bat da, baina ez edozein motatako ohiua, baizik eta, zehazki, laguntza eskatzeko egiten den garrasia. Lekaio Kultur Elkarteak ibilbide luzea dauka Urretxu eta Zumarragan, eta horretan dihardu: ohartarazten. Hortxe daudela gure hizkuntza eta gure munduan galtzera doazen hitzak eta lanbideak. Hiltzen den zahar euskaldun bakoitza erretzen den liburutegi bat dela, ez bada transmisioa lana bermatzen.

Artoa, goldez eta moldez

Baliteke batenbatek ez jakitea oraindik, baina artoaren izen zientifikoa Zea Mays da; seguru gehienok elikatu zarela honekin, ahotik zein belarrietatik. Munduan gehien landatzen den zereala omen da, eta XV. mende amaieran ekarri zuten Hego Amerikatik. Artoaren etorrerak asko aldatu zuen baserrietako bizitza, baita arkitektura bera ere; eta nola ez, hiztegi bat sortu bere inguruan.

Bada esaera zahar bat gurean artoak eta gariak zein garrantzi izan zuten adierazten duena:

“Gariak artoari esan omen zion:
Ni bezelako landara emankorrik ez da izango!
Artoaren erantzuna:
Ni naizen lekun ez da goserik izango!”

Inork pentsa dezake gariak egin zuela gogorrago gosearen aurka. Ez luke arrazoirik faltako. Dena den, euskaldunoi geure artean geneukan komertzio harreman normalizatuari arantzelak ezarri eta estraperlora behartu gintuztenean, debeku zorrotzagoa ezarri omen zitzaion gariari artoari baino. Agian horrek azalduko luke esaera horren zentzua.

Artoak balio du ogia egiteko, taloak, azukrea, animalien bazkarako, olioa egiteko, baita bourbon edota whiskey bezalako edarietan osagai gisa baliatzeko. Baratzan babarrunaren laguna da, elkarri mesede egiten diote.

Artoa

Artoa, goldez eta moldez

Arbia egin ondoren egiten zen artoa. Apirila aldera arbia egindako soroak goldatzen ziren, eta lurraren egoeraren arabera, molde batera edo bestera egiten zen artoa. Hona hemen artoaren lanketarekin zerikusia duten hainbat hitz:

LURRA

  • Golde:goldia. ildoak eginez lurrak lantzeko balio duen nekazaritzako tresna.
  • Golde txiki: goldatxikiya. ildoak eginez lurrak lantzeko balio duen nekazaritzako tresna.
  • Alper-are: alperraria. Goldatutako lurrak xehatzeko erabiltzen den tresna.
  • Alper-hesi: alperresiya. Goldatutako eta aretutako lurrak xehatzeko erabiltzen zen tresna.
    “… Alperra esaten gendiun, alperresiya. Leendabiziko lurra lantzen gendun, alperraria esaten gendiun ; eta arekin berdindu ta aziya bota, ta geo aratu. Aria pasau eta sokortsu géatzen bazan, alperresiya pasau, autsa eitteko, pixkaat mámitzeko…”
  • Laia: laiya. Lurrari buelta emateko tresna.
  • Hanka biko: ankabikua. Lurrari buelta emateko aitzurraren tamainako tresna.
  • Marko: lurraren gainean, ondoren artoa landatzeko arrastoak egiteko erabiltzen zen tresna.
    “… ori eitte gendun leor urten, udaberri leorra etorri, goldau, ebíik ez eiñ eta lurra ziaro leorra. Ordun aura leorren txikitzea kóstatze zan! Krixton lana ématen tzon. Normaalen iru pasara ematen bazendun, ba lau o bost. Eta ain leorra zela eote zan, ordun eitte zan, karo, aurreago botatako arto ori azal samarren geatu ezkio, ba, aura etzan érnetzen; ordun, ori garantiori aukitzeko markokiñ arrastua ein, eta artalia, esku batekin alia bota, eta besten ziriikin aura estutu lurren beera. Da ankeekiñ atzea arrasto aura berdindu, da karo, aura zela barrua sartze zan, ba beiyan umedade pixkaat izaten tzon eltzeko…”
  • Ziri: ziriya. Artalea lur barruan sartzeko erabiltzen zen tresna. Markoarekin batera erabiltzen zen
  • Artoa sartzeko makina: artoa eta baba batera landatzeko erabiltzen zen tresna.
  • Arbel: landatzeko lurraren muga, harri mota.
  • Buztin: lur-mota.
    “…lábratzen ebaltzen dianak e, buztiña esaten deu, baiño bueno, buztiña orik azpin daukie.Buztiña beiyan.Goldék ebaltzen dona, tíratzen don ortan or eztao zeaik, buztiñik. Gertatzen dana da, goldea or e ba, oetabost zentimetrotatik ba oetamar zentimetro bitarteaor ebaltzen da. Tontor samar oetan iya arbela arrapatzen do, ori da arbelan mugia. Lur astunetan, oetamar goldauatik oindio igual eukoittu hamabost eo hogei zentimetro.”
  • Lur mehe: lur meiya. Lur-mota. Arbelaren eta landatzeko lurraren arteko muga estua duena.
  • Lur astun: lur-mota. Artoa ereiteko lur egokia da, sakonean hezetasuna duelako.
  • Lurberri: luberriya. Sorotarako erabili izan ez den lurra, soro bihurtzea.
    “… Lubérriya da ba, gaur iya eztao lurberrik.Basua re bai lurberri! Zeati len-len soro ebaltzen zianak, lábratzen zianak artontzako ta garintzako ta arbintzanko zelaiyak, ortaz gaiñea ba baso pusketak soro kontra tarten arbolak kendu, ta aura soro biurtu.Lur berriya ori zan. Eta baitta sáasti zaarrak e, len saasti zianak, belardiya saasti, ba saarra zaartu zan garaiyan ba ya etzon ématen, saar ori kendu, lur ori berriz ázalak danak, belarrazal danak bittu, ta erreturia esaten zitzakon, erre…”
  • Zohi: zoiya. Laiarekin buelta emandako lur-zatia.
  • Zokor: sokor. goldea eta area pasatutakoan geratzen diren lur-pusketak.
  • Zokormazo: sokormazo. Baratzeetan zokorrak puskatzeko erabiltzen den tresna.
  • Pagotxa: arbiarekin batera ereiten zen landarea. Alpaparen tankerakoa da eta ganaduari ematen zaio.

Irakurri gehiago

Mahalen eta mundua (1.atala)

Mahalen eta mundua –

Mahala.eus webgune berria publikatu dute Mahalako gure lagunek eta Mahalen eta mundua komiki sailtxoa plazaratu, hemen 1. atala:

Txekor egonezin eta azkarra da MahalenBaserrian pozik bizi da bere aita eta amarekin, baina mundu zabalak eskaintzen duena ezagutu nahi du.

Mahalen eta mundua

Mahala

Mahalen eta mundua

[Lekaioak I] Ardiak eta zozomikoteak

[Lekaioak I] Ardiak eta zozomikoteak –

[Lekaioak I]

Ardiak eta zozomikoteak

Lekaioa buila bat da, baina ez edozein motatako ohiua, baizik eta, zehazki, laguntza eskatzeko egiten den garrasia. Lekaio Kultur Elkarteak ibilbide luzea dauka Urretxu eta Zumarragan, eta horretan dihardu: ohartarazten. Hortxe daudela gure hizkuntza eta gure munduan galtzera doazen hitzak eta lanbideak. Hiltzen den zahar euskaldun bakoitza erretzen den liburutegi bat dela, ez bada transmisioa lana bermatzen.

Ardiak eta zozomikoteak

Kulturarekin lotutako hainbat afera lantzen dituzte urtean zehar, baina segur aski, beraien ekimen berezienetakoa Urretxuko festetan egiten zuten: etnografiari buruzko ez-museoa. Lekaioko kideek gai bat lantzen zuten, ofizio edo produkturen baten bueltakoa, eta naturatik jaso eta gizakiak erabili bitarteko prozesua azaltzen zieten herritarrei: landatzea, jasotzea, zaintza, manufaktura, lanabesak, eta horretaz gain, jardun guzti horren bueltan erabiltzen diren edo ziren hitzak.

Hau da, ez zela museo edo erakusketa bat, baizik eta agerraldi horrek urte osoko lan praktiko bat zeukala atzetik. Egiazki artoa ereiten zuten, edo basolanak egin, edo abereak hezi…

Zergatik mintzo naizen lehenaldian? Kultur elkarteari tamainako lana egiteko erreleboa falta zaiolako, eta lekaioa isiltzen ari da. Urtetan egin duten bidearen lagin bat ZuZeura ekarriko dugu: batetik, lanak ikuspuntu kultural, etnografiko eta linguistikotik merezi duelako; eta bestetik, inork bere herrian antzeko iniziatiba bat abiatu nahiko balu, aurrekariak badaudela jakin dezan.


Ardia

Ardia omen da baserriko animaliarik aberatsena. Ardiak ematen duen guztia ona omen da. Esnekiaz eta haragiaz gain, garai batean egun baino preziatuago diren artilea eta ardi-larrua ere ematen zituen. Hain ziren garrantzitsuak, ezkonberriek aurrez eskatu behar izaten ziotela beraien oherako artilea artzainari.

Zozomikoteak

Ardiak eta zozomikoteakBa omen zen oso harroa zen artzain bat. Behin, negua amaitu berri zela, zera esan omen zion martxoari:

Martxo-Martxo! Diat esker gaizto!
Nere ardi koskorrenak eitten dik
destau ta erdi salto!

Martxoak orduan, artzain horren harrokeria ikusita, apirilari zera eskatu zion:

Apirilla –Biribilla! Emaiyak bi eun da erdi,
nik bazeuzkat beste bi
artzai fanfarroso orri kendu daiyoten
eun ardi tta begi ori!

Hala, artzaina bere artaldearekin zubi bat pasatzen ari zela, erreka hazi eta, martxoak eskatu bezala, ehun ardi eraman zizkion. Artzainak orduan, bere azienda erabat ez galtzearren, aharia hartu zuen bizkarrean: “Hau ez dek ba eamango! Hau ez dek ba eamango!” oihukatuz. Baina ahariak burukada bat eman, eta adarrarekin begia atera zion artzainari.

Irakurri gehiago

Elikagaiak mantentzeko, krustazeoen oskolak plastikozko filmen ordez

Elikagaiak mantentzeko, krustazeoen oskolak plastikozko filmen ordez –

Nork ez du etxean, elikagaiak bildu eta mantentzeko erabiltzen dugun ezinbesteko material hori, plastikozko film-biribilkia? Ahalik eta luzaroen irauteko eta mikrobioetatik babesteko, besteak beste, estali ohi dira jakiak plastikozko filmez. Hori dela eta, gure sukaldeetan ohikoa dugu plastiko hau baina ohikoa da ere beste hainbat lekuetan aurkitzea. Izan ere, itsasoak eta ibai-bazterrak plastikoz beterik daude, arrain askok plastiko-zatiak irensten dituzte, zabortegiak ere plastikoz gainezka ageri dira. Nonahi ikusten dira plastikozko poltsak eta filmak, eta 100-400 urte behar izaten dira haiek degradatzeko. Horrenbestez, petrolioaren deribatu diren plastikoez bestelako materialak sortzea premiazko eginkizuna da, ingurumenari egiten diogun kaltea leuntzeko.

Egun, hauen erabilera murrizteko, hain kaltegarriak ez diren materialen bila ari dira ikertzaile asko eta dirudienez badugu bat: kitosanoa, krustazeoen oskolekin egindako materiala.

Elikagaiak mantentzeko, krustazeoen oskolak plastikozko filmen ordez

Kitosanoa kitinatik lortzen da. Krustazeoen (karramarroak, otarrainak, izkirak eta abar) exoeskeletoko egitura-elementu bat da kitina. Zelulosaren ondoren naturan dagoen polimero ugariena da, ez da konposatu toxikoa eta gaitasun antimikrobiar handia du bakterioei eta onddoei aurre egiteko. Propietate hauek kontuan izanik, Itsaso Leceta ingeniari kimikoak, elikagaiak estaltzeko kitosanoaren erabilera aztertu du azenarioetan. Egindako ikerketa-lanean Lecetak frogatu du, alde batetik, kitosanoz egindako estalkiek ongi eutsi zietela jakiaren kalitate-ezaugarriei, eta luzaroago kontserbatu zirela. Bestalde, ingurumenari kalte txikiagoa egiten diotela kitosanozko filmek plastikozkoek baino, inpaktu-kategoria ugaritan.

Irakurri gehiago

Ba al zenekien zuhaitzak beren artean komunikatu ahal direla?

Basoek dituzten sekretu liluragarrietako batzuk jakinaraziko dizkizugu

Zuhaitzek eta basoek sekretu ugari dituzte, gizakioi senak esaten zizkigunak baina orain benetan ezagutzen hasi garenak. Gaur sekretu horietan bitxi eta interesgarrienak diren batzuk jakinaraziko dizkizugu.

Ba al zenekien zuhaitzak beren artean komunikatu ahal direla?

Ba al zenekien zuhaitzak beren artean komunikatu ahal direla? Suzanne Simard ikertzaileak urteak daramatza basoen funtzionamendua aztertzen eta ondorioztatu du haietan benetako komunikazio sareak daudela. Bideo honetan Simarden ideietako batzuk entzun ditzakezu.

Bideoa: TED talks

Hartzen duten bizia: Paul Stamets estatubatuar mikologoak zenbait onddo eta landareren bizi zikloa dokumentatu du, baso barnean etenik gabeko grabazioak eginez. Grabazio horien emaitza time-lapse  eder hau da. Zehazki, espezie horiek naturan nola sortu eta hazten diren erakusten digu, baina orain arte inoiz ikusi gabeko ikuspuntu batetik.

Bideoa: Paul Stamets

Osasunerako onurakbadakigu zuhaitzak funtsezkoak direla ingurumenaren orekarako, atmosferako CO₂-a hartu edo xurgatzen dutelako, hezetasunari eusten diotelako eta lurzoruaren kalitatea hobetzen dutelako, besteak beste. Horrez gain, berriki zuhaitzek pertsonon osasunean izan dezaketen erlazio positiboa frogatu da.

Entzun al duzu ezer Shinrin-yoku edo “baso barneko bainuaz”? Zuhaitzen artean denbora igarotzean datza; besterik gabe haiei behatzen eta paisaiaz eta aire garbiaz gozatzen, beste ezer egin gabe. Japonian urteak daramatzate teknika hau aplikatzen, estresa arintzeko, depresioa hobetzeko eta abarretarako metodo moduan.

Baina izaki bizidun hauek, alderdi psikologikoan ez ezik, fisikoan ere ematen dituzte onurak. Izan ere, arboterapia delakoak gero eta garrantzi handiagoa du sendabide naturalen artean. Zuhaitz eremuetara maiz joatean lortzen diren eragin positiboetako batzuk hauek dira: arnas aparatuko gaixotasunak hobetzen dira, adibidez, bronkioetako asma, hipertentsioa hobetzen da, buruko minak gutxitzen dira, eta abar. Pertsona askok gomendatzen dute, gainera, zuhaitzak besarkatzea, animalien espezie batzuek egiten duten moduan, izan ere, gure organismoa atzeman eta bereganatzeko gai den bibrazio batzuk egiten baitituzte.

Zuhaitzek eskain diezaguketen guztiaren erakuskari txiki bat baino ez da hori, eta, hortaz, badakizu: izan itzazu zuhaitzak inguruan ahal den guztietan eta, batik bat, babestu itzazu!

blog.naturbero.com

Ba al zenekien zuhaitzak beren artean komunikatu ahal direla?

Olaia Martinez: “Elikagaien segurtasun alerten %40a etxeko praktika desegokiak dira”

Olaia Martinez –

Aurreko mendearen azken hamarkadetan izandako behi eroen gaitzaren edota koltza olioaren krisien ondorioz, kontsumorako elikagaien segurtasuna bermatzeko kontrolak areagotu egin dira azken urteetan. Hala ere, gaur egun oraindik badira esparru honetan aurre egin beharreko mehatxuak, denon ahotan dabilen palma olioaren auzia esate baterako. Baina badakigu zehatz mehatz arriskuak zeintzuk diren? Zein kontrol egiten zaizkie gure etxeetara iristen diren elikagaiei? Nola areagotu genezake jaten ditugun produktuen segurtasuna?Galdera hauei erantzuteko Olaia Martinez, UPV/EHUko Elikagaien segurtasun eta kalitateko irakaslearekin izan gara. Bere esanetan, kontsumitzaileak berak ere erantzukizun handia dauka, izan ere, urtero gertatzen diren alerta kasuen %40a etxeko praktika desegokien ondorioz izaten da.

Zientzialari‘ izeneko atal honen bitartez zientziaren oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu euskal ikertzaileen laguntzarekin.

#Zientzialari (74)

zientziakaiera.eus/2017/06/olaia-martinez

Agian ez zenekien hainbat elikadura-gehigarri naturan lortuak direla

Agian ez zenekien hainbat elikadura-gehigarri naturan lortuak direla –

Bada nolabaiteko eztabaida etiketetan E marka daramaten gehigarriak dituzten janariei buruz. Badira artifizialak izanda arriskutsuak direla esaten dutenak, baina badira halaber ideia horren aurka sutsuki azaltzen direnak. Artikulu honetan ordea, ezagutzera emango ditugu hainbat E elikagai, Europar Batasunak baimenduak dituenak eta beraz behar bezalako kontrolak iragan dituztenak. Gainera, esan beharrekoa da gehigarri hauek berez daudela hainbat elikagaitan, edo bestela elikagai horietatik ateratzen direla gero gehigarri modura erabiltzeko.
Agian ez zenekien hainbat elikadura-gehigarri naturan lortuak direla

Irudia: Koloratzaileak elikagaien kolorea indartzeko edo aldarazteko erabiltzen dira. Tradizio luzea du elikagaiak koloreztatzeak.

E-100 Kurkumina

Izen bereko landare baten errizoma batetik ateratzen da eta batez ere kolorea emateko erabiltzen da. Urrekara da, ziapearen antzera, eta adibidez curryan sartzen da. Horretaz gain, Indian duela 2.500 urte erabili da, ehunak eta bestelakoak tindatzeko. Izatez, Indian bertan hazten da eta eskualde hori da Kurkumina gehien erabiltzen duena. Medikuntza arloan, ezaguna da kurkumak tumore, artritis eta oxidazioen aurka egiten duela. Diabeteak jotako animalietan behintzat, frogatuta dago gibela eta giltzurrunen funtzionamendua hobetzen duela.

E-330 Azido zitrikoa

Hainbat fruta eta barazkitan dago baina, izenak berak dioenez, batez ere limoia edo laranja bezalako fruta zitrikoetan. Mutxi eta legamia batzuek ere ekoizten dute. Zapore mingotsa du, baina bere propietate bereziei esker, kontserbagile ona da, eta pH-aldaketak leundu egiten ditu. Hau guztia dela eta, janari askotan jartzen da.

Bide batez, C6H80du formula: sei karbono atomo, zortzi hidrogeno atomo, eta zazpi oxigeno atomo. Horixe ba, sintesi-kimikak ez du zertan kaltegarria izan!

E-140 Klorofilak eta klorofilinak

Klorofila, behe mailako irakaskuntzan ikasten da: landareei berde kolorea ematen dieten pigmentuak, fotosintesia posible egiten dutenak. Eta jakina, bere horretan jarraitzen dute E-140 modura sailkatu ostean ere. Asuna edo soropila bezalako landare-espezie batzuetatik ateratzen da, eta janariei kolorea emateko erabiltzen da. Izan ere, janari batzuk berde ikusi behar dira (bestela erosleak atzera egiten baitu), eta klorofila gehigarriei esker, berde jarraitzen dute janariek, prozesatze eta biltegiratze prozesuek dirauten bitartean.

E-100 Agarra

Itsasoko landareetatik lortutako gelatina bat da. Hainbat alga-espezietako zelula-hormatik ateratzen da. Ur berotan disolbatuta, hoztu egiten da eta gelatinatsu bilakatzen da. Hori dela eta, oso eraginkorra da lodigarri modura hainbat postretan, izozkietan eta zopetan eta beste janari batzuetan ere. Garagardo batzuetan ere jartzen da, mehegarri modura. Hala ere, azpimarratu beharrekoa da batez ere mikrobiologiako laborategietan erabiltzen dela, bakterioen eta onddoen hazkuntza-medio gisa.

Sukaldean ere erabilgarritasun handikoa da, zapore eta kolorerik gabekoa delako, eta beraz ez duelako aldatzen, ez janariaren itxura ez eta zaporea ere. Gainera, bere pisua halako 200-300 aldiz ur gehiago absorbi dezake, eta asko erabiltzen da janari begetarianoan, animalia-gelatinen ordez.

Irakurri gehiago

Umeak ez dit ezer jaten

Umeak ez dit ezer jaten – 

Gurasoen artean ardura handia sortzen du umeen elikadurak. Gutxi jaten dutela, ez dituztela elikagai jakin batzuk jan nahi, orduz kanpo jaten dutela… sarritan dira hainbat elkarrizketen erdigunea.

Ez dut nahi. Ez zait gustatzen. Ezin dut gehiago. Jaten ez baduzu ez zara handituko! Jan barik ezin daiteke ibili umea! Holako ume mizkinik!

Umeak ez dit ezer jatenElikagaien neofobia da ume mizkinen atzean dagoena. Gauza berriei fobia da neofobia, eta kasu zehatz honetan, elikagai berriei fobia. Haurrek janari berriak probatzeari uko egitea oso ohikoa da; are gehiago, eboluzioaren garapen logikoa ere bada.

Gizakia orojale bihurtzearekin batera sortu zen neofobia, orojalearen dilemak da elikagai berriei fobiaren oinarrian dagoena. Janaria eskasa zenean edo batere ez zegoenean, elikagai berriak probatu behar ziren. Tentuz ibili behar zen, baina, elikagai horiek pozoitsuak izan baitzitekeen. Neofobia, beraz, kontserbazio instintuaren baitakoa da.

.

Haurren elikadura

Umeek elikadurarekin duten harremana dimentsio bat baino gehiago ditu. Izan ere, haurrek berek eta elikaduraren ezaugarriek duten paperez gain, oso kontuan hartzekoa da gurasoek duten eragina. Haurren elikaduraz aritzean dimentsio hauek guztiak kontsideratu behar dira eragina duten faktore gisa.

Alde batetik, kontuan izan behar da umeak elikadurarekin duen harremana ez dela egonkorra, denborarekin aldatzen dela. Umearen adinak influentzia du elikagaiekiko harremanean. Horrela, 2-3 urterekin, normalean, ez dute janari berririk probatu nahi eta, gainera, ezezkoaren garaian daude. Hazten diren heinean, 6-7 urterekin, gutxitzeko joera du neofobia horrek.

Lehenengo adin tarte horretatik (2-3 urte) bigarrenera (6-7 urte) berebiziko garrantzia izango du familiak zelan kudeatzen duen elikadurarekiko harremana umearen neofobia baztertu edo areagotu dadin.

Irakurri gehiago

Mutiloako bi baserritarren gogoetak (II)

Mutiloako bi baserritarren gogoetak (II) –

Duela pare bat aste, Ordiziako Azoka zela eta, Mutiloako (Goierri, Gipuzkoa) baserritar bat elkarrizketatu nuen. Irakurri ondoren iruditzen zait asko, ikaragarri esaten duela: Euskal Herriaz, euskaldunaren kosmobisio eta idiosinkraziaz, geure erro kulturalez… Baserriak XX. mendean zehar ekonomian galdu zuen pisua tarteko, aldatzen ari den mundu ikuspegi batez. Azterketa labur bat egiten saiatuko naiz. Honakoa da Anttoni Murgiondori egindako elkarrizketa, eta jarraian, ondorioak.


“Guk hemen segituko dugu azkeneko ostikadak eman arte!”

Mutiloako bi baserritarren gogoetakAnttoni Murgiondo Mutiloan jaio zen, Goierri eskualdean, 1949ko abenduan. Bekoetxe baserrira ezkondu zen aspaldi, eta ordutik bertan bizi da, Gabirian, aldameneko herrian. Dirudienez baserritar askori erretiroa ez zaie 67 urterekin ere iristen, eta lanean jarraitzen du jo eta su, astero hiru azoketara joanez, Ordiziakoa horietako bat. Pasa den urtean Euskal Jai egunean antolatzen den barazki festan bigarren saria eskuratu zuen.

Zenbat urterekin hasi zinen lanean?

Lanean? Puff! Hamalau urterekin esango nizuke. Lehenik eta behin eskolan egin beharrekoak egin, eta handik segidan baserrian jarraitzen genuen. Baserrian egin dut lan beti, Mutiloan gurasoei laguntzen, eta ondoren gure etxean.

Esan didatenez, ez zinen atzo goizean hasi Ordiziako Azokara lanera joaten…

Oker ez banago, hogeita hamabi urte daramatzadala esango nuke, 1985etik. Ordutik hona asteazkenero izan naiz bertan, astero-astero, hutsik egin gabe; eta opor gutxi eginda, gainera! Kanpora joateko tarteren bat hartu izan dut, baina beti astebete baino gutxiago, asteazkenean postuan izan behar baikinen.

Nola hasi zinen Ordiziako Azokara joaten?

Garai batean gehiago joaten nintzen Legazpira, bai Gabiriatik eta baita gure jaiotetxetik ere. Horren ondoren Zumarragara hurbiltzen ere hasi nintzen; Ordizia iritsi zen azkena. Hori izan da urteetan nire martxa, beraz: asteazkenetan Ordizira, ostiraletan Legazpira eta larunbatetan Zumarragara. Azoka egunetan postua jartzen eta jasotzen beti laguntzen nau norbaitek, senarrak edo semeak, eta postuan bertan ni aritzen naiz.

Ordizian hasi ginenean, pentsa nola ziren gauzak, uste dut tartean ez zela baimen konturik ere, istorio horiek beranduago iritsi ziren. Orduan jende bat udan joaten zen, eta beste batzuk neguan. Ni sartu nintzenean neguan hasi nintzen, udan etortzen zen beste baten postuan. Erreleboa eman nion bertan, eta ondoren urte osoan joaten hasi nintzen.

Irakurri gehiago

Mutiloako bi baserritarren gogoetak (I)

BIDEOA. Mutiloako bi baserritarren gogoetak (I) –

Mutiloako bi baserritarren gogoetakMutiloa Goierriko eskualdeko (Gipuzkoa) herri txiki bat da, 250 biztanle baino gehiago ez dauzkana. Jaten primeran ematen duten bi jatetxe daude, frontoi eta bolatoki elegantea, Gipuzkoa osoan birziklatzen ez diren hondakinak jasotzen dituen zabortegi toxiko bat, Aizkorriren bista ederrak, eta zorionez, baserritarrak.

Duela pare bat aste, Ordiziako Azoka zela eta, Mutiloako baserritar bat elkarrizketatu nuen; bihar eskegiko dut solasaldia etxe honetan. Bestalde, herenegun munduari bizikletan bira ematen ari den kolonbiar batek zintzilikatutako bideo batekin egin dut topo; bertan Mutiloako beste baserritar batekin bost minutuko hitz-aspertua egiten du.

Ez kolonbiarraren elkarrizketak, ezta nireak ere ez dute Pullitzer saririk ikusiko, alajaina. Elkarrizketatuak ez dira filosofoak, ez dira lizentziatutako batek daki zein mailako pentsalariak; bi baserritar dira, bi pertsona langile. Baina arranopola, zin dagit ikusi ondoren iruditzen zaidala asko, ikaragarri esaten dutela: Euskal Herriaz, euskaldunaren kosmobisio eta idiosinkraziaz, geure erro kulturalez… Baserriak XX. mendean zehar ekonomian galdu zuen pisua tarteko, aldatzen ari den mundu ikuspegi batez.

Kolonbiarrak grabatutako bideoan agertzen denaren bueltan azterketa labur bat egiten saiatuko naiz.

“Vaya semanita” estiloko uneren bat edo beste kenduta (nik ere sartuko nuen hanka Kolonbiako indigena bat elkarrizketatuz gero, hori ziur), bideoa esanguratsua da oso, zenbait arrazoirengatik.

  • Izugarria: hitz hau normalean adjektibo gisa erabiltzen dugun arren, baserritarrak argitzen digu “txorimalo” hitzaren esanahia ere badela. Beraz, hemendik aurrera pentsatu bi aldiz nola erabiltzen duzuen. Mutiloarrak, sotilki, aditzera eman digu “erregea izugarria dela”.
  • Ni euskara naiz: bere ama hizkuntza zein den galdetuta, mutiloarrak euskara aipatzen du. Baina ez edonola: “ni euskara naiz” esaten dio kolonbiarrari. Hizkuntzik gabe ez da, eta zu ere ez, ezta ni ere.
  • Zortzi abizenak: kolonbiarrak ikusiko zuen pelikula madarikatua, eta baserritarrari bere zortzi abizenen inguruan galdetzen dio. Baserritarra, ordea, soilik lau esateko gai da. Atera kontuak. Abizen guztiei garrantzia (ere?) ematen ziotenak gaztelarrak ziren, edozein arbaso judu edo mairuren arrastoa ezabatzeaz arduratuta. Baina horren inguruan ez dago pelikularik; hegemonia hori da.
  • Abertzaletasuna: politika kontuez gutxi dakiela esan, baina hamaika ikusitakoa izango da gizona. Nortasuna garbi, zalantzarik ez: abertzalea. “Gora Euskadi Askatatuta bai, ez dakidana da noizko!”.

Azken aipu horrekin lotuta, erantzuna aurkitu baino, agian, sortu egin behar dugu, eta bada garaia, demonio. Herritarrak gara lanean segi behar dugu dugunak, ttor-ttor; izan ere, agintean dauden politikari gehienak izugarriak dira.

Mutiloako bi baserritarren gogoetak (II)

Euskal Herria

Mutiloako bi baserritarren gogoetak

Saskietako elikagaiak aldatzen

Saskietako elikagaiak aldatzen  – 

BERRIA – Lander Muñagorri Garmendia

Ostegunean iritsiko da uda, eta, harekin, fruitu denda eta nekazarien postuetan kolore gehiago agertzen hasiko da. Elikadura orekatua edukitzeko, denetarik jan eta elikagai gorri eta moreak kontsumitzeko gomendioa egin dute nutrizionistek. Horiek baitira sasoiko kolore eta elikagaiak.

Erosketa saskiko elikagaien koloreak gorri eta more ukituak hartzen hasi dira.

Erosketa saskiko elikagaien koloreak gorri eta more ukituak hartzen. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Egun gutxi falta da udaberria amaitu eta udak bere bidea has dezan. Hala dio egutegiak behintzat, datorren ostegunean izango dela udako solstizioa, eguraldiari begiratuz gero hori pentsatzeko arrazoiak topatzea zaila den arren. Eguzkia apenas azaldu den azken hilabeteetan, eta horrek mantsotu egin du baratzeko erritmoa. Hala ere, merkatuetako erakusmahaietan sasoi berriari dagozkion elikagaiak agertzen hasi dira. «Marrubiak, esaterako, garaiz iritsi ziren aurten, baina denbora gutxian egon ziren eskura; orain, berriz ere azaltzen ari dira. Aurten, erokeria bat izan da ortuetakoa». Nerea Segura nutrizionista da, eta, beste askok bezala, sasoian sasoikoa jateko gomendioa egin du. Horretarako, haren ustez, egokia litzateke merkatuetan egon ohi diren nekazarien eskaintzari begiratu bat ematea. Hala jakin daitekeelako lurrak zer eskaintzen duen: «Batzuetan, jendeak begiratzen dio biologikoa edo ekologikoa ote den, eta ongi daude label horiek, baina garestiagoak ere badira; eta ez hori bakarrik, bertako produktua kontsumitzea interesgarriagoa da».

Udaberri hau, ordea, ezohikoa izan da, eta merkatuetako nekazarien eskaintza, beste urteetan izan ohi dutenaren aldean, urriagoa izan da. «Eguraldiak ez du batere lagundu». Hala ere, tomateak, piperrak, lekak, tipulinak, kuiatxoak eta piperminak agertzen hasi dira salmenta postuetan, eta denborak aurrera egin ahala eskaintza hori pluralagoa bihurtuko delakoan dago nutrizionista. Segurak, hala ere, udako produktuak kontsumitzeko gomendioa egin du, barazki, fruitu eta arrainen ekoizpena ohikoa izango balitz bezala.

BARAZKI ETA FRUITUAK

Koloreei begira

«Dieta orekatu baten oinarrian landare jatorriko produktuak kontsumitu behar dira, eta komeni da nahiko fresko hartzea, gainera». Hori da nutrizionistak egin duen lehen gomendioa. Horren jarraian iritsi da hurrengoa: koloreei begiratzea. «Une honetan, kolore gorri eta moreak agertzen hasi dira, eta, horrek bere arrazoia daukanez, horretan oinarritu behar dugu. Sasoi bakoitzean, gure energia beharrak aldatu egiten dira: neguan, energia gehiago beharko genuke, eta, udan, gutxiago. Elikagaiei begiratuz gero, udan barazki eta fruituek, ur gehiago izateaz aparte, kolore gorri eta moreagoak dituzte».

Irakurri gehiago

Zer da gure sukaldearen “euskal” hori? (eta 2)

Zer da gure sukaldearen “euskal” hori? (2) – 

2010/11/04

Bo, bo, bo… non ginen? A bai, ezin genuen zehaztu zer den Euskal Sukaldaritzaren “euskal” hori edo, behintzat horretarako ditugun zailtasunak aitortu genituen lehenengo atalean. Jakina, “euskal” hori izan liteke sinpleki “hemen egiten dena” edo “guk egiten duguna”. Eta kito. Baina geuk sinetsiko al dugu benetan bi kontu horiek bakarrik mugatzen dutela gure “euskal” ditxosozkoa? Esate baterako, non geratzen dira “bertako produktuak”?

Zer da gure sukaldearen "euskal" hori? (eta 2)

Zein da bidea?, Egizu, Creative Commons By SA

Azkenerako manikeo xamarra naizela pentsatuko duzu, eta ez dizut ezetzik esango, baina, funtsean buru-jolas bat baizik ez da hau guztia, eta pozgarri gertatzen da erantzun duzuenon hitza ezagutzea (Josemari, Bruno, Rubén, Gargantúa…).

Laburbilduz, horixe da agertu dena, espazioak eta subjektuak mugatzen dutela “euskal” edo dena delako hori. GUK eta HEMEN horiexek ditu muga berezkoak “euskal” sukaldaritzak. Eta produktuak? Non geratzen dira “gure” produktuak?

Denok ezagutzen ditugu sukaldari handiak ahoa betetzen zaienak gure produktuak loriatsuak direla esaterakoan: barazki, haragi, arrain, itsaski, gazta, lekari…. Denak ditugu munduko hoberenetakoak! Gure baserritar eta arrantzaleak bezalakorik ez dago munduan!

Ia jaki bakoitzarentzat badugu kofradia bat, bandera eta guzti, urtean behin bada ere, santuaren egunean, produktuaren gorazarre egiteko. Sekula halakorik! Batzuetan italiarrak dirudigu.

Beraz, lekua eta subjektuaren kontzeptuari, bertako produktuarena gehitu behar genioke, Hirutasun Santu moduko bat osatu eta batasun horrek “euskal” hori zehaz dezan, kontzeptua bere baitan harrapatuz. Izan ere, ez al diozu entzun sukaldari bati baino gehiagori, “gure produktuak gabe ez dago gure sukaldaritzarik”?

Bo, bo, bo. Manikeo xamar jarraitzeko, jolas txiki bat orain. Eta jolasaren barruan, bi plater sukaldatzeko proposamen zehatza.

  • Bat: Hartuko dugu Markinan hazitako ahate bat, eta buelta eta buelta egingo dugu haren gibela txapa gainean. Gesaltza-Añanako gatz larri apur bat egingo diogu, eta zerbitzatzeko orduan, izebaren baratzean bildutako aran pure txiki bat jarriko diogu ondoan.
  • Bi: Hartuko dugu Norvegiako bakailao on bat, eta gazgabetu ondoren, Jaengo oliotan egingo dugu pilpil eder batean.

Horixe da dena. Erraza , ez da? Bi platerak egin ditugu “hemen” eta bi platerak egin ditugu “geuk”. Baina lehenengoan, produktu guztiak “gureak” izan arren, Perigordeko plater bat sukaldatu dugu. Edo behintzat, “euskal” izena merezi ez duena.

Bigarrenean, ostera, produktu guztiak “kanpokoak” dira, baina “geure” plater bat egin dugu, geurerik baldin bada.

Bietatik zein da “euskal-agoa”, “jatorragoa”, “geureagoa”…? Ala biak dira?

Non geratzen da “bertako produktuaren” baldintza?

(Ez al da polita hemen jarri dizugun jolas dialektikoa?)

Zer da gure sukaldearen “euskal” hori? (eta 2)

Zer da gure sukaldearen “euskal” hori? (1)

Zer da gure sukaldearen “euskal” hori? (1) – 

2010/10/27

Aurreko egunetan sukalde tradizionala eta berriaren inguruan aritu ginen bezala, beste gai potolo bati heldu nahi diot gaur ere, seguru asko, orduan bezalaxe, inora ez iristeko. (Abilak gara porturik gabeko bidaietan abiatzen). Hara galdera: zer da egiazki “euskal” gure sukaldean? Zerk gorpuzten eta aldi berean mugatzen du gure sukaldearen izaera?

Zer da gure sukaldearen "euskal" hori? (1)

Alemaniarrek bai asmatu, SKLK, Creative Commons By SA

Urte batzuetatik hona dena da euskal eta dena da eusko gure artean: Euskal oiloa eta baita ere euskal okela edo euskalbogosfera, Euskal Telebista, Euskaltube, Euskaltel, Euskalmet… Bakarrik fata zaizkigu euskalpetenerak.

Euskorekin, berdintsu edo gehiago gertatzen da: Euskotren, Euskotrans, Eusko Ikaskuntza, Euskonews, Euskomedia… Euskotarariketebi.

Izango da hainbeste urtean debekatu zitzaigulako baina gaur, errepideetako galipota ere izan daiteke euskal, edo patrikan daramazun muki zapia eusko. Zernahi.

Eta, nola ez ba, EUSKAL SUKALDARITZA ere hortxe dabil, deitura soila bainoago, marka handi bihurturik. Eta bere aldaera guztiak ere bai: EUSKAL SUKALDARITZA BERRIA, EUSKAL SUKALDARITZA TRADIZIONALA, EUSKAL SUKALDARITZA ABANGOARDIAKOA, EUSKAL SUKALDARITZA TEKNOEMOZIONALA…

Baina zer demontre da EUSKAL hori? Edo hobeto galdetuta, ausartzen al da norbait gure sukaldatzeko eretan edo emaitzetann, zer den benetan eta zer ez den EUSKAL esaten?

Areago, geuk euskaldunok esan behar dugu hori ala kanpotik etorritako besteek esan behar digute, Franffurter Allgemeinekoek uda honetan bezala, denak txapela beraren azpian harrapatu gaituzten eran?

Gainera, sukaldaritzari dagokionean, EUSKAL SUKALDARITZA bakarra al da? Zenbat dira, bat, bi hiru, bost? Iparraldekoa ere EUSKAL al da? Eta Erriberakoa?

Zer da gure sukaldearen “euskal” hori? (1)

Eneko Calvo: ‘Gastronomiaren bidez Euskal Herriko historia azaltzen dugu’

Eneko Calvo: ‘Gastronomiaren bidez Euskal Herriko historia azaltzen dugu’ – 

San Telmo museoan euskal kulturaren eta gastronomiaren arteko harremana azaltzen dute “San Telmo PIL-PILEAN” erakusketan, ekainerarte ostiral eta larunbatetan daude bisita gidatuak.

Eneko Calvo: Gastronomiaren bidez Euskal Herriko historia azaltzen dugu

www.eitb.eus/euskadi-irratia/faktoria/san-telmo-pilpilean  AUDIOA

Eneko Calvoren eskutik “Faktoria“n “San Telmo pil-pilean” bisita gidatuaren aurrerapen bat egin dugu. Ordubeteko bisita gidatua egiten dute ostiralero eta larunbatero, bisita honi esker euskal gastronomiak izan duen garapena ezagutu dugu, eta osagarri bakoitzak zer nolako iraultza izan duen. Erromatar Inperioaren eraginarekin hasi eta 80ko hamarkadan sortu zen euskal sukaldaritza berriarekin bukatuta, besteak beste Arzak jatetxean zuten lehenengo mahaiaren eta kartaren adibide bat dute museoan.

Irakurri gehiago

Mens sana… ondo elikatutako gorputzean

Mens sana… ondo elikatutako gorputzean –

Elikadura eta garunaren osasuna eskutik doazela berretsi du ikertzaile talde batek. Plazaratutako emaitzen arabera, dieta mediterraneoa jarraitzen duten adineko pertsonen garuna ohi baino gutxiago uzkurtzen da.

Zahartzearekin batera garuna txikitzen da eta horrek, noski, funtzio kognitiboetan ere eragiten du. Osasunari lotutako beste gaietan ohikoa denez, bizimoduek eragin handia izan dezakete garunaren osasunean. Eta elikadura izan daiteke, hain justu, bizimodu osasuntsuaren oinarrietako bat. Hala agintzen du senak, baina azken urteotan ideia hori indartzen duten ikerketak pilatzen hasiak dira.

Horietako azkena Neurology aldizkarian plazaratu dute. Oraingoan, dieta mediterraneoa eta garun osasuntsu baten arteko erlazio estua dagoela iradoki dute zientzialariek. Ikerketak sei urte baino gehiago iraun ditu, eta zientzialariek ehunka lagunen bizi ohiturak eta garunen azterketak baliatu dituzte. “Dieta mediterraneoarekiko gertuago egotearen eta garuneko atrofia gutxiago izatearen arteko erlazioa dagoela aurkitu dugu”, diote egileek artikuluan.

Mens sana… ondo elikatutako gorputzean

1. irudia: Frutak, barazkiak, lekaleak, eta zerealak daude dietaren oinarrian. (Argazkia: CongerDesing / Jabetza publikoa)

Ikerketaren egile nagusiak azalpen gehiago eman ditu. “Zehartzen garen heinean, garuna uzkurtzen da eta ikasketan zein oroimenean eragina izan dezaketen neuronak galtzen ditugu. Ikerketa hau dieta mediterraneoak garunaren osasunean eragin positiboa duela dioten ikerketetara batzen da orain”, esan du Edinburgoko Unibertsitateko psikologo Michelle Lucianok Ameriketako Neurologia Akademiak zabaldutako ohar batean.

Ondo ezagutzen den taldea

Guztira, egileek 843 lagunen elikadura ohituren inguruko informazioa eskuratu zuten. 70 urte inguru zituztenean, parte-hartzaileek elikaduraren inguruko galdetegi bat erantzun zuten. Horri esker, zientzialariek jakin ahal izan zuten zer jaten zuten eta zein maiztasunarekin. Elikaduraren inguruko datuak jakinda, ikertzaileek bi talde ezberdindu zituzten: dieta mediterraneotik gertuagoko elikadura zutenak eta halakorik ez zutenak.

Hiru urte geroago, 73 urte ingururekin, garuneko eskanerra egin zieten 562 laguni. Beste hiru urte pasata, 401 lagun berriro aurkeztu ziren, eta bigarren eskaner bat egin ahal izan zieten. Era horretan, zientzialariek datu zehatz eta fidagarriak izan dituzte eskura. Eskanerretan garunaren datu bolumetrikoak eskuratu ziren baina, horrez gain, parte-hartzaileek ebaluazio kognitiboak finkatzeko erabili ohi diren galdetegiak bete zituzten.

Proba hauek guztiez gain, erabilitako taldea oso ondo ezagutzen dute ikertzaileek. Izan ere kohorte baten partaide dira. Kohorteak ezaugarri zehatzak eta ezagunak dituzten banakoen multzoak dira eta, horregatik, mota askotako ikerketetan erabiltzen dira. Kohorteak maiz agertzen dira medikuntzari loturiko lanetan, batez ere ikerketa epidemiologikoetan.

Zehazki, orain erabili duten kohortea 1936ko “Lothian” izenekoa izan da. Guztira, 1.091 lagunek osatzen dute taldea, eta Edinburgoko eskualdean (Eskozia) urte horretan jaioak dira. Gehienek gaitasun mentalak neurtzeko froga egin zuten 11 urte zituztenean (1947ko Eskoziako Inkesta Mentala) eta bizitza osoan zehar beste azterketa askotan parte hartu dute, bai osasunari loturiko neurketetan zein bizimoduei dagozkienetan. Beraz, horien inguruko azterketa kognitiboak egiteko talde aproposa osatzen dute.

Mens sana… ondo elikatutako gorputzean

2. irudia: garunaren eskanerrak bi aldiz egin dituzte, 73 eta 76 urterekin. (Argazkia: AEBetako Gobernua/CC BY 2.0)

Irakurri gehiago

Eguzkiak elikaturiko itsas barea

Eguzkiak elikaturiko itsas barea –

Elysia chlorotica itsasoan bizi den bare mota bat da, baina ez da batere arrunta. Eguzki-instalazio bat bezalakoa da edo, hobeki esan, landare baten antzera jokatzen du.

Landareek plastoei esker hartzen dute eguzki-argia, eta fotosintesiaren bitartez energia kimiko bihurtzen dute. Ezaguna denez, animaliek ezin dute hori egin, eta landareak edo beste animaliak kontsumitu behar dituzte euren energia-beharrak asetzeko. Itsas bare honek, baina, ez du beste animalia gehienek bezala jokatzen. Haren janari nagusia alga bat da, alga jakin bat. Ebaki bat egiten dio algari, zitoplasma xurgatu eta gehiena digeritzen du; gehiena, baina ez dena, ez baititu plastoak digeritzen; gorde egiten ditu.

Eguzkiak elikaturiko itsas barea

Elysia chlorotica barea bere jana sortzeko gai da. (Arg.: ALLPE Medio Ambiente)

Itsas bareak gordetako plastoek fotosintesia egiten jarraitzen dute, eta horrela sorturiko materia da Elysiachloroticak elikatzeko erabiltzen duena. Hori dela eta, eguzki-instalazio bat bezalakoa da barea, landareak bezala bere jana sortzeko gai baita.

Itsas barea algaren menpe dago, oso-osoan, bizirik irauteko. Hasieran, hazteko eta heldutasunera iristeko, algak jan behar ditu. Gero, algatik plasto nahikoak erdietsi dituenean, horiek egiten duten fotosintesiari esker lortzen ditu bizitzeko behar dituen energia eta elikagaiak. Energia-autonomia lortu ondoren, bederatzi hilabetetan bizi daiteke eguzki-argia hartuz eta fotosintesia eginez, landareek egiten duten era berean.

Aurreko atalean eguzkia hartzen duen zizare baten istorioa azaldu dugu. Pentsa liteke hura eta hau istorio berdinak direla. Baina ez, ez dira berdinak. Zizare hark algak jaten zituen, itsas bare honek bezala, baina hark algak gorde egiten zituen, osorik, eta sinbiosi harremana mantentzen zuen, baina honek ez du inolako sinbiosirik egiten algarekin. Jan eta erabili egiten ditu algak, bai, baina algek ez dute horren truke ezer lortzen. Bestalde, zizarearen kasuan ez zen zizarea fotosintesia egiten zuena, algak baizik. Oraingo kasu honetan, ordea, barea da fotosintesia egiten duena; algek zituzten plastoei esker egiten du, bai, baina egin, berak egiten du.

Zientzia Kaiera  Juan Ignacio Pérez eta Miren Bego Urrutia 

Egileez: Juan Ignacio Pérez Iglesias (@Uhandrea) eta Miren Bego Urrutia Biologian doktoreak dira eta UPV/EHUko Animalien Fisiologiako irakasleak.

Eguzkiak elikaturiko itsas barea