Escualdun cocinera: euskarazko lehen errezetategia
Euskara ez da aberatsa sukalde liburuetan, apenas dozena bat ganorazkoak guztira. Lehena eta zaharrena, Escualdun cocinera izenekoa dugu, 1864an Baionan argitaratutakoa. Gustu ematen du hango errezetak irakurtzea orain.
Honela idatzi zuen Joxemiel Bidador zenak Euskaldunon Egunkarian: “Escualdun cocinera, ceinarekin nornahic cocina ona errechki eguin baiteçaque Baionako Zilhargin karrikako 12. zenbakian zegoen Cluzeau liburu eta paper martxantaren baitan izan zen inprimaturik idazle-izenik gabe, alabaina ia gauza segurra da egilea sukaldariago zela euskal idazlea baino, hasierako oharrak salatu bezala, «Liburu huntan hanitz gauça frantxes guisa izendatuac içanen dire ezdazkiulacotz escuaraz icenac». Hirurogei orrialdeetan barrena 150 errezetatik gora eskeintzen dizkigu egile sukaldari ezezagun honek”
Bertan datorren lehenengo platera, arroz zopa bat da. Hara hemen jatorrizkoa lehenik eta gaurko euskaran jarria bigarrenik:
Irrisa-Çopa
Harçaçu lau presunendaco laurden bat irrisa ongui escutan pasatua, garbi çaçu laur edo bortz aldiz ur ephelean eta azkenean ur hotcian ongui frotatuz. Emaçu gainera salda ausarki, irrisa ez dadin boulli bilhaca; egosaraçico duçu bi orenez su ezti batean. Colore eder baten içaiteco emoçu cullera erdi bat aratcheki yusa. Carolinaco irrisa da cocinaco hoberena.
Arroz zopa
Lau lagunentzat, har ezazu laurden bat arroz eskuetan ongi igurtzia, garbi ezazu lau edo bost aldiz ur epeletan eta azkenekoan ur hotzean ongi igurtziz. Jar iezaiozu gainean salda ausarki, arrozak ez dezan irakin borrokan; egosaraziko duzu bi orduz su ezti batean. Kolore ederra izateko, emaiozu koilarakada erdi bat txahalaren zukua. Carolinako arroza da sukalderako onena.
Escualdun cocinera: euskarazko lehen errezetategia
Ortorexia, zortzi puntako gaixotasuna
Azkenaldian asko entzun dut ortorexiaren inguruan; Europan zabaltzen ari den gaixotasunaren inguruan. Badirudi, jendea orain obsesionaturik bizi dela ongi jatearekin, eta hainbesteko obsesioa dagoela, non gaixotasun dei diezaiokegun.
Orain, badirudi, jaten duzunaren kalitateak kezkatzen bazaitu, eta gauza osasuntsuak soilik jaten badituzu, ortorexia pairatzen duzula. Badirudi, zure osasunagatik arduratuta bizi bazara, eta hori dela eta esnekiak, azukrea edo haragi gorria baztertzea erabakitzen baduzu, gaixo bat zarela. Badirudi, elikagai ekologikoak erostearren, zure etxe ondoko supermerkatura joan ordez, ondoko herriko belardendara joaten bazara, medikuarenera joan beharko zenukeela.
Teorian behintzat, gure osasuna oinarrizko zerbait da, eta orain, gure osasuna hobetzeko ondo jaten dugunean, badirudi ez zaiela gustatzen. Benetan al da obsesionaturik gaudelako, edo geroz eta gaixo gutxiago daudenez, sendagaien negozioa behera doala da arazoa?
Ortorexia, zortzi puntako gaixotasuna – Maddi Etxeberria > ZUZEU
Gastronomiaren bitsa
Gastronomiaren gorakada, eraldaketa eta dinamikotasuna ageri-agerikoa da azken hamarkadetan. Gure eguneroko hitz jarioan barneratua, ahoz aho darabilkiguna, eskola, unibertsitate, kongresu, bilgune eta komunikabideetan nonahi topatzen duguna. Egun gastronomia bezala ezagutzen den hori, nobleziaren mesedetan sortutako sukaldaritzaren artea dugu. Klase burgeseraino hedatzeko lanean aritu ziren garaiko letretan jantziak eta elikadurarekin zerikusia zuten ofizioetako arituak. Letrak eta elikadura ditugu aintzindari beraz. Ez zuten berehalakoan aritu haiek, gastronomiak gaur egun duen presentzia soziala eta mediatikoa izatera helduko zenaren aurreikuspenik egin ahal izango. Ez horixe.
Elikatzea ekintza soziala eta kulturala ere bada. Jendartean, lagun artean edota familian elikagaiak partekatzeko joera eta ohitura dugu. Egungo pattern edo patroiak haratago doaz, modu berriak sortu dira. Gure otorduak edota jakiak konpartitzeko sare sozialetan barreiatzen diren argazkiak, errezetak (tradizionalak eta berritzaileak) edota bideoak ditugu horren adierazgarri. Sukaldari profesional zein amateurrentzat, erabiltzaile ororentzat, baliabide ugari eskaintzen ditu sareak. Elikadura kultura birtuala bihurtu zaigu. Liburu formatuko errezeta bilduma tradizional zein berritzaileak eta telebista saioak, gastronomiaren kontzeptualizazio berri bati bide eman diote. Gastrosphere, virtual foodies, instafood, food porn, food marketing, foodscape, culinary, gastrosophie kontzeptuak gastroturismoa, gastroteka, enogastronomia edota gastroekonomia bezalako hitzekin, ofizio eta elkargune berriekin ari da gastronomiaren mundu paraleloa osatzen. Norabide lausoa eta abiadura handiegian.
Elikadura eta gastronomiaren informazioaren gaindosia eta exhibizionismoa bizi dugun garai honetan, belaunaldi arteko elikadura kulturaren transmisioa sare sozialen baitan dago, transmisioa tradizionalaren etenari jarraipena emanez. Elikadura gaietan sekula baino jakitun bihurtzen ari da norbanakoa, aldi berean baina, gure kontsumitzaile praktikak bestelakorik dio. Badugu nondik hasia…
Mizkina izatea neofobia bihurtu zenekoa
Bost urte baino gehiago dituzu eta oraindik jatun txarra zara? Posible da elikadura neofobia izatea, hala esan du Edurne Imaz nutrizionistak Euskadi Irratian.
Kroketak eta makarroiak tomatearekin soilik jaten dituzte txikitan ume askok. Janari berrien aurrean beldurra sentitzen dute maiz, eta hori dela eta, muzin egiten diote elikagaiak estreinakoz probatzeari.
Normalean, umeak bost urte betetzen dituenerako nahikoa janari ezagutzen ditu eta normaltasunez hasten da jaten. Dena den, gerta liteke mizkina izaten jarraitu eta elikagaiekiko neofobia helduarora luzatzea. Ez ditu ondorio bereziki larriak, baina antsietatean eta autoestimuan eragin dezakeela azaldu du Imazek.
Pazientzia, hori omen neofobiaren aurkako sendagairik onena. Sesioak, nigarrak eta bestelako haserreak elikagaiarekin lotzen ditu maiz umeak eta haurrak gaizki pasatzen du. Ondorioz, ez du janari berria probatu nahi. Inguruak duen garrantzia azpimarratu du Imazek eta hainbat aholku eman ditu “mizkinak” diren ume horiek helduaroan “ganorazko jatun” bilakatzeko:
- Pazientzia
- Umea elikadura prozesuan partaide izatea (erosketak egiterakoan, prestakuntzan…)
- Zigortu beharrean errefortzu positiboak ematea (ez du zertan materiala izan)
- Hizkuntza bat ikasten den bezalaxe, jaten ere imitazioz ikasten da; hori dela eta, ingurukoak eredu izan behar dute.
Beraz, ez da haurra jatera behartu behar. Pazientziarekin hartu, elikagaiak behin eta berriz aurkeztu eta jatorduak momentu atsegin bilakatzea da mizkinen aurkako errezeta.
Mizkina izatea neofobia bihurtu zenekoa – Bixenta Goikoetxea > ZUZEU
San Tomas?
Nondik nora San Tomas Eguna?
Batzuetan naturak eta pertsonok oharkabean bat egiten dugu gauzak elkarrekin sortu eta betikotzeko orduan. Horietakoa da San Tomas eguna.
Jakinekoa da baserritarrak errentak ordaintzera etortzeak eragin zuela jai hau Donostian, Bilbon, Lekition, Zaldibarren, Azpeitian… aspalditik, gainera.
Ez dago argi esaterik, baina Arrasaten adibidez, Santamasak XIV. mendea baino lehenagotik daude dokumentatuta… Aspaldiko gertaera da, beraz.
Baina hel diezaiogun naturak eta gizakiak bat egiten duten kointzidentzia hori zergatik gertatzen den kontatzera.
Esan dugu alde batetik hirian bizi den baserri jabeari ordaindu beharreko errentak daudela, baina horretarako epea ez da San Tomas eguna baizik eta beste santu entzutetsu batena, San Martinena. Bai, zerria hiltzearekin hasten zen alokairuak eta bestelakoak ordaintzeko epea.
Kontua da, itxuraz, orain bezala lehen, zorrak ordaintzea ez dela inorentzat gozoa eta atzeratu eta atzeratu egiten zela epe hori San Tomas egun honetara arte. Esan dezakegu, era batera edo bestera, azken epe eguna dela San Tomasena, eta hori oso gizatiarra da, oso humanoa, nolabait.
Baina San Tomas eguna beste gauza baterako ere erabiltzen zen eta da: norberak ekoitzi ez dituen negu guztirako elikagaiak erosi eta trukatzeko. San Martin eguna urruti dago negu-negutik, baina San Tomas abendu betean da. Hala bada, San Martin egunetik norberak lortutakoa saltzeko prestatzen da eutsi egiten zaio etxean dagoenarekin, udazkena oparoa baita, baina San Tomas da negu luzeko hotzerako despentsa hornitzeko eguna. Halaxe agintzen du naturak.
Hala bada, hortxe gizakion arrazoiak eta naturarenak bat eginda.
San Tomas ala Santo Tomas?
Oso maiz Santo Tomas entzuten dugu, baina San Tomas behar du euskaraz. Zergatik?
Soinuen harmonizazioagatik eta ahoskatzeko erraztasunagatik, gazteleraz erabaki zen Do- eta To- silabak hasieran dituzten santu izenak Santoformarekin ematea: Santo Tomé, Santo Domingo, Santo Toribio… Euskaldunen artean, ordea, San Tomas, San Domingo… esan izan da. Ez dirudi, beraz, euskaraz Santo behar duenik, baizik eta San. Baina gu ez gara hizkuntzalariak eta esan ezazu, bada, gehien atsegin duzun eran.
San Tomas eguna > Geuria Merkatua