Hara!

Patatekin, mesedez

Patatekin, mesedez – 

Zer da arrautza parea patata frijiturik gabe? Edo hanburgesa? Tristea, gutxienez. Eta ez bakarrik frijiturik: egosiak, purean, erreta, raclette, gnocchiak… Erabilera anitzeko tuberkulurik bada, patata dugu.

Hain da polifazetikoa ezen lorategi-landare moduan ere erabili izan den. Areago: izatez, Europara heldu zenean lorategi-landare eta bazka-landare gisa erabiltzen zen.

Eta ez pentsa beti izen ona izan duenik. Ezta hurrik eman ere. Izen eta ospe txarrak, benetan kaskarrak, izan zituen gure patata maitatu gaixoak Europara iritsi berritan. Frantzian patata-landarea landatzea legez debekatu zen, pentsa.

Zergatik debekatuko zuten legez landare bat? Kontuz, beharbada ez da gogoan duzun landare hori; itzul gaitezen gure gaira. Are gehiago, zergatik debekatu jateko modukoa den landare bat goseak jotako jendea duen herri batean? Izan ere, garai hartan, XVII.-XVIII. mendeetan, nahiko miseria eta gosete zeuden Frantzian.

patata

1. irudia: izen eta ospe txarrak, benetan kaskarrak, izan zituen patatak Europara iritsi berritan. (Argazkia: domeinu publikoko irudia. Iturria: Pxhere.com)

Zergatik debekatu, orduan? Gaixotasunak, eta bereziki, legenarra, zabaltzen zutela uste zelako.

Azken batean, lurralde ezezagun batetik zetorren landare ezezaguna zen, izugarri azkar hazten zena eta jateko atala lur azpian zuena. Ulergarria da jende askok mesfidantzaz hartu izana. Horrela zetorren landare batek “deabruaren tranpa” izan behar zuen. Hortaz, txerrientzako eta behientzako bazka gisa erabili zen eta eskerrak besterik gabe alboratu ez zela.

Marketinaren indarra

Baina goazen gaur egun gure dietan ezinbesteko dugun tuberkulu honen historiari erreparatzera. Denetarik baitu gaiak.

Pedro Cieza de Leónek 1560an patata eta artoa Perutik ekarri zituenean Sevillako Casa de Contratación delakoaren inspektoreek ez zutela ezertarako balio iritzi zieten, biei. “Bisionario hutsak, haiek”, pentsatuko duzue. Baina arrazoia izan zuten, mende batez, gutxi gorabehera. Gizarteko pobreenak kontuan hartzen ez badira, behintzat.

Zelan pasa zen patata debekatu egotetik, gaurko nonahikotasunera? Ba, hainbat pertsonaren ahaleginari eta herri xehea oso ondo ezagutzen zuen marketin kanpaina eraginkor bati esker. Denetarik dauka istorioak, gainera: kartzela, traizioa, erregeak, zaintzaileak… Eta zientzia, noski.

Sukaldean ibiltzea gustuko baduzue ezaguna egingo zaizue patataren estatus-aldaketaren protagonistetako baten izena: Parmentier, Antoine Auguste Parmentier. Eta sukaldeko kontuak gustuko ez badituzue: Parmentier patata errezeta bat da, beno, errezeta asko. Azkar eta erraz esanda, patata egosia osagai nagusia duen edozein, bereziki purea edo krema moduan.

Baina urrundu egin naiz haritik. Parmentier agronomoak eragin zuen Frantzian patata elikagai moduan gizarteratzea eta zabaltzea. Zelan eta marketin-kanpaina abian jarrita.

Tuberkulua aztertu ostean, nutrizio-iturria izan zitekeela erabaki eta martxan jarri zuen plana: erregeari eta erreginari patata-loreak eman zizkien eta patata-janariak zituen afarien anfitrioia izan zen. Benjamin Franklinek eman omen zion Parmentierri afarien ideia eta, Benjamin Franklin beraz gain, Antoine Lavoisier bezalako pertsonaia ospetsuak ere izan ziren gonbidatu. Jarrita zegoen hazia, edo hobeto esanda, tuberkulua.

Patatekin, mesedez

2. irudia: patata egosia osagai nagusia duen edozeini Parmentier deitzen zaio, bereziki purea edo krema. (Argazkia: Sheila Brown – domeinu publikoko irudia. Iturria: Publicdomainpictures.net)

Frantzian esaten denez, gainera, alderantzizko psikologia baliatuta jende xehearen artean ere patatarekiko mesfidantza bazterrarazteko trikimailua abiatu zuen. Patata-baratza landatu zuen Parisen erdialdean zituen lurretan. Eta zaintzaile armatuak jarri zituen baratza zaintzen, han zegoena baliotsua zelako irudia emateko.

Jendeak landarea eskuratu ahal izateko, gauean zaintzaileak kentzen zituen. Modu horretan, jendeak landareak “ostu” zitzakeen. Gainera, zaintzaileek eroskeriak onartzeko agindua zuten, eskaintzen zutena edozer zela. Noski, patatak arrakasta izugarria izan zuen ordutik aurrera.

Ederto, baina zelan konbentzitu zen Parmentier bera pataten onurez? Kartzelan. Bai, kartzelan. Zazpi Urteko Gerran (gerra globala izan zen, 1756-1763 artean) Frantziako armadan ibili zen Parmentier farmazialari lanak egiten. Horrela zebilela preso hartu zuten Prusiarrek eta hango kartzelan izan zen 1763an Frantziara itzuli zen arte.

Pataten eta kartzelaren arteko harremana zein den? Kartzelan, gehienbat, patatak ematen zizkiotela jateko. Izan ere, Europa gehienean ez bezala, patatak elikagai gisa erabiltzea oso zabalduta zegoen Prusian.

Federiko Handia izan omen zen horren eragile: patatak debalde banatu zituen landatu zitezen. Are gehiago, legez behartu zituen nekazariak patatak landatzera. Gainera, zaintzaile armatuen trikimailua baliatu zuen pataten ospea hobetzeko.

Ohikoak ziren Parmentier kartzelara eraman zuen bezalako gerrak, eta baita goseteak. Patatek abantaila eskaintzen zuten lehenengoetan eta, gainera, bigarrenak arintzeko gaitasuna zuten.

Hala, Grezian, otomanoen aurkakoiraultzaren ostean XIX. mendean goseari aurre egin eta greziarren bizitza hobetzeko, patatak inportatu zituen Ioannis Kapodistrias kondeak. Debalde eskaintzen zizkion interesa zuen edonori, baina nekazariek muzin egin zioten produktu berriari.

Sekulako ideia izan zuen orduan: patata-kargamentua porturatu eta, ez duzue sinetsiko, baita zaintzaileak jarri kargamentua gordetzen. Lapurreta-saiakerei jaramonik ez egiteko agindua eman zien zaintzaileei, gainera. Ezetz asmatu zer gertatu zen orduan…

Iturriak:


Egileaz:

Ziortza Guezuraga (@zguer) kazetaria da eta Euskampus Fundazioko Kultura Zientifikoko eta Berrikuntza Unitateko zabalkunde digitaleko arduraduna.


Jatorrizko artikulua Gaztezulo aldizkarian argitaratu zen 2022ko apirilan, 238. zenbakian.

Kategoriak

Egilea

Pagotxa Pagotxa

Elkarbanatu & Inprimatu

Iruzkinik ez

    Bidali iruzkin bat