Blog Artxiboa

Erraza

Dilista egosiak

Dilista edo lenteja/lentillea dugu lekale erabilienetakoa gurean. Merkea da, osasunarentzat bikaina eta jateko erraza. Prestaerak ere ez du zailtasunik baina, kasu, urik gabe geratu, erre eta eltzearen hondoan itsasten badira dilistak, alferrik ibilko zara Arantzazuko edo Unbeko amabirjinari errezatzen: horrek ez dauka bueltarik. Onena guztia komunetik behera bota eta berriro hastea duzu. Horregatik, bi errezeta emango dizugu gauza berdintsua egiteko, lehenengo sinple eta arruntena eta, ondoren, sofistikatuago bat. Biak ala biak primerakoak.

Dilista egosiak

DILISTAK Jaime cc-by

Dilista egosi errazak

Osagaiak:

  • Dilistak 600 gr.
  • Tipula edo porru bat osorik
  • Azenario bat edo bi osorik
  • Olibaolio txorrotada bat olio
  • Ura
  • Gatza

 

Errezeta:

  1. Lapiko espres batean jarriko ditugu dilistak eta gainerako osagai guzti-guztiak. (Guri txikiak, pardina motakoak gustatzen zaizkigu, ez baita beratzen ibili behar eta fin-finak ateratzen dira, gainera.)
  2. Dilistak halako bi ur jarri. Lapikoa itxi eta presioa hartzen duenetik, hogeiren bat minutu utzi egiten, eta denbora hori iragandakoan utzi bertan presioa joan arte. (Pazientziarik ez baduzu, jarri ur hotzaren txorrotean).
  3. Dilistak dastatu eta puntuan dauden erabaki. Gerta daiteke ur gehiegi ukaitea, kendu. Gerta daiteke egin gabe egotea, eman irakinaldi bat. dastatu eta erabaki gatz-puntu ona duten.

Kasu!

Izenburu zatarra jarri diogula eta, baliteke mezprezuz begiratzea prestaketa honi. Ez zaitez tronpa: plater bikaina da, zinez.

Dilista egosiak

DILISTAK Javier Leiva

Dilista egosi mokofinak

Osagaiak:

  • 5 koilarakada handi oliba olio birjina estra
  • Tipulin bat, pikatua
  • Porru baten zuria, pikatua
  • Azenario bat, pikatua
  • 2 koilarakada tomate saltsa
  • Ximiko bat piperrauts gozo
  • 600 g dilista
  • Ura
  • Gatza
  • Baratxuri ale bat, xerratan moztua

 

Errezeta:

  1. Barazkiak prestatzeko erabiltzen dugun kazola zabal bat hartu, 3 koilarakada oliba olio isuri eta su eztian jarriko dugu. Tipulina, porruaren zuria eta azenarioa erantsi eta 5 minutuan edukiko dugu guztia, su eztiaren beroan nahasirik, kolorea hartzen utzi gabe. Gatz pikor batzuk eman eta gero, tomate saltsa eta piperrautsa erantsiko ditugu.
  2. Dilistak sartuko ditugu orduan. Su horretan edukiko dugu guztia beste 2 minutuan eta ur hotzez estaliko dugu guztia, bi hatzeko neurria gainetik. Gatz pixka bat berriro eman eta su eztian utziko dugu egosten guztia 50 minutuan.
  3. Epe hori igaroxe dugularik, baratxuri-olio errea prestatuko dugu. Horretarako, padera bat su biziaren gainean jarri eta erabili gabe gelditu zaigun olioa (2 koilarakada) isuriko dugu hartan. Olioa oso bero dagoela sumatu orduko botako ditugu baratxuri-xerrak. Berehala gorrituko zaizkigu eta, erretzen utzi aurretik, dilisten gainean “su gainean egongo dira oraindik dilistak“ irauliko dugu baratxuri-olioa.
  4. Egosten utziko dugu guztia minutu batzuetan. Xamur eta gatzez ongi daudela frogatu eta sutatik aterako ditugu dilistak. Jateko moduan egongo dira orduan.

Kasu!

Urdakia erantsi nahi izanez gero, beste eltze batean jarriko ditugu txorizo hezea, odolkiak, txerri saiheskiak edo geure gustuko beste txerrikiren bat eta, puskak egin eta gero, dilistei erantsiko dizkiegu sutatik atera baino 5 minutu lehenago.

 Dilista egosiak
gogokoa

Hegaluzea (edo hegalaburra) tipulatan

Tamaina hartzea da kontua, ez lehorregi eta ez gordinegi. Ozpinarekin ere arretaz ibili behar da. Baina hemen esandakoak bete eta egin beharreko guztiak behar bezala asmatzen badituzu, etxaferoak botako dituzte zure inguruan, hain baita gustagarria hegaluzea (eta hegalaburra) atontzeko era hau. Guri bedere asko eta asko atsegin zaigu, hori bai, ez da egunero jatekoa, tarteka eta noizean behin.

 

Osagaiak:

  • 4 hegaluze (edo hegalabur) solomo lodi, hezur eta azalik gabe, 220 g bakoitzak
  • Ximiko bat irin
  • 6 tipula, zerrenda mehetan moztuak
  • 4 baratxuri ale
  • Oliba olioa
  • Xorta bat ardo zuri edo sagar-ozpin
  • Gatza

Errezeta:

  1. Kazola batean oliba olioa isuri, tipulak gaineratu, gatza eman eta su eztian edukiko dugu guztia, 45 bat minutuan, barazkia gorritu eta xamur geratu arte.
  2. Irinetan arinki igurtziko ditugu hegaluze puskak, soberakina erretiratuz.
  3. Sutan jarriko dugu ondoren padera bat, xorta bat oliorekin. Hegaluze puskak ipini eta, erretzen utzi gabe, pare bat minutuan (lodieraren arabera) utziko ditugu txigortzen.
  4. Xukadera batez irauliko ditugu aldiro-aldiro, azal gorri kurruxkariaren barruan haragi gorrixka bezain mamitsua gorde dadin. Ez dakigula arraina lehortu.
  5. Atera eta paper-orri baten gainean xukatuko dugu.
  6. Arraina tipula saltsa beroa dagoen kazolan egokitu eta, xorta bat ardo zuri edo ozpin erantsi ondoren, su eztian edukiko dugu une batzuetan berotzen.
  7. Pausatzen utzi eta mahaira.
Hegaluzea (edo hegalaburra) tipulatan

HEGALUZE ZATIAK Javier Lastras cc-by

Kasu!

Ohartuko zinen ardo zuria edo ozpina jarri dizkizugula aukeran. Hori zeure arabera dago: ozpin zale horietakoa bazara, ahantzi ardo kontuak eta isuri ozpin bikain xorrotada bat.

Hegaluzea (edo hegalaburra) tipulatan
gogokoa

Antxoa irin-arrautzeztatuak (errebozatuak)

Antxoa era honetan egiteak lan apur bat emango dizu, banaka maneiatu behar baitira aleak, baina ez zara batere damutuko: ezagutzen dugun era onentakoa da hau, baldin eta ez bazaio arrautzari gehiegi frijitzen uzten, hori eginez gero, arrautzaren xigorrak irabaziko dio antxoaren zaporeari, eta ez da komeni halakorik.

Osagaiak:

  • 40 antxoa, ahalik eta handienak (kg bat inguru)
  • Oliba olioa
  • Irina eta arrautza joa, gaia irin-arrautzeztatzeko
  • Gatza

Errezeta:

  1. Ondo garbitu, baina ahal dela bi xerrak bereizi gabe. Buru-hezurra kendu eta gatza emango diegu ondoren. Arrain-saltzaileak berak garbi ditzake antxoak, baina nekez utziko dizkizu liburu moduan irekita.
  2. Irin-arrautzatan pasa eta olio ugaritan frijituko ditugu antxoak, su ertainean, irin-arrautza erre ez dadin.
  3. Frijitu eta xukatu ondoren zerbitzatuko ditugu antxoak, tomate edo uraza eta tipulin entsalada batekin.
Antxoa irin-arrautzeztatuak (errebozatuak)

Antxoak. Mikel Agirregabiria cc

Kasu!

Inork ez dizu esango, baina mayonesa apur batekin bikainak dira. Binaka ere jar ditzakezu, hau da, bi antxoa parez-pare irin-arraurtzeztatu eta bakarra balira bezala frijitu. Eta gauzak gehiago nahasteko gogoz bazara, jarri potoko piper gorri zati txiki bat bi antxoen artean lehenbizi eta gero irin-arrautzeztatu eta frijitu. Edo soberan duzun piper berde frijitu baten zatia. Ikusiko duzu nolako pagotxa.

Akaso!

Postre gisa ‘Filipinos’ Argiñano eta Berasategiren eskutik…

Antxoa irin-arrautzeztatuak (errebozatuak)
gogokoa

Hegaluzea (edo hegalaburra) tomatetan

Hegaluzea (edo hegalaburra) tomatetan – 

Uda betea denean izaten da gurean tunidoen kanpaina. Itsas-herrietan haren usaina sumatuko duzu eguzki-egunetan: erreta edo marmitakoan jarrita, ia beti. Baina ugariak dira hegaluzea (eta hegalaburra) prantatzeko erak. Esan dezagun, hala ere, tomatetan jarrita eskeintzeko modu hau dela, seguru asko, etxeetan gehien erabiltzen denetakoa. Hori bai, tomate saltsa gozoa egiten ibili gabe, potoko tomate frijitua erabilita gehienetan. Ez dira berdinak, badakigu hegalaburrak gantz eta kolore gehiago duela hegaluzeak baino, hala ere guk ez ditugu bereiziko hegaluzea eta hegalaburra, bonitoa eta atuna, alegia.

Osagaiak:

  • 4 hegaluze solomo lodi, hezur eta azalik gabe, 220 g bakoitzak
  • 4 baratxuri ale
  • Tipulin bat, pikatua
  • 6 tomate umo, pikatuak
  • 8 koilarakada oliba olio
  • Ximiko bat irin
  • Xorta bat ardo zuri

 

Hegaluzea (edo hegalaburra) tomatetan

HEGALUZEA TOMATETAN (PIPERREKIN). Javier Lastras cc-by

Errezeta:

  1. Tomate saltsa egiteko: kazola batean 5 koilarakada olio isuri, tipulina gaineratu, gatza eman eta sutan edukiko dugu guztia, barazkia xamur geratu arte. Tomatea eta ardoa erantsi eta su eztian gozatuko ditugu kazolako gaiak, zaporea ongi mamitu arte. Ordu erdi baten buruan iragoko dugu saltsa puregailutik (ez irabiagailurik erabili, kolore gorria galdu egingo baita bestela).
  2. Gainerako olioa eta baratxuriak, erditik moztuak, jarriko ditugu padera batean. Gorritu orduko aterako ditugu baratxuriak. Hegaluze puskak ipiniko ditugu ondoren, irinetan arinki pasa eta gero.
  3. Binaka egingo ditugu, pare bat minutuan: txigortuta geratuko dira kanpotik eta mamitsu barrutik. Erretilu batera aterako ditugu, olioa isur dezaten.
  4. Tomate saltsan sartuko ditugu ondoren solomoak: su eztian edukiko ditugu gutxienez 5 minutuan, kazolari eragin eta eragin. Sutatik atera eta epeltzen utziko dugu kazola. Epe baten ondoren, berriro edukiko dugu kazolan su ezti-eztian, beste 5 bat minutuan. Sutatik atera eta zerbitzatu.

Kasu!

Tomate gozo bat egiteko proposatu dizugun ortodoxiak nekea ematen badizu, erosi tomate saltsa on-on bat dendan eta harekin maneiatu arraina, alfer horrek! Bestalde, Javier Lastras lagunaren argazkian, pikillo piperrak gehituta ageri da hegaluzea, hori ere duzu aukeran.

Akaso!

Hegaluzea (edo hegalaburra) tomatetan
gogokoa