Dilista egosiak

61%

Denbora

1 ordu

Gustuko duzu?

Dilista edo lenteja/lentillea dugu lekale erabilienetakoa gurean. Merkea da, osasunarentzat bikaina eta jateko erraza. Prestaerak ere ez du zailtasunik baina, kasu, urik gabe geratu, erre eta eltzearen hondoan itsasten badira dilistak, alferrik ibilko zara Arantzazuko edo Unbeko amabirjinari errezatzen: horrek ez dauka bueltarik. Onena guztia komunetik behera bota eta berriro hastea duzu. Horregatik, bi errezeta emango dizugu gauza berdintsua egiteko, lehenengo sinple eta arruntena eta, ondoren, sofistikatuago bat. Biak ala biak primerakoak.

Dilista egosiak

DILISTAK Jaime cc-by

Dilista egosi errazak

Osagaiak:

  • Dilistak 600 gr.
  • Tipula edo porru bat osorik
  • Azenario bat edo bi osorik
  • Olibaolio txorrotada bat olio
  • Ura
  • Gatza

 

Errezeta:

  1. Lapiko espres batean jarriko ditugu dilistak eta gainerako osagai guzti-guztiak. (Guri txikiak, pardina motakoak gustatzen zaizkigu, ez baita beratzen ibili behar eta fin-finak ateratzen dira, gainera.)
  2. Dilistak halako bi ur jarri. Lapikoa itxi eta presioa hartzen duenetik, hogeiren bat minutu utzi egiten, eta denbora hori iragandakoan utzi bertan presioa joan arte. (Pazientziarik ez baduzu, jarri ur hotzaren txorrotean).
  3. Dilistak dastatu eta puntuan dauden erabaki. Gerta daiteke ur gehiegi ukaitea, kendu. Gerta daiteke egin gabe egotea, eman irakinaldi bat. dastatu eta erabaki gatz-puntu ona duten.

Kasu!

Izenburu zatarra jarri diogula eta, baliteke mezprezuz begiratzea prestaketa honi. Ez zaitez tronpa: plater bikaina da, zinez.

Dilista egosiak

DILISTAK Javier Leiva

Dilista egosi mokofinak

Osagaiak:

  • 5 koilarakada handi oliba olio birjina estra
  • Tipulin bat, pikatua
  • Porru baten zuria, pikatua
  • Azenario bat, pikatua
  • 2 koilarakada tomate saltsa
  • Ximiko bat piperrauts gozo
  • 600 g dilista
  • Ura
  • Gatza
  • Baratxuri ale bat, xerratan moztua

 

Errezeta:

  1. Barazkiak prestatzeko erabiltzen dugun kazola zabal bat hartu, 3 koilarakada oliba olio isuri eta su eztian jarriko dugu. Tipulina, porruaren zuria eta azenarioa erantsi eta 5 minutuan edukiko dugu guztia, su eztiaren beroan nahasirik, kolorea hartzen utzi gabe. Gatz pikor batzuk eman eta gero, tomate saltsa eta piperrautsa erantsiko ditugu.
  2. Dilistak sartuko ditugu orduan. Su horretan edukiko dugu guztia beste 2 minutuan eta ur hotzez estaliko dugu guztia, bi hatzeko neurria gainetik. Gatz pixka bat berriro eman eta su eztian utziko dugu egosten guztia 50 minutuan.
  3. Epe hori igaroxe dugularik, baratxuri-olio errea prestatuko dugu. Horretarako, padera bat su biziaren gainean jarri eta erabili gabe gelditu zaigun olioa (2 koilarakada) isuriko dugu hartan. Olioa oso bero dagoela sumatu orduko botako ditugu baratxuri-xerrak. Berehala gorrituko zaizkigu eta, erretzen utzi aurretik, dilisten gainean “su gainean egongo dira oraindik dilistak“ irauliko dugu baratxuri-olioa.
  4. Egosten utziko dugu guztia minutu batzuetan. Xamur eta gatzez ongi daudela frogatu eta sutatik aterako ditugu dilistak. Jateko moduan egongo dira orduan.

Kasu!

Urdakia erantsi nahi izanez gero, beste eltze batean jarriko ditugu txorizo hezea, odolkiak, txerri saiheskiak edo geure gustuko beste txerrikiren bat eta, puskak egin eta gero, dilistei erantsiko dizkiegu sutatik atera baino 5 minutu lehenago.

 Dilista egosiak
gogokoa

Elkarbanatu & Inprimatu

60.714285714286 0 100 28

Iruzkinik ez

    Bidali iruzkin bat