Blog Artxiboa

Erraza

Hegaluzea plantxan baratxuri eta olioarekin

Hegaluzea plantxan baratxuri eta olioarekin – 

Osagaiak

  • 4 hegaluze solomo, hezur eta azalik gabe, 220 g bakoitzak
  • 6 koilarakada oliba olio
  • 4 baratxuri xister, zerrendatan moztuak
  • 3 koilarakada sagardo-ozpin
  • Perrexil txikitua
  • Gatza

Hegaluzea plantxan baratxuri ta olioarekin

Errezeta

  1. Gatza bi aldeetatik eman eta padera batean jarriko ditugu hegaluze solomoak su bizian, oliba olio pixar batekin. 4 bat minutuan edukiko ditugu su bizi horretan. Erretiratu egingo ditugu, lehor ez daitezen.
  2. Padera garbitu, olioa isuri eta hartan gorrituko ditugu baratxuri xerrak.
  3. Sagardo-ozpina isuriko dugu ondoren, erne zipriztinekin!, eta segundo batzuetan irakitan eduki ondoren gaineratuko dugu perrexil xehatua.
  4. Baratxuri-olioa gainean garaztatu eta mahairako prest edukiko ditugu hegaluze solomoak.

Akaso!

Hegaluze edo atun osoa nola ebaki 90 segundutan…

Hegaluzea plantxan baratxuri eta olioarekin
gogokoa

Pasta barazkiekin

Pasta barazkiekin – 

Osagaiak

  • Tipulin bat, txiki-txiki egina
  • Piper berde bat, txiki-txiki egina
  • Piper gorri bat, txiki-txiki egina
  • Porru bat, txiki-txiki egina
  • Lekak, zerrenda laburretan moztuak eta hariak kenduta. Eskutada bat
  • Dozena bat orburu bihotz, garbiak, lau puskatan moztuak.
  • 6 baratxuri ale, zerrendatan
  • 6 koilarakada oliba olio
  • Perrexil xehatua
  • 600 g pasta, egosi berria, nahi dena (saltsa daramaten plater mota honetarako espagetiak edo tagliatelleak dira egokiak)

Pasta barazkiekin

Errezeta

  1. Pasta barazkiekinZartagin batean 3 koilarakada olio jarri eta orburu bihotzak sartu, gatz pixka batekin, pixkana-pixkana salteatu daitezen. Gorritu daitezela gutxika-gutxika, orburuak xamurtuz joateko. Gutxienez 15 minutu beharko dira, su motelean.
  2. Orburuak atera, zartaginean beste 2 koilarakada olio gehiago jarri eta lekak gehitu. 10 minutuan salteatuko ditugu su ez oso bizian, gatz pixar batekin. Berde-berde gelditu daitezela. Orburuekin batera aterako ditugu.
  3. Orduan gainerako olioa gehitu, baita tipulina, baratxuriak, piperrak eta porrua ere, gatz pixka batekin. Salteatu daitezela su bizi samarrean, gorritu daitezela, baina bigundu gabe. Hobe gogorxko egotea. Horretarako hobea da, beraz, txiki-txiki eginda egotea dena eta di-da batean salteatzea.
  4. Orduan gorderik ditugun barazkiak gehitu, orburuak eta lekak, eta gatz pixar bat eman.
  5. Bukatzeko, pasta egosi berria eta xukatua gehituko dugu. Pasta salteatu eta ongi nahas dadila gainerakoarekin. Par-par bota perrexila gainetik eta zerbitzatu.

Akaso!

Pasta 4 eratan azkar egiteko…

 Gennaro Contaldo-ren Vegetable & Pancetta Penne RZ…

Pasta barazkiekin
gogokoa

Arroza entsaladan

Arroza entsaladan – 

Osagaiak

  • Arroz zuria, kilo erdia
  • 2 baratxuri ale, osorik
  • Oliba olio birjina, 3 koilarakada
  • 2 litro ur
  • 3 tomate, ongi helduak
  • Piper berde bat, txikitua
  • Tipulin bat, txikitua
  • Gatza

Arroza entsaladan

Errezeta

  1. Kazola zabal batean, olioa jarriko dugu, baratxuri aleekin, baina hauek osorik eta zuritu gabe. Su motelean berotu dadila eta baratxuriak gorritzen hasten direla ikusten dugunean, orduan arroza gehitu eta nahasi pixka batean. Gatza eman eta ur beroa isuri kazolara (nahi izanez gero, salda kontzentratuaren plantilla bat ere jar genezake).
  2. Irakiten utzi, ez indarrez, arroza egosia dagoela ikusi arte, hau da, 15 bat minutuz. Ura kendu eta hozten utzi. Denbora sobera pasatu baldin badu arrozak egosten, hauxe dugu konponbide erraz bat: laster xukatu eta ur hotzetik pasarazi, egostea eteteko.
  3. Tomateei azala kendu eta dado txikitan moztuko ditugu. Piper berdea eta tipulina gehitu gero. Behar duen gatza eman eta oliba olio birjina isuri, oparo, zorrotada eder bat. Arroza gehitu eta ongi nahasi. Beharrezkoa balitz, pixka bat gazitu berriz.

Kasu!

Arrozarekin egindako honelako entsalada bati osagaiak aldatzen ahal dizkiogu, gure gustuen edo haurren gustuen arabera. Urdaiazpiko egosia dadotan, kontserbako arto ale egosiak, egositako saltxitxa zerrak, maionesa pixka bat, oliba txikituak, kaparrak, arrautza egosi txikitua, ozpin pixka bat.

Akaso!

Karlos Argiñanoren arroz entsalada kakahuete eta indioilarrarekin RZ azkarra:

Arroza entsaladan
gogokoa

Almandrongilak edo albondigak tomate saltsan

Almandrongilak edo albondigak tomate saltsan –

Osagaiak

  • Behi-haragi xehatua, 750 g (txahala edo txerria ere izan liteke, edo biak nahasian)
  • Baratxuri eta perrexil xehatua, pixka bat
  • Ogi arraspatua, 2 koilarakada
  • Zorroko tipula zopa, zorro erdia
  • 2 baso ur
  • Baso bete tomate saltsa
  • 3 patata
  • Gatza

Almandrongilak edo albondigak tomate saltsanErrezeta

  1. Haragi pikatuari baratxuria, perrexila eta ogi arraspatua eman, baita gatza ere, eta behar den bezala oratu. Bolak egin, irinaz baliatuz, golfeko piloten tamainakoak.
  2. Oliotan frijituko ditugu, juxtu-juxtu axaletik egin daitezen. Frijitu eta gero, kazola batean uzten joango gara.
  3. Albondigak frijitu ditugun zartagin berean, olio gehiegi gelditu bada, pixka bat kendu, gelditzen den olioak doi-doi estal dezala zartaginaren hondoa, eta olio horretan tipula zoparen hautsak frijituko ditugu, su motelean.
  4. Txigortu baino lehenago, ura eta tomate saltsa gehitu eta egos dadila 5 minutuz. Gatza eman, beharrezkoa bada. Saltsa albondigak dauden kazolara isuri eta beste 15 minutuz eduki sutan, erabat egiteko. (Ikusten badugu lehor gelditzen direla albondigak ur gehixeago bota).
  5. Patata dado batzuk frijitu eta zerbitzatu baino lehen albondigetara bildu.

Kasu!

Albondigak egiteko nahasturari, egostean goxoago gera daitezen, esnetan blaitu eta gero pixka bat xukatutako ogi mamia eransteko aukera dugu, edo, agian hobe, txerri hanka egosi batzuk, hezurgabetuak eta txiki-txiki eginak. Haragi gordinarekin nahasi eta prozesua berdin egin. Olioari tipula xehatu bat ere gehitu diezaiokegu, su eztian frijitu eta bertara zorroko zopa hautsak bota. Emaitza honela ere on-ona izango da, baina neketsuagoa da lana.

Almandrongilak edo albondigak tomate saltsan

Akaso!

Uxue, Garazi, Maddi eta Natalek egindako albondigak aurkitu ditugu sarean GAZI GOZO

Erotu egin gara eta pastaz betetako albondigatzarraren RZ akaso!!!

Almandrongilak edo albondigak tomate saltsan
gogokoa

Oilaskoa saltsan patatekin

Oilaskoa saltsan patatekin – 

Osagaiak

  • 1 kg oilasko behintzat, erdi tamainako pusketan zatitua
  • 2 piper txorizero (aurrez ur epeletan beratuak, ordu pare batean?)
  • 3 baratxuri ale, pikatuak
  • 2 tipulin handi, pikatuak
  • 10 koilarakada tomate saltsa
  • 5 patata eder, pobreen moduan puskatuak
  • Oliba olio pixar bat
  • Gatza

Oilaskoa saltsan patatekin

Errezeta

  1. Oliba olio pixar bat kazola zabal batean isuri, eta gorritzen ipiniko ditugu oilasko puskak, gatza eman ondoan. Utzi egingo diegu alde guztietatik gorri daitezen arte. Horren ostean, gorde egingo ditugu plater batean.
  2. Kazola berean, koipe gehiegi bildu bada pixar bat kendu ondoren, erantsiko ditugu tipulina eta baratxuriak. Gatz pittin bat eman eta buelta batzuk emango dizkiogu, 15 bat minutuan, su eztian.
  3. Orduan erantsiko dugu oilaskoa, aurrez gorritua, atera duen zukuarekin. Berriro ere buelta batzuk eman eta erantsi egingo ditugu tomate saltsa, piper txorizeroen mamia eta piperrak beratzen edukitako salda.
  4. Horren ostean, kazola estali eta egiten utziko dugu guztia oso su eztian, 45 minutuan gutxienez. Lehortzen ari dela ikusten badugu, erantsiko dugu piper txorizeroak beratzen edukitako salda gehiago, gisatua xamur geratu dela ikusi arte. Gisatua erabat egin baino 20 minutu lehenago erantsiko ditugu patata zatituak eta gatz apur bat.

Kasu!

Azken minutuak oso su eztian egiten utziko dugu guztia, patatak osorik gera daitezen, lehertu gabe. Patata puskaren bat desegin egingo da ezinbestean, eta orduan are lodiago geratuko da saltsa, halaxe behar baitu. Oilaskoak heze gelditu behar du eta saltsak busti egin behar ditu puskak. Azkenean gatz pixka bat hautseztatuko dugu gainetik, gutxi duela ikusten badugu.

Akaso!

7 oilasko RZ erraz azkar…

Oilaskoa saltsan patatekin
gogokoa

Txokolate gailetak

Txokolate gailetakTxokolate gailetak – 

Osagaiak

  • 400 g irin
  • Gatza, ximiko bat
  • Bikarbonatoa, ximiko bat
  • 200 g gurin, biguna
  • 150 g azukre
  • 200 g azukre beltz
  • 2 arrautza
  • 250 g txokolatezko pipitak

Txokolate gailetak

Errezeta:

  1. Ontzi batean ipiniko dugu irina, gatza eta bikarbonatoa eman ondoan. Espatula batez ongi nahasi, eta erantsiko dugu gurin biguna. Oso garrantzitsua da gurina ez hotz, ez gogor, ez likido egotea. Erantsi egingo ditugu halaber azukreak, eta ongi nahasiko dugu guztia.
  2. Ore lodi bat aterako zaigu. Arrautza joak, banan-banan, erantsi, eta ongi landuko dugu ondoren orea. Azkenik, erantsiko ditugu txokolatezko pipitak eta ongi nahasiko dugu berriro guztia.
  3. Orea ongi estali, eta pausatzen utziko dugu hozkailuan, 4 bat ordutan.
  4. Horren ostean, intxaur baten neurriko ore zatiak egin, eta labeko erretilu batean gainean ipiniko ditugu, erretiluan gurina ongi igurtzi ondoan. Erretzen utziko ditugu labean 180º-ko tenperaturan, 8/10 minutuan, kurruskari gelditu arte.
  5. Hozten utzi eta gozatu

Kasu!

Pote batean gordeko ditugu gailetak bigundu ez daitezen, badira airea kentzen zaien poteak, primerakoak dira hauek. Hala ere, ez larritu, normalean ez dute pote barruan gehiegi irauten…

Akaso!

Aiora @Probatxoa bere youtubeko kanalean Txokolatezko gailetak RZren bideoa:

Txokolate gailetak
gogokoa

Tomate, mozzarella, barrengorri eta urdaiazpiko pizza

Tomate, mozzarella, barrengorri eta urdaiazpiko pizza – 

RZ honek duen gakoa, orea edo masa bera egitean datza. Orea fina lortu ezkero, gainean ia edozer gauza gehitzeak balio du eta.

 

Osagaiak

  • 500 gr irin
  • 250 gr ur
  • 12,5 gr legami
  • 12,5 gr gatz
  • 50 gr oliba olio
  • 2 tomate pote
  • 4 mozarela bola bat
  • 8 barrengorri edo txanpinoi haundi
  • 160 gr urdaiazpiko fresko
  • albahaka hostoak

 

Tomate, mozzarella, barrengorri eta urdaiazpiko pizza

PIZZA Wojtek Szkutnik

Errezeta

  1. Gopor edo bol batean irina, ura, olioa, legamia eta gatza nahastu eskuen laguntzaz eta orea osatu. Hori eginda, 5 minutuz egoten utzi.
  2. Mahaian irin apur bat zabaldu eta orea bertara igaro. Kontu haundiz, eragiten hasi. Luzatu eta erdira doblatuz. Honelako 8-10 mugimendu eginda 2 minutuz lasaitzen utzi eta berriz ere eragin. Honela, 5-6 aldiz.
  3. Masa lau eta malgua lortutakoan, tapatu eta ordu betez toki epelen batean irakiten (fermentatzen) utzi. Bere tamaina bikoiztu behar du.
  4. Tamaina bikoiztutakoan, bola txikiagoak egin eta hauei pizzaren oinarri itxura eman (labe paperaren gainean). Labea, aurretik 250º tan berotu. Bero dagoela, masa 2-3 minutuz labetu gogortu dadin.
  5. Oinarria hozten utzi (izoztu beste aldi baterako bada).
  6. Tomatea zartagi batean, su ertainean, erdira egin arte egosi. Erdira egin denean, kontu haundiz, oinarriaren gainean zabaldu. Honen gainean, eskuz hautsitako mozzarela bola bat, urdai azpiko 40 gr inguru eta txanpinoi xerratu pare bat. 180ºtan laberatu 8-10 minutuz.
  7. Labetik ateratakoan albaka hosto eskukada eta oliba olio txorrotatxo batekin amaitu.

….

Kasu!

Orea egunean bertan erabili nahi ez bada, edo soberakoa ez botatzearren, izozkailuan gorde daiteke eta hurrengo batean zuzenean izoztua dagoela “montatu” eta laberatu!

Akaso!
Pizza, tomate, mozzarela, albaka eta antxoilekin…

Tomate, mozzarella, barrengorri eta urdaiazpiko pizza
gogokoa

Bakailao eta piper erre entsalada

Bakailao eta piper erre entsalada – 

Bakailaoari gustua hartuta gaude aspalditik gure herrian, eta gaurkoan Bakailao eta piper erre entsalada RZ dakarkizugu omenaldi gisan. Denak txundituta uzteko primerako errezeta, ama eta izebari bereziki gustatuko zaie bisitan datozenerakoligatzeko ere bai agian… Segi gozo, segi fin eta on egin! 🙂

 …

Osagaiak:

  • 2 bakailao solomo
  • piper erre pote bat
  • letxuga berde eta more bana
  • tipulina
  • 3 baratxuri atal
  • laranja bat
  • oliba olioa
  • ozpina
  • gatza

 

Errezeta:

  1. Zartagi batean oliba olio koilarakada baten laguntzaz, baratxuri atalak gorritu.
  2. Zartagira, piper erre potea (bere ur eta guzti) gehitu eta su ertainean egosi.
  3. Bitartean, eltze txiki batean bakailaoa oliotan hondoratu eta su bizitan jarri.
  4. Bakailaoa irakiten hasten denean sutatik atera eta hozten utzi.
  5. Hozterakoan, eskuekin solomoak kontuz hautsi lauzak edo  zati zapalak lortuz.
  6. Laranja zuritu eta atal garbiak atera.
  7. Tipulina juliana finean moztu.
  8. Gopor edo ontzi borobil batean letxuga hostoak eskuekin zatitu, hauei tipulina gehitu eta gatza, oliba-olio eta ozpin puntuan jarri. (Hitzen bat ez baduzu ulertzen, gopor edo juliana, esate baterako, hiztegitxo bat ere badaukazu PAGOTXAren gainekaldean)
  9. Platera egiteko, oinarrian piper erre bero koilarakada bat ipini. Gainean, letxuga eta tipulina eskukada bat. Eta amaitzeko, bakailao lauza eta laranja atalak platerari itxura polita emanez.

 

Kasu!

Bakailaoarekin beti ibili behar da adi gatz puntuarekin. Egiaztatu egin beharko duzu gatz puntu egokian dela.

Bakailao eta piper erre entsalada

BAKAILAO ENTSALADA Joselu Blanco

Lagungarri moduan, gopor batean, bakailao azalak eta gustuko maionesa irabiagailu baten laguntzaz eragin eta nahasketa honi oliba olio eta limoi azal birrindua gehitu.

Bakailaoa ondo gezatu behar da, gezatu gabea erosi ezkero, uretan ipini eta 8 orduro ura aldatu bakailaoak nahi den gatz puntua eduki arte. 24 lordu beharko dituzu gutxienez eta hobe duzu hozkailuaren barnean, azalez gora egitea.

Piper erreei mikatz puntua kentzeko, azukrea gehitu dakioke, baina aukeran, denbora apur bat gehiago sukaldatzearekin nahiko izan beharko luke.

Bakailao eta piper erre entsalada
gogokoa

Antxoa frijituak

Antxoa frijituak – 

Antxoa garaia denean,  gutxi izaten dira halako gutiziak baldin eta bi gauza hartzen badira kontutan: arraina fresko-freskoa izatea eta ez gehiegi egitea. Tamainan behar du guztiak. Gurean martxo aldera hasten da kanpaina eta hegaluzearenarekin batera, garrantzizkoena da gure arrantzaleentzat. Hori bai, oso maiz, antxoatara irten arren, sardina edo txitxarroarekin bueltatu beharra izaten da.

Osagaiak:

  • 28 antxoa, bururik eta triparik gabe
  • Oliba olioa, 0,4º
  • 6 baratxuri ale
  • Gatza eta Kaienako pipermin bat
  • Perrexil xehatua (nahi izatera)

 

Errezeta:

  1. Baratxuri aleak zuritu eta zati txikietan moztu. Zati hauek, katilu batean oliba oliotan gorde.
  2. Antxoa garbitu, buru eta triparik gabe utzita baina xerrak bizkarrezurretik banatu gabe. Ur txorrotada fin batez lagundu.
  3. Hiru hatzeko sakonerako olioa jarri berotzen zartagin batean.
  4. Antxoei gatza egin.
  5. Olio-baratxuri goilarakada haundi bat gehitu berotzen ari den olioari eta baratxuria olio gainera igotzen denean( edo gainean bir-birrean geratzen bada) antxoak gehitu. Hauek bitsadera baten laguntzaz oliotan mugitu 10-15 segunduz eta oliotik atera plater gainera.
  6. Platerean, erretako baratxuriez gaineztatu eta, nahi izatera, eta perrexila hautseztatuko dugu ondoren haien gainean.
ANTXOA FRIJITUAK javier Lastras cc

ANTXOA FRIJITUAK Javier Lastras cc

Dastatzeko gomendioak:

  • Gustuko den ogi zati baten gainean antxoak ipini, beren olioaz ogia busti dadin.
  • Banaka banaka isatsetik buru aldera tira eginez xerratu eta dastatu
  • Amaierarako, ogiak antxoen berezko olio guztiaren zaporea hartuko du. Hau da mokadurik onena.

Kasu!

Olioa ongi berotzea eta baratxuriak gero eranstea, horra berealdiko garrantzia duen zerbait. Antxoak batera eta denbora-tarte txikian frijituko dira horrela egiten badugu. Oker jokatuko genuke olioa baratxuri xerrekin batean berotu nahi izan bagenu: baratxuriak gorrituko lirateke eta olioak ez luke antxoak frijitzeko adina tenperatura izango. Gaizki frijiturik eta bera-bera geratuko litzaizkiguke seguruenik antxoak.

Antxoa garaian, bertako antxoak zapore eta testura hobea du kanpokoak baino. Urtearen araberakoa da garaia, baina normalki, apirilaren erdialdera hasi eta ekainean amaitzen da.

Antxoak omega 3 eta 6 gantza du. Osasunerako aberasgarria dena.

Antxoa frijituak
gogokoa

Pasta tomate eta txorizoarekin

Pasta tomate eta txorizoarekin – 

Osagaiak

  • 700 g pasta, egosi berria, nahi dena (saltsa daramaten plater mota honetarako espagetiak edo tagliatelleak dira egokiak)
  • 4 tomate handi, helduak, zurituak eta dadotan moztuak
  • Tipulin handi bat
  • 2 baratxuri ale, txiki-txiki eginak
  • Oliba olioa, 2 koilarakada handi
  • Txorizo fresko bat, dado txikitan moztua
  • Perrexil xehatua
  • Gatza eta azukre pixka bat

Pasta tomate eta txorizoarekin

Errezeta

  1. Kazola batean olioa jarri eta su motelean tipulina eta baratxuriak frijituko ditugu, gatz pixka batekin. Ez ahaztu txorizo dadoak ere batera frijitzea. Ikusten badugu txorizoak koipe gehiegi askatzen duela, kendu egingo dugu tomatea gehitu baino lehenago.
  2. Orduan, 20ren bat minutu iraganik, tomatea gehituko dugu, gatz eta azukre pixka batekin, eta egin dadila dena su motelean tomateak bere zuku guztia atera arte, zaporea hartu arte. Horretarako, lurrundu egin beharko da askatzen duen ura. Gutxi gorabehera ordubete beharko dugu, su oso motelean betiere.
  3. Orduan pasta egosi berria eta xukatua gehituko dugu, eta tomatearekin eta txorizoarekin salteatu dadila.
  4. Perrexila par-par bota gainetik eta zerbitzatu.

Kasu!

Tomate saltsari, egiten ari denean, ezkai, oregano edo erromero adaxka bat botatzen ahal diogu, tonu misteriotsu eta kartsua iritsi dezan. Pasta gehitu baino lehentxeago, kendu egingo dugu adaxka hori, zaporea nahi baitugu, ez adaxka jan.

Akaso!

Pasta 4 eratan azkar egiteko…

Pasta tomate eta txorizoarekin
gogokoa

Pasta onddoekin

Pasta onddoekin – 

Osagaiak

  • Onddoak
  • Esnegain likidoa, litro laurden bat
  • Pasta 800 g
  • Perrexil xehatua
  • Ur eta gatza

Pasta onddokin

pasta onddoekinErrezeta

  1. Esnegaina irakiten jarri eta borborka hasten den momentuan onddo salteatuak gehituko ditugu. Koilara batekin nahasi eta irakiten utzi, 4 minutuz, su motelean.
  2. Pasta ur gazi-gazian egosi, oliba olio pixka batekin. Fabrikatzaileak ontzian jarritako jarraibideei segituko diegu, eta pasta behar den bezala dagoela ikusten dugunean, egosia baina tente, ez bigunegi, orduan ura kenduko diogu.
  3. Berehalaxe esnegain krematsua eta onddoak ditugun kazolara gehitu eta ongi-ongi nahasi.
  4. Gero perrexil xehatua gehituko dugu. Zerbitzatu eta on egin!

Kasu!

On egiten dio oliba olio birjinak plater honi, zorrotada eder bat erantsiko dugu, betiere jan behar dutenen gustuari kasu eginez.

Akaso!

Pasta poto RZ azkarra onddo eta oilaskoarekin …

Pasta onddoekin
gogokoa

Patata tortilla

Patata tortilla – 

Gaurkoan sukaldearen funtsa litzatekeena dakarkizugu, RZ primarioa edo lehen RZ! Sukaldean eta geure bizitzetan oinarrizko den patata tortilla RZ, ondo egina eta sukaldeko teknikak ikasteko egiten ari garen bidean geldialdi gurtu bat eginaz. Noiznahi jateko moduko RZ, parranda osterako primerakoa betidanik geuretzat behintzat, prestatzeko azkar eta benetan erraza. Gozatu eta on egin!  🙂

Osagaiak

  • 2 dl oliba olio
  • 200 g tipulin, pikatua
  • 100 g piper berde, pikatua
  • baratxuri ale bat, pikatua
  • 800 g patata, zurituak eta dadotan moztuak
  • 8/9 arrautza fresko
  • Gatza

Patata tortilla

Patata tortillaErrezeta

  1. Padera zabal batean olioa isuri eta gero, bizi-bizi piztuko dugu sua. Olioa ongi berotu dela sumatu orduko, tipulin pikatua, piperra, baratxuria eta patata irauliko ditugu, eta bizkor irauliko dugu guztia bitsadera batez, gaiak egokiro nahas daitezen. Garrantzitsua da patatei sutara baino lehen gatzik ez ematea. Horrela lortuko dugu pure ez bihurtzea. Hobe dugu arrautza joa gerokoan gazitzen badugu, askoz hobeago aterako zaigu tortilla horrela jokatuta. Su ertainean jarriko dugu ondoren padera eta 30 minutuan edukiko dugu dena berotzen, barazkiei eraginez egiten ari direla sumatu orduko.
  2. Tarte horren ondoan xukatuko dugu olioa, padera iragazki baterantz makurturik edo, bitsadera batez, barazkiak paderatik atereaz. Erreserban utziko dugu tortilla mamitzeko erabiliko dugun olio partea eta paper xurgatzaile batez garbituko dugu padera, geroago erabiltzeko.
  3. Ontzi batean hautsi eta joko ditugu arrautzak, gatza oparo emanez. Barazki xukatuak erantsiko dizkiegu arrautzei. Su bizian jarriko dugu berriro padera eta olio tanta batzuk isuriko ditugu hartan, erreserban utzitakotik hartuta. Arrautza-salda isuriko dugu ondoren, azal kurruskari bat eragiteko moduan, eta zirkulutan eragingo diogu paderari hondoa itsats ez dakion. 30 bat segundo igaro ondoan, irauli egingo dugu tortilla beste plater baten laguntzaz eta mamitzen utziko dugu beste aldetik, padera, olio tanta batzuk gehiago isuri ondoan, ongi berotu eta gero.
  4. Azkenik, plater batean ipini eta entsalada berde batekin zerbitzatuko dugu tortilla.

Akaso!

Patata tortillari deitura aldatzen

Nafar tortilla munduan zabaltzen

Patata tortillari spanish omelette esaten diote atzerriko leku askotan, hemen bideoa akaso…

Patata tortilla

gogokoa

Legatza itsas jogurtarekin

Legatza itsas jogurtarekin – 

Osagaiak

  • 150 g-ko 4 legatz xerra
  • 160 g “griego” erako jogurta
  • alga nori xafla bat (sushi rollitoak egiteko erabiltzen dena)
  • perrexila
  • limoi bat
  • oliba olioa
  • gatza

Errezeta

  1. Alga noria tira finetan moztu eta labean 100ºtan lehortu ordu betez. (ondoren frijitu daitezke edo ez).
  2. Tiratxoak txiki egin eta jogurtari nahastu. Zenbat alga gehitu norberak nahi duen moduan.
  3. Perrexila txikitu eta jogurtari nahastu.
  4. Limoi azala birrindu eta jogurtari nahastu.
  5. Azkenik, oliba olio pitin bat gehitu nahasketari.
  6. Legatza lehendabizi azalaren aldetik egin olio pitin baten laguntzaz eta ondoren barrualdetik.
  7. Jogurtarekin zerbitzatu.

Kasu!

Aukeran, barazki batzuk tiratan moztu eta soja saltsa pixkatekin salteatu. garnizio moduan ipintzeko. Alga noria beharrean izokina xaflatan ere erabil genezake rollitoak egiteko.

Legatza itsas jogurtarekin

gogokoa

Ahuakate, indioilar eta fruitu lehor sandwich-a

Ahuakate, indioilar eta fruitu lehor sandwich-a – 

Osagaiak

  • Ahuakate bat
  • Indioilar 2 bularki
  • Limoi bat
  • Laranja bat
  • Soja saltsa
  • Fruitu lehor 2 eskukada (nahasketa; urrak, intxaurrak, almendrak,…)
  • Ezpelete piper hautsa
  • Oliba olioa
  • Gatza
  • Molde erako ogia

Ahuakate, indioilar eta fruitu lehor sandwich-a

Errezeta

  1. Hasteko, indioilar bularkiak garbitu eta fin xerratu.
  2. Bol batean, bi koilarakada soja saltsa, bi koilarakada limoi ura, bi koilarakada laranja ura eta piperbeltz apur bat nahastu. Bol honetara aurreko xerra finak igaro eta 2 orduz hozkailuan gorde.
  3. Sandwich-a muntatzeko, ahuakatea zuritu (lehenengo, luzeran, labanaren laguntzaz, honen punta hezurreraino sartu eta buelta guztian markatu, eta gero jiratuz bi erdi egin. Erdiak koilara batekin osorik atera) eta xerratan egin.
  4. Fruitu lehorrak txiki-txiki egin eta gatza eta ezpelete piper hautsarekin nahastu (azken bi hauek nahieran).
  5. Oilasko bularki xerrak plantatik igaro buelta eta buelta eta aurretik tostatutako ogi gainean ipini. Gainean ahuakatea eta fruitu lehorrak ezarri.
  6. Xerra finekin bolean geratzen den ura zartagian jarri eta “erreduzitu” saltsa apur bat loditu arte.
  7. Saltsa lodi honekin amaitu sandwich-a!

Kasu!

Letxuga, tomatea edo gazta pixka bat geitu diezaiokezu sandwich-ari hala nahi baduzu…

Ahuakate, indioilar eta fruitu lehor sandwich-a

Akaso!

Munduko sandwich-ik handiena?

gogokoa

Txibi garbantzu entsalada

Txibi garbantzu entsalada – 

Osagaiak

  • Txitxirio edo garbantzu pote bat (400 g inguru)
  • 8 txibi ale (garaikoak hobe!)
  • Arrautza bat
  • Piper berde bat
  • Piper gorri bat
  • Tipulina ale bat
  • Ozpina
  • Olioa
  • Gatza
  • Tomate ale bat
  • Piper hautsa
  • Lima bat

Txibi garbantzu entsalada

Errezeta

  1. Lehendabizi ura irakiten jarri arrautza egosteko. Bor-bor indartsuan dagoenean, arrautza sartu eta 8 minutu itxaron. Ondoren uretik atera eta hozten utzi.
  2. Txibiak garbitu (buelta eman gabe! Azalean dago zapore guztia)
  3. Txitxirio edo garbantzuak uretatik pasa potean eduki ditzakeen kontserbagarrien gustua kentzeko.
  4. Tipulina eta bi piperrak, arrautzarekin batera, ahalik eta dado txikienetan egin.
  5. Bol batean, txikitutakoak eta garbantzu egosiak, ozpina eta olioarekin busti nahieran.
  6. Lima ur tanta batzuk gehitu eta 10 minutuz bere horretan utzi.
  7. Bitarte honetan, txibiak plantxatik igaro. alde bakoitzeko 20-30 segundoz olio pitin baten laguntzaz.
  8. Amaitzeko, tomatea moztu nahi den moduan, garbantzu eta piper nahasketa gaineratu eta azkenik, txibi egin berriak ezarri.
  9. Gozatu eta on egin!
Txibi garbantzu entsalada

Akaso!

Hong Kong-eko kaleetan txibi txiki bat kuzinatzen…

gogokoa

Abena edo oloa, esnea, platanoa eta kakao gosari/merienda edo postrea

Abena edo oloa, esnea, platanoa eta kakao gosari / merienda edo postrea – 

Osagaiak

  • 800 ml esne
  • 120 g abena edo olo
  • 2 platano
  • kakaoa
  • 120 g azukre moreno edo panela
  • galleta edo bizkotxoa (aukerakoa)

 

Errezeta

  1. Platanoak zuritu eta zm bateko xerra borobiletan egin, eta bandeja batean zabaldu.
  2. Azukrea ur pitin baten laguntzarekin karamelu egin zartagian. Gustuko den puntuan dagoenean platano zatiak karameluz estali eta hozten utzi.
  3. Mikrouhinean esnea berotu eta beroa dagoela, hoztutako platano zatiak gehitu, kakaoa (nahaieran) eta olo kopoak.
  4. Dena ongi nahasi eta jan!

Akaso!

Batidua? Beganoentzat ere bai…

Abena edo oloa, esnea, platanoa eta kakao gosari / merienda edo postrea 
gogokoa

Antxoa, pikillo piper eta gazta urdin tosta

Antxoa, pikillo piper eta gazta urdin tosta –

Osagaiak

  • 4 ogixerra/tostada
  • 4 antxoa xerra (gatzetan ondutakoak)
  • 4 pikillo piper
  • 100 g gazta urdin krema edo saltsa (potekoa edo etxean egina)

Errezeta

  1. Tostadak edo ogi xerrak erre. (labean, tostadora edo zartaginean oliba olio pitin batekin bustiz aurretik).
  2. Pikillo piperrak, zartaginean su baxuan (10etik 6 edo 7) oliba olio pitin bat ez erretzen eduki 25-30 minutuz.
  3. Ogi gainean gazta krema zabaldu, ondoren, pikilloa jarri eta azkenik luzeran, antxoa.

Kasu!

Gazta kremarik ez baduzu etxean duzun gazta hori erabili dezakezu… Gozatu eta on egin!

Akaso!

Antxoa, pikillo piper eta gazta urdin tosta
gogokoa

Dilista, azenario eta kuia entsalada

Dilista, azenario eta kuia entsalada – 

Osagaiak

  • Egositako dilista edo lenteja pote bat
  • 8 azenario berri/txiki/finak
  • 200 g kuia
  • “roble” letxuga ale bat
  • Eskarola buru bat
  • Sesamoa
  • Oliba olioa
  • Ozpina
  • Kurkuma

Errezeta

  1. Lehenik eta behin, dilistak iragazi ur txorrotaren azpian, poteko gehiegizko ura kendu eta bide batez, hauek garbitzeko.
  2. Kuia zuritu eta dadotan egosi xamurr0a egon arte.
  3. Azenarioak garbitu eta oliba olio pitin batez 180ºtan erre xamurrak dauden arte.
  4. Platerean eskarola eta letxuga apur bat ezarri oinean, kuia egosi dadotxo batzuk ondoren eta dilista koilarakada bat hauen gainera.
  5. Amaitzeko, azenario erre pare bat ezarri platereko. Olioari, ozpin eta kurkuma pitin bat gehitu eta sesamo eta oliozpin honekin, platera ondu.

Kasu!

Hozkailuan dugun beste osagairen bat geitzeko aukera ematen dute entsaladek, gazta, piperra, etab.

Akaso!

Kalabaza erre, dilista eta kuskus entsalada RZ eta antzekoak oso popularrak dira munduan, adibidez:

Dilista, azenario eta kuia entsalada
gogokoa

Kukulu entsalada antxoa eta oilaskoarekin

Kukulu entsalada antxoa eta oilaskoarekin – 

Kukulu entsaladaOsagaiak

  • 4 “tuterako” kukulu
  • 250-300 g oilasko bularki
  • 8 antxoa xerra
  • 10 g mostaza
  • 100 g jogurt natural krematsu
  • Oliba olioa
  • Tipulina ale 1
  • Baratxuri laurdena

Errezeta:

  1. Kukuluak erdira egin eta oliba olio pitin baten laguntzaz, zartaginean erre. Su baxuan minutu bat gehienez.
  2. Kukuluan amaitu eta zartagin berean oilasko bularkia erre. Kolorea hartzen duen arte. Gero, tiretan moztu (edo nahi den moduan)
  3. Saltsa egiteko, jogurtari, mostaza, oliba olioa eta baratxuria gehituko dizkiogu, eta dena irabiatu behar da.
  4. Tipulina tira finetan moztu
  5. Amaitzeko, pertsonako kukulu bat platerean ipini, oilasko bularki zatitxo batzuk eta antxoa pare batekin batera. Tipulinarekin apaindu eta saltsa nahieran gehitu.
Kukulu entsalada antxoa eta oilaskoarekin

Akaso!

gogokoa

Gula entsalada

Gula entsalada – 

Osagaiak

  • 500 g gula
  • 8 koilarakada oliba olio
  • Koilarakada bat sagardo-ozpin
  • Baratxuria
  • Piperbeltza eta gatza
  • Kaiena ale pare bat
  • Entsalada:
  • 2 uraza
  • Eskarola bat
  • Tipulin fresko bat, zirrindoletan moztua
  • 3 tomate heldua, zurituak
  • 8 zainzuri
  • 3 arrautza egosi
  • 8 antxoa xerra, oliotan
  • Atun edo hegaluzea

Gula entsalada

Errezeta:

ENTSALADA

  1. Ur hotz ugarian, ozpin edo ehe tanta batzuekin, garbituko ditugu uraza eta eskarola hostoak. Xukatu eta ongi lehortuko ditugu ondoren. Eskuekin zatituko ditugu hosto handienak, hostoen zirietatik abiatuta.
  2. Garbitu ondoan, limoiaren moduko ataletan moztuko dugu tomatea. Ozpin-olioa prestatuko dugu gero, oliba olio birjina, ozpina eta gatza erabilita.
  3. Ozpin-olioaren herena isuriko dugu entsalada-ontzi baten hondoan eta haren gainean ipiniko ditugu tomate atalak, eta haien gainean zainzuriak, arrautza egosi laurdenkatuak, antxoak eta mendrezka, xafla mehetan izpitua edo papurtua. Gai hauen guztien gainean zabalduko ditugu uraza eta eskarola hostoak eta tipulin zirrindolak.
  4. Ozpin-olioaren gainerakoa ondoan duela zerbitzatuko dugu, ozpin-olioaz nork bere gustura manea dezan. Horrela egiten badugu, hostoak ez dira zimelduko. Gainera, gai astunenak ontziaren hondoan eta arinenak gainaldean ipintzen baditugu, behar bezalako entsalada jango dugu, gaiak zanpatu gabe.

GULAK

  1. Zartagin batean jarriko ditugu baratxuri pixka bat, pipermin pixka bat eta kaiena ale pare bat.
  2. Gulak bota eta dena nahasi.
  3. Entsaladaren gainean bota gulak

Gula entsalada

Kasu!

Entsaladaren hotza eta gulen beroaren arteko kontrastea primeran geratzen da.

Entsalada nahi bezala ere egin dezakezu, uraza eta eskarolarekin bakarrik ere primeran geratzen da. Egoera eta gustuen arabera osagaiak etengabe aldatzeko aukera duzu. Oinarri honetan, nahi bezalako entsalada guztiak maneatu ahal izango ditugu, erremolatxa, luzoker edo pepinoa, kornixonak ozpinetan, azenarioa, Idiazabalgo gazta dadotan, olibak, intxaurrak, eta abar gaineratuz. Ozpin-olioa ere alda dezakegu, ziapea, soja-saltsa edo limoi zukua erantsiz.

Akaso!

Gula nahaskiaren RZ bideoa honakoa:

Gula entsalada

gogokoa

Pontxea

Pontxea – 

Fiestona!!!!!!

Osagaiak

  • Kg bat azukre
  • 4 laranja, puskatan
  • 4 sagar, puskatan
  • 4 banana, xerratan
  • Mahats mordo eder bat, aletua
  • 2 udare, puskatan
  • 4 aran, hezurrik gabe eta zurituak, puskatan
  • Meloi erdia, dadotan moztua
  • 3 mertxika, zurituak eta puskatan, naturalak edo almibarrean
  • 2 limoi oso, azalarekin, ataletan moztuak
  • Botila bat cointreau
  • Litro laurdena ron zahar
  • Litro laurdena benedictine
  • 4 botila ardo zuri (txakolin on bat ere izan daiteke)
  • 6 botila cava edo champagne brut, oso hotza
  • Izotza, ugari eta koskor loditan
  • Sagar, mahats, laranja edo lima-limoi zukua
  • Ur gasduna edo gaseosa

….

Errezeta

  1. Beratzen utziko ditugu gai guztiak cointreauan, ronean eta benedictinean, betekada baino 24 ordu lehenago, lurrezko tina handi batean edo xanpaina-ontzi izugarri batean edo ahal dugun tokian nahasiak. Fruta ere bestelakoa izan daiteke, merkatuaren eta norberaren gustuen arabera, angurriak, mandarinak, kakiak, eta abar.
  2. Koadrilako lehen lagun xaharrak hartu baino lehentxeago, ardo zuria, cava eta izotza gehituko ditugu eta biraka nahasi, nahastea dastatu eta parrandan hasiko gara.

Kasu!

Lehenik zera adierazi, RZren izena berez Likore Pontxea dela, beraz argi ibili eta burua erabili!, eta bestetik zera, alkoholik gabe edo gutxirekin ere presta dezakegula fruta-zukuren bat eta gaseosa erabiliz. Beraz, zeure esku RZ zeure eta ingurukoen neurri eta gustura egokitzea. 🙂

Errezeta honek badu gauza on bat, goizeko seietarako mokoiloa kristorena da, sekulakoa, eta gosea ere berebizikoa. Jendeak hondoko fruta-puskak jango ditu, beste erremediorik gabe, ahitu egingo baitira ordurako soberan geratu diren pintxoak eta patata tortilla idorra.

Errezeta honen araberako kopuruak egundainoko oturuntza baterako dira. Bukaera hoberena opa dizuet nik guztioi. Gozatu!

,,,

Akaso!

Hemen sangria eta pontxe RZ ezberdinak egiteko bideoetara estekak…

Likore pontxea

gogokoa

Limoi moussea

Limoi moussea – 

Osagaiak

  • 200 g esnegain likido
  • 250 g azukre
  • 10 arrautza gorringo
  • 150 g limoi zuku
  • 60 g gelatina-hautsa
  • 200 g arrautza zuringo

Errezeta

  1. Lehenik esnegaina, 100 gramo azukre eta arrautza gorringoak kazola batean nahasi, eta berotzen ipiniko dugu guztia, baina irakin gabe, oso garrantzitsua. Jotzeari utzi gabe, eta tenperatura handian dagoenean, baina irakin gabe betiere, erantsiko ditugu limoi zukua eta gelatina-hautsa. Hagaxkekin ongi joko dugu orea ondoren. Sutatik atera eta utziko dugu pittin bat epeltzen.
  2. Beste gopor batean joko ditugu arrautza zuringoak elur itxura eman arte, eta erantsiko ditugu geratzen diren 150 gramo azukreak. Orduan erantsiko ditugu, limoi krema epela dugun goporrean, zuringo joak gomazko espatula batez, goitik behera nahasiz, poliki-poliki, jaitsi ez daitezen, ongi nahasitako moussea lortu arte.
  3. Orea gopor txiki edo poteetan isuri eta sartuko ditugu guztiak hozkailuan, ordu batzuetan, moussea finkatu eta fresko-fresko gera dadin. Zerbitzatuko ditugu.

Akaso!

Mango moussea-ren RZ bideoa segidan…

Limoi moussea

gogokoa

Mamia edo gatzatua

Mamia edo gatzatua – 

Osagaiak

6 pote betetzeko:

  • Ardi esnea, litro bat
  • Gatzagi likidoa
  • Gatza

mamiaErrezeta

  1. Bi edo hiru gatzagi tanta isuriko ditugu lehenik lurrezko sei poteen hondoan. Gatz pittin bat eman eta irakiten ipiniko dugu esnea, eta irakin bezain laster, atera egingo dugu sutatik.
  2. Termometro batez neurtuko dugu esnearen tenperatura, eta itxaron egingo dugu 37º ingurura jaisten den arte. Une horretan sartu ahal izango dugu behatza erretzeko beldurrik gabe (horixe baita tenperatura neurtzeko beste modu bat, termometrorik ez badugu).
  3. Aukeratutako pote horietan banatuko dugu esnea ondoren, eta utzi egingo dugu mamitzen, giroko tenperaturan eta ukitu gabe, 15 bat minutuan.
  4. Esneak irakin ondoren, gainazalean sortzen den esnegaina hartu eta mamia egiteko poteetan banatzen dute batzuek esnea isuri bezain pronto, pote horietako bakoitzaren gainazalean koipe geruza gera dadin.

Kasu!

mamiaEgin bezain laster ez baditugu jan behar, hobe da paper batez estali eta hozkailuan sartzea, baina 2 egun baino lehenago jan behar dira betiere.

Jateko momentuan erantsiko dugu eztia edo azukrea. Koilararekin gainekoa jan, eta berriro ere emango diogu azukrea hondora iritsi ahala. Ez da bat ere egokia, inolaz ere, azukrea edo eztia erantsi eta dena nahastea, eta horixe bera gertatzen da beste esneki gatzatu batzuekin ere, jogurtarekin esate baterako.

Garrantzitsua da mamia hozkailutik atera orduko ez jatea, epela edo giroko tenperaturan askoz ere hobeto baitago. Hozkailuan gorde badugu, jan baino denboraldi bat lehenago aterako dugu hotz hori gal dezan.

 

Akaso!

Mamia edo gatzatua
gogokoa

Entsalada hornitua

Entsalada hornitua – 

Osagaiak

  • 2 uraza
  • Eskarola bat
  • Tipulin fresko bat, zirrindoletan moztua
  • 3 tomate heldua, zurituak
  • 8 zainzuri
  • 3 arrautza egosi
  • 8 antxoa xerra, oliotan
  • Hegaluze mendrezka oliotan, 150 g
  • 2 koilarakada handi Xerez ozpin
  • 5 koilarakada handi oliba olio birjina estra
  • Gatza

Errezeta:

  1. Ur hotz ugarian, ozpin edo ehe tanta batzuekin, garbituko ditugu uraza eta eskarola hostoak. Xukatu eta ongi lehortuko ditugu ondoren. Eskuekin zatituko ditugu hosto handienak, hostoen zirietatik abiatuta.
  2. Garbitu ondoan, limoiaren moduko ataletan moztuko dugu tomatea. Ozpin-olioa prestatuko dugu gero, oliba olio birjina, ozpina eta gatza erabilita.
  3. Ozpin-olioaren herena isuriko dugu entsalada-ontzi baten hondoan eta haren gainean ipiniko ditugu tomate atalak, eta haien gainean zainzuriak, arrautza egosi laurdenkatuak, antxoak eta mendrezka, xafla mehetan izpitua edo papurtua. Gai hauen guztien gainean zabalduko ditugu uraza eta eskarola hostoak eta tipulin zirrindolak.
  4. Ozpin-olioaren gainerakoa ondoan duela zerbitzatuko dugu entsalada, ozpin-olioaz nork bere gustura manea dezan. Horrela egiten badugu, hostoak ez dira zimelduko. Gainera, gai astunenak ontziaren hondoan eta arinenak gainaldean ipintzen baditugu, behar bezalako entsalada jango dugu, gaiak zanpatu gabe.

Entsalada hornituaKasu!

Aitzaki egokia dira entsaladak osagaiak etengabe aldatzeko. Oinarri honetan, nahi bezalako entsalada guztiak maneatu ahal izango ditugu, erremolatxa, luzoker edo pepinoa, kornixonak ozpinetan, azenarioa, Idiazabalgo gazta dadotan, olibak, intxaurrak, eta abar gaineratuz. Ozpin-olioa ere alda dezakegu, ziapea, soja-saltsa edo limoi zukua erantsiz.

Entsalada hornitua ondo eginda
gogokoa

Tiramisua

Tiramisua – 

Osagaiak

  • 5 arrautza
  • 75 g azukre
  • 75 g irin
  • Kafe bat bikoitza eta beltza, expresoa
  • Pattar zorrotada eder bat (amaretto)
  • 4 arrautza gorringo
  • 8 koilarakada azukre
  • Mascarpone gazta krematsua, 250 g
  • 4 arrautza zuringo

Tiramisua

 TiramisuaErrezeta

  1. Bizkotxoa egiteko, katiluan 5 arrautza eta 75g azukre nahasiko ditugu. Indarrez irabiatuko dugu, orea loditzen eta zuritzen den arte, ongi harroa gelditzen den arte. Ondoren, irina bahetu eta euri fin gisara erantsiko diegu, poliki-poliki, arrautzei eta azukreari. Orea laberako paper sulfuroztatuaren gainean hedatu eta labean sartuko dugu, 7 minutuan, 180 graduan, lehortzen utzi gabe, gero xamur-xamurra geldi dadin.
  2. Bizkotxoarentzako bainua honela prestatuko dugu: kafe bikoitza, hotza, amarettoarekin nahasi eta hozten utziko dugu.
  3. Krema honela: katilu batean hagaxkekin arrautza gorringoak eta 4 koilarakada azukre ongi jo, krema franko horratzen den arte, lehen halako bi egiten den arte gutxi gorabehera. Ondoren, eragiteari utzi gabe, mascarpone gazta erantsi, pixkanaka-pixkanaka, dena bat egiten den arte. Bukatzeko, beste 4 koilarakada azukre eman diegun arrautza zuringo harro-harrotuak erantsiko ditugu.
  4. Tiramisua plum-cake moduko molde batean harrotzen ahal dugu, tartarako edo bizkotxorako erabiltzen ditugun horietako batean, edo baita portzelanazko ontzi txikietan ere, erasoagoa baita gero bakoitzari zerbitzatzeko. Erraz-erraza da.
  5. Bizkotxo-plantxa hautatu dugun ontziaren hondoaren tamainako puskatan moztuko dugu, eta puskak, esaterako, ontzi txikien hondoan jarriko ditugu. Puskak gero kafe-bainuaz blaitu, koilarakada eder bat botaz, harik eta bizkotxoa ongi urasetu arte. Ondoren gazta-krema ongi harrotua eman gainetik, ertzetaraino.
  6. Krema denbora-tarte batez hozten utzi behar dugu, hozkailuan esaterako, eta zerbitzatu baino lehenago kakao mingotsaren hautsez parpar eman oparo. Kafe-bainutik alkohola kendu, gehiegi gustatzen bazaie ere.

Tiramisua postre modernoa da, ez tradizionala, jende askok pentsatzen duenaren kontra. Bere jatorria 50. hamarkadan dauka Italiako ipar-ekialdean, Véneto inguruan, Venezia hiriburu duen  eskualdean. Zenbaitzuk bere sorrera zehatza inguruetako burdeletan kokatzen dute

Tiramisua

gogokoa

Entsalada errusiarra

Entsalada errusiarra – 

Osagaiak

  • 4 azenario
  • 3/4 kg patata
  • 3 arrautza
  • Ilar fin-finak, pote txiki bat
  • Artoa, lata txiki bat
  • Hegaluze ongi hautatua, oliotan edo ozpinetan kontserbatua, puska bat
  • 1/4 l maionesa, norberak egina, ez oso lodia
  • Tipulin txiki bat, xehatua
  • Piper berde bat, xehatua
  • Gatza
  • Sagardo-ozpina, pittin bat

Entsalada-ErrusiarraErrezeta

  1. Jarri eltze batean ura suelto gatzarekin, azenarioak, patatak eta arrautzak estaltzeko adina. Su bizira hurbildu eta utzi borborka egosten.
  2. Handik 10 minutura atera arrautzak eta utzi hozten, eta beste 5 minutuz gutxienez utzi azenarioak eta patatak egosten, xamurtu arte, labana baten puntaz alderik alde aise pasatzeko moduan egon arte alegia. Xukatu eta epeltzen utzi, eskuetan erabili ahal izateko, zuritu egin behar baitira.
  3. Zuritu, bada, eta zatitu patatak eta azenarioak koskor txikitan. Jarri dena gopor batean eta gehitu arrautza xehatuak, ilar xukatuak, artoa, hegaluze izpitua, tipulin xehatua, piper berde xehatua, maionesa eta sagardo-ozpin xorta. Dena nahasi ongi, eta, behar izanez gero, maionesa pixka bat gehiago gehitu, gustatzen zaigun punturaino. Gatz puntua probatu eta, behar izanez gero, zuzendu.
  4. Hozkailutik atera, eta fresko-fresko mahairatu. Entsalada mota honek nahia adina aldaketa ametitzen ditu, gure gustuak eta gure umeenak asetzeko modukoak. Abokata, ganba egosi eta azala kenduak, porru egosia, urdaiazpiko egosia dadotan, ozpinetako ozpin-pepino xehatuak, pipermin xehatuak, tomate freskoa dadotan, gazta puskak, etab.

Entsalada errusiarra

 

gogokoa

Txokolate moussea

Txokolate moussea – 

Osagaiak

  • 300 g txokolatea ilun, kalitate onekoa
  • 2 arrautza eta 2 gorringo
  • 5 koilarakada azukre
  • Litro erdia esnegain, harrotua
  • Xorta bat ron

Txokolate moussea

Arg. Javier Lastras

Errezeta:

  1. Ontzatan moztu eta gopor batean sartuko dugu mikrouhinetan, indar apalenean, ur dadin.
  2. Bitartean, hagaxkaz joko ditugu, beste gopor batean, gorringoak eta arrautzak 3 koilarakada azukrearekin, orea loditzen eta zuritzen hasia dela sumatu arte. Gainera, beste 2 koilarakada azukreak erantsiko dizkiogu tinko harroturiko esnegainari.
  3. Urtu ondoren erantsiko diogu txokolateari rona, xorta bat.
  4. Azukrearekin jotako arrautzekin nahasiko dugu.
  5. Gomazko espatula batez erantsiko diogu ondoren ore hau esnegain harro azukreztatuari, goitik behera leunki nahasiz, moussea ahalik eta harroena izan dadin. Ez azkar jo, esnegain harrotua apal ez dadin.
  6. Goporretan edo portzelanazko pote txikitan banatuko dugu nahastura, eta ongi tapatuta edukiko ditugu hozkailuan, jan aurretik.

Kasu:

Gailetaren batekin lagun dezakezue postrearen aurkezpena.

Akaso!

2 osagaiekin egindako txokolate mousse RZ bideoa…

txokolate moussea
gogokoa

Arrozesnea

Arrozesnea –

Osagaiak 

  • Litro bat esne
  • Pote bat esne lurrindua (ez da ezinbestekoa)
  • 200 g arroz, pikor biribilekoa
  • Laranja azal bat eta limoi azal bat
  • Kanela adaxka bat
  • 150 g azukre

Arrozesnea

Errezeta:

  1. Kazola batean ipiniko ditugu azukrea ez beste osagai guztiak.
  2. Sutan jarri, oso su eztian, eta ezti-ezti irakiten utziko dugu, 40 bat minutuan.
  3. Azukrea erantsi, eta irakiten utziko dugu beste 10 bat minutuan, zaliari maiz eraginez, hondoan itsats ez dadin.
  4. Ontzi batera aterako dugu guztia, eta utzi egingo dugu hozten, laranja eta limoi azalak eta kanela adaxka atera ondoan.
  5. Zerbitzatu.

Kasu!

Epela zein hotza har daiteke, hotza nahiago izaten du jendeak normalean. Arrozesne usaingozatua edo arrozesnea_arrautza gorringoekin ere hemen eskura sukaldean.com errezetategitik.

,,,

Akaso!

Uxueren arrozesne RZ bideoa…

Arrozesnea
gogokoa

Dilista entsalada

  • Dilista egosiak eta xukatuak, hiru kilo laurden
  • Txerri ukondoa, puska eder bat, egosia eta hezurgabetua, dado txikitan moztua
  • Tomate handi bat, ondua baina ez biguna, dadotan moztua
  • Perrexil xehatua
  • Ozpin-pepinoak, txiki-txiki eginda, 2 eskutada
  • 2 koilarakada maionesa
  • Piaze pikorrak, 2 koilarakada
  • Oliba olio birjina, 8 koilarakada
  • 2 koilarakada sagardo-ozpin
  • Gatza eta piperbeltz eho berria

Errezeta

  1. Hasteko gopor batean osagai hauek guztiak nahasiko ditugu: dilistak, txerri ukondoa, dadotan moztutako tomatea, perrexila eta ozpin-pepinoak.
  2. Katilu batean gatza eta piperbeltza jarriko ditugu, ozpinarekin. Oliba olioa gehituko diogu zurrusta finean, eta sardexkarekin joko dugu. Maionesa eta ziapea ere gehituko ditugu.
  3. Prestatutako saltsa honekin maneatuko ditugu dilistak. Ongi nahasi. Freskatzen utziko ditugu denbora-tarte batean hozkailuan, jateko atera baino lehen.

Dilista entsalada

gogokoa

Perretxiko (barrengorri edo txanpinoi) nahaskia

Perretxiko (barrengorri edo txanpinoi) nahaskia

Osagaiak:

  • 8 arrautza
  • garaiko perretxikoak, eskukada bat pertsonako
  • oliba olia
  • gatza

 

Errezeta:

  1. Perretxikoak ondo garbitu; paper heze baten laguntzaz piskanaka. Urarekin lagundu baina ez busti guztiz perretxikoak.
  2. Perretxikoak eskuarekin zati irreguloarretan zatitutu,  norberaren gustuko neurrian.
  3. Arrautzak ontzi batean jarri eta irabiatu, gustuaren arabera gatz puntua jarriz.
  4. Zartagian oliba olio kolirakada bat berotzen jarri.
  5. Perretxikoak zartagira gehitu eta su bizitan gorritu, ura askatzen hasten diren bitarte.
  6. Sua jeitsi eta pixkanaka arrautza irabiatua gehitzen joan , egurrezko koilararekin bizi-bizi irabiatuz. Guztia batera egosi dadin tarteka zartagia sutatik kendu, gehiegi berotu ez dadin, eta berriro jarri, irabiatzen dugun bitartean… Era honetan arrautza krematsu geratuko zaigu eta ez tortila apurtu baten eran
  7. Norberak gustuko duen egosketa puntuan sua itzali eta zuzenean platerera.

 

Perretxiko nahaskia

ONDDO NAHASKETA Javier Lastras

Kasu!

Garaiko perretxikoak erabiltzea da egokiena, onddoak, ziza horiak, gibelurdinak, negrillak… Eta, nahi bada, urte guztian zehar barrengorri edo txanpinoiekin egin daiteke.

Kontu hartu berezko beroarekin nahaskia gorpuzten joango dela, eta zartagina sutatik lehentxeago erretiratzea komeniko dela.

Perretxiko nahaskia
gogokoa

Kuia edo kalabaza krema

Kuia edo kalabaza krema – 

Osagaiak:

  • kilo bat kuia
  • 2 azenario
  • patata bat
  • baratxuri buru bat
  • tipulin txiki bat
  • bi koilarakada gurin
  • gatza
  • piper hauts zuria

Errezeta:

  1. Barazki guztiak garbitu (azala kendu) eta zatitu. Zatiak neurri berdinekoak egin.
  2. Eltze altu batean barazki guztiak sartu
  3. Urarekin barazki guztiak estali eta sua bizi jarri. Gatza gehitu
  4. Irakiten hasten denean su ertainera jetsi.
  5. Agian egosketa prozesuan ur gehiago gehitu beharko da, beti barazkiak adina ur egon dadin eltzean
  6. Eltzera bi koilarakkada gurin gehitu eta nahi adina piper hauts txuri
  7. Barazki guztiak egosiak daudenean, ordu erdi inguru, turmixaren laguntzaz barazki guztiak irabiatu.
  8. Norberaren gustuaren arabera gazta, piper hautsa, sesamoa edo beste belar batzuk egokitu.
Kuia edo kalabaza krema

KUIA KREMA Lablascovegemenu

Kasu!

Ogi frijituarekin lagundu daiteke krema eta platerean jartzean oliba olio txorrotada batekin amaitu.

Barazki mota desberdinak nahastu dakizkioe, garaia eta aukeren arabera: porrua, espinakak…

Kremak egitean garrantzitsua da amaieran gurina edo gantzen batekin guztia bateratzea.

Hotz zein berotan har daiteke.

Kuia edo kalabaza krema
gogokoa

Patata errioxarrak

Osagaiak – Patata errioxarrak – 

  • 0,5 kg patata (ez dute zertan Errioxakoak izan beharrik ;-))
  • oliba olioa 4 goilarakada
  • 4 txorizo, bana, alegia. (Luzeetakoa bada, zatitu eta kito)
  • ardo txuri kopa bat
  • tipulina bat
  • 2 baratxuri ale
  • piper gorri edo pikilloak
  • pipermin gozoa
  • ura

Patata errioxarrak

PATATA ERRIOXARRAK Juantiagues

PATATA ERRIOXARRAK Juantiagues

Errezeta:

  1. Lehenbizi, barazki guztiak txiki egin. Txorizoa nahi bezela zatitu eta patatak zuritu eta “kaskatu”.
  2. 4 oliba olio koilarakada berotzen ipini eltze batean.
  3. Tipula eta baratxuria erregosi kolorea aldatzen duten arte. Orduan, txorizoa eta piperra gehitu, minutu batez erregosi eta patata bertara igaro.
  4. 2 minutuz guztia erregosi su ertainetan.
  5. Pipermina, ardoa, gatza gehitu eta urez estali. Sua handitu eta irakiten hasten denean, 25 -30 minutuz su ertainetan egosi.
  6. Zerbitzatu.

Kasu!

Patata “kaskatzearekin” salda loditzea errazten da. Hala ere, urtsuegoa geratu bazaizu, desegin pare bat patata zati sardexkarekin eta nahastu saldari, lodi dadin.

Patata errioxarrak
gogokoa

Pizza, tomate, mozzarela, albaka eta antxoilekin

Pizza, tomate, mozzarela, albaka eta antxoilekin

Osagaiak:

  • 250g irin
  • 125cl ur
  • 7g legami
  • 7g gatz
  • 25g oliba olio
  • tomate saltsa litro bat
  • 2 mozzarela bola
  • albaka
  • antxoa poto bat

Errezeta:

  1. Hondokoa egiteko, irina, ura, legamia eta oliba olioa nahastu behar dira.
  2. Nahasirik daudela, ogiarekin egiten den moduan, oreari eragin.
  3. 2 minutuz itxaron eta berriz eragin… horrela 6-8 aldiz.
  4. Labea berotu 250ºtan.
  5. Tomatea, zartagi batean su ertainetan jarri ura galtzen has dadin.
  6. Bitartean, masa zabaldu eta nahi den itxura eman ostean, aproposa den paperaren gainean laberatu 2-3 minutuz.
  7. Labetik atera eta 180ºtara jeitsi tenperatura.
  8. Masa beroaren gainean, ia ur guztia galdutako tomate saltsa zabaldu.
  9. Mozzarela eskuarekin hautsi eta tomatearen gainean zabaldu antxoekin batera.
  10. beste 5-10minutuz laberatu eta handik ateratakoan,  albaka gehitu.

 

Pizza, tomate, mozzarela, albaka eta antxoilekin

PIZZA Michele Ursiono

Kasu!

Albaka eta antzeko belar eta hosto freskoak, amaieran eta labetik kanpo gehitu kolorea eta berezko zaporea gorde dezaten eta oliba olio gordin tanta batzuk gehitu hostoen gainetik.

Alferra bazara, jakizu gaur egun merkatuan topa daitezkeela pizzak egiteko masa bikain askoak,  baina gure iritzian,  etxean egindakoa bezalakorik ez dago!

Behin pizzaren orea ikasitakoan, gainerako guztia nahierakoa da. Zeure irudimenaren araberakoa.

Pizza, tomate, mozzarela, albaka eta antxoilekin
gogokoa

Patata frijituak (saltsa desberdinekin)

Patata frijituak (saltsa desberdinekin)

Garniziotzat jo daitekeen errezeta hau, ia edozein plateren lagungarri izan daiteke. Bere horretan ere, lagunekin partekatzeko bikain askoa da.

Osagaiak:

Saltsak egiteko:

  • maionesa pote bat
  • tipula erdi bat
  • tomate pote bat
  • 2 koilarakada modena ozpina
  • koilarakada bat “la vera”ko pipermin kehetua
  • azukrea
  • baratxuri buru bat
  • gorringo bat
  • piper hauts beltza

Errezeta:

  1. Lehenbizi patatak egiteko, hauek zuritu, gustuko den eran moztu eta uretan gorde behar dira. Gopor edo bol batean adibidez.
  2. Kazola edo zartagi batean, patatak estaltzeko haina olio berotzen jarri.
  3. Olioa kea botatzen hasten den momentuan, patatak bertara igaro. (Aurretik ondo lehortuta eta gatzatuta).
  4. Hasieran patatak oliotan mugitu itsatsi ez daitezen. Olioaren tenperatura ertain- altuan mantendu eta hurraren kolore marroixka hartzen duten arte bertan eduki.
  5. Sukalde paper baten gainera atera gehiegizko olioa xukatzeko.

Saltsak:

Tipula maionesa egiteko, tipula erdia zati txikitan egin, oliba olio koilarakada bat gehitu eta maionesa potearekin batera turmixatekin irabiatu.

Braba delakoa egiteko, tomatea zartaginean egosi 20-30 minutuz erdira gutxitzen den arte eta orduan, pipermina, modena ozpina eta azukre koilarakada bat gehitu. Dena ongi nahasi eta listo.

Baratxuri krema egiteko, baratxuri burua labean erre 160º tan 30 minutuz. Erreta dagoenean, mami guztia atera eta gorringo gordinarekin nahasi eta joz,  krema bihurtu. Nahasketa honi maionesa koilarakada bat gehitu eta piper hauts beltz puntua eman.

Patata frijituak (saltsa desberdinekin)

PATATA FRIJITUAK Dan Germain

Kasu!

Patatak uretan daudela, ura bera aldatzen joanez gero, berezko duten “fekula” (urari kolore zurixka ematen diona) galtzen joango da eta honela kraskatsuagoak izango dira frijitutakoan.

Frijitzeko, patataren tamaina garrantzi handikoa da. Oso lodi moztu ezkero, barrutik gordin geratzeko arriskua egondo da eta.

Olioaren tenperatura kontrolatzea ere garrantzizkoa da. Gomendagarriena, 10etik 7-8ko neurrian izatea sua.

Akaso!

Patata frijituak (saltsa desberdinekin) Garniziotzat jo daitekeen errezeta hau, ia edozein plateren lagungarri izan daiteke. Bere horretan ere, lagunekin partekatzeko bikain askoa da errezeta hau…
gogokoa

Arrautza poxatuak

Arrautza poxatuak

Garrantzitsua da arrautzak kalitate onekoak izatea, guztiz gomendagarria baserriko arrautzak erabiltzea edo, behintzat, 0 edo 1 zifraz hasten direnetakoak izatea.

Errezeta praktikoa da eta askotan lagungarri erabil dezakeu beste prestaera batzuekin.

Osagaiak

  • 4 arrautza
  • Ozpin koilarakada bat
  • Gatza apur bat
  • Txorroteko ura
Arrautza poxatuak

POXATUTAKO ARRAUTZA Mike McCune

 

Errezeta:

  1. Lapiko altu bat txorroteko urarekin bete eta su bizitan jarri berotu dadin.
  2. Bertara koilaratxokada bat gatz erta koilarakada bat ozpin bota.
  3. Ura irakiten dagoenean, goilara baten laguntzaz zurrunbilo bat egin lapikoan. Garrantzikoa da ur guztia biran jartzea errezeta ondo irten dadin.
  4. Zurrunbilo erako bat lortzen denean arrautza puskatu barnera eta goilararen laguntzaz bere forma borobilean landu arrautza.
  5. Egosketa denbora norberaren gustuaren arabera egokitu daiteke. Normalean 4 minutu inguru behar izaten ditu, kolore zuria hartzen du arrautzak egostean.
  6. Azkenik eta kontuz arrautza plater batean jarri. Gatza apur bat bota eta gozatzeko prest.

 

Kasu!

Arrautzak piperrada, edozein saltsa, patata frijituekin… bikain daude!

Akaso!

Arrautzak garestiak omen…

Arrautza poxatuak
gogokoa

Hegaluzea tomatearekin

Hegaluzea tomatearekin

HEGALUZEA

Hegaluzea/hegalaburra modu askotara presta daiteke: txapan, marmitako eran, parrilan, gordinik… kasu honetan, tomatearekin nola egin azaltzen da. Lehen urratsetan plantxatik edo zartagin batetik pasa behar da, eta hau ere errezeta oso moduan ulertu daiteke, horrela kontsumitzeko bikaina dena.

 

Osagaiak:

  • 4 Hegaluze solomo (180gr bakoitzak)
  • tipula bat
  • 4 baratxuri hortz
  • piper berde bat
  • tomate frijitu pote bat
  • ardo txuri kopa bat
  • oliba olioa
  • gatza
  • perrexila edo tipulina broteak.
Hegaluzea tomatearekin

ATUNA TOMATEAREKIN Javier Lastras

Errezeta:

(Argazkikoak piper gorriak ere baditu)

  1. Hegaluzea garbitu eta hezurrak kendu, zati garbia edukitzeko. Solomoaren tamaina, txekor azpizuna izaten denaren tankerakoa izan behar du. Finegi mozten bada, lehortzeko arriskua dauka eta.
  2. Su bizitan zartagina berotu, hegaluzea gatz-pipertu eta olio goilarakada baten laguntzaz plantxan egin alde bakoitzetik minutu erdi bat. Hegaluzearen erdialdea gordinik geratzen delarik.
  3. Zartagin berean, beste olio goilarakada bat gehitu, tipula, piperra eta baratxuriarekin batera. Su bizitan frijitu.
  4. Barazkiak kolore apur bat hartzen duten momentuan, ardo txuria eta tomatea gehitu. Su ertainean egosi 20 minutuz.
  5. Azkenik, jan baino 5 minutu lehenago, hegaluzea tomate saltsa berotan ipini.
  6. Perrexila edo tipulina gehitu zerbizatzeko momentuan.

 

Kasu!

Garaiean eta bertakoa bada, askoz hobe! Garaia ekaina eta iraila bitartekoa da.

Kontserban prestatzeko ohitura, irailean eman ohi da.

Hegaluzea tomatearekin
gogokoa

Oilasko eta barazki paella

Soberan dauden osagaiak erabiltzeko errezeta bikaina da, proposamen hau egokitu zure beharrei eta kuzina ezazu zeure-zeurea den paella.

Osagaiak:

  • 4 eskukada arroz
  • Ura (arroza hainako bi)
  • Tipula bat
  • Piper gorri eta berde bana
  • Azenario bat
  • Kuia txiki bat
  • 2 Bartxuri buru
  • Ardo zuri kopa bat
  • Oilasko zatiak (bularki eta iztarrekin eginak) 250gr
  • Bi goilarakada oliba olio
  • Gatz apur bat

 

Oilasko eta barazki paella

PAELLA G. García Marengo

Errezeta:

  1. Barazki guztia garbitu eta zuritu.
  2. Barazkiak zati txiketan moztu, guztiak tamaia berekoak egin behar dira.
  3. Paela batean bi koilarakada olio jarri eta guztia berotu.
  4. Baratxuri eta tipula zatiak gehitu eta guztia ondo landu 5 minutuz, kolorea har dezan.
  5. Kolorea hartzen duenean gainontzeko barazki guztiak gehitu eta su bizian ondo landu.
  6. Beharrezkoa da barazkiak ondo lantzea, kolore bizia har dezaten
  7. Oilasko zatiak paelara gehitu eta guztia ondo landu gatz apur batekin.
  8. Oilaskoa gorritzen denean arroza gehitu eta guztia batera nahastu.
  9. Ardo zuri kopa gehitu eta guztia lurrundu bitartean landu sutan.
  10. Azkenik ura gehitu, eta irakiten hasten denean sua jeitsi. 20 minutu behar izaten ditu guztiak egosten.
  11. Paelak puntu ona izan dezan itzali sua amaitzear dagoenean, berez beroareki amaitzen delako egosten.
  12. Beharrezkoa da denbora batean egoten uztea 5-10 minutuz.

Kasu!

Arroz mota desberdinak daude merkatuan, baina  paela egiteko gomendagarrienak ale luzeko arrozak izaten dira.

Oilasko eta barazki paella
gogokoa

Legatz frijitua

Legatz frijitua –  

Osagaiak

  • 4 legatz solomo (180º bakoitza)
  • 2 arrautza
  • 3 koilarakada irin
  • Gatza apur bat
  • 4 koilarakada ekilore olio
LEGATZ FRIJITUA Javier Lastras

LEGATZ FRIJITUA Javier Lastras

Errezeta

  1. Plater sakon batean bi arrautzak puskatu eta irabiatu, ondo nahastu arte.
  2. Beste plater batean irina jarri.
  3. Legatz solomoak gustuko tamainetan moztu, norberak nahi dituen zatietan. Oso zati txikiak ez egin frijitzean legatzaren puntua pasa egiten delako.
  4. Zartagi altu batean ekilore olioa berotzen jarri, oliba olioarekin ere frijitu daiteke.
  5. Olioa berotzen den bitartean legatzari gatz apur bat bota eta irinetan igaro. Garrantzitsua da legatzak irin asko ez hartzea, beharrezkoa soilik.
  6. Legatza arrautza irabiatutik pasa eta zuzenean zartagira sartu.
  7. Olio berotan lehenik alde batetik frijitu 2 minutu inguru, kolorea hartzen duenean beste aldetik frijitu beste 2 minutu.
  8. Zartaginetik ateratzean soberan daukan olioa xurgatu sukalde-paperetan jarrita.
  9. Lagungarri eran mahonesa edo gustuko saltsarik erabil daiteke.

Kasu!

Legatza izoztua edo freskoa izan daiteke. Izoztua erabiltzeko errezeta egin bezperan jar ezazu hozgailuan piskanaka desizozten.

Kontuz! Anisakirik topatzen baduzu legatza freskoan kendu zati hori, normalean mendreskan egoten dira. Eta beste guztia arazorik jabe gozatu.

Ez baduzu egiten den unen jan behar, gorde ezazu hozgailuan edo biharko asmotan bazabiltza, bi plateren artean leku fresko batean.

Ogitarteko eran ere bikain geratzen da!

Akaso!

Legatz frijitua
gogokoa

Dilistak

 

Osagaiak:

  • 0,4kg dilista
  • Egosteko txorizo bat (barazkijalea edo beganoa bazara ez, prefosta!)
  • 2 patata
  • Azenario bat
  • Oliba olio bi koilarakada
  • Gatz koilarakada txiki bat

 

DILISTAK Lablascovegmenu

DILISTAK Lablascovegmenu

Errezeta:

  1. Patata eta azenarioak garbitu: patata lauki txikitan moztu, azenarioa berriz xerra finetan.
  2. Txorizoa 4-5 zatitan ebaki.
  3. Lapiko batean olioa berotzen jarri, eta bertan txorizo zatiak landu 3-4 minutuz.
  4. Guztia ondo landu denean, patata eta azenario zatiak bertara gehitu eta dena elkarrekin nahastu.
  5. Dilistak eta gatza gehitu eta urarekin bete lapikoa, guztia urez estal dadin.
  6. Egosten eduki, ordu eta laurden inguru lapikoan egiten baditugu. Presio-eltzean 20 minututan egiten dira.
  7. Amaitzean gatza puntuan jarri eta gozatzeko prest ditugu, ez baditugu egun berean jango, hozten direnean hozgailuan gorde.

 

Kasu!

Errezeta merkea da eta ikasketa egun gogorretarako praktikoa.

Egun batetik bestera ederki mantentzen den errezeta da, ikasketa egunetan osasuntsu elikatzen jarraitzeko.

Dilistak
gogokoa

Etxeko torrada edo torrijak

Etxeko torrada edo torrijak – 

Soberan pilatzen diren ogiekin egiteko postre bikaina.

Osagaiak:

  • Etxean soberan dagoen ogi zaharra, 2-3 hatzen lodierako zatitan moztua
  • Litro bat esne
  • 0,1kg azukre
  • Bainila adar bat edo kanela hautsa koilarakada txiki bat
  • Limoi bat
  • Laranja bat
  • 2 arrautza
  • Oliba olioa 3 koilarakada
Etxeko torrada edo torrijak

TORRADA Ana

Errezeta:

  1. Ogi gogor zatiak ontzi batean jarri.
  2. Lapiko batean esnea, azukrea, bainila adarra eta limoi zein naranjaren azalak egosten jarri. Guztia irakiten hasten den bitarte.
  3. Ogiari gainetik lapikoko guztia gehitu eta bertan utzi 2-3 orduz. (Esnearekin ez baditugu guztiz estaletzen, ordubete igaro eta gero buelta eman ogi zatiei. Beharrezkoa da ogiak esne guztia ondo xurgatzea.)
  4. Plater batean arrautzak irabiatu.
  5. Zartagi altu bat berotzen jarri oliba olioarekin, ondo berotu behar da olioa.
  6. Ogi zatiak banaka arrautza irabiatutan igarotzen joan eta ondoren zartagian frijitu.
  7. Zartagian hurraren kolorea hartzen duen bitarte mantendu alde bakoitzetik.
  8. Frijitu eta gero soberan duen olioa kendu sukalde paper baten gainean  eta azukrez estali gainetik.

 

Kasu!

Errezeta hau ogi zahar zein berriarekin egin daiteke, amaitzean izozki edo saltsez lagunduta jaten da normalean.

OGIAk panes: Baguettea Baguette Barra luzea Barra grande Barra txikia Barra pequeña Baserriko ogia Pan de leña Erromatar txikia Romanito Flauta Flauta Fruitu lehorrezko ogia Pan de frutos secos Moldeko ogi integrala Pan de molde integral Moldeko ogi zerealduna Pan de molde de cereales Moldeko ogia Pan de molde Ogi birrindua Pan rallado Ogi espainola Pan español Ogi gatzgabea Pan sin sal Ogi integral haziduna Pan integral de semillas Ogi sesamoduna Pan de sésamo Ogi sojaduna Pan de soja Ogi txigortua Pan tostado Ogi-barra zerealduna Pan de cereales barra Ogi-irin integrala Harina de trigo integral Ogi-irina Harina de trigo Opilak Bollos Vienako ogia Pan de Viena Zekale-ogia Pan de centeno Zopakoa Pan de sopa Txapata Chapata

Akaso!

Maitane Segurolaren TORRADAK bideo RZ:

Etxeko torrada edo torrijak
gogokoa

Pasta entsalada

Pasta entsalada

Osagaiak:

  • 0,3kg pasta
  • kontserbako atuna pote bat (beganoa bazara ez, jakina)
  • piper berde bat
  • piper gorri bat
  • entsaldarako tomate bat
  • 16 oliba inguru
  • kontserbako arto pote bat
  • 0,1 kg gazta
  • Oliba olioa bi koilarakada
  • Gatza
  • Mahats pasak bi koilarakada
  • 10 intxaur
  • Ozpin koilarkada bat
PASTA ENTSALADA Anomalus Allure

PASTA ENTSALADA Anomalus Allure

Errezeta:

  1. Lapikoan 1,5l ur irakiten jarri.
  2. Piperrak garbitu eta zati txikitan moztu.
  3. Tomateari azala kendu eta zati txikitan moztu. (Azala erraz kentzeko, tomateari gurutze bat egin azalean labanarekin eta ur irekinetan murgildu minutu batez.)
  4. Artoari duen zuku guztia kendu.
  5. Gazta lauki txikitan zatitu
  6. Lapikoan irakiten dagoen urari gatza eta olio koilarakada bat bota.
  7. Pasta lapikoan sartu eta 8-10minutuz irakin.
  8. Pastari ur beroa kendu eta ur hotzetan egosketa eten.
  9. Azkenik ontzi batean pasta, barazki txikituak, atuna, gazta, intxaurrak eta pasta ondo nahastu.
  10. Hozkailuan gorde
  11. Ongarria egiteko, ontzi txiki batean ozpin koilarakada bat, mahats pasak, oliba olio 2-3 koilarakada eta gatz apur bat nahastu.
  12. Jateko unean entsalada ongarriarekin nahastu.

 

Kasu!

Errezeta freskoa da, hozkailuan mantendu beharrekoa, baina guztiz erabilgarria kanpoan bazkaltzen duzunerako.

Osagaien neurriak norberaren arabera egokitu daitezke inongo arazorik gabe.

Akaso!

Pasta entsalada
gogokoa

Patatak saltsa berdetan

Patatak saltsa berdetan – 

Gora patata arabarra!!! 🙂

 

Osagaiak:

  • kilo bat patata
  • koilarakada bat irin
  • ardo txuri kopa bat
  • 4 baratxuri ale
  • perrexil freskoa
  • arrain salda (edo daukazuna)
  • oliba olioa
  • gatza

 

Errezeta:

  1. Patatak zuritu eta panadera eran moztu, hots, cm. erdiko xaflatan. (Adi: ez beti guri kasu egin, argazkikoak osorik utzita daude).
  2. Perrexil freskoa aiztoarekin pikatu edo moztu
  3. Baratxuriak xaflatan moztu
  4. Zartagin batean olio koilarakada bat berotzen jarri, bertan patatak frijitu bi aldeetatik. Kolorea bakarrik hartu behar dute, ez da garrantzitsua guztiz egitea gero saldan egosi beharko dira eta.
  5. Patatak egin ostean, eltze baxu batean bi koilarakada olio jarri.
  6. Olioa bero dagoenean baratxuria gehitu , kolorea hartzen duen bitarte
  7. Orduan irin koilarakada bat gehitu eta guztia elkar landu.
  8. Ardo txuri kopatxo bat gehitu eta alkoholaren usaina galtzen duenean arrain salda gehitu.
  9. Azkenik patata zatiak saldan sartu eta bertan egosten jarri.
  10. Sardexka baten laguntzaz patatak eginak daudela ziurtatu.
  11. Azkenik perrexil txikitua gehitu errezetari
Patatak saltsa berdetan

PATATAK SALTSA BERDETAN Jeremy Keith

Kasu!

  • Oso RZ merke eta erreza da, benetan.
  • Edozein haragi, arrain edo barazkiren laguntzaz dasta daiteke errezeta hau. Bera bakarrik ere bai.
  • Arrain salda beharrean oilasko edo veste era bateko saldarekin ere egin daiteke errezeta.

Patatak saltsa berdetan

gogokoa

Oilasko bularra

Oilasko bularra – 

Osagaiak:

  • 8 oilasko bularki
  • ogi birrindua
  • kurri hautsa
  • piper hautsa
  • gatza
  • oliba olioa
Oilasko bularra

OILASKO BULARRA Candy Beauchamp

Errezeta:

  1. Oilasko bularkiak xerratuta egotea beharrezkoa da, osorik badaude labanaren laguntzaz behar adina xerretan moztu. Egokiena harakinari xerretan eskatzea
  2. Oilasko bularkiari gazta, piper eta kurri hautsak bota. Bakoitzaren gustuaren arabera
  3. Plater batean ogi birrindua jarri. Era desberdinetakoa izan daiteke, lodia, fina, perrexilduna, etxean egina (ogi zaharra birrinduz)
  4. Zartaginean koilarakada bat olio jarri berotzen
  5. Xerrak banaka ogi xigortutik pasatu
  6. Olioa bero dagoenean bertan xerrak frijitu, alde batetik kolorea hartzen duenean buelta emanez
  7. Plateran jarri baino lehen, paper xukatzailean jarri soberan dagoen olioa kentzeko

Kasu!

Egun batetik bestera ongi mantentzen den errezeta da, beraz oso praktikoa ogitartekoan edo lan egun luzeetan izateko.

Ogi xigortuak olioa zikintzen du, beraz, xerra asko egiteko gomendagarria da olioa aldatzea.

Akaso!

100 oilasko izter eta hego RZ nola egin… Village food factory. Chicken, 100 Legs, 100 Wings, prepared by my DADDY…

Sexuan hobeto aritzen lagunduko dizuten jakiak

Oilasko bularra
gogokoa

Espagetiak bolognesa eran

Espagetiak bolognesa eran

Osagaiak:

  • 400g espageti
  • 200g haragi xehetu
  • azenario bat
  • tipula haundi bat
  • 4 atal baratxuri
  • apio zati bat
  • tomate saltsa litro bat
  • ardo txuria edalontzi bat
  • oliba olioa
  • piper hautsa
  • gatza

 

Errezeta:

  1. Baratxuri hortzak, apioa, tipula eta azenarioak zuritu eta txiki txiki egin.
  2. Haragia gatz-pipertu nahieran.
  3. Zartagin batean haragia su bizitan gorritu oliba olio pitin baten laguntzaz.
  4. Haragia atera, suaren indarra jeitsi eta barazkiak gehitu.
  5. Barazkiak kolorea hartzen duten momentuan, haragia eta ardo txuri edalontzi bat gehitu.
  6. 5 minuturen ostean, ardoaren alkola lurrundutakoan, tomate saltsa gehitu eta su ertainean ordu erdiz egosi.
  7. 10 minuturen faltan, espagetiak egosi oliba olio txorrota eta gatz pitin bat gehituta.
  8. Hauek egosita dauden momentuan, urgabetu, saltsatan jarri eta zerbitzatu.
  9. Nahi izatera, mozzarela edo parmesano gaztaren laguntzaz dasta daitezke. Ukitu italiar batekin amaitzeko, oregano edo albahaka freskoa gehitzea besterik ez da falta.
Espagetiak bolognesa eran

ESPAGETIAK F_A

Kasu!

Saltsa zaporetsua eta indartsua lortzeko, debora luzez su ertainetan edukitzea ezinbestekoa da. Honela, ur gehiago galduko du eta zaporeak gehiago nabarmenduko dira platerean.

Akaso!

Clemenzaren meatball RZ “The Godfather”

Espagetiak bolognesa eran
gogokoa

Babarrunak

Babarrunak urtekoak izan beharrean, aurreko urtekoak badira, 20 minutuz uretan beratzen jartzea gomendatzen dugu.

 

Osagaiak:

  • Babarrun edo indaba kilo erdi
  • 2 litro ur
  • 2 koilarakada oliba olio
  • Gatza

Errezeta:

  1. Sukaldeko eltzean babarrunak ura eta oliba olioarekin jarri egosten
  2. Bor-bor bizian hasten denean sua jeitsi eta ertainean mantendu
  3. Babarrunak 3 orduz egon behar dira sutan gutxienez, errezeta azkartzeko presioko eltzean egin daiteke babarruna
  4. Saltsa loditu eta indabak eginik daudenean gatza gehitu. Hau amaieran egitea oso garrantzitsua da babarrun edo indabak zarta ez daitezen
  5. Aukeran olio errea (baratxuri errefritoa) gehitu daiteke, azken unean eltzera botata

 

BABARRUNAK Joselu Blanco

 

Kasu!

Babarrun edo indabak odolki, aza eta Ibarrako piperrekin lagundu daitezke. Beti ere babarruna bereizita egosi behar da eta gero ondoan nahi diren lagungarriak jarri.

Egin ostean izozgailuan gorde daitezke. Behar direnean berotu eta jateko prest egon daitezen.

(Esan beharrik ez dago, argazkiko txerrikiak ez direla begetario eta beganoentzat, ez da?)

Akaso!

Babarruna

gogokoa

Oreo gaztapasteltxoak

Oreo gaztapasteltxoak – 

Gozozalea bazara, hara hemen pasteltxo erraz bezain interesgarria. Hori bai, hau egin ahal izateko Oreo markako gailetak osorik beharko dituzu, jan dituzun horiek ez baitute balio, kar, kar.  On egin! 🙂  Hemen duzu errezetaren bideoa,  eta gutxi bailitzan, azpian errezetarentzat behar dituzun argibideak ere bai:

Osagaiak eta errezeta:

  1. Bi katilutxo gazta fresko jarri gopor edo ontzi borobil batean
  2. Katilutxo bat krema mikatz gehitu
  3. Azukrea katilutxo bat
  4. Bainila likidoa goilarakada bat
  5. Dena irabiatu
  6. Bi arrautza osorik gehitu
  7. Irabiatu berriro orea lortu arte
  8. Madalenak egiteko ontzi batean, jarri madalena-paperak eta zulo bakoitzeko Oreo bana, hondoan
  9. Gehitu lortu duzun orea eta gainetik egin eskuz apurtutako Oreoa zatitxoak
  10. 125 gradutara dagoen labean, 22 minutu sartu
  11. Hozten utzi, hiru bat ordutan

Oreo gaztapasteltxoak

Basquiat. Oreo. 1988. Olioa mihisean

. . . 

Kasu!

Bai, badakigu guztiz yankia atera zaigula pasteltxoa, baina egizu proba eta ez zara damutuko. Areago, Jean Michel Basquiaten espiritua etorriko zaizu bisitan ahokada bakoitzean.

Akaso!

 

Oreo gaztapasteltxoak
gogokoa

Muskuiluak saltsan

Muskuiluak saltsan – 

Inon plater on, merke, osasungarri eta errazik baldin bada, hauxe da bat. Erruz ikusikjo duzu Frantzia guztian eta, bereziki, itsasertzeko herrietan. Belgikan, ostera, plater nazionaltzat dute: patata frijituz lagunduta, jakina. Eta horrelaxe lortzen da guztiz osasungarria zen plater bat, ez hain bikain bihurtzea. Hori bai, moules et frites, janaldi eder bat egiteko aski eta, gainera, merkea.

Osagaiak:

  • Kilo t’erdi muskuilu, Guri txikietakoak gustatzen zaizkigu prestaketa hau egiteko eta, gainera lan gutxiago ematen dute bizarrak eta oskoleko lapatxoak kentzeko orduan.
  • Tipula gorri eder bat, txiki-txiki eginda
  • Barazkiren bat: apio adar bat, azenario bat… txiki txiki eginda hau ere (Aukerakoa)
  • Perrexila, zilantroa edo gustuko belarren bat. (Zabarki moztua. Aukerakoa)
  • Basokada bat ardo zuri. Txakolinak ere balio du.
  • Gurina 100gr
  • (Ez dizugu guk esan, baina min zalea bazara, gehitu cayenatxo bat ere. Hori bai, gatzik ez erabili muskuiluek aski dute eta).

Prestaera:

  1. Muskuiluak ondo garbitu txorrotean bizarrak eta abarrak kenduz. Utzi xukatzen ontzi batean
  2. Kazola batean, gurinetan jarri erregosten barazki txikituak, su ertainetan, tipula gardendu eta apurtxo bat gorritzen hasi arte. Bosten bat minutu.

    Muskuiluak saltsan

    Barazkiak gurinetan erregosten. Xolomo Sapiens cc-by

  3. Gehitu ardo basokada
  4. Ardoa irakiten hasitakoan, muskuiluak sartu bertara, sua igo eta kazola estali. Minutu batera, dena nahastu, horixe baita kontua: muskuiluetara saltsarekin batera barazki xehea sartea.
  5. Berriro estali eta beste pare bat minutu estalita utzi ostean, voilá.
  6. Zabarki moztutako belarra egin gainetik eta hatzekin jan. Nola, bestela?

muskuiluak saltsan

Muskuiluak saltsan. Xolomo Sapiens cc-by

Kasu!

Muskuiluaren oskolarekin hartzen da saltsa eta bertan diren barazki txikituak ere bai. Kontraste hori da bikaina, muskuiluaren haragia alde batetik eta barazkien testura eta kutsua bestetik batera hartzea, dena saltsak bustita. Ummm.

Muskuilu txiki hauek, Bretainia aldetik ekarritakoak izaten dira, batez ere. Oso erraz aurkituko dituzu Iparraldeko arrandegietan. Ez badaude, bi gauzagatik izan daiteke: zu baino azkarrago ibili delako besteren bat edota garaia ez delako.

Muskuiluak saltsan

gogokoa

Leka patatak

Leka patatak

Baratza baldin badaukazu, honez gero badakizu gurean oso emankorra izaten dela leka edo baina. Ia aspertzeraino jarduten du eman eta eman sare, makila edo pardatan gora eginez. Esan liteke gurean gehientxo jaten den barazkia dela porruekin batera. Bai, badakigu berez ez dela barazkia, lekaria dela, baina egia esatera, guk barazki bezala ikusten dugu gehiago, bere lehengusu babarrun eta antzekoen artean baino. Hala ere, lekaleen artean sartu dugu, badaezpada, Jakoba Errekondo haserretuko zaigun beldurrez.

 

Osagaiak:

  • Kilo bat leka
  • Lau patata eder
  • Tipula bat (hautazkoa)
  • Oliba olioa
  • Berakatza

Errezeta:

  1. Lekak garbitu eta zerrendatan zatitu erditik goitik behera lanbanarekin, ertzetako hariak eta bi muturrak kenduz. Luzeegiak badira, krak! erdibitu eskuekin.
  2. Jarri eltze batean ur hotzarekin egosten, olio xorrotada bat eta gatza eginez.
  3. Tipula ere, osorik, jarriko duzu bertan. (Hautazkoa).
  4. Ura borborka hasten denetik ordu laurdenera edo, gehitu patatak zuritu eta zatitan kraskatuta.
  5. Utzi beste 20-25 minutu borborka, sardexka sartuta patatak eginda daudela ikusi arte.
  6. Egoste ura iragazi eta gorde zopa edo salda bat egiteko.
  7. Zartagin txiki batean, jarri olio apur bat eta beroa denean, bota bi berakatz ale xerraturik. Hurraren kolorea hartzen hasitakoan, parrastatu olio beroa leka-pataten gainetik.

 

Leka patatak

LEKAK Herbolario Allium cc-by

Kasu!

Nahi izatera, urdaiazpiko zaporearekin ere egin ditzakezu: zartagin batean jarri olioa eta gorritu bertan urdaiazpiko dado zenbait. Txigortu direnean, bota gainera baratxuri xerrak gorritu arte. Bota dena leka eta patata egosi berrien gainera, nahasi ongi eta mahaira. (Gustuko baduzu, paprika edo pimentoia ere gehi zeniezaioke). Eta ez ahantzi salda horrekin fideo edo arroz zopa bikain bat egin daitekeela. Esaterako. (Ez esan inori, baina zaporea handitzeko, guk pastilla kontzentratu erdi bat gehitzen diogu).

Leka patatak
gogokoa

Croque-monsieur (mixtoa)

Marcel Proust berak ere aipatzen du otarteko bero hau: «Kontzertu irteeran, hotelera bidean, amona eta biok geldialdi bat egin genuen kai muturrean Villeparisis andrearekin hitzaspertu bat egiteko, zeinak erran baitzigun hotelean eskatuak zituela guretzat croque-monsieur zenbait eta arrautzak krematan ere bai…». Zu ez zara Proust baino gutiago izango, ez da?

Osagaiak:

  • Moldeko bi ogi xafla
  • Urdaiazpiko egosi xerra bat
  • Urtzeko gazta xerra bat (ahal dela, emmental motakoa edo antzekoa)
  • Gurin apur bat

 

Errezeta:

  1. Txapan gurin apur bat zabalduta egitea da egokiena, baina, gure antzera, txaparik ez baduzu, igurtzi zartaginaren hondoa gurinarekin eta jarri su ertainetan.
  2. Berotutakoan eta gurina iluntzen hasi aurretik, jarri ogi xafla bat bertan eta gehitu gazta eta urdaiazpiko xerrak, bigarren ogi xaflarekin.
  3. Utzi bost minutu inguru ogia zeure gustura xigortu arte.
  4. Gauza bera egin beste aldera iraulita, behin gurin apur bat gehiturik hondoan.
  5. Zeure gustuko kolorea hartu duenean, atera plater batera eta erdibitu diagonalean.

 

CROQUE MONSIEUR Alex Lines

CROQUE MONSIEUR Alex Lines

Kasu!

Guk krokmesié bakarra jarri dizugu hemen, baina pare bat ere erraz jango dituzu. Aldagai asko onartzen ditu croque-monsieur ogitarteko honek, xerra bakarraren lekuan, gehiago ere jar dezakezu, esaterako. Hotza ere jan liteke… Rukula entsalada bikain etortzen zaio. A, eta Croque-madame bat jan nahi baduzu,  gehitu arrautza bat gainetik eta kito.

Croque monsieur mixtoa

gogokoa

Amuarrain frijituak urdaiazpikoarekin

Amuarrain frijituak urdaiazpikoarekin

Gaur egunean ez dago erraza errekako amuarrainak lortzea, baldin eta inguruan ez baduzu lizentziadun arrantzaleren bat. Beraz, hazitegikoekin konformatu behar. Hori bai, saia zaitez beti ahalik eta freskoenak lortzen, erraz ikusiko duzu haren muki lirdingatsuari erreparatuta. Halaxe behar du amuarrain freskoak: lirdingatsu eta diztirati.

Osagaiak:

  • 8 amuarrain ertain
  • Urdaiazpiko serranoa edo iberiarra, 8 xerra
  • Irina
  • Gatza
  • Oliba olioa, frijitzeko
  • 2 baratxuri ale

 

Errezeta:

  1. Ongi garbituko dizkigute amuarrainak arrandegian, tripak kendurik.
  2. Gatz pixka bat eman eta urdaiazpiko xerra bana sartuko diegu sabel barruan.
  3. Oliba olioa isuriko dugu zartaginean, bi hatzeko neurria harturik. Su eztian gozatuko ditugu baratxuriak, erre gabe olioa ongi kutsa dezaten.
  4. Minutu gutxi batzuen ostean, baratxuriak atera, sua biziagotu eta amuarrainak sartuko ditugu, irinetan azaletik igurtzi eta gero. Buelta eta buelta frijituko ditugu ondoren. Minutu bat alde bakoitzeko, tamainaren arabera.
  5. Bizpahiru txandatan egingo ditugu amuarrainak, olioaren tenperatura apal ez dadin.

Amuarrain frijituak urdaiazpikoarekin

 

Kasu!

Amuarrain frijituak urdaiazpikoarekin plater goxo hau, xukatu eta berehala zerbitzatuko ditugu, gorri eta kraskatsu. Gaiarrek bere Erronkariri euskaraz kantatzen zionean baino gusturago geldituko gara gu amuarrainak jandakoan.

Amuarrain frijituak urdaiazpikoarekin
gogokoa